Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  31 maiatza 2019 14:22

Udaltzaingoak ohartarazi du komertzialen bidez led argiak modu oldarkor eta engainagarrian ari direla saltzen Gasteizen. Komertzialen atzean dagoen enpresa elektrizitate-hornikuntza komertzializatzen duen enpresa ospetsu baten izenean ari dira argiak saltzen.

Dirudienez, enpresa horretatik etxeetara –gehienetan adineko pertsonenak– jotzen dute bonbilla horiek erostea derrigorrezkoa dela esanez. Ondoren, energia-konpainia aldatzeko aukera eskaintzen dute. Joan den astean etxez etxe horrela jokatzen ari ziren zenbait pertsona atzeman zituzten Zabalaganen.

Izapide batzuk eginez jakin da eskudirutan kobratzen ez duten arren, enpresak 36 hilabetera arteko finantzaketa eskaini ziela banku-helbideratze bidezko kontratuak baliatuz. Led argiak eskuratzeko kontratu horiek 1.200 eurotik 2.750 eurora bitartekoak izan dira; kasuetako batean 72 bonbillakoa zen kontratua.

Udaltzaingoak gogorarazi du joan den urrian Gobernuak debekatu egin zuela atez ate gasa eta elektrizitatea saltzea –”ate hotzean saltzea” esaten zaio praktika horri– -kontsumitzaileak ez badu espresuki halakorik eskatu.

Gainera, ez dago bonbilla normala horrelakoengatik aldatzera behartzen duen araurik. Herritarren batek zerbitzu hori kontratatu baldin badu, jakin dezala atzera egiteko eskubideari esker 14 eguneko epea duela kontratuari uko egiteko, produktua jasotzen duenetik hasita.

Bestalde, Udaltzaingoak azpimarratu nahi izan du oso garrantzitsua dela adineko pertsonei ezezagunei atea ez zabaltzeko gomendatzea eta, are garrantzitsuagoa, datu pertsonalak ez emateko eta dokumentuak aurretiaz senideekin kontsultatu gabe ez sinatzeko eskatzea.

Zalantzarik izanez gero, 092 zenbakira deitzea komeni da, patruila batek salmentaren legezkotasuna egiaztatu eta engainua baztertu dezan.

Share