Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Zurrumurruen kontrako udal Estrategia berria aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta Amekadi aholkularitza zerbitzuko ordezkariak

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Munduko beira edukiontzi handiena aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Ecovidrio lan-zuzendari José Fuster

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua. 11:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

—————————————

Prentsaurrekoa. Auzo Eszena programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxearen prentsa aretoa

—————————————–

Awake Gasteiz hezkuntza proiektuaren seigarren edizioa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua. 18:00

Tokia. Agora zentroa (Eskola kalea, 10)

——————————————

Jabetze Feministarako Eskola inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landa

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua. 19:00

Tokia. Europa jauregia, Francisco de Vitoria aretoa

———————————————–

Urrezko Zeledonak Jesus Morazari eta Joselu Anaiak taldeari emateko ekitaldia

Parte hartzaileak.Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, irailak 18

Ordua: 20:00

Tokia: Teatro Principal Antzokia

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

 

– Jarduera gaurtik, irailak 17, larunbatera arte egongo da zabalik herritar ororentzat, Posta eta Independentzia kaleen arteko kalearekiko kantoian, Postetxe plazatik hurbil

– Dagoeneko 30 taldek baino gehiagok eman dute izena, 20 minututan gehienez probak gainditzen saiatzeko. Parte hartu nahi dutenek udalaren web-orrian eman dezakete izena.

4 pertsona, 20 minutu eta erronka bat: Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren gakoetako batzuk aurkitzea. Horixe da Udalak gaur aurkeztutako proposamen originala, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan. Gaurtik larunbatera arte, mugikortasunari buruzko lehen ihes-gela jarri da Posta eta Independentzia kaleen arteko kalearekiko kantoian, edukiontzi baten barruan. Hirian izandako eraldaketaren gakoetako batzuk erakutsi nahi zaizkie herritarrei, aretotik garaiz atera ahal izateko misterioak eta enigmak asmatzea eskatzen duen jarduera baten bidez. Ihes-jolas berezi hori  diseinatzean super-etxadiak, oraingo eta geroko bizikleta-sarea eta espazio publikoaren aldaketak eta antzeko kontzeptuak hartu dira kontuan. “Mugikortasun iraunkorrago baterantz joateko behar den aldaketaz kontzientziatzeko era irudimentsu eta dibertigarria dela uste dugu. Ihes-gelek gero eta jarraitzaile gehiago dute, eta horren froga da dagoeneko 30 taldek baino gehiagok eman dutela izena enigma asmatzen saiatu eta aretotik garaiz irten ahal izateko”, azpimarratu du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzia. zinegotzi Amaia Barredok aurkezpenean.

Jardunaldian parte hartu nahi dutenek udalaren web-orrian eman dezakete izena, doan. Talde bakoitzean gehienez 4 kidek har dezakete parte, eta bakarrik jarduteko gutxieneko adina 8 urte da. Monitore-kudeatzaile batek azalduko die jolasa zertan den taldeei, eta hark zainduko du arauak betetzen direla. Enigma aretoak diseinatu du ihes-gela berezi hori. Ordutegi hau izango du jarduerak: asteartetik ostiralera, 10.30etik 13.30era eta 16.30etik 20.30era; larunbatean, 11.00etatik 14.00etara.

Jarduera horretaz gain, mugikortasun iraunkorraz kontzientziatzeko beste batzuk ere antolatu dira herritarrek aktiboki parte har dezaten, esaterako, Ekin Breakfast izenekoa: mugikortasun iraunkorra negozioaren ardatz eginik aberastasuna eta enplegua sortu duten enpresak aurkeztuko dira Goiuri jauregian, hilaren 19an (osteguna). Larunbatean, berriz, ibilaldi bat egingo da mugikortasun planaren 10 urteetan hiri espazioan izandako aldaketa esanguratsuenetatik, 10.30ean hasita, eta egun berean Europako “Hiria nire autoa gabe” eguna izango da San Frantzisko aldapan, 11.00etatik 14.00etara. Ostiralean, berriz, gaueko bizikleta-martxa antolatu da. Udalaren web-orrian eskura daiteke informazio guztia.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak, Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:18

Azkeneko 24 orduetan hemeretzi trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan pertsona bat zauritu da.

Atzo, Arana kalean, 20:00ak baino minutu batzuk lehenago, auto batek mutil adingabe bat harrapatu izanarekin loturiko xehetasunak ikertzen ari da Argiketa Talde bat. Anbulantzia batek artatu ondoren, haurra Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Azkeneko 24 orduetan 21 salaketa aurkeztu dira Polizia Judizialean.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:05

Jesús Moraza txistularia eta Joselu Anayak musika taldea dira sarituak

Bihar, 20:00etan, Urrezko Zeledonen gala hartuko du Principal antzokiak; aurten Jesús Moraza txistularia eta Joselu Anayak musika taldea omenduko dituzte. Udal Musika Bandak joko du ekitaldian, 2011n sariak banatzen hasi zirenez geroztik ohi duen bezala.

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Urrezko Zeledonen lehendakari Josemari Velez de Mendizabalek eta Bandaren zuzendari Hilario Extremianak aurkeztu dute gala, gaur emandako prentsaurrekoan.

Duela hiru urte izendatu zuten Urrezko Zeledonen kide Udal Banda, haren mendeurrena zela eta. Melodia herrikoiak izango dira nagusi joko duten errepertorioan, Garikoitz Mendizabal txistulari bakarlari delarik; gainera, Joselu Ruiz de Gordoak berak konposatutako bi lan (“Bizi-iturria” eta “Basoko deia”) joko dituzte.

 

Musika ibilbideak

Epaimahaiak Jesús Morazak txistulari gisa egin duen bide luzea saritu nahi izan du, “euskal musika tresnaren adierazkortasuna benetako artearen mailara igo baitu”. Moraza Udal Txistulari Bandaren zuzendaria izan da, baita Aldundiko Bandarena ere. Berrogei urtetik gora eman zuen Jesús Guridi kontserbatorioan irakasle, eta gaur egun “Auroroen” animatzailea da.

Joselu Anayak musika taldeak ere urte asko daramatza lanean, 1977az geroztik milaka dantzaldi girotu baititu; hori dela eta saritu du Urrezko Zeledonen erakundeak. “Ez da de Ruiz de Gordoatarrekin dantzatu eta abestu ez duen arabarrik”, adierazi dute antolatzaileek gaurko aurkezpenean.

 

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

  • KulturAraba Bulegoak Topaketak prestakuntza programa berria abiarazi du, kultura eta sorkuntzaren sektoreari zuzendurik.
  • Abendura arte antolatutako saioetan gai hauek landuko dira: dirulaguntzak eta kontratazio publikoa, fiskalitatea, publikoen garapena eta finantzaketa ereduak.
  • Asistentzia librea izango da, aldez aurretik izena emanda.

Topaketak. Espacio de conocimiento de KulturAraba Bulegoa du izena Arabako kultura eta sorkuntzaren sektoreari arreta emateko prestakuntza programa berriak. Azken hilabeteetan bulegotik egin duten entzute aktiboaren emaitza da proposamena, eta sektoreko profesionalek azaldutako kezka nagusiak lantzeko asmoa dute lehenengo saioetan. Zehazki, gai hauek landuko dituzte irailetik abendura bitartean programatu diren lau saioetan: eskuragarri dauden dirulaguntzak, fiskalitatearekin lotutako alderdiak, dauden finantzaketa-sistemen analisia eta publikoekiko lanaren inguruko hausnarketa. Gaian espezializatutako pertsona batek gidatuko du saio bakoitza, eta denen artean hausnartzeko tarte bat ere izango da.

Kultura eta sorkuntzaren sektoreari arreta emateko KulturAraba Bulegoa Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Laboral Kutxaren arteko lankidetzaz sortutako proiektua da.

Topaketak programa

Irailaren 25a, asteazkena, 18:00 – 20:00

Lehiaketa publikoak eta dirulaguntzak.

Irakaslea: Aitzol Batiz

Saioren helburua dirulaguntzak lortzeko prozesuaren berri ematea da. Non argitaratzen diren eta nola ulertu behar diren azaltzetik hasita, nola aurkeztu eta justifikatu behar diren arte.

Aitzol Batiz AISILAN XXI, S.L. enpresaren sustatzaile, bazkide fundatzaile eta koordinatzaile nagusia da, KULTIBA cambios culturales kultura aholkularitzako kooperatibaren koordinatzailea, eta Euskadin kulturaren berrikuntza eta berrikuntzaren kultura sustatzeko KARRASKAN elkartearen batzorde eragilearen kidea.

Urriaren 30a, asteazkena, 18:00 – 20:00

Fiskalitatea kultura sektorean.

Irakaslea: Luis Hidalgo

Eragileei beren proiektu eta entitateekin lotuta lege eta zerga arloetan sortzen zaizkien zalantzak argitzen saiatuko dira jardunaldian.

Luis Hidalgo Zuzenbidean lizentziaduna da. Abokatutzara sartzeko masterra eta enpresa kooperatiboen kudeaketako masterra ditu. 2004tik 2013ra arte CANen zenbait bulegoren zuzendaria izan da. 2013tik ZUZENBIDE KONTUAK enpresaren bazkide langilea da.

Azaroaren 27a, asteazkena, 18:00 – 20:00

Publikoen garapena.

Irakaslea: Teklak

Kultur proiektuetatik herritarrekiko harremana nola landu aztertuko da. Audientzien garapenaz ikuspegi holistiko batetik hausnartuko da, kultura antolakundeen lan-ildo ezberdinekin lotuz: sorkuntza, bitartekaritza, komunikazioa, programazioa, etab.

Teklak estudio bat da, sormena, ezagutza eta pentsamendu kritikoa sustatzen duten eragileei proiektuak aktibatzen eta sendotzen laguntzen diena.

Abenduaren 18a, asteazkena, 18:00 – 20:00

Kulturarekin lotutako enpresa gisa, finantzaketa lortzeko moduak

Irakaslea: Euskadiko Kutxa

Kulturarekin lotutako enpresentzat eta sorkuntza proiektuak (ideia edo garapen fasean) dituzten pertsonentzat dauden finantzaketa-eredu ezberdinak landuko dira.

Saio guztiak Montehermoso kulturunean izango dira. Asistentzia librea izango da, aldez aurretik izena emanda, helbide honetan: http://www.kulturaraba.eus

KULTURARABA BULEGOA, MUGIMENDUAN

Hiriburuan aurreikusitako ekintzez gain, kultura eta sorkuntzaren sektoreari arreta emateko bulegoak Arabako gainerako lekuetan ere indartuko du bere presentzia. Horretarako, datozen hilabeteetan zenbait bisita egingo ditu Arabako zenbait herritan, inguruan diharduten eragileei beren zerbitzuen berri emateko.

NOLA ESKURATU KULTURARABA BULEGOAREN ZERBITZUAK?

Aurrez aurre: Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, 5, Gasteiz.

  • Astelehen, astearte eta ostegunetan, 10:00 – 14:00.
  • Asteazkenetan, 16:00 – 20:00.

Posta elektronikoz: kulturaraba@araba.eus

Telefonoz: 945 18 19 92

Informazio gehiago: www.kulturaraba.eus

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:31

“Casa de la Mujeres de Gasteiz” elkarteak Gasteizko emakume guztiei egiten die gune berriko kide izateko gonbitea 

Inaugurazioa irailaren 21ean izango da, datorren larunbatean beraz, goizeko 11:00etanm hasi eta gaueko 11:00ak arte 

Sorgineneak ateak irekiko ditu datorren larunbatean, Gasteizen Inaugurazioa irailaren 21ean izango da, datorren larunbatean, goizeko 11:00etanm hasi eta gaueko 11:00ak arte. Gaur aurkeztu dute ekitaldiaren egitaraua Sorginenearen arduradunek eta Berdintasuneko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

“Casa de las Mujeres de Gasteiz” elkarteak gune berria ezagutzeko gonbitea egin die Gasteizko emakume guztiei, “guztiena den, eta konpartitu nahi duguna. Sorginenea emakumeen jabetzerako gune bihurtu nahi dugu, gizartea eraldatzeko gune, betiere partaidetzaren bitartez eta bizitza-iraunkortasunaren irizpidetik abiatuta”, adierazi dute jabetze feministarako gune berriko arduradunek.  Gainera, komunikabideei eskatu diete “eman dezaten deialdiaren berri, zein batez ere hiriko emakumeei zuzentzen zaien, hartara denek ospatu ahal dezagun Arabako hiriburuarentzako hain egun sinboliko eta historikoa izango dena, hainbeste urtetako lan nekaezinaren ostean lortu duguna”.

Sorginenea emakumeen jabetzerako leku bihurtzeko, zenbait helburu jorratuko dira, zuzentzen direnak, bereziki, herri hezkuntza feminista ikusarazi eta ezagutaraztera, emakumeen partaidetza sustatzera, eta eztabaidak eta ikerlana bideratzera. Sorginenearen jaiotza-urtea izango denez, lehentasuna emango zaie gunea hiriko emakumeen artean ikusarazi, ezagutarazi eta beren parte-hartzea sustatzera bideratutako jardueren kudeaketari. 

“SORGINENEA proiektu feminista da, emakumeek zuzendua, eta emakumeentzako. Etxea topagunea izan nahi du, elkar aintzat hartzeko leku bat, hortik abiatuta toki partekatuak identifikatu eta sortu ahal izan ditzagun Interkulturalitate kritiko feminista eraiki nahi dugu, jakintzen trukearen bidez, aniztasunaren aberastasuna aintzat hartuz, eta emakumeen guztien partaidetza sustatzearen bitartez, euren beren errealitatea aldatzeko gaitasuna duten subjektu diren aldetik”, azaldu dute arduradunek.

Sorginenearen kudeaketa-eredua konpartitua da, batetik Udalaren Berdintasun Zerbitzuaren, eta bestetik norbere kasa Etxearen helburuak lorpenean parte hartu nahi duten emakume guztiak ordezkatzen dituen “SORGINENEA Asociación Casa de las Mujeres de Gasteiz” elkartearen artean.

Sorginenearen kudeaketa partekatuak elkartearen eta Udalaren arteko eraikuntza horizontal konpartituaren  irizpideen arabera bideratuko da. Halaber, koordinazio eta kudeaketa partekaturako protokolo bat osatu da Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolarekin, bai eta Sorginenearen erabilera-araudi bat ere, non bizikidetzarako eta espazioen eta jardueren kudeaketarako arauak definitu diren.

Irizpide hauek zuzenduko dute Sorginenea: leku segurua eta konfiantzakoa izango da, inklusiboa, irekia eta anitza, emakume guztientzako, eta erabat independentea inongo alderdi edo mugimendu politikoren, kolektibo, entitate edo guneren aurrean. Gainera “erreferentea izango da Gasteizko emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde diharduten kolektibo guztientzako; Etxe feminista izango da, hirian barrena feminismoa zabalduko duena, eta udalerrian berdintasunaren aldeko politiko publikoetan eragingo duena”, arduradunek azaldu dutenez.

Sorginenea irisgarritasun unibertsala bermatzeko moduan diseinatu da, bertako espazioak malguak eta moldagarriak dira, bertan holako edo halako jarduera eta programak garatu ahal izateko. Sorginenea topaleku bat izango da, non sustatuko diren sormena, hausnarketa eta, batez ere, gauzak egiteko beste modu batzuk, leku abegikor bat olgeta eta alaitasunerako. “Ikasteko leku bat izango da, non emakume guztiok ikasiko dugun besteengandik zerbait, eta guztiok irakatsiko zerbait gainerakoei, leku bat non errespetua eta ekitatea nagusituko diren”.

Sorginenearen kudeaketa horizontala da, bai Udalaren Berdintasun Zerbitzuarekiko eta Jabetze Feministarako Eskolarekiko harremanetan, baita elkarte barruan ere. Ahal delarik, erabakiak kontsentsu bidez hartuko dira. Kudeaketa-organo nagusia Bazkideen Batzarra izango da; bigarren lekuan, Kudeaketa Batzordea jarduerak diseinatu eta horien jarraipena egiteaz arduratuko da. Horiez gain, zenbait langilek Sorgineneako kudeaketa-organoetan definitutako lan-planak gauzatuko dituzte.

Sorgineneak gonbitea ematen die Gasteizko emakume guztiei gune berriaren inaugurazioa ospatzeko. “Den-denak irailaren 21ean gure hirian eta euskal lurralde osoan idatzita geratuko den historiaren protagonista izatea nahi dugu”, azaldu dute elkartetik.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:17

 

  • Irailaren 21ean eta 22an zenbait lantegi, informazio-jarduera eta adoptatzeko txakurren erakusketa egingo dira Probintzia plazan

Gasteizko Udalak eta APASOS Gastiz elkarteak gonbitea egiten diote animaliak gustatzen zaizkion pertsona orori 2019ko irailaren 21 eta 22an Probintzia plazan egingo den XIII. “¿Me adoptas? Adoptatuko nauzu?” kanpainara gerturatzeko. 

Kanpaina horren helburu nagusia Animalien Babeserako Zentroan dauden animalien inguruko informazioa zabaltzea eta adopzioak bultzatzea da. Familia berriak bilatuko dira eurentzat, animalien salerosketa albo batera uzteko eta aukera solidarioagoak bideratzeko. Horregatik, APASOS Gasteiz erakundearen lan garrantzitsuenetako batek herritarren kontzientiazioan datza, animaliekiko errespetua eta babesa bultzatuz gero animalia horiek sufritzen dituzten egoerak hein handi batean ekiditea posible izango litzateke eta.

Animalien abandonatze-kopurua jaisteko gakoak ondorengoak dira:

  • Jaiotza-tasa kontrolatzea, esterilizazioen bidez.
  • Animalien erosketa baztertzea.
  • Adopzioak sustatzea.

Bereziki aintzat hartuko ditu kanpainak arriskutsu izan daitezkeen txakurrak. Hain zuzen ere, Animaliak Babesteko Zentroan ete zain dauden txakurretako asko horietakoak dira. “APASOS elkartetik laguntza eskatzen diegu herritarrei, halako animaliak gogokoak dituztenek adopta ditzatela, eta ez erosi. Gogoratzen dizuegu 14 urte daramatzala Animaliak Babesteko Zentroak sakrifiziorik gabe. Animatu egin nahi zaituztegu Animaliak Babesteko Zentrora hurbildu eta txakur horiek bisitatzera. Txakur horietako asko apartak dira, zintzoak —diote—, eta ez dute merezi arriskutsu izan daitezkeela esaterik”, diote GAPASOS Gasteiztik.

“Ondo dakigu opor garaiak direla lagun egiteko animalien arerio handiena. Espainian 500 bat animalia abandonatzen dira egunean; horietatik 400 txakurrak izan ohi dira. Horietako asko, azkenean, akabatu egiten dira txakurtegietan edo animaliak babesteko zentroetan; beste batzuk errepidean harrapatuta hiltzen dira, edo hiri eta herrietako kaleetan barrena ibiltzen dira, alderrai, eta kontrolik gabeko umaldi ugari izaten dira” gehitu dute. Animaliak abandonatzearen ondorioz, 17.000 trafiko-istriputik gora izan ziren 2013an, animaliak galtzadara sartu eta autoek talka eginda, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren arabera. Horregatik, arduraz jokatzeko eskatu nahi zaie jabeei, eta animaliak abandonatzeak berekin dakartzan ondorioez jabearazi.”

Animaliak Babesteko Zentrotik datozen adoptatzeko txakurren erakusketaz gain, Probintzia plaza, APASOSen informazio-gunea eta elkartasunezko dendaren saltokiak egongo dira, animalia horien zainketarako opariak erosi ahal izateko. APASOSek gogoratzen du betako kide guzti-guztiak boluntarioak direla, eta jasotzen duten ditrua, oso-osorik, animalia abandonatuei laguntzera bideratuko duela.

 

Hauxe da datorren astebururako programa:

Larunbata, irailaren 21a

11:30h TAILERRA: ELKARBIZITZA TXAKUR ADINEKOEKIN. Iñaki Carretero, txakur-hezitzailea eta txakurren laguna.

12:30h GASTEIZKO ANIMALIAK BABESTEKO ZENTROKO TXAKURRAK ADOPTATZEKO ERAKUSKETA. APASOSeko boluntarioak. 18 bat txakur (txakurtegikoak eta harrera-etxeetakoak) izango dira bertan.

13:30h TAILERRA: TXAKUR HEZKUNTZARI BURUZKO HITZALDIA. Amarok Gasteiz.

Igandea, irailaren 22a

11:30 APASOSEN INFORMAZIO GUNEA ETA MERKATU SOLIDARIOA

12:30h GASTEIZKO ANIMALIAK BABESTEKO ZENTROKO TXAKURRAK ADOPTATZEKO ERAKUSKETA. APASOSeko boluntarioak. 18 bat txakur (txakurtegikoak eta harrera etxeetakoak) izango dira bertan.

13:30h TAILERRA: ZURE TXAKURRAREKIN BIZIKIDETZA HOBETU ETA ANTSIETATEA GUTXITZEKO USAIMEN JOLASAK. Pozikan, Rubén Laorden, txakur-hezitzailea.

15:30h Jardunaldiaren amaiera

 

APASOS Kontaktua: Luis Mendoza 667 817 650 / 686 87 42 33

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:28

 

  • Bihar irekiko du Udalak logika-jolasen doako ginkanan izena emateko epea
  • Ekonomia Sustapenerako Sailak jauregia ezagutzeko doako bisita gidatuak antolatu ditu, ostiralero, urriaren bukaerara arte

Udaleko Ekonomia Sustapenerako Sailak —Maider Etxebarria alkateordea du gidari— doako zenbait jarduera antolatu ditu Europa jauregiaren 30. urteurrena ospatzeko; 1140 pertsonak hartu ahalko dute parte horietan. 160 pertsonak ihes-geletan inspiratutako jarduera batean hartu ahalko dute parte, eta gainerakoek, bisita gidatuetan.

Larunbatean, hilak 21, biltzar etxeko aretoak eraikinaren zenbait txokotan garatuko den logika, adimen eta trebetasun-jolasen ginkana baten agertoki bihurtuko dira. ‘Escape room’ esperientzia baten egokitzapena izango da ,baina horietan ez bezala, parte-hartzaileak ez dira itxita geratuko. “PassivHaus jauregiaren sekretua” izeneko jarduerak garai batean gizarte etxea izandakoaren ezaugarri jasangarriak ezagutarazteko balioko du. Interesdunek bihar eman ahalko dute izena, Europa jauregiko mostradorean, doan.

Garrantzitsua da herritarrei beren hiriak dituen baliabideak ezagutaraztea. Bai ginkanaren esperientzia bai bisita gidatuak aukera bikaina dira Gasteizen dugun altxor hori, Europa biltzar jauregia, ezagutarazteko”, adierazi du alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak jardueren aurkezpenean.

Larunbateko esperientziarako doako gonbidapenak bihar, asteartea, jaso ahalko dira, 10:00etatik 20:00etara, Europa biltzar jauregiko sarrera nagusian. Pertsona bakoitzak gehienez 3 sarrera hartu ahalko ditu, eta zenbait ordutegi emango dira aukeran, larunbateko 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. 18 urtetik beherakoek heldu batek lagunduta joan beharko dute; parte-hartzaileei beren txanda hasi baino bost minutu lehenago agertzea gomendatzen zaie.

Ginkanaren erronka berezi horretan izena ematen dutenek era guztietako enigmak eta buruhausteak asmatu beharko dituzte istorio bat osatzeko eta eraikineko aretoetan, zabaltzan eta landarezko fatxadan bertan ezkutatutako sekretuak aurkitzeko.

10 pertsonak osatutako taldeetan egingo da jarduera, 30 minutuko txandetan banatuta; ibilbide osoak ordubete irauten du. Probak amaitutakoan, jokalariek iraunkortasunarekin lotutako oparitxoa jasoko dute. Talde bakoitzak jarduerarako berariaz diseinatutako kutxa bat eramango du, eta hori ez da irekiko aretoko leku jakin batean kokatzen den arte. Kutxaren barruko ataletan aurkituko dira hurrengo urratserako pistak.

 

Bisita gidatuak

Gainera, urriaren bukaerara arte, Europa biltzar jauregiko leku ikusgarrienak publiko orokorrarentzat irekiko dira ostiralero, gutxien ezagutzen direnak barne, hala nola landarezko fatxadaren goialdea eta zabaltza. Irailaren 20 eta 27an eta urriaren 4, 11, 18 eta 25ean hartu ahalko dute parte herritarrek Udalak antolatutako doako bisita gidatuetan, aldez aurretik izena eman beharrik gabe . Ostiralean, irailak 20, ordu erdiro abiatuko dira txandak, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:00etara. Hurrengo ostiraletan, irailaren 27tik urriaren 25era arte, goizez bakarrik egingo dira bisitak, 10:00etatik 14:00etara, ordu erdiro. Nahikoa izango da jauregiko sarreran agertzea eta langileei jakinaraztea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:27

 

Udal Gobernuak giza eskubideak defendatu eta betetzearen alde eta oroimenaren eta bakearen alde jarraituko du lanean, Bizikidetza eta Aniztasun Planaren bitartez

Gasteiz berdintasunaren alorrean erreferente izatea nahi badugu, bi eremu garrantzitsutan lan egin behar dugu: alde batetik, berdintasunaren eta emakumeak ahalduntzearen aldeko politikak indartzen jarraitu behar dugu, beharrezkoa delako generoaren arrakalak eta desorekak gutxitzen joan daitezen hainbat arlotan: enplegua, errenta, heziketa, denbora, boterea edo osasuna. Baina batez ere, premia handiko erronka bat dugu aurrean. Indarkeria matxistarekin amaitzea, genero arteko desoreken adierazpen larriena delako. Indarkeria matxista giza eskubideen bortxaketa bat da, eta batez ere emakumeei eragiten dien genero-desoreken adierazpenik larriena da. Guztiz ezabatzetik urrun bagaude ere, indarkeriaren agerpen berriak azaltzen ari dira, eta udal politikek horiei modu eraginkorrez aurre egiteko gai izan behar dute”. Gobernuaren jardunak dituen erronka nagusietako bi dira horiek, Berdintasun, Bizikidetza eta Aniztasun saileko zinegotzi Miren Fernández de Landak gaur goizeko batzordean egin duen agerraldian adierazi duenez.

Helburu horien bidez, udal gobernuak lehentasunezko bi jarduera-eremu nabarmendu nahi ditu aurtengo agintaldirako.

Alde batetik, Emakumeen Etxea sendotu nahi du, herritarrentzako berdintasun-politiken erreferentzia gisa. Lan-prozesu luzearen ondoren, Emakumeen Etxea jada errealitate bat da. Proiektu honetan Jabetze Feministarako Eskolaren eremuak partekatzen dira, eta hala, Sorginenea izeneko kudeaketa-proiektu bateratua Berdintasun alorreko erreferentzia-eremu bilakatu da.

Jabetze Feministarako Eskolaren alde lanean jarraitu nahi dugu, berdintasuna sustatzeko jardunbide egokia delako, nazioartean aitortu duten moduan. Emakumeek politikan eta gizartean parte har dezatela sustatu nahi dugu. Aurten, ohiko jarduerez gain, Feminismo Mola gazteentzako lerroa indartuko dugu, eta Hiri Hezitzailea programaren bitartez, ahalduntzeko eskola txikia ikastetxeetara eramango dugu. Legealdi honetan, herritarrei zuzendutako prestakuntza-proiektuen arteko gurutzaketak landu nahi ditugu, sentsibilizazio-ildo desberdinen artean topaketarako eta elkartasunerako eremuak aurkitzeko”, Miren Fernández de Landak nabarmendu duenez, eta hala, garrantzi berezia eskaini dio Sorginenea-Emakumeen Etxea laster irekitzeari, kolektibo feministetako eta berdintasunaren aldeko elkarteetako emakume desberdinekin 2017an hasitako partaidetza-prozesu baten ondoren, izan ere aldarrikapen historikoa baita Emakumeen Etxea proiektua garatzeko eremu propio bat edukitzea. “Sorginenea-Emakumeen Etxea” emakumeak ahalduntzea eta berdintasun-politika publikoetan eragina izatea sustatuko duen proiektu izan nahi du, Ahalduntze Eskolarekin elkar elikatu ahal izan dadin.

Sorginenea-Emakumeen Etxea kudeaketa-proiektu bateratua finkatzearen alde lan egiten jarraituko dugu, emakumeak ahalduntzeko espazio gisa ulerturik, partaidetzaren bitartez gizartea eraldatzeko, eta etxea topaketa, truke eta hausnarketarako espazio gisa ikusia izan dadin bultzatzeko”, zinegotziak esan duen moduan.

Indarkeria matxistari aurrea hartzea eta horren aurka sentsibilizatzea

Zinegotziak berretsi duenez, Udalak konpromiso bat hartua du bizitzako eremu guztietan batez ere emakumeek baina baita LGTBI pertsonek ere jasaten duten indarkeria matxistaren aurkako borrokan.

Udalak kanpainak eta sentsibilizazio-eremuak sustatuko ditu, eraso matxisten aurkako eta indarkeriaren biktimei arreta egiteko erantzun publikoaren protokoloa berrikusi eta indartuko du, eta Gasteizen sexu- nahiz genero-aniztasuna sustatzeko neurriak bultzatzen jarraituko du.

Aniztasunean bizikide izatea

Beste alde batetik, Udal Gobernuak giza eskubideak defendatu eta betetzearen alde eta oroimenaren eta bakearen alde jarraituko du lanean, Bizikidetza eta Aniztasun Planaren bitartez.

Bizikidetzarako oinarriak jartzea ez da epe laburreko edo ertaineko lan bat. Horrexegatik, denon artean bizikidetza eraikitzeko prozesuari jarraipena emango diogu, denok partekatuta eta denok parte hartuta, elkar onartu, elkarri entzun eta elkarrekin bakean bizi ahal izateko ahalegin kolektiboa eginez. Gure erronketako bat gizarte kohesionatua eraikitzea da, dauden desberdintasunak konpontzeko ekitatea sustatuz eta pertsona guztiak erkidego horretako partaide senti daitezen baldintzak jarriz”, azaldu du Miren Fernández de Landak.

Bizikidetzarako Behatokia abian jartzea, eskola-bereizkeriaren aurrean hezkuntza-ekitatearen alde esku hartzea, Zurrumurruen aurkako sarea hedatzea eta Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza eta Giza Eskubideen idazkaritzarekin elkarlanean aritzea dira aurreikusi ditugun jarduera batzuk.

Share