Prentsa Oharren banner

Bi gizonezko atxilotu dituzte urruntze-agindua urratzeagatik, eta horietako batek, gainera, bere bikotekide ohia jo zuen

Udaltzaingoaren Agenteek 20 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo Gasteizen, genero-indarkeriako delitu bat egin izanaren usteko egile gisa, urruntze-agindua urratu ondoren bere bikotekide ohia jo eta iraintzegatik.

Dei baten bidez Udaltzaingoari jakinarazi zioten Judimendi auzoan mutil gazte bat neska gazte bat jotzen eta iraintzen ari zela. Patruila batek neska hori topatu ondoren, udaltzainei adierazi zien bere bikotekide ohiak indarrez astindu zuela eta entzungailu batzuk puskatu zizkiola. Beste patruila batek mutil gaztea aurkitu zuen, baina hark ukatu egin zuen jo zuenik. Dena den, egiaztatu ahal izan zuten gizonezko horrek neskarenganako urruntze-agindu bat zuela indarrean, eta beraz, udaltzainek atxilotu egin zuten; izapideak bete ondoren atxilotua aske utzi zuten, eta zitazio bat eman zioten Guardiako Epaitegian aurkezteko.

Gainera, 32 urteko beste gizonezko bat ere atxilotu zuten atzo Arabako hiriburuan, bikotekide ohiarenganako urruntze-agindua urratzeagatik. Bi lekukok Alde Zaharrean zegoen Udaltzaingoaren patruila bati jakinarazi zioten gizonezko bat emakume baten aurkako jazarpena egiten ari zela, urruntze-agindua eduki arren. Udaltzainek egiaztatu zuten aipatutako agindu hori indarrean zegoela, eta beraz, atxilotu egin zuten, eta bidezko izapideak bete ondoren, aske utzi zuten, zitazio judizial batekin.

Auto batek oinezko bat harrapatu du

Beste alde batetik, bere emaztearekin batera Abetxukoko Kristo kalean errepidea oinezkoentzako pasabide batetik gurutzatzen ari zen 64 urteko gizonezko bat harrapatu zuen atzo auto batek. Istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat; gizonezkoa zaurituta geratu zenez, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste hamaika trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 30 urteko auto-gidari bat ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Argiketa-talde batek, bart goizaldean, Estokolomo kalean, alkoholemiaren proba eginarazi zion, eta emaitza positiboa eman zuenez, izapide egokiak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegira bideratu zitzaten.

Udaltzaingoak hamahiru salaketa izapidetu zituen eta polizia judizialaren hamaika jarduera egin zituen, eta horien artean, lapurtutako motozikleta bat berreskuratu zuen.

Sutea merkataritza-lokal batean

Suhiltzaileek gaur goizeko bostak aldera esku hartu behar izan dute Alava jeneralaren kalean, merkataritza-lokal baten barrualdean plastiko, paper eta kartoiak erretzeak eragindako sutea itzaltzeko. SPEISeko langileek sute hori itzali eta merkataritza-galeria egurastu dute.

Share