Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Un mundo para todos, superación de las discapacidades’ XVIII. Argazki Erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Euskadiko ONCEko lurralde delegatu Juan Carlos Andueza; Euskadiko ONCEko lurralde kontseiluko presidente Rafael Ledesma; Arabako Gizarte Zerbitzuetako foru diputatu Emilio Sola; Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuetako zuzendari Marian Olabarrieta; eta Vital Fundazioko zuzendari nagusi Axier Urresti

Eguna. Asteartea, irailak 3

Ordua. 11:30

Tokia. Vital Fundazioko Erakusketa Zentroko Araba Aretoa (Posta kalea, 13-15)

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:30

54 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte droga-trafikoaren delitua egin izana leporatuta. Lehenengoaren gainean arma zuriz egindako mehatxu eta lesioen salaketa bat ere badago.

Ostiralean, Koordinazio Zentralak Udaltzaingoaren patruila bati dei egin zion Heraclio Fournier kaleko ostalaritza-establezimendu batera joan zedin, borroka batean zebiltzalako bertan. Liskar horretan inplikatutako pertsonetako batek aitortu zuen eztabaida bat izan zuela ezagun batekin, drogarekin loturiko zor ekonomiko batengatik, eta ziurtatu zuen labana batez mehatxu eta eraso egin ziola.

Patruila horrek hurbileko beste establezimendu batean topatu zuen 54 urteko erasotzailea. Egin zioten axaleko miaketan aipatutako labana hori topatu zioten, baita kokaina-dosiak ontziratzeko erabili ohi diren beste zenbait elementu, zehaztasunezko baskula bat eta saltzeko prest zeuden droga-dosi batzuk ere. Udaltzainek atxilotu egin zuten eta, Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Egun horretan bertan, udaltzainek gizonezko bat atxilotu zuten, droga-trafikoaren ustezko egile gisa.

El Pilar auzoan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek ikusi zuen gizonezko bat Uruguay kalean zebilela eta eskuan haxix zati bat zeramala. Udaltzainek substantzia hori konfiskatu zioten, eta horren jatorria zein zen jakin zutenean, erositako lokalera joan ziren.

Establezimendu horretan ustezko saltzailea topatu zuten, 27 urteko gizonezko bat, beste hiru gizonezkorekin batera, eta haiei ere zenbait substantzia banatzen ari zitzaien paperezko zapietan bilduta. Patruilak frogatu zuen haxixa zela. Era berean, 135 euro konfiskatu zizkioten, zenbait billetetan banatuak, eta tabernako zerbitzariari beste haxix zati bat eta porro bat ere bai. Udaltzainek atxilotu egin zuten eta, Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Lau txirrindulari zauritu dira

Lau txirrindulari zauritu dira asteburuan gertatutako trafiko-istripuetan. Lehena 13 urteko mutil adingabe bat izan zen, eta farola baten aurka jo zuen Zaramaga kalean; horren ondorioz, Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuen anbulantzia batek.

Bizikletaz zihoan 19 urteko neska bat ere zaurituta geratu zen patinete elektriko baten aurka aurrez aurre talka egin ondoren, Oto hiribideko espaloitik zihoazela. Larrialdiko zerbitzuek artatu zuten lehenik, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Atzo Mariturri Bulebarrean auto batek bizikleta bat jo zuen atzealdetik eta argiketa-talde bat istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da; bizikleta gainean zihoan 34 urteko gizonezkoa anbulantzia batek eraman zuen Santiago Ospitalera.

Handik ordu batzuetara Intxaurrondo kalean izandako istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; istripu horretan, bizikletaz zihoan 39 urteko gizonezko bat zauritu zen eta ospitalera eraman zuten.

Atzo Iruña Veleia eta Giza Eskubideak hiribideen arteko bidegurutzean istripu bat gertatu zen hiru autoren artean. Talka horren ondorioz, ibilgailuetako bateko gidaria, 45 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

17 urteko mutil gazte bat zauritu zen atzo Heraclio Fournier kaleko oinezkoentzako pasabide batean auto batek harrapatuta. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Asteburuan zehar, Udaltzaingoak zauriturik gabeko beste 27 trafiko-istriputan esku hartu du, eta 8 gidari ikertzen ari da bide-segurtasunarekin loturiko delituengatik.

Horrez gain, lau argiketa abiarazi ditu nahitaezko gida-baimenik gabe zihoazen gidari batzuk ikertzeko. Gainera, horietako bat, 30 urtekoa bera, atxilotu egin zuten agintaritza-agenteen aurkako erresistentzia eta desobedientzia larriagatik.

Lau alkoholemia positibo

37, 22, 26 eta 57 urteko lau gidari ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik; horietatik hiru Ozeano Barea eta Errege-Erregina Katolikoak kaleetan eta Simon de Anda eta Domingo Beltran kaleen arteko bidegurutzean gertatutako trafiko-istripuetan nahastuta zeuden. Alkoholemia-proba egiteari uko egin zion azken gidari hori errepidetik atera eta semaforo baten eta farola baten aurka talka egin zuen, eta kalte handi samarrak eragin zizkien.

Ikertutako laugarren gidaria Micaela Portilla kalean egiten ari ziren alkoholemia-kontrol batean gerarazi zuten.

Asteburuan Udaltzaingoak alkoholemiako zazpi prebentzio-kontrol egin ditu, eta horietan, 110 gidari inguruk egin behar izan dituzte nahitaezko probak; 8 pertsonaren aurkako salaketak jarri dituzte guztira.

Udaltzaingoak 40 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 23 jarduera egin zituen.

Abiadura kontrolatzeko kanpaina

Irailaren 2ik 8ra Udaltzaingoak trafiko-kanpaina berezi bat egingo du hiriko kaleetan abiadura kontrolatzeko helburuz, eta horren xedea bide-segurtasuna bermatzea da, horrekin loturik istripuen eta lesioen kopuruak murriztuz.

Aste barruan kontrolak egingo dizkiete hiriko kaleetatik dabiltzan ibilgailuei beren batez besteko abiadurak gutxitzeko, eta horrekin loturik ikusten dituzten lege-hausteak hauteman eta administrazio bidetik zuzentzeko. Gainera, 115 kilometro orduko abiaduraren gainetik doazen gidari guztiak epailearen esku jarriko dituzte.

Kanpaina hau Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorreko 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartzen da.

Gas-ihesak

Suhiltzaileek zenbait aldiz esku hartu behar izan dute asteburuan, eraikin batzuetan gas-usainagatik deitu ondoren. Egindako neurketek emaitza positiboa eman dute bi alditan: Etxezarra kaleko etxebizitza batean ihesa sukaldean zegoen, eta Ariznabarra kaleko eraikin batean, berriz, ihesa etxebizitza bateko ixteko giltzan gertatu zen.

Artapadura kalean goi-tentsioko dorre batean kable batetik irteten ziren txinparten ondorioz ere esku hartu zuten larunbatean. Hariteria erortzeko arriskua zegoela ikusita, suhiltzaileek segurtasun-eremu bat finkatu zuten, hornidura elektrikoaren enpresak instalazio hori konpondu arte.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:21

Hainbat aukera eskainiko ditu Ikasi eta erabili euskara. Merezi du! kanpainak, euskara erabili ahal izateko

 

Gaur hasiko da ikastaro eta programetarako matrikulazio-epea

 

Aurten ere, berriro, indarrak batu dituzte Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta lurraldeko euskaltegiek, helduen euskalduntzea sustatzeko.  Gaur goizean aurkeztu dute Ikasi eta erabili euskara. Merezi du! kanpaina Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik, Aldundiko Euskara zuzendari Lexuri Ugartek eta euskategien ordezkariek —Joxemi Reguero, IKA; Rakel Larrazabal, Udaberria euskaltegia; Blanka Ugarte, Hegoalde euskaltegia eta Gorka Arbulu, AEK—. Gaur bertan hasiko da ikastaro eta programetarako matrikulazio-epea.

Euskaldunen kopuruak Gasteizen izan duen gorakada nabarmendu du Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik: “1981ean % 3,5  ziren euskaldunak Gasteizen; % 21,5 2011n eta % 27,28 gaur egun. Hazkunde horretan bi faktore garrantzitsu izan dira; batetik, eskolak euskaldundutako ume-gazteak, eta bestetik, helduen euskalduntzeari gagozkiolarik, euskaltegiek helduak euskalduntzen egindako lana. Dudarik gabe agerian utzi behar da euskara ikasi duten horien esfortzua, baita euskaltegien lan mardula ere.”

Ildo horretatik hauxe nabarmendu du Iñaki Gurtubaik: “Gero eta euskaldunagoa den Gasteiz honetan jarraitu behar dugu euskaldunak irabazten, euskara ikasteak eta erabiltzeak prestigiotsu behar du izan gurean. Izan ere, erronka bikoitza dugu Gasteizen, dakigun guztiok euskara erabiltzea eta ikasten ari direnek euskara erabiliz euskara ikastea. Hortik aurtengo leloa: Ikasi eta erabili euskara. Merezi du!”.

Gasteizko ikastaro-eskaintzaren datu nagusiak xehatu ditu zinegotziak.  Guztira 85 talde eskainiko dira. Guraso-taldeak, 65; berrogeita hamar urtetik gorakoentzako taldeak, 12; atzerriko nazionalitatea duten lagunentzako taldeak, 6; merkataritza eta ostalaritzako langileentzako taldeak, 2. Gasteizko auzoetako gizarte-etxeetan eta hainbat kiroldegitan eskainiko dira taldeak.

Programak eta bakoitzaren berezitasunak:

1.- Gurasoentzako ikastaroak. 65 talde eskainiko dira, A1etik C1era, Gasteizko gizarte-etxe guztietan eta hainbat kiroldegitan. 135 orduko ikastaroak dira, 1,5 orduko hiru saio astean, urritik maiatzera. Prezioa: 108 euro, matrikula arrunta, eta 82,40 euro matrikula murriztua (ikasle berriek matrikula murriztua ordainduko dute, baita 2018-2019 ikasturteko ikasleek ere, baldin eta gutxienez % 80ko asistentzia izan bazuten).

2.- 55 urtetik gorakoentzako ikastaroak. 90 orduko ikastaroak dira; 1,5 orduko bi saio astean, urritik maiatzera. Oinarrizko euskara-ikastaroak dira eta 4 maila daude; horiek bukatutakoan, ikasleek jarraitu ahal dute euskalduntze-prozesua. Urtetik urtera sendotzen ari den programa da. 2019-2020 ikasturtean 12 talde eskainiko dira Aldabe, Hegoalde, Iparralde, Lakua eta Pilar gizarte etxeetan. Prezioa: 49,60 euro.

3.- Atzerriko nazionalitatea duten lagunentzako ikastaroak: aurten 6 talde eskainiko dira Landatxon, Landazurin eta Lakua-Arriagan, azken hau aita Orbiso ikastetxean. Harrera linguistikoko ikastaroak dira, oinarri-oinarrizko mailakoak. Prezioa: 9,20 euro. 2019ko urriaren 1etik abenduaren 9ra 60 ordu eskainiko dira. Bigarren ikastaro bat egin ahal izango da urtarriletik martxora bitartean, ikasle nahikorik badago.

  1. Merkataritza eta ostalaritzako langileentzako ikastaroak. Bi ikastaro eskaintzen dira: A1 (hasiera maila) eta B1.2. Hirurogei orduko ikastaro hauen matrikula 45,90 eurokoa da eta erritmoa astean ordu eta erdiko hiru saiokoa. Ordutegi komertzialetik kanpo eskaintzen dira, 14:00etatik 16:00etara, asistentzia errazte aldera. Bestalde, B1.2 ikastaroa eskaintzen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua edo teknikari-titulua B edo D ereduan ikasiz eskuratua dutenentzat, hau da eskolatze-prozesua euskaraz egin dutenentzat.

Gainera, Udalak euskara ikasteko dirulaguntzak eskaintzen ditu:

1.- Herritarrentzako dirulaguntzak

Betekizunak: 16 urtetik gorakoa izatea; Gasteizen erroldatua egotea; ikasturtea gainditzea eta deialdian bertan zehazten diren diru-sarrerak ez gainditzea. Epea: 2020ko uztailaren 31ra arte.

2.- Gurasoentzat

Euskaltegietan ikasi nahi duten gurasoentzako dirulaguntzak.

Betekizunak: 8 urte baino gutxiagoko seme-alabarik izatea; Gasteizko udalerrian erroldatuta egotea eta ikastaroa gainditzea.

3.- Begirale eta entrenatzaileentzako dirulaguntzak

Betekizunak: aisialdiko begirale edo eskola-kiroleko begirale nahiz entrenatzaile lanetan edo horretarako ikasten aritzea; Gasteizko udalerrian erroldatuta egotea eta ikastaroa gainditzea. Epea: 2020ko uztailaren 31ra arte.

4.- Merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako langileentzako dirulaguntzak

Gasteizko Udalak hitzarmena du Arabako Merkataritza Ganberarekin merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako langileen euskaltegietako matrikulazio-gastuak zati batean diruz laguntzeko.

“Gasteiztarren % 46,9k euskaraz ulertzen du, eta ehuneko hori handiagoa da haur eta gazteen artean, %79,6koa da (35 urtez azpiko gasteiztarren artean). Beraz, uste baino askoz lagun gehiagorekin hitz egin dezakegu euskaraz. Hurrengo hiruhilekoan euskara erabiltzeko hamaika aukera izango da Gasteizen. Pixkanaka aurkeztuko ditugu”, aurreratu du Iñaki Gurtubaik, dagoeneko finkatuta dauden batzuk gogora ekarriz.

Mintzalaguna: urtero 600dik gora lagunentzat merezi izan du mintzapraktika egiteko biltzeak. Gainera, ikasturtean zehar hainbat ekintza antolatzen dira elkar ezagutzeko eta Gasteizko euskaldunon sarea handitzeko. Matrikula urrian hasiko da.

IGANDEAK JAI! Familia giroan euskaraz

Euskararen familia-transmisioa lantzeko eta Gasteizko familia euskaldunen arteko loturak trinkotzeko aukera hau GEUk elkarteak antolatzen du. Haurrentzako ikuskizunak eta lantegiak uztartzen dira hilero antolatzen diren bi orduko emanaldietan: antzerkia, ipuin-kontalariak, magia, txotxongiloak, pailazoak… Lantegiek eta jolasek lotura izaten dute ikuskizunarekin, eta bertaratutakoek modu aktiboan parte hartzeko pentsatuta daude. Guraso euskaldunen parte-hartzea eta inplikazioa bultzatzeko dinamikak proposatzen dira.

Gurasoentzako hitzaldiak eta lantegiak

Gasteizko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zerbitzuek hitzaldi, jarduera eta prestakuntza-saioen katalogo bat eskaintzen dute euskararen aldeko sentsibilizazioa eta euskararen transmisioa eta erabilera indartzeko. Galdetu seme-alaben ikastetxean ikasturte honetan horrelakorik antolatu behar duten edo bestela zuk zeuk proposatu ikastetxeko arduradunei eta guraso-elkarteko kideei.

Aldundiak laugarren urtez mantentzen ditu laguntzak

Era berean, Arabako Foru Aldundiak aspaldidanik duen laguntza sistema mantentzen du, Lurralde osoko euskaltegietan, Vitoria-Gasteiz barne, edonork euskera ikasteko aukera izan dezan. Lerro horretan, Aldundiko Euskera Zuzendariak, Lexuri Ugarte Aretxagak, helduek gure hizkuntza ikasteko erraztasunak emateari eman dio garrantzia. “Aukerak berdin ez badira ere, ez dira gutxi helduen artean urtero-urtero euskaraz ikasten ari diren arabarrak. Batez beste 5.000 dira euskarazko ikastaroetan matrikulatuak direnak. Baina gehiago izan daitezke, askoz gehiago! Izan ere, badakigu, 35 eta 44 urte bitartean euskaraz ulertzen dutenak (%52,96) gehiago direla Araban elebakarrak baino (%47,04).  Adin tartea oso emankorra da, bai lanean, bai seme-alaben etxeko hazkuntzan ere, kalean sozializazio bideak irekiz hizkuntzaren bidez. Hortaz, dei berezia egin nahi genuke 35 eta 44 urte bitartean direnak euskaltegietara jo dezaten euskara ikasteko eta euskara praktikatzeko guneetara jo dezaten, kirolean, aisian… Era askotako euskara ikastaroak topatu ahal izango duzu zure auzo edo herriko euskaltegian, ordutegi aukera zabal batekin”, esan du, “horregatik, erakundeok zor diogu herritarrari behar dituen laguntzak ematea.  Hor dira, Gasteizko udalak, Aldundiak baita beste zenbait udaletatik ere ematen diren laguntzak eta bekak”.

2019an laugarren urtez euskaltegietan euskara ikasteko laguntzen programa martxan jartzen du Arabako Foru Aldundiak, erakundeon ardura baita euskaraz bizitzeko aukerak eskaintzea. Pasa den urtean bezala programa honek euskaltegietako ikaslearen poltsikoan eragin nahi du, matrikularen prezioan doiketa ekarriko baitio era erraz batean, Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol sailak ondu eta euskaltegiekin batera adostu den diru-laguntza honen bidez.

2018-2019 ikasturtean ikasleen erantzuna ez zen bat ere txarra izan (2017-2018 ikastuarekiko jaitsiera ttiki bat izan bada ere, ezeri egoztekotan, matrikulazio epeari egotzi behar):

  • 992 ikaslek eman zuten izena euskaltegietan Aldundiaren laguntzarekin, guztira 81.225 euro banatuz.

Azpimarragarria iruditzen zait kopuru hori xehetzea:

  • % 75 Gasteizko ikasleak dira (741).
  • % 25 Lurraldekoak (251):
    • 202 Aiaraldekoak
    • 48 Arabar Errioxakoak
    • 32 Lautadakoak.

 Hala izanik, A1, A2, B1 eta B2 mailetako ikasleen matrikularen prezioa gutxiagotzea onartu da 2019-2020 ikasturtean ere, 100.000 euroko aurrekontuarekin.

Halaber, euskara eskoletan trinkotasun irizpidez jokatu nahi du, trinkotasunak gaitasunaren antzekotasuna handia duela sumatuz. Hori dela eta, laguntza deialdia argitaratu du trinkontasunaren arabera banatuta:

  • 248-400 orduko moduluak: 75 euro.(883 ikasle)
  • 401-600 orduko moduluak: 120 euro. (92 ikasle)
  • 601 ordu baino gehiagoko moduluak: 240 euro.(17 ikasle)

 

Teknologia berriek hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan duten zeresana aitortuz, aurten AUTOIKASKUNTZA ikastaroak ere 75 eurorekin diruz lagundu ahal izango dira, baldin eta aurrez aurreko 190 ordu izaten badituzte gutxienez eta A1 edota A2 moduloetarako bada.

Adituek diotenez, Araban oraindik ere gizarte erdia da, hala aitortzen dute gutxienez, euskara ez dakitenak. Horregatik guztiagatik, adostasuna lortu da beheko eta erdiko mailak lehenesteko, alegia, A1, A2, B1, B2 mailen matrikulazio moduloak. Oraindik ere, euskaltegietan jendea sartzea, ikas prozesua burutzea baino garrantzitsuagoa dela dirudi.

Matrikulatzeko orduan, euskaltegiak dagokion deskontua aplikatuko dio modulu bakoitzari, onuradunez onuradun. Onuradunak, euskaltegian matrikulatzeko orduan, inprimaki orria beteko du.

Programatik kanpo geratuko dira, berariaz, euskara ikasteko eta hizkuntzan trebatzeko ikastaroak administrazio publikoek finantzatuta egiten dituzten administrazio horietako langileak, 18 urtetik beherakoak eta Araban erroldatuta ez daudenak ere.

2019-2020 ikasturterako baldintzak honako hauek dira: 

  • 2019ko uztailak 3 dituenean adin nagusikoa izatea.
  • 2019ko uztailak 3 dituenean Arabako Lurralde Historikoan edo Trebiñuko Konderrian erroldaraturik dagoenarentzat.

2019-2020 ikasturteko laguntzen prozedura:

  • Euskaltegietan eskura izango da diru-laguntzen eskaera inprimakia, edo bestela, araba.eus edo www.euskaraba.eus web guneetatik jaitsi ahal izango da.
  • Eskatzailearen NANaren fotokopia edo pasaportea aurkeztu beharko da.
  • Trebiñuko konderrian erroldaratutako eskatzaileek erroldaratze zedula aurkezturik eduki beharko dute 2019ko uztailaren 3rako.

Epea  

  • AFAren laguntza jasotzekotan, matrikulatzeko epea 2019ko irailaren 30ean amaitzen da.

 

Share