Prentsa Oharren banner

Gasteizko Erdi Aroko Azokaren XVIII. edizioa hasi da inaugurazio pregioarekin

Gaur arratsaldean hasi da Gasteizko Erdi Aroko XVIII. Azoka, Aihotz plazan, Gorteko bufoien pregoiarekin. Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria lehen alkateordea izan dira ekitaldian. Asteburuan zehar, 34 antzerki, musika eta zirku konpainiak girotuko dituzte Erdi Aroko hiriguneko kaleak; guztira, 132 artista arituko dira.

 

Share

Prentsa-deialdiak (2019-09-30)

Harrera ekitaldia Banco Africano de Desarrollo erakundeko delegazio bati

Parte hartzaileak. Lehen alkateorde Maider Etxebarria; eta bigarren alkateorde Ana Oregi

Eguna. Astelehena, irailak 30

Ordua. 09:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————-

Prentsaurrekoa. Herritartasunaren Eskola Irekia aurkeztea

Parte hartzaileak. Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxe saileko zinegotzi arduraduna; eta Vital Fundazioko zuzendari Axier Urresti

Eguna. Astelehena, irailak 30

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share

Asteburuko aurreikuspenak

Ostirala, irailak 27

  • Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landa ‘Oztoporik Gabe Aretoa’ ekimenaren X. edizioan izango da 18:00etan, Europa Jauregian.
  • Alkate Gorka Urtaran, alkateorde Maider Etxebarria eta udal zinegotziak Erdi Aroko Azokari hasiera ematen dion pregoian izango dira 18:00etan, Aihotz plazan.
  • Alkateorde Ana Oregi, eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landa Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertua entzuten izango dira 20:00etan, Principal Antzokian.

 

Larunbata, irailak 28

  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez Señor Zuzenak Txapelketaren XXIV. edizioan izango da 17:00etan, Ariznabarra kiroldegian.

 

Igandea, irailak 29

  • Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxe saileko zinegotzi Borja Rodriguez Vitoria-Gasteiz Trail lasterketaren irteeran izango da 10:00etan, Cervantes ibilbidean.
Share

“Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua”programaren edizio berria bultzatu du Udalak

 

 

Tokiko Gobernu Batzarrak “Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programa garatzeko kontratua esleitu die Ediren S.C. eta Ortzadar S.L. enpresei  gaur goizean. Programa horren bitartez adikzioen prebentzio unibertsala eta kontsumoari lotutako arriskuak gutxitzea lantzen da. Programa 2020ko ekainaren erdialdera arte egingo da, eta 78.632 euroko inbertsioa izan du. Hezkuntza komunitateko eragile ezberdinekin ekintzak jarriko dira abian, eta  adikzio eta kontsumorako jarrerak bultzatu ditzaketen faktoreei (pertsonalak, sozialak zein kulturalak) helduko zaie bereziki.

Ikasleak izango ditu hartzaile nagusi. Parte hartzen duen gela bakoitzak landu egingo ditu ikasleei berdinen zein komunikabideen presioari aurre egiteko aukera emango dieten trebetasunak. Autonomia pertsonaleko alderdiak landuko dira, substantzien kontsumoa saihestu eta atzeratzea xede, esaterako autoezagutza, autoerregulazio emozionala, asertibitatea, erabakiak hartzea edo erresilientzia.  Horretaz gain, hainbat alderdiri buruzko informazioa emango da: legezko zein legez kanpoko substantziak, erabileraren eta abusuaren ondorioak eta gai honetan sare-sozialek izan dezaketen eragina.

Familiei baliabideak emango zaizkie gelan landutako adikzioaren inguruko kontzeptuak hobeto ezagut ditzaten. Irakasleek arloko profesionalen laguntza izango dute klasean landutakoaren osagarri.

“Gasteiz drogarik gabeko hezkuntza esparrua” programaren bidez, tabako, alkohol, kalamu, psikofarmako eta legez kanpoko hainbat droga motaren prebentzioa bultzatzen da.  Halaber, alkohola kontsumitzen dela uste den kasuetan, kontsumoak eragindako arriskua gutxitzeko lan egiten da. Prebentzioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eremu guztian lantzen da; arriskuak gutxitzeko esku hartzeak, berriz, DBHko 4. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren Ondoko mailetara.

 

 

 

Share

Gizonezko bat atxilotu dute bere bikotekide ohiarekin eztabaida gogor bat izan ondoren

 

Udaltzaingoaren agenteek 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide ohiari mehatxu eta eraso egiteagatik.

Eguerdian, 092 zenbakira egindako dei batek jakinarazi zuen eztabaida latzean ari zirela Sansomendi auzoko etxebizitza batean. Bertara joan zen patruilak bi pertsonekin hitz egin zuen, eta haien bertsioak entzun ondoren, gizonezkoa atxilotzeari ekin zioten eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Udaltzaingoaren Agenteek 33 urteko gizonezko bat eta 34 urteko emakume bat atxilotu zituzten atzo goizean, indarkeria eta mehatxuak erabiliz higiezin baten usurpazio-delituaren ustezko egile gisa.

Gertaerak 10:30ak aldera izan ziren, altxamendu judizial bat egin ondoren, beste inolako gorabeherarik gabe, Babesgabeen auzoko etxebizitza batean. Higiezinaren jabeek polizia etor zedila eskatu zuten, lehengo maizterrak –gizonezko bat eta emakumezko bat– indarrez sartu zirelako eta barruan geratzeko asmoa zutelako. Une horretan, borroka bat gertatu zen, eta jo egin zuten jabea.

Alde guztiekin elkarrizketatu ondoren, gertaera horiek izan zirenean jabeekin batera zegoen lekuko bat ere barne, udaltzainek atxilotu egin zituzten bi pertsonak. Gaur goizean epailearen esku geratu dira, Guardiako Epaitegian izapideak abiarazi ondoren.

Gidatzen zihoan gizonezko bat inputatu dute, gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta beste bat edanda gidatzeagatik

Udaltzaingoa izapidetzen ari den argiketa batean 34 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, Larrea kalean gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin ote duen jakiteko. Halaber, beste argiketa batean 45 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Bilbo Plazan gerarazi zuten eta 0.82-0.85 miligramo alkoholeko tasak eman zituen arnasbideetatik kanporatutako aire-litro bakoitzeko. Emaitza horiek ikusirik izapideak abiarazi dituzte, Guardiako Epaitegira bideratu dezaten.

Bi pertsona zauritu dira istripuetan

Azkeneko 24 orduetan 10 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 2 pertsona zauritu dira.

14:00ak aldera istripu bat erregistratu zen auto baten eta bizikleta baten artean, eta horren ondorioz, bizikleta gidatzen ari zen 19 urteko neska zaurituta geratu zen. Santiago Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan 18 urteko beste mutil gazte bat zauritu zen atzo 17:00etan, Antso Jakituna kalearen eta Gasteiz Hiribidearen elkargunean tranbiak harrapatuta. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Atzo, 16 salaketa aurkeztu zituzten Polizia Judizialean.

Share

Udalak bat egin du Fridays for Futurek deitutako elkarretaratzearekin

 

Udaleko talde politiko guztiek bat egin dute larrialdi klimatikoa dela eta konponbideak eskatzeko Fridays for Future gazteen mugimenduak Plaza Berrirako deitutako elkarretaratzearekin.

Hori baino lehen,  udalbatzaren osoko bilkuran, larrialdi klimatikoaren inguruko adierazpena onetsi da, zein Greenpeace Vitoriak eta Ekologistak Martxan elkarteek aurkeztu baitute hainbat elkarte eta talderen izenean.

Share

Gasteizek zentro soziokulturalek antolatutako ibilaldi ludiko batez ospatuko du Adinekoen Nazioarteko Eguna

 

 

Adinekoentzako zentro soziokulturalek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute datorren asteartean, urriak 2. Jai programa ludikoa prestatu dute egun horretarako; besteak beste, adierazpen bat irakurriko dute, eta martxa bat egingo hiriaren erdialdetik, goizeko hamaiketan.

Andre Maria Zuriaren plazan elkartuko dira. Ibilaldiari ekin aurretik, adierazpen bat irakurriko dute, eta jardunaldiaren lema —”Guk, pintatu…, gogotik!”— margotuko dute lurrean; azken egunetan Gasteizko zenbait kaletan ere margotu dute lema.

Andre Maria Zuriaren plazatik Arka plazara abiatuko dira, Ibiltariaren eskultura egun horretarako berariaz jantziko baitute. Han musika girotzea izango da; ondoren, hasierako lekura itzuliko dira, non adinekoen bakardadeari buruzko erakusketa txiki bat ikusi ahalko baita, ACCEM elkartearen lankidetzari esker.

Horretaz gain, bisita gidatuak antolatu dira Arkeologia, Karta eta Natur Zientzien museoetara, urriaren 1ean eta 2an, eta lau ibilbide hiriko saltokietan barrena.

Gasteiz On elkartearen laguntzarekin egingo dira bisitak, zehazki,”Arimadun dendak” eta “Gourmet saltokiak” ibilbideen bitartez. Lehenengoan, bertako denden jatorria, historia, bitxikeriak eta pasadizoak ezagut daitezke; bigarrenean, gastronomiarekin lotutako dendak bisitatuko dira, produktuak dastatzeko eta aitona-amonengandik bilobengana igaro diren familia negozio horietako jabeekin hitz egiteko.

“Gozatzeko eta aldarrikatzeko eguna izango da. Adinekoek berek zentro soziokulturaletan antolatu dituzten jarduerez gozatzeko, eta adinekoek gizarteari egiten dioten ekarpen handia aldarrikatzeko. Nahitaezkoa da haien egitekoaren balioa nabarmentzen jarraitzea, eta populazioaren sektore hori gizartetik baztertzera daramaten estereotipoen aurka egitea”, ohartarazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak; “zahartzeak gaurko gizarteari planteatzen dizkion erronkez kontzientziatzeko beharra” ere azpimarratu du. 

Gaur egun, Gasteizko biztanleen % 21ek 65 urtetik gora du, eta % 6k, 80 urtetik gora.

 

Share

Udalak 100.000 euro bideratu ditu emakumeen saskibaloia sustatzera, Araskirekiko hitzarmena tarteko

Gasteizko Udalaren eta Araski Arabako Emakumeen Saskibaloiaren arteko lankidetza-hitzarmena onetsi du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, emakumeen saskibaloi-jarduerak susta daitezen 2019-2020 denboraldian. Bigarren urtez hitzarmen bidez gauzatzen den akordio honek 100.000 euroko udal ekarpena du, kirolaren arloan  emakume eta neskatilentzako sustapen- eta prestakuntza jarduerak garatzeko, eta Araskik arlo honetan egiten diharduen lana indartzeko.

Taldearen balioa  gizartearen erreferente gisa sustatzeaz gain, udalaren eta Araski AESen arteko lankidetza honek eragin nabarmena izango du klubaren harrobian,  ikastetxeekin lankidetzan burutzen den AraskiEskola proiektuaren bitartez. Harrobiak kategoria hauetan izango taldeak denboraldi honetan: lehen maila nazionalean, lurraldeko senior mailan, euskal ligako junior mailan, lurraldeko junior taldean, Euskal ligako kadete mailan, lurraldeko kadete mailan, haurren kategorian, kimuen mailan eta hastapen mailan.

AraskiEskolaz gain, badira kirola sustatzeko beste jarduera batzuk ere: ikastetxeak bisitatzea, kirol eta gizarte arloetako baloreak hedatzeko kanpainak, gizarte aitortzarako hainbat ekitaldi, Araski boluntario-taldearen  kudeaketa eta saskibaloiko emakumeen ligako hainbat partidu dinamizatzeko ekintzak.

Urtaranen gobernuak bereziki nabarmendu du Araskik egiten duen lanak haur eta gazteen arloan duen eragina, jarduera fisikoa egitera eta osasun ohiturak sortzera motibatzen dituelarik. Halaber, emakumeen kirola sustatzeko lanak osatu egiten du gizartearen kohesioa, udalak burutzen dituen berdintasun-politikak sustatu eta garatuta.

Share

TUVISAk emaitza onak lortu ditu herritarrei zerbitzuaz egindako inkesta batean

Gasteiz SUMI izeneko europar proiektuan parte hartzen ari da, Madrileko Unibertsitate Politeknikoko Garraioaren Ikerketa Zentroarekin (TRANSyT) batera; mugikortasun iraunkorraren politiken inpaktua neurtzea du xede proiektuak, monitorizatzeko tresnak eta zenbait adierazle baliatuz. Ikerketa horren barruan, TUVISAk asebetetzeari buruzko inkesta egin du.

Lortutako emaitzak oso positiboak dira: “TUVISAren sarea erabiltzen duten bidaiariek oso ontzat jotzen dituzte segurtasuna, irisgarritasuna, maiztasunak… eta, oro har, pozik daude udalaren garraio-agentziak ematen duen zerbitzuarekin”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Esteka honetan kontsulta daiteke txosten osoa:

13.-Encuesta Grado_Satisfacción_Transporte_Urbano

Bestetik, abuztuko datuen arabera, urtean 10,5 milioi bidaiari izatera iritsi da TUVISA, hau da, aurreko ekitaldian baino % 1,62 gehiago. Gasteizko Udalak garraio publikoaren sare eraginkorra eta gero eta iraunkorragoa osatzeko ahaleginean jarraitzeko egin duen apustua berresten dute datu horiek.

 

 

Share