Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 iraila 2019 17:00

III. Congreso Internacional de Construcción Avanzada 4.0 y Digitalización biltzarra inauguratzea

Parte hartzaileak. Alkateorde Ana Oregi

Eguna. Asteazkena, irailak 11

Ordua. 09:15

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

————————————–

SECIVTV (Sociedad Española de cultivo in vitro y tejidos vegetales) elkartearen XIII. bilera inauguratzea

Parte hartzaileak. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landa

Eguna. Asteazkena, irailak 11

Ordua. 10:00

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. 2019ko Magialdiako Nazioarteko Gala aurkeztea

Parte hartzaileak. José Ángel Suñarez eta Jon Oscoz, Magialdiako antolatzaileak

Eguna. Asteazkena, irailak 11

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:09

 

Eraztun Berdea sendotuko du Urtaranen gobernuak, hainbat jarduera bideratuz Salburuan, Olarizuko parke botaniko berriarekin eta uholdeen kontrako obrekin, besteak beste

 

Ikasturte honetan jarriko du abian garbiketarako eta hondakinen bilketarako kontratu berria, hobekuntza nabarmenekin

 

Tamaina handiko objektuen legez kanpoko zabortegien, edukiontzietatik kanpo uzten diren zaborren, txakur-gorotzen eta pintaketen kontrako kanpaina aktibatuko da

 

Gasteizko Hiri-hondakinen Gida-plana martxan jarriko du Udalak, eta egokitu eta hobetu egingo ditu hondakinak kudeatzeko azpiegiturak 

 

Jarduera ekonomikoen, airearen kalitatearen eta zarataren kudeaketaren ingurumen-kontrola hobetuko du, araudia berrikusiz  

 

 

Klimaren aldeko Ekintza finkatu du Urtaranen gobernuak bere konpromiso estrategikoen artean, eta, horregatik, munta handiko neurriak bultzatuko ditu agintaldi honetan, bai ekintzak planifikatzeari dagokionez, bai azpiegiturak garatu, hondakinak kudeatu eta jarduerak —propioak nahiz besterenak— kontrolatzeari dagokionez.

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotzi Ana Oregik eta Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak azaldu dituzte, gaurko agerraldian, Gasteizko plangintza energetiko eta klimatikoaren etapa berriaren ildo nagusiak.

Ana Oregik nabarmendu du sailaren ekintza guztia garapen iraunkorreko helburuetara zuzenduta dagoela, eta, horien barruan, bereziki 11. helburura, hau da, hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, ziurrak, erresilenteak eta jasangarriak izan daitezela lortzera, eta 13.era, hots, klima-aldaketari eta horren ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzera.

“Larrialdi klimatikoko egoeran gaude. Zorionez, duela ia hiru hamarkada jabetu ziren horretaz hiri hau eta erakunde hau, eta neurriak hartzen hasi ginen, planak idazten, iraunkortasunaren bide hori urratzen jarraitzeko ongi kokatuta egotera garamatzaten politikak bideratzen. Ikusten dugu, eta pozgarri da, larrialdi klimatikoaren gainean kontzientzia hartzen ari dela jendea han eta hemen, mundu osoan, eta erakunde publikoei eskatzen dietela planak idatz ditzatela, neurriak ezar ditzatela. Harro gaude aitzindari izateaz, horretan ere, eta beste behin ere adierazten dugu gure konpromisoa, klimaren aldeko ekintzari dagokionez, hura murriztu eta hartara egokitu beharra baitaukagu, planetak bizi duen egoera oso larria dela onartuta”, nabarmendu du Ana Oregik.

 

Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana, 2030

Plangintza energetiko eta klimatikoaren etapa berri honetan garatuko diren ekintzak xehatu ditu César Fernández de Landak. Hain zuzen ere, Gasteizek Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Plana (2030) izango duela iragarri du Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak.

Horretarako, lehenengo pausua partaidetza-prozesu bat martxan jartzea izango da (2019-2020), oinarrizko bi politika barne hartuko dituena, hau da, udalerria karbonogatzea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia areagotzea. Udalerriaren trantsizio energetikorako ekintza-plan bat barne hartuko du planak, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko, eta epe luzera karbono-neutraltasuna lortzeko, baita klima-aldaketara egokitzeko tokiko plan bat ere.

Gainera, Klimaren eta Energiaren aldeko Itunari —Covenant of Mayor— atxikitzen ahaleginduko da Udala, 2009an Europako Alkateen Ituna sinatu zelarik eta Gasteizko Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Plana (2010-2020) onetsi zelarik hartutako konpromisoaren jarraipen gisa.

César Fernádez de Landak iragarritako beste neurri bat izan da ekintza klimatikoa ebaluatzeko tresna bat sortzea, berotegi-efektuko gasen emisioen urteroko inbentarioekin, udalerri osorako nahiz Udalaren beraren jardunerako, eta udalerrian funtsezkoak diren sektore eta elementuek klima-aldaketaren ondorioen aurrean zenbateraino diren zaurgarri ebaluatzeko.

Gainera, bi urtean behingo txostenak egingo dira, Klima Aldaketaren kontra Borrokatzeko Planaren eta Klimaren eta Energia Iraunkorraren aldeko Ekintza Planaren jarraipen gisa.

Klimaren aldeko ekintzen artean, Urtaranen gobernuak iragarri du jarduera energetikorako plan bat landuko dela udalerrian, Iraunkortasun Energetikoaren Batzordea eratuko dela, urtero eguneratuko direla Udalaren energia-kontsumoaren erreferentziako oinarrizko maila eta udal inbentario energetikoa, eraikin bakoitzaren kontsumoen kontrola egingo dela, udal eraikinen energia-kontsumoaren ziurtapenak eta auditoretza energetikoak egingo direla, kontratazio publiko berde eta arduratsua bideratu eta organizazioan ingurumen-irizpideak txertatzen aurrera egiteko eta udal izaerako ekitaldiak gauzatzeko lanean jarraituko dela, Eusko Jaurlaritzaren Erronka Garbia ziurtapenaren esparruan.

 

Eraztun berdea sendotu eta burutzea  

César Fernández de Landak azaldu duenez, Eraztun Berdea sendotuko du Urtaranen gobernuak, hainbat jarduera bideratuz Salburuan, Olarizuko parke botaniko berriarekin eta uholdeen kontrako obrekin, besteak beste.

Hortaz, iragarri du dagoeneko aztertzen ari direla modu puntualean esku hartzea Salburuko parkeak handitu eta hobetzeko: “Lanean ari gara dagoeneko zenbait zonatan, Salburuko parkea zabaldu eta hobetzeko, zenbait espezieri bizi-baldintza hobeak eskaintze aldera”.  Gainera, Olarizuko parke botanikoaren proiektua gogora ekarri du; lehen urrats bat dagoeneko onetsia du Gobernu Batzarrak, hots, parkeko sarrera egokitzea.

Gainera, aurreikusitako jardueren artean, zinegotziak nabarmendu ditu uholdeen kontra borrokatzeko obrak —Zadorra ibaiko III. eta IV. faseetako proiektuen eguneratzea—.

 

Garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzua hobetzea 

Datorren urtetik aurrera, garbiketarako eta hondakinen bilketarako zerbitzua eskaintzeko kontratu berri bat jarriko da abian, hobekuntza handiekin, egungo zerbitzuaren aldean. Ugaldu egingo dira birziklatze-lekuak, baita edukiontzien kopurua eta bilketaren maiztasuna ere, materia organikoaren gaikako bilketa ezarriko da modu progresiboan —sarraila elektronikoa medio—, edukiontzi guztiak mugikortasun murriztuko pertsonentzat irisgarri izatera iritsiko da, ibilgailu berriak erosiko dira —flota berritu eta irudi modernoagoa emateko, eta, horrez gain, zerbitzuen balio-aniztasuna ahalbidetzeko— eta banako konpostajea nahiz komunitarioa sustatuko da, esparru urbanoan.

Orobat iragarri du César Fernández de Landak Gasteizko Hiri-hondakinen Gida-plana martxan jarriko dela, garbiketaren eta hondakinen kudeaketaren inguruko ordenantza berrikusiko dela eta, halaber, hondakinen bilketa eta tratamenduaren tasen ordenantzak.

 

“Gasteiz garbiago baten alde”

“Nahiz eta Gasteizek asebetetze-mailarik gorenak lortzen dituen estatuan, hiri-zerbitzuen kalitateari dagokionez, herritarrek beharbada ez dute berdin ikusten. Hiria, oro har, garbi badago ere, inoiz, une jakinetan, garbiketa-itxura hori ez da horrela ikusten, eta horrek kalte egiten dio hiriaren garbitasunari buruzko irudi orokorrari”,  azaldu du zinegotziak, eta nabarmendu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailetik berariaz jardungo dela tamaina handiko objektuen legez kanpoko zabortegien, edukiontzietatik kanpo uzten diren zaborren, txakur-gorotzen eta pintaketen kontra.

 

Hondakinak kudeatzeko azpiegituren hobekuntza

Iragarri diren ekintzetako besta bat hondakinak kudeatzeko azpiegituren hobekuntza izan da, hala nola Gardelegiko zabortegiko lixibiatuan lindanoa erauzteko tratamendu-lantegia eraiki eta ustiatzea, Gardelegiko zabortegia zigilatzeko proiektua eta Gardelegiko zabortegian hondakindegiko meatzaritza-proiektu baten bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumenaren arlokoa ebaluatzea, besteak beste.

 

Ingurumen-kontrol handiagoa

Jarduera ekonomikoen, airearen kalitatearen eta zarataren kudeaketaren ingurumen-kontrola hobetuko du Udalak, araudia berrikusiz

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:04

 

  • Izena emateak www.vitoriagasteiztrail.com webgunean egin daitezke

 

 

Irailaren 29an, Gasteizko Mendiek berriz ere egingo diete harrera Vitoria-Gasteiz Trail lasterketan hamabigarren edizioan parte hartzen dutenei. Vital Fundazioa, Vitoria-Gasteizko Udala eta Foru Aldundia dira probaren babesleak. Distantzia bitan lehiatuko dira partaideak: 16 kilometroko bat eta 26ko beste bat. Horrela jakinarazi dute dagoeneko Euskadin sustraituta dagoen mendi-lasterketa horren aurkezpen ofizialean, gaur goizean, Vital Fundazioa Kulturunean.

Vitoria-Gasteiz da mendi-lasterketa bat egin dezakeen probintzia hiriburu bakarrenetakoa. Ia-ia hiri erditik hasi eta kilometro eskasean, paraje apartan sar gaitezke, izan ere, hiria inguratzen duen Eraztun Berdean zehar eta Armentiako parketik, Vitoria-Gasteizko mendien gunera sartzen gara. Axier Urresti Vital Fundazioaren zuzendariaren hitzetan, balio berezi hori da, hain zuzen ere, zaindu behar duguna: “Vital Fundazioan oso konprometituta gaude kirolarekin eta ingurumenarekin. Horregatik, ezinbestekoa deritzogu gure mendi-lerro nagusia eta Euskadiko eremu natural baliotsuenetakoa den hau errespetatzeari eta zaintzeari, berataz gozatzen jarrai dezagun, gure Lurraldea ingurumen-altxorra baita”.

Antolakuntzak probarako dauden 700 dortsalak agortuko direla aurreikusi du. Erakartzen dituen parte hartzaileen % 35 probintziatik kanpokoak dira, batez ere Madriletik, Valentziatik, Bartzelonatik eta batzuetan baita Kanariar Irletatik etorritakoak izaten dira eta liluratuta geratzen dira gure probintziako inguruaren aberastasuna dela eta.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapen Saileko foru diputatuaren iritziz, horixe da ekitaldi honen beste balioetako bat, Arabako Foru Aldundiaren jarduerarekin oso lerrokatua. “Bisitariak erakarri eta gure hoteletarako, jatetxeetarako eta saltegietarako jarduera eragiteko gaitasuna duten kultura eta kirol arloetako kalitatezko ekitaldien antolaketari laguntza ematea gure estrategia turistikoaren ardatzetako bat da. Ildo horretatik dator Vitoria-Gasteiz Trail lasterketari ematen zaion babesletza: 700 partaidetik gora dituen proba finkatua eta hori baino gehiago dena, kirolariekin batera datozen lagunak eta familiakoak aintzat hartuta”.

Jaso berri duen Global Green City Award saria ospatzen ari da Vitoria-Gasteiz egunotan. NBEren babespeko Global Forum on Human Settlements erakundeak ematen duen saria da, izan ere, Vitoria-Gasteizek Ingurumenaren arloan erreferente izateko duen konpromisoa irmoa da. Livia López Vitoria-Gasteizko Udalaren Kirol eta Osasun zinegotziaren hitzetan, ekintzek bermatzen dute sari hori eta ekitaldi hau da horren erakusgarri. “Harrotasunez esan dezakegu Trail lasterketa arloko zirkuitu erakargarrienetakoa dugula, hiria eta mendia bikain uztartzen baitira Eraztun Berdeari esker. Gainera, erreferentziako proba bilakatu da bere eremuan, hamaika ediziotan metatutako eskarmentuari, parte hartze bolumenari eta parte hartzaileen artean beti uzten duen iritzi onari esker”.

Zirkuituen diseinua Eduardo Martínez Ascentium-en zuzendariaren lana da. Ascentium kirol-ekitaldien antolaketan eskarmentu luzea duen enpresa gasteiztarra da eta, paraje horietan bertan, kluben arteko Euskadiko Txapelketa bi eta Espainiako beste bi antolatu ditu dagoeneko: “Esperientzia maila desberdinetarako diseinatu ditugu 16 eta 26 kilometroko zirkuitu bi hauek, baina batez ere, gure mendiez eta basoez gozatzeko helburuz. Lur-mota desberdinetatik igaroko da lasterketa: bideak, bidexkak eta edertasun ikusgarria duten mendi-ertzak”.

Proba honek balioan jartzen du Euskadiko hiriburuak duen ingurua eta iritzi bera dute orain arte Vital Fundazioarekin batera laguntza eman dioten babesleek, hau da, Vitoria-Gasteizko Udalak eta Foru Aldundiak, eta beste zenbait laguntzailek ere, hala nola  Kutxabank, 42K Running, Estadio Fundazioa, Powerade, Lankide, Infisport, Arabako Diario de Noticias, Gasteiz Irratia, Jardines de Uleta Hotela, Gazteiz Mendi Taldea, eta Arabako Mendizale Federazioak.

 

Izena emateak www.vitoriagasteiztrail.com webgunean egin daitezke.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:46

Klimaren aldeko Plan bat proposatzen du, eta nekazaritza-eremuan emakumea ikusarazteko ekintzak indartzea.

Modu integralean aztertuko ditu Urtaranen gobernuak Gasteizko 63 herrien beharrak. Hala iragarri du Nekazaritza Eremuko zinegotzi Miren Fernándezek batzordean egin duen agerraldian.

Zehazki, udalerriko nekazaritza-eremuaren egoeraren azterketa integrala egingo da, kontzejuen, ACOVIren eta beste eragile batzuen partaidetzarekin, partaidetza-prozesu baten bitartez. Azken helburua litzateke fitxa xehatu eta eguneratu bat izatea, formatu digitalean, 63 kontzejuetako bakoitzeko, eta bertan jasotzea azpiegituren ezaugarriak eta gabeziak, baita zerbitzuenak ere.  Orobat planifikatuko da beste behar batzuk lantzea, hala nola etxebizitza eta jendez hustea, lehen sektorearen egoera eta belaunaldi-txandaketa, kultur jardueren eta tradiziozkoei eustea, nekazaritzako elikaduraren burujabetza eta beste.

Azkenik, kudeaketa-sistema informatiko batean hustuko litzateke informazio hori, eta horrek aukera emango luke analisia egiteko, baita datuak modu azkarrean eguneratzeko ere, hartara hobeto ezagutzeko premiak eta azpiegiturak, instalazioak eta espazio publikoaren egoera, udalerriko herrietan.

Gainera, azterlana eskuetan, finantzaketa-plan bat landuko du udal gobernuak, egutegi batekin, premia horiei aurre egiteko, erabakitzen diren helburuen arabera.

“Gasteizko udalerriak 63 herri ditu, bere jurisdikzioko nekazaritza-eremuan, nortasun juridiko propioa duten kontzejuak, administrazio-izaera dutenak, eta Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuei buruzko Foru-arauan daude araututa. Gainera, eskumen-esparru zabala dute. Nolanahi ere, Udalak elkarlanean dihardu kontzejuekin, baita ACOVIrekin ere, herri horien premiei aurre egiteko, kontu eta esparru guztiei dagokienean. Lankidetza hobetze aldera, bai ikuspuntu teknikotik, bai ekonomikotik, eta premien arteko lehentasunak ezarri eta finantza-baliabideak optimizatzeko, entitate horietako azpiegitura eta instalazioen egoeraren berri zehatza eduki beharra daukagu”, azaldu du Miren Fernández de Landak.

 

Klimaren aldeko Plana 

Nekazaritza-eremuko ekintza-plan horrez gain, Nekazaritza-eremuko Klimaren aldeko Plan bat landuko dela iragarri du Miren Fernández de Landak.  Baso-azalera handia du Gasteizko udalerriak, 9.000 hektareara iristen baita. Zatirik handiena titulartasun publikokoa da, eta kontzejuen jabetzakoa. Gainera, neurri handi batean babestuta dago, dituen ingurumen-balioak direla eta.

Era berean, udalerriko nekazaritza-eremu horretan bada soro ugari, 11.000 hektarea guztira; elikagaiak ekoizteko ahalmen handia du, bada, baina poliki-poliki galtzen ari dira nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiak.

“Testuinguru horretan, Gasteizko nekazaritza-lurraldea ugaria da, natur baliabideei dagokienez, eta biztanleria antolatu eta aktiboa du, zeinek, baliabide naturalak eskaintzeaz gain, orobat eskaintzen baitizkio udalerri osoari ingurumenaren arloko zerbitzuak, baita aukerez betetako espazio bat ere, eta zirkunstantzia on bat da hori erakundeen arteko lankidetza bilatzeko, kontzejuen, Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren artekoa, alegia”, nabarmendu du zinegotziak.

Horrela, plan hau diseinatu eta abian jartzea kontzejuekin eta ACOVIrekin batera egingo da, partaidetza eta lankidetza direla medio, eskumenak errespetatuz, lurraldearen garapena ahalbidetuz —klima-aldaketaren kontra borrokatu eta hartara egokitzeaz batera—, etorkizuneko erronkei aurre egiteko aukera izan dadin.

 

Emakumeak ikustaraztea

ACOVItik, nekazaritza-eremuko emakumeen sarea sortu zen, EMACOVI. Sare horrek, nekazaritza-eremuan jarduera soziokulturalak egin eta herrietan kohesioa eta bizitza sortuko duten sareak ehuntzeaz gain —bai herri bakoitzeko biztanleen artean, bai herri batzuetako eta besteetakoen artean—, orobat parte hartu du prestakuntza-jardueretan, ahalduntze feministarako eskolan, arrakasta eta onarpen handiarekin.

Nekazaritza-eremuko zinegotziaren proposamena —Berdintasunekoa ere bada— hauxe da: ateak zabaltzeko jardunaldiak antolatzea EMACOVIrekin batera, eta kontzejuen figura eta emakumeek herrietako bizitza politikoan duten partaidetza hiriko beste esparru batzuetan lan egiten duten emakumeen kolektiboei hurbiltzea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:35

-Lanek trafiko mozketa berriak eragingo dituzte Heraclio Fournier, Luis Orgaz eta Zendagurenen

 

 

 

Aurrera doaz Gasteizko tranbiaren hegoaldeko lanak, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleetan trenbidearen muntaiarekin. Lanek trafiko-mozketa berriak eragingo dituzte bihartik aurrera, bost astez.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak egiten ditu lanak. Lan horiek egunez egingo dira. Eraisteak, indusketak, zerbitzuen berrezartzea, trenbidearen muntaia, hormigoitzeak, aglomeratuak eta seinaleak. Urriko lehenengo hamabostaldian bukatzea espero da.

Lanen fase berri honek eragina izango du Castro Urdiales kalean, eta horrek, Alberto Schommer, Heraclio Fournier eta Zendaguren kaleetako bidegurutzeei eragingo die. Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren 10 milioi eurotik gorako inbertsio bat jasoko dute tranbiaren lanek.

Trafiko-mozketa horiek bost aste inguruko iraupena izango dute, Espazio Publiko eta Trafiko Zerbitzuek egindako kalkuluen arabera, eta Castro Urdiales kalearen ‘iparraldean’ egingo dira. Hain justu ere, Heraclio Fournier, Zendaguren eta Luis Orgaz kaleetara doan trafikoa itxi egingo da (Alberto Schommer kaletik).

Heraclio Fournier kalera iristeko, beraz, San Cristobal zubitik joan beharko dugu, Izarduy Komandantea eta Nieves Cano kaleetatik barrena. José Uruñuela kalera joan nahi duten herritarrek arazorik gabe egin ahal izango dute Trenbide kaletik, mozketa hori Castro Urdiales kalean egingo delako. Zendaguren kalearen kasuan, bestetik, kale horren egungo sarbidea itxi egingo da. Ibilgailuek, beraz, kale horren egungo ‘irteera’ erabiliko dute sartzeko nahiz ateratzeko.

Luis Orgaz kalearen mozketak, azkenik, Alberto Schommerretik Unibertsitateko ibilbidera joan nahi duten ibilgailuak desbideratzera behartuko ditu. Unibertsitateen ingurura joateko hiru alternatiba erabili ahal izango dira: San Cristobal Zubitik barrena orain arte erabili izan dena (orain bezala); Zumakadi ibilbidetik barrena Herminio Madinabeitia-Domingo Martínez de Aragón kaleetara (Justo Vélez de Elorriagako parkingeraino bakarrik); eta Aguirre Miramón eta Juan Ibáñez de Santo Domingo kaleetatik Unibertsitateko ibilbideraino.

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:36

Udaltzaingoaren Adingabeen Taldeak joan den larunbataz geroztik desagertuta zegoen 15 urteko neska adingabea aurkitu zuen atzo.

Udaltzainek autobus-estazioaren inguruetan aurkitu zuten, neska gaztea ikusi uste zuen herritar baten deia Agirrelandan 20:35ean jaso ondoren.

Neska hori beste mutil adingabe batekin batera zegoen. Biak Udaltzaingoaren polizia-etxera eraman zituzten eta bertatik haien senitartekoei jakinarazi zieten.

Txirrindulari bat zauritu da

Bizikletan zihoan 23 urteko mutil bat zauritu zen atzo Legutioko Atean, berak zeraman bizikletaren eta auto baten artean gertatutako istripuaren ondorioz. Mutil gaztea Santiago Ospitalera eraman zuten eta argiketa-talde bat istripu horren nondik norakoak ikertzen ari da.

Udaltzainek zauriturik gabeko beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuten atzo, eta 63 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Gizon hori Herrandarren kalean aparkatuta zeuden zenbait ibilgailuren aurka talka egiteko zorian egon da.

Udaltzainek atzo 18 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 9 jarduera egin zituzten.

Txintxorrak erortzea

Suhiltzaileak atzo Aldabe kalera joan ziren, Udaltzaingoak eskatuta, zenbait txintxor erori baitziren ibilgailu batzuen gainera. Fatxada berrikusi zuten baina ez zuten ageriko arazorik topatu.

Share

 

Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezia berrikusi eta berriro aktibatuko dela iragarri du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotziak. Eraikuntzak hobetuko dira, eta gizarte-  eta ingurumen-izaerako alderdiak hobetuko, baita hirigintza-araudia berrikusi ere, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera

 

Industrialderik zaharrenetan industria-ehun hondatuak biziberritzea proposatzen du Ana Oregik, hala nola Ehari-Gobeun, Arriagan, Armentian, Gamarra-Betoñun, Betoñu-Larraganan, Oreitiasolo-Ansoletan edo Jauregilandan

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren onespena burutzea; hiriko ekimen estrategikoak, hala nola Mendizorrotza, Auditorioa, BEA ezartzea eta kotxetegi berriak; Principal antzokia eraberritzea eta Urrezko auzoak biziberritzea, besteak beste, izango dira Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailaren agendaren muina

 

Herritarrei arreta hobea emateko eta lizentziak emateko epeak murrizteko plan bat landuko da, eta gardentasuna sustatuko, interpretazio-irizpide teknikoak argitaratuz webgunearen bitartez, baita elkargo profesionalekiko komunikazioaren bitartez ere

 

 Sailaren legegintzaldi berrirako ardatzak aurkeztu dituzte gaur goizean Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zinegotzi Ana Oregik, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Nekazaritza-eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landak.

Lehenik eta behin, zorionak eman dizkie Ana Oregik “gasteiztar guztiei, hiriak joan den ostiralean Addis Abeban eskuratu zuen Global Green City saria dela eta. Argi dago horrelako lorpenak ez direla jarduera puntualen ondorio, ezpada luzaroan bideratzen ari garen ekintza baten ondorio, eta ikuspegi politiko batekoek eta bestekoek partekatu izan dugu hori, bere egina dute herritarrek. Ardura handia dagokigu, korporazio gisa. Agintaldi berri bati ekin berriak gara, eta egoera bikainean jaso ditugu hiria eta lurraldea, egia da, baina oraindik ere gauza asko dago egiteko eta hobetzeko, eta akordio zabalak eskatzen dituzte. Lehenengo unetik, eskua luzatu nahi diet indar politiko guztiei, baita gizarte gasteiztarrari ere, hiriak eredu izaten jarrai dezan, gobernantzaren itsasargi. Herritarrak eta ordezkari publikoak garen aldetik, jarraitu beharreko bide bat ageri zaigu begien bistan, iraunkortasuna, eta tresna kontrastatu bat dugu baliagarri, 2030 Agenda”, nabarmendu du.

Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategia

Urtaranen gobernuak hiri trinko, inklusibo, seguru eta iraunkorraren eredua garatzeko baliatuko dituen ekintza nagusiak iragarri ditu Ana Oregik, Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategian jasoak, “aldaketa globalak planteatzen dituen erronka eta desafioei erantzuteko, herritarrentzat —eta, bidenabar, planetako biztanle guztientzat, garapen iraunkorreko helburuekin bat etorriz— kalitateko espazio bat eta ongizatea lotzeko orduan dagokigun erantzukizuna geure gain hartuta”.

Zentzu horretan, azaldu du zinegotziak bere saila, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta XXI Zabalgunearen laguntzarekin, eta Lurraldearen, Klimaren aldeko Ekintzaren, Espazio Publikoaren eta Mugikortasunaren Arloaren barruan, Vitoria-Gasteiz 2030 Lurralde Estrategia horretan egituratuko dela, aukera izan dadin modu koordinatuan aurrera egiteko nazioarteko agendetan finkatutako helburuak lortzeko, gure lurraldearen berezitasunak kontuan izanik.

“Era berean, Gasteizerako lurralde-ikuspegi hori Europako Batzordeak bultzatutako RIS3 espezializatze adimendunen estrategiaren barruan sar dadila nahi dugu. Hartara, Eusko Jaurlaritzak eta Europak lehentasunezkotzat identifikatutako ildoekin bat etorriko dira gure jarduerak, eta finantzaketa-aukera berriak ekarriko dizkigu horrek, eta Bizkaian eta Gipuzkoan programatutako jarduerekiko osagarritasun handiagoa bilatzen lagunduko.

Ana Oregik iragarri du 21 Agendaren Tokiko Ekintzarako Plana eguneratuko dela eta, barne nahiz kanpo partaidetza-prozesu baten bitartez, Gasteizko 2030 Hiri Agenda landuko dela, epe ertaineko (2025) ekintza-plan batekin batera.

Hauek dira planifikatutako ekintzen helburuak: hiri trinko, konplexu eta kohesionatua eraikitzea; landa-ingurunea eta menpeko toki-erakundeak bultzatu eta babestea; kultur, natura- eta paisaia-ondareari balioa ematea, eta Gasteiz hiri iraunkorra eta energetikoki efizientea izan dadin beharrezko diren urratsak ematea, karbonoari dagokionez hiri neutroa lortze aldera.

Industrialde hondatuak biziberritzea

Industria-ehun hondatuak biziberritzea da sailaren estrategian jasota dauden ekintzetako bat, hau da, periferiako industrialderik zaharrenak, hala nola Ehari-Gobeu, Arriaga, Armentia, Gamarra-Betoñu, Betoñu-Larragana, Oreitiasolo-Ansoleta edo Jauregilanda.

 “Urtez urte, ikusten ari gara nola industrialde horietako batzuetako jarduerak behera egiten duen, ekoizpen-lurzorua bertan behar uzten delarik, eta horrek, baldintza egokietan, lehen mailako baliabide ekonomikoa izan beharko luke. Zentzu horretan, Ekonomia Sustapenerako Sailarekin, GILSArekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean —hala nola Araba Garapen Agentzia edo Sprilur—, hirigintza-birgaikuntzarako planak bultzatu nahi ditugu industrialde horietarako, gaur egun jarduerarik gabe dauden lurzoru kontsolidatuak erreaktibatzeko neurriak direla medio.  Badakigu zer-nolako zailtasunak dakartzaten horrelako jarduerek berekin. Nolanahi ere, uste dugu ezinbestekoa dela modu erabakiorrean ekitea; izan ere, gure ustez, gure hiriak duen defizitik handienetako baten aurrean gaude, lurraldearen erabilera iraunkorrari dagokionez. Diagnostiko bat egingo dugu, eta hirigintza-kudeaketarako tresnak sartuko ditugu HAPO berrian”, azaldu du Ana Oregik.

Hirigune Historikorako Plana

Urtaranen gobernuaren konpromisoetako beste bat hirigune historikoaren birgaitze urbano inklusibo eta integrala da, baita 80ko urteak baino lehen eraikitako auzoena ere: Zaramaga, Ariznabarra, Adurtza, Abetxuku, Koroatzea, Arana, Angloa, Judimendi eta San Kristobal.

Hirigune historikoari dagokionez, Ana Oregik iragarri du berrikusi eta berriro aktibatuko dela Erdi Aroko hiriguneko Birgaitze Integraturako Plan Berezia, bereziki kontu eginez bai eraikuntzen hobekuntzari, bai integrazioa eta auzokideen ongizate hobea sustatuko duten gizarte- eta ingurumen-izaerako alderdiei. Era berean, HAPOaren berrikuspena aprobetxatuz, xeheki aztertuko da hirigintza-araudia, ekoizpen-, gizarte- eta kultura-jarduera berriak gara daitezela errazteko, auzo horri bizitasun eta erakargarritasun handiagoa emate aldera.

Erdi Aroko hiriguneko Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza-plana ere onetsi eta gauzatuko da, eta Urrezko Auzoen birgaikuntzarekin aurrera egingo da. “Eskura ditugu dagoeneko azterlan sozio-urbanistikoak, eta birgaikuntza integralarekin aurrera egiteko aukera emango digu horrek, hondamen progresiboa geldiaraziz eta bertako baldintza sozio-ekonomikoak eta ingurumenari nahiz eraikuntzari dagozkienak hiriko gainerakoenetara egokituz. Zentzu horretan, Koroatzearen auzoko Smartencity proiektuaren bitartez lortutako esperientzia oso baliagarria izango zaigu”, azaldu du Ana Oregik.

XIX. mendeko zabalguneko kultur paisaiaren eta ondarearen katalogoa ere berrikuste-aldian dago, proiektu pilotu gisa, gero hiri osora zabaldu eta bertatik sortzen diren xehetasunak HAPOren dokumentaziora aldatzeko.

Plan Orokorraren batzorde txostengilea aktibatzea, irailean bertan

Plangintzari dagokionez, Ana Oregik uste du guztiz beharrezkoa dela HAPO burutzea, eta behin betiko onespena ematea, agintaldi honetan. “Badakigu lan handia eskatzen duen helburua dela, eta talde guztien laguntza beharko dugu. Plan Orokorra lantzeko prozesuak sistematika konplexua dakar berekin, eta lantalde teknikoek, talde politikoek, hiriko profesionalen kolektiboek eta, oro har, herritarrek parte hartzen dute horretan. Esparru-dokumentu horrek gidatu behar ditu jarduera guztiak Gasteizen, gutxienez ere hurrengo hamar urteetan.  Gure hiri-eredua jasoko dugu bertan. Funtsezko tresna da gure ekintzak iraunkortasunera zuzentzeko”, azpimarratu du.

Aurreko agintaldian burutu zuen Urtaranen gobernuak aurrerapena, non jasota utzi baitziren, alternatiba gisa, talde politikoen proposamenak oro. Plan Orokorraren jarraipenerako batzorde txostengilea berehalakoan martxan jartzea proposatu du Oregik. Hain zuzen ere, irailean bertan batzorde txostengilea biltzeko deialdia egin dezala eskatu dio batzordeko lehendakariari.

Berrikuspenarekin batera, hirian beharrezko diren aldakuntza puntualak lantzen jarraituko du sailak. Horrela, eta bakar batzuk aipatzearren, lerrokadurak zuzentzea eta herriei lagapenak egin beharra dagoen ala ez definitzea, babes akustiko bereziko zonak (ZPAE) ezartzea —deklaratu ondoren—, lurzoru urbanizaezinaren kartografia doitzea, Udalaren lurzoru ondarea erregularizatzea, apartamentu turistikoak arautzea, besteak beste.

Lizentziak emateko epeak murriztea

Lehendik hasitako lanarekin jarraituko du Urtaranen gobernuak, dosierren kudeaketa informatizatzen eta lizentziak emateko epeak murrizten. Ana Oregik planteatu du, gainera, herritarrei arreta hobea emateko plan bat, eta iragarri du gardentasun-neurri berriak hartuko direla, hala nola interpretazio-irizpide teknikoak argitaratuz webgunearen bitartez, baita elkargo profesionalekiko komunikazioaren bitartez ere.

Proiektu estrategikoak

Hiriko ekimen estrategikoak, hala nola Mendizorrotzeko futbol-zelaia handitzea, Auditorio berria, BEA ezartzea eta kotxetegiak edo Principal antzokia eraberritzea, besteak beste, funtsezkoak dira sailaren agendan.

Hiria dentsifikatzeak, Salburua eta Zabalganeko lursailen banaketa berriak, “aukera ematen du orain barrurako hazkundea lantzeko, justifikaziorik gabeko lurzoru-kontsumoa ekidinez eta hiri trinkoagoa eta iraunkorragoa itxuratuz.  Bukaeraraino eramango dugu prozesu hori, gehiago atzeratu gabe. HAPO berrian jasoko da prozesu horren emaitza, eta, halaber, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Plan berrian, erabateko koordinazioa izan dadin bi ekimenen artean”, azaldu du Ana Oregik.

Bizitegi-sektorea karbonogabetzen ere lan egin nahi du Urtaranen gobernuak. Horretarako, Udal Eraikinetako Mantentze Zerbitzuarekin elkarlanean arituko da saila, berriki onetsi den Euskadiko Jasangarritasun Energetikoari buruzko Legetik ondorioztatzen diren neurri eta ekintzetan, bai udal ondare higiezinean, bai dentsifikatze berriari lotutako garapen berrietan eta aipatutako birgaitze-jardueretan.

Legeak planteatzen dituen eskakizun berriak ere aintzat hartuko dira, hiri osorako hiri-azpiegitura berdeak garatuz, eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta horiek arintzeko neurriak ezarriz, naturan oinarritutako irtenbideak abiapuntutzat hartuta.

Udalaren lurzoru ondareari dagokionez, zinegotziak beharrezkotzat jotzen du erregularizatzea eta inbentario bat egitea, eta modu arinean kudeatzeko aukera emango duen aplikazio bat. Horretarako, Ogasun Sailarekin batera lan egingo da, Udalaren aktibo higiezinen kudeaketarako baliagarri izango den tresna bat edukitze aldera.

Orobat nabarmendu du Ana Oregik nazioarteko presentziak eta lankidetzak duten garrantzia. “Hiri-sareetan parte hartzen dugu, eta lankidetza-proiektuetan, hiria ikusgarriago egiten baitu horrek, eta aukera ematen baitigu zenbaiten praktika hobeetatik ikasteko, eta, zenbaitetan, proiektu pilotuetarako finantzaketa lortzeko. Zentzu horretan, lan-ildo horiekin jarraituko dugu, ikerketa-zentroekin akordioak bilatuz, hiri iraunkorrei dagozkien konponbideak aurkitzeko, baita gure hiriak dituen arazoentzako konponbide berritzaileak ere”.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:29

Enpresei kontrataziorako laguntzak emateko ildoa bultzatu dute Udalak eta Lanbidek; guztira, milioi bat eurotik gora

Gasteizko enpresek dagoeneko aurkez ditzakete eskabideak lan-kontratazioa sustatzeko dirulaguntza-deialdira. Laguntza-ildo horrek 1.110.000 euroko zuzkidura du, gehien bat Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak jarritakoa, enplegua sustatzeko tokiko ekintzak finantzatzeko ildoaren barruan. Programa horri esker, gutxienez 185 lanpostu berriren sorkuntzan lagundu ahal izango da.

Udalerrian lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei —langabeak eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenei— zuzenduta daude laguntzak. Kontratatutako pertsonak 55 urtetik gorakoak edo 35etik beherakoak izatea puntutatuko da bereziki. Beste balorazio-irizpide batzuk izango dira: iraupen luzeko langabeak kontratatzea, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak kontratatzea, edo 45 urtetik 54ra bitartekoak izatea. Emakumeei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei egindako kontratuek ere puntu gehiago jasoko dituzte. Kontratatutako pertsonen ezaugarriez gain, kontratatuak lanaldi osokoak eta mugagabeak izatea balioetsiko da.

“Kontrataziorako laguntza hauek oso tresna baliotsua dira enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeko gure ildo estrategikoaren barruan. Lan-merkatuak hirian izan duen bilakaera onak, langabezia-tasa % 9,8ra jaitsi delarik, enpresa-ehuna indarberritzeari esker izan da posible, eta inplikatutako erakundeen ahaleginari esker, hots, honen gisako ekintzei esker”, nabarmendu du Enplegu zinegotzi Felipe Garcíak.

Enpresa bakoitzak bi laguntza jaso ahalko du gehienez (hiru gizarteratze-enpresa bada), eta diru-laguntza jasotzen duten kontratuak gutxienez sei hilabeterako izango dira. Era berean, diru-laguntzaren iraupena gehienez sei hilabetekoa izango da, kontratu bakoitzeko, eta horren gehieneko zenbatekoa, 6.000 euro, sei hilabeteko edo hortik gorako lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko; kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handienak dituzten taldeetako batean bada, 9.000 euroko laguntza emango da. Laguntza ekonomikoa ezingo da izan soldata-kostuen % 75etik gorakoa, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta Gizarte Segurantzako gastuak barne, eta % 100era iritsi ahal izango da azken kolektibo horien kasuan.

2019ko martxoaren 26tik urriaren 30era bitartean egindako kontratazioak direla eta eskuratu ahal izango dute dirulaguntza Gasteizko enpresek. Laguntza-deialdia ALHAOn argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2019ko urriaren 30ean bukatuko. Joan den ostiralean, irailak 6, onetsi zen kontrataziorako laguntzen ildo hau.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:37

Bihar hasiko dira udal arloetako gobernu-programak aurkezteko udal gobernuko kideek egingo dituzten agerraldiak, eta datorren astelehenera arte iraungo dute. Izan ere, agintaldi honetan Udalean funtzionatuko duten batzordeen eskema izango dute oinarri.

Lehenengo agerraldia, bihar, asteartez, Ana Oregirena izango da, zeinek Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailaren agintaldiko programa aurkeztuko baitu. Berarekin izango dira Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landa eta Nekazaritza-eremuko zinegotzi Miren Fernández de Landa. Bi saio egingo dira: Lurraldea, 9:00etan, eta Klimaren aldeko Ekintza eta Nekazaritza-eremua 12:00etan.

Asteazkenean, berriz, Ogasun arloko gobernu-programa aurkeztuko du Iñaki Gurtubaik. Ondoren, beste horrenbeste egingo du Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Saileko zinegotzi Borja Rodríguezek, Estíbaliz Canto lagun duela. Bigarren batzordean, 12:00etan, Maider Etxebarria alkateordeak eta Felipe García zinegotziak Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailaren agintaldiko programa xehatuko dute.

Ostegunean, irailak 12, 9:00etan, Euskara arloko zinegotzi Iñaki Gurtubaik aurkeztuko du agintaldiko programa. Ondoren, Felipe García eta Estíbaliz Canto zinegotziek Hezkuntza eta Kultura Saileko gobernu-planaren berri emango dute. Kirol eta Osasun arloko programaren aurkezpenarekin bukatuko da bilkura, Livia López zinegotzi arduradunaren eskutik. Egun horretako bigarren batzordea Giza Baliabideen Saileko gobernu-planaren berri emateko izango da, Iñaki Gurtubairen eskutik.

Ostiralean, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren arloa jorratuko da. Saileko zinegotzi Amaia Barredok 2019-2023ko programa azalduko du, 12:00etan hasiko den batzordean.

Azkenik, astelehenean, irailak 16, Jon Armentia zinegotziaren agerraldia izango da lehenik, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko gobernu-programa xehatuko du, baita Garapenean Laguntzeko Zerbitzuarena ere. Ondoren, beste horrenbeste egingo du Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetzaren eta Aniztasunaren saileko zinegotziak. Egun horretako bigarren batzordean ere agerraldi bikoitza izango da: batetik, Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotzi Marian Gutiérrez, eta bestetik, berriz, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saileko zinegotzi Borja Rodríguez.

Share