Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 maiatza 2019 12:51

Emisio kutsatzaileak murrizteko politikak bultzatzea helburu duen Europako SUDOE Stop CO2 programaren barruan ebaluazio onenak jaso dituzten Estatuko 5 terminalen artean dago Gasteizko autobus-geltokia. Hori dela eta, ekainaren 12an energia-eraginkortasunari loturiko sari bat emango diote, Espainiako beste lau geltokiri, Frantziako tren geltoki bati eta Portugalgo tren- eta autobus-geltoki banari bezalaxe. 2018-2019 aldian ingurumen eraginaren ebaluazioa egin da Frantziako eta Iberiar Penintsulako 70 autobus- eta tren-geltokitan, eta prozesu horren barruan kokatzen dira aipatutako sariak.

Aztertutako geltokiek helarazitako datuei esker, SUDOE Stop CO2 programakoek kalifikazio-sistema bat ezarri dute, zeinaren arabera Gasteizko terminalak lau zuhaitz jaso dituen bostetik (gehienekoa). Onarpen honek Estatuko bost hoberenen eta Europako hego-mendebaldeko onenen artean sartzen du geltokia energia-eraginkortasunari dagokionean.

Ildo horretan, badaude erdietsitako nota onean eragina izan duten zenbait faktore, besteak beste: eraikinean ezarri diren energia geotermikoa eta fotovoltaikoa aprobetxatzeko sistemak eta LED bidezko argiztapen sistema. Argiztapen sistema horrek kudeaketa domotizatua izateaz gain, presentzia eta intentsitatea atzemateko gailuak ere baditu, emisio eta energia-kontsumo minimoa sortuta ahalik eta erosotasun maila altuena eskaintzeko.

SUDOE Stop CO2 ekimenaren bidez egiaztatu ahal izan da autobus- eta tren-geltokiek kontsumitzen duten energia kantitateak eta isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasek herritarren bizi-kalitateari eta hirien irudiari eragiten dietela. Proiektu horren helburua aipatutako eraikinen eraikuntza-gabeziak konpontzea da, hala, horien faktura energetikoa eta ingurumen-inpaktua gutxitzeko. Helburu hori lortzeko bidea ingeniaritza ekologikoko sistemen bidez garraio-geltokien ebaluazio energetikoa egiteko aukera emango duen tresna bat sortzea da, espazio horrek zer kontsumo duen eta zer konponbide ezarri behar zaizkion zehazteko.

SUDOE Stop CO2 proiektua 2019ko ekainean bukatuko da. Proiektuko jardueren artean, ekainaren 12an Santanderren egingo den jardunaldia dago: “Garraio-geltokiak eta energia-eraginkortasuna”. Bertan jasoko du Gasteizek bere saria.

INFORMAZIO GEHIAGO

 

Share