Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2019 10:47

Aguado Cabezudo enpresari adjudikatu zaizkio lanak 125.828,08 euroan (BEZa barne).

 Bolibar herriko zubia berritzeko lanak Construcciones Aguado enpresari adjudikatu dizkio Gasteizko Udalak, udalerriaren hego-ekialdeko menpeko toki erakunde horretako administrazio-batzarraren aspaldiko eskaerari erantzuteko hartara.

Adjudikatu den proiektuak 125.828,08 euroko (BEZa barne) aurrekontua du.

Santo Tomas ibaiaren gaineko pasabidea azpiegitura oso zaharkitua da, eta gaur egun ura hartzeko ahalmen mugatua du; horren ondorioz, uholdeak sortzen dira inguruetan, euriteak daudenean. “Maiz gertatu da hori azken urteetan, eta horregatik ekingo diogu obrari. Funtsean, egungo pasabidea eraitsi eta berri bat eraikiko da”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Santo Tomas ibaiak zeharkatzen duen kale nagusi batek osatzen du Bolibar herria. Beste sarrerarik ez duten etxebizitza batera eta hainbat sorotara sarbidea ematen du kale horrek. Zubia hormigoizkoa da, eta ahalmen mugatua du; hori dela eta, eraitsi eta berria eraikiko da. Pasabide berria ere hormigoizkoa izango da, barandak izango ditu bi aldeetan —oinezkoentzako igarobideetan—, hobea izango da eta, batez beste, 1,20 metroko altuerako eta 3,50 metroko zabalerako sekzio hidraulikoa izango du, ibaiak gainezka ez egiteko nahikoa. Ibaiaren ubidea ere zabalduko da.

Bidenabar, edateko uraren banaketa-sarea eta saneamendu-sarea hobetuko dira. Era berean, argiteria hobetzeko aprobetxatuko da; led teknologiako farola bat jarriko da, lau metroko zutabe baten gainean. Hiru hilabetean egingo dira lanak, adjudikatzen direnetik.

 Aretxabaleta, Berroztegieta eta Mendiolako bideak hobetuko dituzte

Bestalde, Gobernu Batzarrak oniritzia eman die Gasteizko udalerriko landa-bideak egokitzeko lanei; administrazio-batzarren titulartasuneko bideak konponduko dira honako gune hauetan: Aretxabaleta-Gardelegi, Berroztegieta eta Mendiola. Obra horiek 2019rako lehentasunezko jardueren planaren barruan daude, eta 193.367,75 euroko (BEZa barne) aurrekontua dute, guztira. Arabako Foru Aldundiak lanak finantzatuko ditu, erdizka.

Share