Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  11 iraila 2019 17:00

‘El Ecosistema Europeo en la Revolución de las Baterías’ jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Alkateorde Ana Oregi

Eguna. Osteguna, irailak 12

Ordua. 9:00

Tokia. Arabako parke teknologikoa (areto nagusia)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:33

Familiak elkARTzen programaren instalazioetarako izena emateko epea zabaldu du Montehermoso Kulturuneak.
Familiak elkARTzen programaren helburua arte garaikidea etxeko txikienei hurbiltzea da, beren interesekin egokitzen diren instalazioen bitartez. Instalazio bakoitzak artista garaikideen obra bati egiten dio erreferentzia.
Hiru urteko zikloa osatu ondoren, irailaren 28tik azaroaren 30era, 2 eta 5 urteko neska-mutilek, heldu batek lagunduta, giro lasai eta motibatzaile batez gozatzeko aukera izango dute.
Argibide gehiago eta izen-emateak: www.montehermoso.net Tel. 945 161830. Doako jarduera. Leku kopurua mugatua da
Armiarmak geuk sortzen ditugu.
Irailaren 28tik urriaren 5era, 12:00-13:00. Jarduera elebiduna.
Erreferentziazko obra: Louis Burgeoisen “Torso”
Instalazio honetan kuxinez eta artilez egindako eskultura nagusi bat izango dugu, eta familiek beren irudimenari leihoak zabaldu ahal izango dizkiote, forma desberdinak konposatuz eta elementu horiekin duten elkarrizketaren bidez espazioa eraldatuz.
Altxorraren bila
Urriaren 19an eta 26an, 12:00-13:00. Jarduera elebiduna.
Erreferentziazko obra: Fiona May-ren “Give a dog a bone”
Kartoizko kutxez egindako horma handi baten barruan elementu harrigarriak topatuko ditugu, sailkapen-sistemak landu ahal izateko.
Labirinto imajinaezinak
Azaroaren 9an eta 16an, 12:00-13:00. Jarduera elebiduna
Erreferentziazko obra: Bianka Hester-en “These Circumstances”
Instalazio honen bidez enkarnazioaren, materialtasunaren eta espazioaren arteko loturak aurkitzeko ideiaren gainean lan egingo dugu.
Neu naiz, beste bat naiz
Azaroaren 23an eta 30ean, 12:00-13:00. Jarduera elebiduna.
Erreferentziazko obra: Claudia Cahun-en I’m training don’t kiss me
Familiek pertsonaia desberdinak antzeztera jolastu daitezke zapata desberdinak jantziz, elementuekin formazio desberdinak marraztu edo egin, makillatu, ispiluetan beren buruak ikusi, musikarekin elkarrekintzan aritu… nortasunen ugaritasuna arakatuz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:23

 

  • Alkateorde eta Sustapen Ekonomikoko zinegotzi Maider Etxebarria enpresentzako laguntzak handitzearen alde agertu da, “kalitateko lanpostuak sor daitezela sustatuko duten aukera berriak” zabaldu daitezen.
  • Gasteizko Udalak Industria Plan berri bat idatziko du degradatutako industrialdeak berrindartu daitezen.
  • Merkataritza-sektoreari zuzendutako laguntza-ildo berri bat proposatuko du Udalak.

Maider Etxeberria alkateordeak gaur iragarri duenez, berak zuzentzen duen Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Departamentuak bulego tekniko bat zabalduko du inbertsioak eta jardunaldiak erakartzeko. Gainera, Gasteizko Udalak bi laguntza-ildo sortuko ditu, hurrenez hurren, enpresak finkatzeko eta Arabako hiriburutik kanpora ezagutarazten diren jarduerak sustatzeko helburuarekin. Departamentuak legegintzaldi berri honi begira dituen lan-ildo nagusiak aurkeztu ditu gaur goizean zinegotziak, Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi delegatu Felipe Garcíarekin batera.

Une honetan hiriak erronka bati aurre egin behar dio, hots, “aldaketa orokorrak gertatzen ari diren une batean aukera berriak zabaldu eta enplegua sortu behar du”, eta hala, alkateordeak ziurtatu duenez, “beharrezkoa da urratsak egitea kalitateko lanpostuak sortzeko eta dagoen enplegua sendotzeko. Hiriaren sustapen ekonomikoak urrats kualitatibo bat egin behar du kudeaketa-irizpide berrietarantz”.

Legegintzaldi honetan, berak esan duenez, arlo honetan egiten den lanak bost ardatz izango ditu, eta horiek guztiak NBEaren Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bat etorriko dira.

1 – Industriari Laguntzeko Plan Berria

Industria, udal ekonomiarentzat funtsezko sektore bat izateaz gain, “hiriko iraganaren eta etorkizunaren parte ere bada”. Horrexegatik, Etxebarriak baieztatu duenez, legegintzaldi honetan arlo honetan duten erronka nagusia Industriari Laguntzeko Plan berrian sartutako neurri multzo bat antolatzea izango da, 2020-2023 epea bilduz. Txosten horretan industrialdeak hobetzeko “ezinbesteko” lanak jasoko dira; enpresekin dituzten harremanak sendotu egingo dituzte haien iradokizunak eta erreklamazioak ezagutzeko; eta “harreman estrategikoak” finkatuko dituzte udalerriko hezkuntza-erakundeekin, ikerketa-zentroekin eta enpresekin.

2 – Toki Garapenerako Bulegoa

Ekonomia Sustapenaren Departamentuak Toki Garapenerako Bulegoa jarriko du abian, alegia, udal teknikarien taldeko zenbait pertsonek osatutako “udal antena” bat, eta Ingurumena eta Hirigintza bezalako beste departamentu batzuekin, Gilsa sozietatearekin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta, bi helburu nagusi izango ditu.

-Lehena, dagoen informazio ugaria biltzea izango da, industria, logistika eta enpresa arloko inbertsioak etor daitezela errazteko. Horrekin batera, handitzeko edo lekuz aldatzeko aukera aztertzen ari diren enpresa aktiboen kasuak aztertuko ditu talde horrek. “Ez dugu nahi sustapen ekonomikoarentzat eragozpenik egon dadin, edo probintziatik kanpora joan behar duen proiekturik egon dadin. Gehitzea bezain garrantzitsua da ez gutxitzea”, Etxebarriak esan duen moduan.

-Toki Garapeneko Bulegoaren bigaren helburua biltzarrak, azokak, profesionalen batzarrak edo kultura-ekitaldiak erakartzea izango da.

3 – Laguntza-ildo berriak

Udal Gobernuaren iritziz, beharrezkoa da bi laguntza-ildo irekitzea.

-Lehena, enpresa sortu berriak sendotzeko helburua izango duena.

-Bigarren laguntza-ildoak Gasteizen egiten diren jardunaldien antolaketarako diru-laguntzak emango ditu, eta ezinbesteko baldintza izango da hiritik kanpora formatu desberdinetan horiek ezagutaraztea. Diru-laguntza horiek ez dute zerikusirik izango indarrean dauden beste babes-hitzarmen eta kontratu batzuekin.

4 – Administrazio-oztopo gutxiago

Etxebarriak esan duenez, Gasteizko Udalak “Administrazio arin eta oztopo gutxiagoko bat” behar du, enplegua sortzeko helburua duten ekimenak abian jartzeko beharrezkoak diren administrazio-izapideak egiteko orduan. Hori bai, kontratu publikoen eta diru-laguntzen araudiek ezartzen dizkiguten eskakizunen barruan betiere.

Gainera, udal araudia malgutzearen alde azaldu da zinegotzia, baita Plan Orokorra eta beste ordenantza batzuk ere, esate baterako, ostalaritzakoa, negozio berriak zabaldu daitezela mugatuko duen “oztopo” bihur ez dadin.

5 – Gasteiz, ekimen handiko hiria

Hiria “aldaketa-une baten eta, beraz, abagune on baten aurrean dago”, eta horrexegatik, alkateordeak gainerako taldeetako kideei eskua luzatu nahi izan die hiru arlotan elkarrekin lan egiteko: Ekonomia berriak  indartu (aberastasuna sortu, gizarte-premiak kontuan izango dituen ikuspegi berri batekin), ekintzailetzari bultzada eman, eta ekonomia berdea babestu, enplegua sortzeko (ekonomia zirkularra).

TURISMOA

Beste alde batetik, Turismo alorrean, Etxebarriak adierazi du sektore hau “etorkizuneko eragile eta ekonomia berrindartzeko aukera bat” dela, eta Gasteizko hiriak hori aprobetxatzen jakin behar duela. Bere iritziz, Arabako hiriburuak duen kokapen estrategikoa dela eta, “eragiketa-leku ezin hobea” da, inguruko beste hiri batzuk eta Arabako Errioxa bezalako eskualdeak bisitatzeko. “Gure eredu turistikoak ahalmen handia du, berezia eta askotarikoa delako, eta bere eskaintza abantaila lehiakorra da, masifikatuta dauden beste inguru batzuekin alderatuta”.

Gasteizko hiriak joan den astean Munduko Hiriburu Berdearen saria erdietsi zuela gogoratu ondoren, Etxebarriak azpimarratu nahi izan du hiriak ahalik gehiena aprobetxatu behar duela familia-turismoarentzako erreferentzia-gune iraunkor gisa duen “ahalmen handia”.

Turismo zinegotziak nabarmendu du Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaritzan ibili izana aprobetxatuko duela bultzada horretan “Gasteizi onura ekartzeko”. Zinegotziak esan du Udalak Basquetour, Spain Convention Bureau eta APCE sustapen-jarduerekin bat egin behar duela, hiriak nazioartean oihartzun handiagoa erdietsi dezan.

Agintaldi honetarako dituen helburuen artetik, alkateordeak hiru nabarmendu ditu: Europa jauregiari “txinpartak ateratzea”, Gasteizko hiriak ikus-entzunezko ekoizpenarekin duen harremana indartzea FesTVal edo Film Office bezalako formulen bidez, eta 2020. urtean Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa irekiko dela aprobetxatzea.

ENPLEGU EGONKORRA ETA KALITATEKOA

 Enplegu eta Merkataritzako zinegotzi delegatu Felipe Garcíak, bestetik, berak zuzentzen dituen arloen lehentasunak aurkeztu ditu gaur goizean. Enpleguaren alorrean, zinegotziak bi helburu nagusi iragarri ditu: hirian enplegu egonkorra eta kalitatekoa sustatzea eta talentuari Gasteizen eustea. Alde horretatik, Garcíak adierazi du Udalaren laguntza-ildoek udalerriko enpresen artean kontratazio egonkorra sustatzeko helburua izango dutela.

 “Enplegua sortzeko eta horren kalitatea sendotzeko ematen ditugun laguntza publikoak indartu egingo ditugu. Enpleguaren kalitatea eta egonkortasuna ezinbesteko baldintza direlako talentuari eusteko eta sormena eta berrikuntza loratzeko”, ziurtatu du zinegotzi delegatuak.

Enplegu arloaren helburu nagusietako bat, halaber, gazteen heziketa eta enplegurako udal plan bereziak sustatzen jarraitzea da. Horrekin batera, enpresa berriak sortzeko beharrezkoa den egitura eta ehuna sor dadin ahaleginduko dira bereziki, zinegotziak esan duenez.

Legegintzaldi honetako erronken artean, halaber, 45 urtetik gorakoen artean enplegua sustatzea dago. Alde horretatik, Garcíak azpimarratu duenez, udal arloak Lanbiderekin elkarlan estuan lan egingo du enplegu-planak malgutzeko xedez, tokiko errealitatera hobeto egokitu daitezen eta plan integralak osatu ahal izan ditzaten, adin handieneko eskatzaileak lan-merkatuan sar daitezela erraztuz.

Prestakuntza arloan, berriz, Felipe Garcíak iragarri du bere departamentuak berrikusi eta eguneratu egingo duela heziketa-eskaintza, “gure ekoizpen-egituraren benetako premietara egokitzeko, betiere”, berak ziurtatu duen moduan. Gainera, legegintzaldiaren “puntu garrantzitsuenetako” bat Gasteizko hezkuntza eta enpresa-ehuneko eragileekin elkarlanean aritzea izango litzateke, laneratzeko heziketa-plan dualetan parte hartu dezatela sustatzeko.

MERKATARITZARI BULTZADA EMATEA

Merkataritzaren udal arloak hiru norabidetara zuzenduko ditu bere lan-ildoak: a) ezarrita dauden establezimenduak babestu, 2) negozio berriak ireki daitezela erraztu eta 3) tokiko eta hurbileko kontsumoaren aldeko eta hori babesteko kanpaina didaktiko bat abiarazi. “Urratsak egin nahi ditugu ahal den neurrian gure hirian jada ezarrita dauden negozioak indartzeko, eguneratzeko eta hioriei bultzada berri bat emateko”, azaldu du Felipe García zinegotziak bere agerraldian.

Zinegotziak gaur goizean iragarritako neurrien artean hauek leudeke: merkatarientzako egungo laguntza-ildoei bere horretan eustea “eta ahal bada, bultzada berri bat ematea”, establezimenduen buru gisa belaunaldi-ordezkapena sustatzearen alde lan egitea eta negozioetan prestakuntza eta birziklapena babestea, online merkataritzan barneratzeari arreta berezia eskainiz.

Alde horretatik, Udalak laguntza-ildo berri bat proposatuko du merkataritza-sektoreari zuzendua, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorearentzat jarduera osagarriak definitzeko, jada ezarrita dauden hitzarmenak alde batera utzirik.

Aipatzekoak dira merkatariak erakartzearren hartutako neurri batzuk, hala nola hutsik dauden lokalei balioa emateko diseinu-programa bat, negozio berriak irekitzeko baimenak emateko izapideak arintzea, edo merkatarien elkarte desberdinekin lantalde bat osatzea tokiko merkataritzaren bezeroentzat aparkaleku-soluzioak bilatzeko, eta horrez gain, Tuvisa eta Euskotrenekin mugikortasun iraunkorra sustatzeko egin litezkeen hitzarmenak ere aztertu dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:41

  • Neurri berriak planteatu ditu Iñaki Gurtubaik fiskalitate berdearen arloan
  • Iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko plan berri bat jarriko du abian datorren urtean

 

 

2020 ekitaldiko aurrekontu-proiektuak, aurreneko aldiz Gasteizko Udalaren historian, genero-ikuspegi aintzat hartuko du, bai lantzeko orduan, bai gauzatzeko orduan. Hori izan da Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik iragarritako konpromisoetako bat, bere sailaren 2019-2023 agintaldirako gobernu-programaren aurkezpenean. Berrikuntza horri beste batzuk gehituko zaizkio, hala nola fiskalitate berdeari dagozkionak, iruzurraren kontrako borroka edo “paperik batere ez” helburua.

Bere aurreneko helburuen artean jarri du Gurtubaik adostasuna bilatzea, datorren urteko ordenantza fiskalak eta udal aurrekontua onestea errazago gerta dadin. “Adostasunak lortzera jarrita gaude erabat, eta uste osoa dut etapa berri honetan denok dakigula zein den herritarrek eman diguten agindua, hau da, elkarrekin hitz egin, eztabaidatu eta akordioak lortzea, Gasteiz hiri are hobea izan dadin”, azpimarratu du Ogasuneko titularrak.

2020ko zerga-proiektuen eta kontuen negoziaziorako abiapuntuko diagnostiko gisa, kontu hartzaile nagusiak egindakoa proposatu du Urtaranen gobernuak. Izan ere, behin eta berriz ohartarazi izan du hark tarte txikia dagoela ohiko diru-sarreren eta ohiko gastuen artean, udal finantzetan. Urteko balantze ekonomikoan izandako aurrezpen garbi eskasaz ohartarazi du Gurtubaik, eta egoera hori konpondu beharra dagoela azaldu du, tasak eta prezio publikoak zenbait zerbitzuren benetako kostura moldatzeko premia. Era berean, Udalaren zorra murrizten jarraitzeko konpromisoa hartu du —% 15 murriztu zen joan den agintaldian, kudeaketa ekonomiko onari esker—.

2020ko aurrekontua, genero-ikuspegiarekin

Iragarritakoen artean nabarmentzekoa da datorren urteko aurrekontu-proiektua izango dela gizon eta emakumeen arteko aukerak berdintzera zuzendutako ikuspegia bere egingo duen aurrenekoa. Garapen iraunkorreko helburuetan eta 2030 Estrategian sartzen den neurri horrek jauzi kualitatiboa ekarriko du Berdintasun Planaren bitartez ezartzen ari diren politiketan. Horretarako, genero-adierazleak landuko dira kontuen proiektuko aurrekontu-programetarako, eta, era berean, aurrekontua gauzatzeak genero-ikuspegiari nola erantzuten dion ebaluatzeko sistemak ezarriko dira.

“Esku-hartze publiko zuzenagoa bermatu nahi dugu, gardenagoa eta ekitatiboagoa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari dagokionean, eta, horretarako, balio handiko tresna da udal-aurrekontua”, adierazi du Ogasuneko zinegotziak.

Fiskalitate berdea

2019-2023 agintaldirako gobernu-ildoetako bat izango da zergen kudeaketan fiskalitate berderantz aurrera egiteko aukera emango duten berrikuntza teknikoak egitea. Zentzu horretan, berariazko batzorde txostengile bat eratuko da, hiri-hondakin solidoak bildu eta suntsitzeko zerbitzuari dagokion tasa aztertzeko. Batzorde txostengile horretan hondakinen gaikako bilketan inplikatzen diren familientzako hobari fiskalak nola ezarri aztertuko da, kontrata berriari esker posible izango baita hori.

Aldi berean, elektrizitatea eta gasa garraiatzen duten enpresei tasa berri bat ezartzearen bideragarritasunari buruzko azterlan teknikoa egingo da. Auzitegi Gorenak bermea eman dio, berriki eman dituen zenbait epairen bitartez, udalek elektrizitatea, gasa edo hidrokarburoak garraiatzen dituzten konpainiei jabari publikoaren aprobetxamendu bereziagatiko tasak ezartzeko aukerari, eta hori aztertu nahi du Gasteizko Udalak.

Iruzur fiskalaren kontrako plan berria, 2020-2023

Orobat, zergen alorrean, nabarmentzekoa da Iruzur Fiskalaren kontrako Plana (2020-2023) martxan jarriko dela datorren urtean. 4.500.000 euro izan dira, Iñaki Gurtubaik balioetsi duenez, egungo planak Udalari ekarri dizkion diru-sarrerak. Emaitza on horrek jarraitutasuna izango du plan berriari esker, bereziki hiru zerga aintzat hartzen direlarik: Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga eta Gainbalioaren Zerga.

Hiru zerga horietan gertatu ohi baitira aitorpen oker edo osagabe gehien. EJZren kasuan, gainera, zerga berrikusteko plan bereziaren bigarren faseari ekingo zaio.

Era berean, tarifa laua finkatzeko lan egingo da. Izan ere, joan den urtean jarri zen martxan tresna hori, eta orokortu egin nahi da gaur egun zergen ordainketa zatikatua duten ia 30.000 zergadunen artean.

Batere paperik ez kontratazioan, eta tresna informatiko berriak

Azken urteetan kontratazio-zerbitzuen eraginkortasuna hobetze aldera ezartzen ari diren aplikazio informatikoek aukera eman dute agintaldi honetarako helburu berri bat planteatzeko: kontratazio elektronikoa orokortzea, paperaren erabilera erabat murrizteko, eta hartara kostuak aurrezteko herritar eta enpresei, eta izapideak errazteko. “Gainera, dokumentazio guztia formatu digitalean edukitzeak bermeak honbetuko ditu, gardentasuna erraztuko du eta segurtasun handiagoa emango die kudeaketei”, azaldu du Gurtubaik.

Beste tresna informatiko batzuk izango dira Udal ondasunen inbentarioa kudeatzeko baliatuko dena eta kontratazioko klausula sozialen eta ingurumenaren arlokoen jarraipena egiteko baliatuko dena.

Azkenik, udal ondarearen kudeaketari dagokionez, Ogasuneko zinegotziak konpromisoa hartu du udal titulartasuneko lokal hutsak kudeatzeko plana garatzeko.

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

Udaltzaingoaren Agenteek atzo 47 urteko gizonezko bat atxilotu zuten zigor-urraketaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekide ohiarenganako urruntze-agindua urratzeagatik.

Patruila batek bi pertsona ikusi zituen ziklomotor batean, aulki bat zeramatela, Zaramaga auzoan. Udaltzainek ibilgailuari gelditzeko eskatu zioten eta, gidariaren dokumentazioa aztertzean, ikusi zuten urruntze-agindu bat zeukala bere bikotekide ohiarekiko, ziklomotorrean berarekin batera zihoan emakumearekiko. Emakumeak adierazi zuen noizean behin harremanetan jarraitzen zutela, uste zuelako agindu hori iraungita zegoela, baina udaltzainek egiaztatu zuten indarrean zegoela oraindik, eta horren ondorioz, gizona atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Gaur epailearen esku geratuko da.

Udaltzaingoak atzo 14 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 16 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 7 jarduera egin dituzte.

Suteak etxebizitzetan

Suhiltzaileak Murgia eta Trebiñora joan ziren atzo, etxebizitzetako tximinietan piztutako sutea itzaltzera.

Lehen deia Murgiako herritik jaso zuten, 18:35ak aldera.   Bertara iritsi zirenean, egurrezko egitura zuen etxe horretan piztutako sutea guztiz garatua zegoen. Arabako Foru Aldundiko SISEUetako langileen laguntzarekin lortu zuten itzaltzea.

Gaueko hamaikak jota, suhiltzaileak Trebiñora joan ziren etxebizitza batean piztutako sutea itzaltzera; suak hainbat kalte eragin zituen tximinian eta etxeko egongelan, itzaltzeko erabilitako uraren ondorioz.

Atzo izandako euri-jasa bortitzak direla eta, suhiltzaileek zenbait tokitan esku hartu behar izan zuten iragazketengatik, kutxatilen estalkiak mugitzeagatik eta kaleko putzuengatik.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01

Oraindik bada lekurik zenbait espezialitatetan

Asteon hasi dira Folklore Akademiako 2019-2020ko ikasturteko (30.a) klaseak, eta 768 ikasle matrikulatu dira.

Musika-tresnei dagokienez —txistua, trikitia, alboka, txalaparta, txirula, gaita, perkusioa eta panderoa—,  eskaintzaren ia % 100a bete da. Txistu espezialitatean lekua dago ostiraletan, 15:00etan, eta gaitan, asteazkenetan, 16:45ean.

Euskal dantzei dagokienez, lekuak geratzen dira ordutegi eta talde hauetan:

  • Helduen taldeak:
    • astelehen eta asteazkenetan, 16:15etik 17:15era
    • astelehen eta asteazkenetan, 19:30etik 20:30era
  • Adin txikikoen taldeak:
    • astelehen eta asteazkenetan, 17:15etik 18:15era
    • astearte eta ostegunetan, 17:15etik 18:15era

Izena emateko edo argibideak eskuratzeko:
Udal Folklore Akademia
San Antonio kalea, 14 – Musika Etxea
01005 Vitoria-Gasteiz
Tel. 945 162602
email: gufa@vitoria-gasteiz.org

Idazkaritzako ordutegia:
astelehenetik ostegunera: 09:30-13:30 / 17:00-19:30

ostiraletan: 09:30-13:30

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:56

Gazte Klik-Klak gazteentzako argazki digitalen eta bideoen lehiaketan lanak jasotzeko epea ireki egin da. 14 eta 25 urte bitartekoentzako lehiaketan zure lanak aurkezteko aukera duzu azaroaren 4ra arte. Lanak argazki sortetan, bideo formatuan eta gif animatuetan aurkez daitezke. 

Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuta, hau izango da gure hamaikagarren edizioa. Aurten “Zumurrurik EZ” lelopean, jakin nahi dugu nola bizi duen bere hiriko kultur eta gizarte aniztasuna gaztedi gasteiztarrak, zein den bere harremana bizi diren errealitate ezberdinekin: inklusio adibideetatik hasita aniztasunarekiko zurrumurru faltsuak desegiten dituzten eguneroko egoeretara arte.

Irabazleek eta hautatuek  lanak ikusgai izango dituzte ZAS Kultur espazioan, Gasteizko artisten elkartean, erakustaldi batean hurrengo abenduan. Katalogo bat ere egingo da ikusgai egongo diren lanekin.

Erakusketaren aukeratu lanen artean lau parte hartzailek aipamen berezi bat jasoko dute. Horrek 300,00 euroko bono trukagarria  ekarriko die (argazki, bideo edo kultura materiala lortzeko) eta parte hartzeko aukera ere izango dute taldeko beste erakustaldi batean, tutoretzapekoa eta aurrez aurretik komisariatua, hurrengo urteko martxotik aurrera: Tetrapack 2020.

Gazte Klik-Klak 2019 eta Tetrapack 2020ko edizioak Jorge Salvador artistak komisariatuko ditu, ZAS Kultur elkartearen izenean.  Lehiaketaren oinarrietan agertzen diren formatuaren adibideen arabera, lanak eman daitezke bai gazteklikklak@gmail.com posta elektronikoan, bai CD batean Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Plaza Berriaren arkupeetan.

Klik Klak Bideo lehiaketa

Gehiago jakiteko lehiaketaren oinarriak kontsultatu : https://bit.ly/2m30zhj

Zalantzak argitzeko: gaztekliklkak@gmail.com

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:36

Horretaz gain, hiria Kaleidos Red Fundazioko lehendakaritza izateko lehiatuko dela jakinarazi du gobernuak, Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeen Sailari buruzko agerraldian.

Borja Rodríguez Ramajo eta Estíbaliz Canto zinegotziek gaur eman dute ezagutzera udal gobernuak partaidetza, gardentasun eta gizarte etxeen arloetarako duen jarduera-plana.

Hiri ireki eta garden baterako aukera izatea, herritarrekin interakzioa izateko irekitzen dena, entzute aktiboa egiten duena, herritarren eta administrazioaren arteko harremana horizontala duena, iritziak adierazteko eta erabakien erantzukizuna izateko aukera ematen duena; hori da bultzatu nahi dugun Gasteiz” adierazi du Borja Rodríguez Ramajo zinegotziak bere solasaldian. Orobat azpimarratu du parte hartzeko sistema sendotzearen aldeko apustua hiri etikoa, heterogeneotasunean batua dagoena, eta batuta elkarbizitzen jarraitu nahi duen hiria” eraikitzen jarraitzeko.

Hortaz, konpromiso guztietatik lehena talde politiko guztiek osatutako lantaldea osatzea izan da, Herritarren Partaidetzaren Plana 2020-2023 onesteko. Sistema hobetzeko proposamenak egingo dira, egindako ebaluazioak kontuan hartuta hainbat aldaketa proposatuta.

Honakoak proposatuko dira, esaterako: udaleko osoko bilkuraren araudia aldatzea  auzogune eta elkarguneek ere mozioak aurkezterik izan dezaten,  auzogune eta elkargune horiek indartzea prestakuntza programa bat tarteko, Herritartasunerako Eskola Irekia  eta parte-hartzeari buruzko behatokia -sistema ebaluatzen duena, hain zuzen ere- inplementatu eta laguntzea, …

Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz” aurrekontu parte-hartzaileen programa sendotzea izan da beste konpromiso bat, eta honi ere hainbat aldaketa egingo zaizkio inplementatu eta hobetzea xede: 1-2 edizio izango dira agintaldi bakoitzean, aurrekontua Partaidetza Zerbitzuan izango da lan guztiak hobeto koordinatzeko, eta mugak jarriko dira, arlo edo zerbitzu berak ez dezan ia aurrekontu guztia hartu.

Halaber proposatu da elkarteen etxeen azpiegitura eta espazioak hobetzea, eta  Gardentasun-ataria eta kontu-ematea indartzea.

“Azken finean, Gasteiz moderno, aktibo, dinamiko eta sozialki kohesionatua eraikitzea” adierazi du Rodríguez Ramajok.

Gizarte etxeak.

Estibaliz Cantok, berriz, gobernuak gizarte etxeen inguruan dituen lan-ildoak azaldu ditu. Berrikuntzarik nagusiena hauxe izan da, Gasteiz lehiatu egingo dela 2020an Kaleidos Red Fundazioaren lidergoa izateko, eta horren lehendakaritza bi urtez izateko. Kaleidos administrazioaren eta herritarren arteko interakzioaren paradigma aldatu nahi duen hirien sare bat da. Herritarrak hiriaren etorkizuneko erabakietan sartu eta inplikatu nahi ditu. “10 udalek osatzen dute sarea –Zaragoza, Malaga, Bilbo edo Alacant, besteak beste– eta partaidetza- eta gertutasun-politiketan erreferentzia da duela 20 urtetik. Lidergoa izaten saiatuko gara, dugun esperientzia baliatuta bultzada berria emateko, zein nazioan eredu baita gertuko ekipamenduen kudeaketan” adierazi du zinegotziak.

Cantok hiru ardatzetan bildu ditu arlo honetan ezarri beharreko neurriak. Lehena, eredua eta zerbitzuak egonkortu, mantendu eta sendotzea “ honen eredu bitxi eta garrantzitsua izanik erronka da berez eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzea, eta unean uneko beharretara egokitzea, baina egin nahi dugu” Halaber adierazi du zeharkako lan-eredua eta zonako teknikari- taldeen zeregina sustatuko dituela, jarduera-eskaintzak auzo bakoitzeko beharretara egokitu daitezen. Horretarako, eskaintza guztia aztertuko da eta egungo egoerara egokitutako proposamena egingo. Horretaz gain, indartu egingo dira, besteak beste, aisialdirako zerbitzuen kontratua, ludoteka eta ludokluben eskaintza…

Bigarren ardatza egitura- eta mantentze-sarea modernizatzea izango da; denboran zehar izango duten mantentze eta inbertsio beharren planifikazioa egingo da.

Hirugarren ardatza, eredua harrotasunez kanporatzea izango da, beste udalerriek ere garatzerik izan dezaten, “erreferentziatzat beti gure hiria izanik, estatuan zein nazioartean eredu bihurtu baita gertuko ekipamenduen kontzeptua dela eta. Hortik dator, beraz, Kaleidosen lehendakaritza izateko asmoa” adierazi du.

Azken batean, hiri parte-hartzaileagoa, demokratikoagoa eta gardenagoa eraiki nahi dugu, erantzukidetasuna duten herritarrak dituena eta hirian guztien bizi-kalitatea hobetzen duten gertuko zerbitzuak dituena” amaitu du Cantok.

Share