Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. BihotzAraba – IV. Bihotzaren Hamabostaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; eta Arabako Medikuen Elkargoko idazkariorde Alberto López de Ocáriz

Eguna. Asteazkena, irailak 4

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————-

Prentsaurrekoa. ‘Vitoria-Gasteiz Lab, Gazteago! proiektua aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Vital Fundazioko zuzendari Axier Urresti; Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibert; eta Deusto Cities Lab proiektuaren zuzendaria

Eguna. Asteazkena, irailak 4

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:47

Amaia Barredoren audioa

Alegazioak aurkeztu zizkion Udalak Gasteizen trenbidea integratzeko informazio-azterlanari joan den abuztuaren 30ean. Guztira 19 alegazio idatzi ditu Gasteizko Udalak, proiektua hobetu eta hirian sartzean eta Arkautin izango duen eragina albait gehien gutxitze aldera. Honela azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok: “Ahalik eta proiekturik onena eduki nahi dugu; izan ere, Gasteizen barrena trenbidea lurperatzea kontu estrategikoa da, ilusio handia sortzen diguna, funtsezkoa etorkizunerako. Ildo horretatik, hainbat proposamen egin ditugu, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planean oinarrituta, eta teknikariek aurkitutako akats zenbait jaso ditugu alegazio-txostenean.  Beti ere Udal honek duen informazioa eskaini dugu, aintzat harturik proiektua gauzatu dadin lan egin beharra daukagula. Hortaz, bideragarritasuna bermatu beharra daukagu”.

Hiru arlo jorratzen ditu Udalak Sustapen Ministerioaren informazio-txostenaren aurrean aurkeztu duen alegazio-txostenak: Gasteizko sarbidearen inguruko alegazioak, Arkautiko elkargunearen inguruko alegazioak eta alegazio orokorrak.

Horrela, proiektua hirian lantzen ari den Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plan berrira egokitzeko aukera adierazten da —zirkulazio-eraztunek lurpeko bide berriarekin dituzten konexioetan aldakuntzak txertatuz (errai berri bat jarriz tunelaren ekialdeko irteeran, Txistularien kalearekin konektatzeko, edo tunelera eta parkingera sartzeko aukera emango lukeen bide-zati bat, Errioxa kalean barrena) eta geltokian aurreikusitako aparkalekurako sarbideak aldatuz—. Era berean, lurpeko geltokia estaliko duen argi-zuloa lekuz aldatzea proposatzen du Udalak, libre geratuko den esparruan aurreikusitako bidea ahalbidetzeko, eta aireztapen- eta punpaketa-instalazioak eta instalazio-gelak optimizatzea planteatzen du.

Arkautiko elkargunearen inguruko alegazioen kasuan, Euskadiko Hiriburuaren hiribidearen inbasioa saihestea planteatzen da —informazio-txostenaren arabera, trenbidearen ezpondek eragingo liokete kale horri—, eta Natura 2000 Sareko espazio naturalak babesteko neurriak sendotzea proposatzen da, baita espazioen arteko konektagarritasun ekologikoa bermatzea ere. Ildo horretatik, Udalak lehentasunezkotzat jotzen du barrera-efektua ekiditea, bide-zubiaren trazadura luzatuz. Bestelako babes-neurririk ere iradokitzen da, hala nola mailegu-zonen edo erabiltzeari utziko zaion trenbidea kentzearen inguruan.

Azkenik, alegazio orokorrei dagokienez, udal planeamenduaren eta kartografiaren inguruko informazioa helarazi zaio Sustapen Ministerioari. Udalarentzat funtsezkoa da zarata eta bibrazioak albait gehien gutxitzea, batez ere Salburua eta Zabalgana auzoetan. Batean nahiz bestean, berrikusi eta neurri zuzentzaileak plantea daitezela eskatu da, eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Zentzu horretan, bizitegi-eraikinak eta horien solairu guztiak, espazio publikoak eta garatu gabeko lursail urbanoak aintzat harturik behar diren neurriak txerta daitezela proposatzen du Udalak, eta hainbat jarduera azter daitezela, hala nola hiriko trazaduran abiadura-mugak ezartzea, erraietan motelgailuak jartzea, altura gutxiko pantailak, tuneleko edo irteerako hormetan material xurgatzailea jartzea eta beste.

Bibrazioei dagokionez, orobat eskatu dio Udalak gobernu zentralari zona guztiaren azterlan xehea egin dadila, eraikuntza-proiektu garatu eta obra gauzatu bitartean, inguruko auzokideei ahalik eta enbarazurik gutxien eragin dakien.

Udalaren alegazio-txostenean orobat egiten zaio erreferentzia udalerriko eta probintziako ibilbide berdeen sareari —eraginen azterlan sakonagoa eskatzen da—, eta paisaiari —ezinbestekotzat jotzen da paisaiaren inguruko azterlan bat egitea, metodologia egokiago batekin, azpiegitura integratzeko neurriak kontuan hartzen direlarik—.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:59

Gasteizko Udalak abian jarri du ‘Itun Berdea’ sarien V. edizioa, Gasteizko enpresek ingurumen hobekuntzaren alorrean ezarritako proiektu onenak aintzatesteko. Zabalik dago hautagaitzak aurkezteko epea, urriaren 4ra arte.

‘Itun Berdea’ sarien barruan hiru kategoria daude: mikroenpresena (1-9 langile dituzten enpresak), enpresa txikiena (10-49 langile) eta enpresa ertain eta handiena (50 langiletik gora). Saria irabazten duten hiru enpresek 2.000 euroko sari bana jasoko dute. Sariak azaroaren 14an banatuko dira, Goiuri jauregian.

Hiru baldintza hauek bete behar dira sarietan parte hartzeko: Arabako hiriburuan kokatuta egotea, 2018-2019 aldian beren prozesu, produktu edo zerbitzuen ingurumen-inpaktu negatiboa modu aktiboan murrizteko jardunbide onen bat ezarri izana, eta Itun Berdeari atxikita egotea. Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxeberriak gogorarazi duenez, “azken eskakizun hori betetzen ez duten baina komunitate horretako kide izan nahi duten enpresa gasteiztarrak garaiz daude oraindik, urriaren 4ra arte egin baitezakete ekimenarekin bat; izan ere, egun horretan bukatuko da hautagaitzak aurkezteko epea”.

Azken edizioko sarien irabazleak Iñaki Eceiza abeltzaina eta EGA Master eta Michelin enpresak izan ziren. Gainera, epaimahaiak erabaki zuen, aho batez, ohorezko saria ematea A&B Laboratorios enpresari, zeinek Europako Ingurumenaren Saria jasoa baitzuen Vienan.

Atxikitzeko estekabidea

Informazio gehiago: 010 (945 16 11 00) | pactoverde@vitoria-gasteiz.org

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:57

Mendizorrotza eta Gamarrako udal kirol esparruetako abuztuko balantzea positiboa izan da beste behin ere, 185.578 pertsona zenbatu baitira guztira: 85.820erabilera Gamarran eta 99.758 Mendizorrotzean. Kopurua hamarkadako bigarrena da, soilik 2012koak (ordukoan 208.435 pertsona zenbatu ziren guztira) gainditua. Datu positibo hori uztailekoari gehitzen zaio: hilabete horretan 226.751 erabilera izan ziren, hilabeteko kopuru handiena 2011tik.

Maiatzaren 19an udako kanpaina hasi zenetik, 658.534 pertsonek erabili dituzte Mendizorrotzeko eta Gamarrako kirol esparruak. Irailaren 15era arteko datua zenbatzeko falta delarik ere, kopuruak gainditzen du, dagoeneko, 2017 eta 2018 urte bien batura.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Bizikletaz zihoan 55 urteko gizonezko bat zauritu zen atzo, Wellington Dukea eta Baiona kaleen arteko bidegurutzean tranbiak harrapatuta. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalean ere harrapaketa bat gertatu zen atzo, bidean behar bezala zihoan auto batek 16 urteko oinezko bat harrapatu baitzuen, horretarako egokituta ez zegoen toki batetik errepidea gurutzatzen ari zela. Mutil adingabea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Gidatzen zihoan 61 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen eguerdia baino lehentxeago, Gamarrako Atean kamioi batekin elkar marratuz izandako istripuaren ondorioz. Suhiltzaileek erreskatatu zuten, osasun-langileen laguntzarekin, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten anbulantzian.

Udaltzaingoak zauriturik gabeko beste 8 trafiko-istriputan esku hartu zuen eta 37 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira San Antonio kalean edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Horrez gain, 24 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituzten.

Sutea koadro elektriko batean

Suhiltzaileek Santa Barbara plazako bebarru bateko elektrizitate-koadroan piztutako sutea itzaltzeko esku hartu behar izan zuten atzo. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, bizilagun batek su-itzalgailu bat erabilia zuen sua itzaltzeko, eta beraz, SPEISeko langileek eskailera egurastu eta bebarruko hornidura elektrikoa moztu zuten.

Gaur, asteartea, goizeko seiak baino minutu batzuk lehenago, suhiltzaileek haur bat erreskatatu dute A-1 autobideko zerbitzugune batean aparkatutako auto baten barrualdean harrapatuta geratu zelako. Ibilgailuko ateak ezin ziren ireki, eta horrenbestez, kristaletako bat hautsi behar izan dute ibilgailua irekitzeko eta adingabea askatzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:02

 

  • 57 herritatik 500 bat argazkilarik bidalitako 1400 argazkien aukeraketa Araba Aretoan irailaren 26a arte
  • Oscar Manso gasteiztarrak Euskadiko lehen saria jaso du

ONCE Euskadiko “denontzako mundua, desgaitasunak gainditzea” leloa daraman XVIII Argazki Lehiaketaren argazkien aukeraketak osatutako erakusketak ateak ireki ditu Gasteizko Vital Fundazioa Erakusketa Guneko Araba Aretoan (Postas kalea 13-15). Erakusketarako aukeratuak izan diren irudiak ikusgai egongo dira datorren irailaren 26a arte.

Aurkezpen ekitaldian hartu dute parte Livia Lopezek, Kirola eta Osasunaren Saileko zinegotziak, Juan Carlos Anduezak, ONCE Euskadiko lurralde Ordezkariak;  Rafael Ledesmak, ONCE Euskadiko Lurralde Kontseiluko presidenteak; Emilio Solak, Arabako Gizarte Zerbitzuen Diputatuak; Marian Olabarrietak, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak;  eta Axier Urrestik, Vital Fundazioaren zuzendari orokorrak.

XVIII Argazki Lehiaketaren sarituen zerrenda honakoa da (ikusgai dago www.oncefoto.es atarian). 1. Saria: Przemyslaw Kot (Polonia) “Quiet lake” lanagatik; 2. Saria: (Italia) Samuel Boldrin “Paralimpic swim 03” lanagatik; 3. saria: Xuan Han Nguyen (Vietnam) “Passion and Practice” lanagatik. ONCEko Afiliatua Saileko Aipamena: Carme Olle (Bartzelona) “ Volando” lanagatik; Gaitasuna Gutxitutako Saileko Aipamena: Jordi Cañizares (Viladecans, Bartzelona) “Creciendo” lanagatik.

  1. Euskadiko Argazkilaririk Hoberena: Oscar Manso (Vitoria- Gasteiz) “The Game” lanagatik; 2. Euskadiko Argazkilaririk Hoberena: Oskar Gaskon(Irún) “La Estupa” lanagatik; 3. Euskadiko Argazkilaririk Hoberena:Carlos De Cos (Soraluze) “El Pasillo” lanagatik.

Guztira 1377 lan aurkeztu dituzte 57 herritako 466 argazkilarik lehiaketara. Argazki gehien bidali dituzten herriak Espaniaz gain, Irango Islamiar Errepublika, Federazio Errusiarra, Vietnam eta Bangladesh izan dira. Epaimahaia osatu dute Juan Armentiak, Euskadiko Argazki Elkarteen Federazioaren Presidenteak, eta harekin batera Ibai Armentia eta Jose Ramon Varela argazkilariek.

ONCE Euskadiren Argazki Lehiaketa 2001ean jarri zen abian argazkilarien lanak ezagutzera emateko, beti ere ezintasunak gainditzen diztuzten adibideak erakustearren. 2003an Lehiaketak nazioarteko maila jaso zuen Espaniako Argazki Konfederazioaren laguntzari esker, eta 2010ean mundu osoari ireki zizkion ateak Nazioarteko Argazki Artearen Federazioari esker. ONCE Euskadik antolatutako Argazki Lehiaketa aurrera atera ahal izateko Eusko Jaurlaritzak, Vital Fundazioen laguntza izan du; baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien Gizarte Ekintza sailena ere. Gipuzkoako Argazki Elkarteak, Espainiako Argazki Konfederazioak eta FIAP-ek (Fedération Internationale de l´Art Photographique) ere lagundu dute.

“Denontzako mundua, desgaitasunak gainditzea” argazki erakusketa ikusgai egongo da Gasteizko Araba Aretoan, irailaren 26a arte ondoko ordutegian: 18.00etatik 20.30etara (astelehen larunbata bitartean);12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30etara (igande eta jai egunetan).

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:50

Egungo gaiei buruzko informazio eta eztabaidarako guneak 2.069 lagun erakarri ditu Europa jauregiko hitzaldietara, eta 820 lagun zinema-ziklora.

 

 

 

Puri-purian dauden gaiak aztertu dira jardunaldietan – hala nola, Txina, populismoak, Ekialde Ertaineko egungo egoera–, eta horiekin batera beste hainbat ere: haurren ezkontzak, ura izateko eskubidea, Kurdistan, edo kazetaritza digitala toki mailan. Edizio honetan profesional bikainek hartu dute parte, esaterako Mónica García Prieto, Jesús Núñez Villaverde, Sandrine Morel, Pedro Armestre edo Karlos Zurutuzak. Horretaz gain, jardunaldiek kanpoko erakusketa bat, zinema zikloa eta musika ikuskizuna ere ekarri dituzte Gasteizera.

Edizio honetako hitzaldi eta solasaldietan aurreko 6etan baino asistentzia handiagoa izan da. Europa jauregiko zortzi ekitaldiek 2.069 lagun batu zituzten (batez beste, 208 lagun ekitaldietako bakoitzean) Programa honek publiko anitza fidelizatzea lortu du. Amaitu berri den edizio honetako arduradunek adierazi dutenez,  asistentzia-kopuruak ez ezik, hitzaldien ondorengo solasaldien kalitateak eta egindako galderek ere ari uzten dute herritarren interesa.

Horrenbestez, bete egin dira jardunaldien helburuak. Kazetaritza bertatik bertara jardunaldiek argi utzi dute, berriz ere, herritarrek benetako informazioa bilatzeko, pentsamendu kritikoa garatzeko eta kazetari eta analista ospetsuekin foru irekietan ideiak eztabaidatzeko duten interesa. Adierazgarria da hitzaldietara eta zinema-ziklora ia 2.900 pertsona joan izana. Hirian jende kritiko eta informatu ugari dagoela erakusten du horrek”  adierazi du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok.

  • Asistentzia handia hitzaldi eta solasaldietan: 2.069 parte hartzaile. Hauek izan dira ekitaldi jendetsuenak: “Oriente medio entre dos fuegos” hitzaldia (495 lagun, auditoriuma beteta eta beste gela baten zati bat), eta “populismoak” mahai-ingurua (365 pertsona). Zazpi edizioak kontuan hartuta, lehen eta hirugarren ekitaldi jendetsuenak izan dira. Halaber, azpimarratzekoa da Karlos Zurutuzak Kurdistani buruz euskaraz emandako hitzaldira bertaratuen kopurua:  100 pertsona inguru.
  • Zinema-zikloa: 820 ikusle, guztira (bost proiekzioak batuta). Ikusle gehien izan dituzten filmak: “Of fathers and sons” (199 ikusle) eta “Últimos días Shibati” (195 ikusle). Bietan leku guztiak beteta.
  • Haurren ezkontzak” erakusketan ere asistentzia handia izan da, 4.000 pertsona. Erakusketa 21 egunez izan da ikusgai Gasteiz hiribidean. Bisita gidatuek ere arrakasta handia izan dute (60 pertsonatik gora egileak gidatutako bisitan).

Asistentzia datuak

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:05

 

Udalbatzak udal-mugarrien ohiko txangoa egingo du, Foronda eta Arratzua-Ubarrundia artean

Horrez gain, Olarizuko zelaietan jai giroko jarduerak egingo dira, besteak beste ohiko babarrun-jana eta igoera jendetsua Olarizuko gurutzera; jai-amaiera Plaza Berrira itzultzeko ibilbidearekin izango da, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta

Urtero bezala, Andre Mariaren Jaiotzaren egunaren ondorengo astelehenean Gasteizek herri erromeria egingo du Olarizuko zelaietan. Horrela egingo dio agur hiriak udako zikloari irailaren 9an, bildutako uzta eskertzeko nekazarien erritua gogoratzen delarik.

Goiz horretan bertan udalerria mugatzen duten mugarrien urteko ibilbidea egiten du udalbatzak, alkatea basozain nagusi eta talde buru dela, 500 urtetik gora duen usadio administratiboari berretsiz.

Udalbatzak udal-mugarrien ohiko txangoa egingo du, Foronda eta Arratzua-Ubarrundia artean, 11 kilometro inguruko ibilbidea, alegia.

Aurtengo ibilbidea 33F zenbakiko mugarritik (“Las comunidades”) 185 zenbakikoraino (“Minako Arana”) joango da, tartean igaroko dituztelarik Foronda, Mendiguren, Miñaogutxi eta Miñao herriak,muga eginez Zigoitiako udalerriko Apodaka, Etxabarri Dibiña eta Mendarozketarekin, eta Arratzua-Ubarrundia udalerriko Ziriano, Betolaza eta Lukurekin.

Horrez gain, Olarizuko zelaietan jai giroko jarduerak eta jarduera gastronomikoak egingo dira, besteak beste ohiko babarrun-jana eta igoera jendetsua Olarizuko gurutzera; jai-amaiera Plaza Berrira itzultzeko ibilbidearekin izango da, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:00

Hainbat gauza erosteko aukera emango du horrek, salbamendu-materiala, arropak, garbiketa- eta higiene-materiala eta beste, eta 2.000 familiarengana iritsiko da laguntza

Larrialdietarako Arabako Funtseko 20.000 euro bideratuko dituzte Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak Amazonaseko suteek eragindako Boliviako hamar herritako 2.000 familia ingururi laguntzera. Abuztuaren 1etik 24ra bitartean, horrelako 4.000 ezbehar zenbatu zituen Europako Espazio Agentziak, eragindako eremuan.

Brasilgo Amazonaseko zonari ez ezik, ondoko herrialdeei ere eragin diete suteek, hala nola Boliviari. Nazioarteko laguntza eskatu du bertako gobernuak berriki, zenbait departamentutan bizi den larrialdi-egoerari aurre egiteko. Esaterako, Santa Cruz departamentuan, non suteak areagotzea ekarri baitu lehorteak, batez ere baso lehor chiquitanoan.

Oraingoz, Bolivian milioi bat hektarea erre direla uste da, eta kalte pertsonal ugari eragin dituela —600 zauritu inguru—, baita galera material ugari ere —laboreak eta larreak, etxebizitzak eta tresnak, ur-hoditeria—. Horrez gain, ganadu-buru ugari hil dira, faunan eta floran eragindako hondamendiaz gain.

Egoera horri aurre egiteko, Asociación Alavesa de Cooperación Hispanosudamericana Berri-Ñann elkarteak —Gasteizen bizi diren boliviarrek osatua— laguntza eskatu zion Larrialdietarako Arabako Funtsari, materiala erosteko —salbamendu eta erreskaterako materiala, botikak, arropak, garbiketa- eta higiene-materiala, janariak, ura— eta garraiorako.

GEOS izenarekin ezagutzen den Fundación de Voluntarios de Salvamento y Rescate entitate lokala arduratuko da laguntza emateaz.

Amazonaseko arroako oihan tropikala munduko handiena da; lau herrialdetan barrena hedatzen da, eta miloika landare eta animaliaren bizilekua da. “Munduaren birika” esan ohi zaio, eta berebizikoa da berotze globala erregulatzen laguntzeko, milioika tona karbono-emisio xurgatzen baitituzte basoek urtero.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:31

35.440 leku eta 349 jarduera-mota eskaini dira 2019-2020ko programazioan 

Bihar, irailak 4, bukatuko da gizarte-etxe eta kirol instalazioetako jarduera gehienetarako izena emateko epea. Orotara 349 jarduera dira, eta lehen hiruhilekorako 35.440 leku eskaini dira.

Esteka honetan aurki daiteke eskaintza zabal horren inguruko informazioa —kirol-jarduerak, kultur jarduerak, jarduera artistikoak, irakurketa-klubak, gizarte-sustapena, ludoteka eta ludoklubak, euskara, ingurumen-ikastaroak—: https://blogs.vitoria-gasteiz.org/medios/2019/07/18/los-centros-civicos-ofertan-35-440-plazas-y-349-modalidades-de-actividad-en-la-programacion-2019-2020/

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharra dago, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxoin. Bide hauek erabil daitezke: udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian, edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte-etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Biharamunean izango da zozketa, 11:00etan.

Zenbait ikastarotan —Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutakoak, kirol eta kultur jarduera zenbait eta gizarte sustapeneko jarduera batzuk— izen-ematearen hurrenkeran esleituko dira lekuak.

Iaz bezala, udal instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute gizarte-etxeetako jarduera guztietan. Orobat izango dute % 15eko deskontua langabezian daudenek, ordenantza fiskaletan jasotzen denaren ildotik.

Share

Aurrekoak »