Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  12 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. ‘Blanco y Fucsia’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; UPV/EHUko Teknologia eta Arte Ederren saileko irakasle Edurne González; Marta Valverde, erakusketako egile eta artista; eta erakusketako komisario Cristina Arrazola

Eguna. Ostirala, irailak 13

Ordua. 10:15

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ortuño aretoa

——————————————

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 13

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————-

Udaltzain berriei txartelak banatzeko ekitaldia

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Herritarren Segurtasun zinegotzi Marian Gutiérrez

Eguna. Ostirala, irailak 13

Ordua. 14:00

Tokia. Udaltzaingoaren egoitza (Agirrelanda kalea, 8)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:02

Principal Antzokia berritzea da kultura arloaren erronka nagusia, baina dena den, Plan Estrategikoa sustatzen jarraituko du bere politikak sustengatzen dituen ardatz gisa.

Hezkuntza eta Kultura arloetarako Gobernua prestatzen ari den lan-ildo nagusiak aurreratu dituzte gaur Felipe García eta Estíbaliz Canto zinegotziek batzordean.

Lehenik eta behin, alkateorde eta Hezkuntza Zerbitzuko arduradun Felipe Garcíak zehaztasunez azaldu ditu 12 neurriak

Lehenengoak iragartzen duenez, Gasteizko Udalak bere hautagaitza aurkeztuko du 2020-2022 epealdian Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) buru izango den hiri izenda dezaten. “Gasteizko hiria estatu mailan erreferentzia bat da Hiri Hezitzaile gisa, urteak daramatza berdintasun ezak konpentsatzearekin edo eskola-segregazioarekin loturiko gai batzuetan aitzindari izaten, eta bada garaia urrats bat gehiago emateko eta sarearen buru izateko”.

Bigarren iragarpen garrantzitsua, hain zuzen, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko hezkuntza-programa berri bat abian jartzea da. Garcíaren esanetan, “gobernu hau buru-belarri lanean ari da bere politiketan eta bere zerbitzuetan genero-ikuspegia txertatzeko. Horrela, Berdintasun Zerbitzuaren laguntzarekin, hezkidetzari eta indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko programa bat abian jartzea sustatuko dugu hezkuntza formalaren nahiz ez-formalaren esparruan”.

Hirugarren iragarpenaren arabera, berriz, 2013an egiteari utzi eta 400 lagun biltzen zituzten hezkuntza-jardunaldiak berreskuratu nahi dituzte legegintzaldi honetan. Une bakoitzean interesgarri izan daitezkeen hezkuntza-alderdietan zentratutako jardunaldiak izango dira.

Gainerako iragarpenak honako hauek izan dira: zerbitzuaren plan estrategikoa prestatzea eta ebaluatzea, haur-eskolen kudeaketa hobetzea, haur-hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan matrikulazio-prozesua hobetzea, hezkuntza-programa berriak ezartzea, genero-indarkeriaren aurka arestian iragarritakoaz gain, bizikidetza eta hezkuntza-parekotasunaren alorrean hitzarmen markoa garatzea eta hitzarmen bereziak egitea, EHUrekin hitzarmen marko berri bat eta hitzarmen bereziak egitea, unibertsitate berarekin udako ikastaroa egiten jarraitzea, hezkuntzan parte hartzeko egiturak indartzea, eta udalerriko beste irakaskuntza batzuei babesa ematea, bereziki UNEDi, Arte eta Ofizioen Eskolari eta LHko Partzuergoari.

 “Azken batean, bultzada garrantzitsua eman nahi zaio Gasteiz hiriari Hiri Hezitzaile gisa, generoaren ikuspegitik, lidergorako bokazioarekin eta bere programa guztiak ezarriz eta hobetuz, eta beraz, epealdi honetan egiten ahaleginduko garen guztiaren laburpen egokia izan liteke hori” esanez amaitu du alkateordeak.

Kultura “darion” Gasteiz bat

Beste alde batetik, Kultura Zerbitzuko zinegotzi arduradun Estíbaliz Cantok ziurtatu duenez, legegintzaldi honetan gogor lan egingo dute “kultura-politika integralago, tokian tokikoago, iraunkorrago, egonkorrago eta demokratikoago bat bultzatu nahirik, estrategikoki koordinatua eta planifikatua, kulturarako sarbide unibertsala erdietsiko duena, eskaintza orekatu eta askotarikoa eginez, nortasunez eta tradizioz, baina baita ere, berrikuntzaren eta garapen iraunkorraren aldeko apustua eginez”.

Cantok bost multzotan bildu ditu egin beharreko jarduera guztiak. Lehenengoa, “kulturaren elementu eta erreminta garrantzitsuenak bultzatzea”. Horretarako, aurrekontua pixkana-pixkana handitzen ahaleginduko dira, Plan Estrategikoan aurreikusitako programak beteko dira (kultura KM 0, VG Parte-hartzea, Ekipamendu Kulturalen Plana, Herritarren Prestakuntza eta Heziketa, Garate Gasteiz Izan Gasteiz), beste entitate batzuekin lankidetza-sareak sortuko dira, kulturaren eta artearen esparruko eragileekin zuzenean lan egingo dute haien premiei hobeto erantzuteko, partaidetza-prozesu bereziak sustatuko dituzte.

Bigarrena, “ekipamendu kulturalak zentzuz eta hiri-estrategia batez bultzatzea”. Apusturik garrantzitsuena Principal antzokia berritzea izango da, baita Iradier Arena ere ekipamendu osagarri gisa, eta horrekin batera, gobernu-akordioan konprometitutako auditorioaren etorkizuneko eraikuntzari helduko diote. Antzokien sarea eta Montehermoso kulturunea indartuko dira, “eta garai bateko Ignacio Aldecoa Herri Ikastetxean diziplina anitzeko zentro bat edo lankidetza-zentro bat sortzearen aldeko apustua egingo dugu”.

Hirugarrena, “unitate eta proiektu kulturalak sendotzea”. Bertan, arduradunak departamentuko unitate garrantzitsuenen errepaso bat egin du (udal artxibategia, udal banda, folklore akademia eta abar), eta programa horiek sustatzeko helburua duten zenbait aldaketa zehaztu ditu. Horien artean “programazio nagusia indartuko dugu hainbat programen bidez: Kaldearte, Haur Ikuskizunen Erakusketa, kaleko kazetaritza, txotxongiloak, dantza-saioak eta, orain arte egin den moduan, Andre Maria Zuriaren jaiak modernizatzea”.

Laugarrena, “beste jarduera batzuk sustatzea”, hala nola kulturaren ikuspegia irakaskuntzan barneratzea edo herri-kontzientzia suspertzen duten kanpainak garatzea, edo egonaldiak, jardunaldiak, heziketak, mikromezenasgoak eta abar sustatzea.

Eta azkenik, Luís Aramburu Ikastetxeko nahiz José Uruñuela Kontserbatorioko Lehendakari gisa, orain arte bezala jarraitzearen alde azaldu da Canto, “joan den legegintzaldian egin genuen bezala, bi ikastetxe horiek indartzearen alde jokatuz”.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:42

 

  • Urtero egingo da enplegu-eskaintza Udaltzaingoko lanpostuak betetzeko

Aurreko agintaldian behin-behinekotasun tasa jaisteko egindako ahaleginek jarraipena izango dute 2019-2023 agintaldian. Hori izan da Giza Baliabideen Saileko zinegotzi Iñaki Gurtubaik gobernu-programa aurkeztean hartu duen konpromisoetako bat. Helburua da behin-behinekotasun tasa digitu batera murriztea —% 38koa zen 2017an—, hots langileen % 90 baino gehiago finkoak izatea.

Horretarako, C, D eta E taldeetako lanpostuak betetzeko eskaintza publikoa aktibatuko da hurrengo hilabeteetan. Segur aski, 400etik gora lanpostu hartuko ditu, barne sustapenerako prozesua bukatzen delarik Aldi berean, abian den A1 eta A2 taldeetako lanpostuen eskaintza burutuko da, eta, hartara, 171 pertsona sartuko dira goi-mailako kategorietako lanpostuetan. Udaltzaingoaren kasuan, helburua da urtero egitea enplegu eskaintza publikoa, hutsik geratzen diren lanpostu guztiak betetzeko.

Aldi berean, langileen atalera bideratzen den aurrekontua kontrolatzeko sistema bat jarriko da martxan, Gasteizko Udalaren aurrekontu osoaren % 35aren ingurura jaitsi dadin, inbertsioei eta udal zerbitzuen kostuei aurre egiteko ahalmena izan dezan. Horretarako, absentismo-tasa jaisteko neurriak hartuko dira, eta jubilazio aurreratu eta borondatezkoengatik jasotzen diren sarien sistema aldatuko da, besteak beste.

Giza Baliabideak Kudeatzeko Plana

Enplegu-eskaintza berriez eta langileen ataleko aurrekontuaren kontrolaz gain, Giza Baliabideak Kudeatzeko Plana martxan jartzea izango da beste lehentasun bat. Tresna horren bitartez, bultzada bat eman nahi dio udal gobernuak sailari, zeinen zereginek, zinegotzi ordezkariaren esanetan lan-administraziotik harago joan behar baitute.

Lau erronka nagusitan egituratuta dago plan hori: merezimendu eta profesionalizazio sistema indartzea, langileei administrazio digitalera eta prozesu automatizatuetara moldatzeko prestakuntza eskaintzea, lan-bizitza osoan etengabeko prestakuntza sustatzea, berdintasun- eta aniztasun- politikak sustatzea Udalean eta sormenaren edo pentsamendu kritikoaren gisako balioak aintzat hartzea hurrengo enplegu-eskaintzetan.

Giza Baliabideak Kudeatzeko Planak planteatzen dituen erronketako bi nabarmendu ditu Gurtubaik: alde batetik, hurrengo urteetan erretiroa hartuko duten langile ugarien esperientzia eta ezagutza baliatzea, eta bestetik, berriz, lanpostuen teknifikazioaren aldeko apustua, prestakuntza espezializazio-esparruetara eta jendaurreko arretara moldatuz, presentzia handiago izango baitute horiek etorkizunean.

Berehalakoan sindikatuekin negoziatzen hasteko borondatea azaldu du Giza Baliabideen Saileko zinegotziak, agintaldiko programako hainbat kontu lantzeko, Giza Baliabideak Kudeatzeko Planaren ildotik.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:28

 

 

 

 

 

 

Gorka Urtaran alkateak, Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak eta Gizarte Politiken Saileko zuzendari Sara Buesak harrera egin diote, gaur, Nejapako (El Salvador) alkateari, Gasteizko udaletxean. Nejapak —San Salvadorren metropoli-eremuko udalerria, 40.000 biztanlekoa—, lankidetza-harreman estua izan zuen Gasteizekin 1995etik 2005era bitartean. Horren ondorioz, hainbat proiektu egin ziren —saneamendua, ur-hornikuntza eta ingurumenaren babesa— El Salvadorreko hiri horretan. Udalerriko egungo garapen-planak aurkeztu ditu Nejapako alkateak gaur goizean.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:25

Irailaren 20an izango da, ostiralez, eta bizikleta erreibindikatu eta argiak eta elementu islatzaileak erabiltzeko premiaz ohartarazteko balioko du.

Florida kioskotik abiatuko da martxa. 

Familientzako gaueko bigarren bizikleta-martxan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko. Irailaren 20an izango da, ostiralez, Gasteizko Udalak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan antolatutako ekimen hori, bizikleta erreibindikatu eta argiak eta elementu islatzaileak erabiltzeko premiaz ohartaraztea helburu.

Udalaren webgunean nahiz herritarrei laguntzeko bulegoetan eman ahal izango da izena. Gehienez 400 pertsonek parte hartu ahal izango dute, eta prezioa euro batekoa da.

7,6 kilometro egingo dituzte ziklistek, Floridako kioskotik abiatuta (20:00etan). Ibilbidea: Floridako kioskoa – Senda ibilbidea – Frai Francisco ibilbidea – Cervantes ibilbidea – Rosalía de Castro- Fontetxako Gaztelua – Pedro Asua – Adriano VI.a – Ramiro Maeztu – Domingo Beltrán – Andre Maria Zuriaren Koroatzea – Arriagako atea – Errementari kalea – Andre Maria Zuriaren plaza – Mateo Moraza – Olagibel – Herrandarren kalea – Arana – San Ildefontso – San Bizente Paulekoa – Barnekale Berria – San Frantzisko – Aihotz plaza.

Bereziki sei urtetik gorako seme-alabak dituzten familiei zuzenduta dago jarduera, bizikleta hirian mugitzeko alternatiba osasungarria dela aldarrikatzeko. Bide batez, lehenago iluntzen hasia dela eta, horrenbestez, bizikletaz zirkulatzean argiak eta elementu islatzaileak erabiltzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela gogorarazi nahi da. Hau da martxaren araudia (pdf).

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:00
  • Livia Lópezek proposatzen duenez, hiria nazioarteko erreferente bihurtu behar dugu Kirol eta Osasun arloan

Livia López zinegotziak Kirol zerbitzurako aurkeztu duen gobernu-planaren barruan hiru erronka azpimarratu ditu: instalazioak hobetzea eta dibertsifikatzea, kirol-jarduerak sustatzea, esku hartzen duten eragile guztiei ahotsa emanez, eta kirol-ekitaldiak erakartzearen aldeko apustua berritzea. Era berean, Osasun Zerbitzuaren jarduera beste hiru ardatzen inguruan egituratuko da: bizi-ohitura osasungarriak sustatzea, kontsumo arduratsua eta segurua bultzatzea eta animalien ongizatea babestea.

Livia Lópezek, aurkezpenari ekiteko orduan, lehen urrats benetan garrantzitsu modura, Kirolak eta Osasunak erabateko protagonismoa izango duten udal departamentu bat sortzea azpimarratu nahi izan du. “Bi arlo horietan dugun konpromisoaren isla da. Gobernu honen borondatea da Gasteiz nazioarteko erreferentzia bat izatea bai Kirolean eta bai Osasunean ere, eta hiriaren bi nortasun-ezaugarri horien lehentasuna herritarren bizi-kalitatea hobetu dadila izatea”, azpimarratu du.

Gasteiz, kirolerako eremu zabal bat

Udalerri osoa pertsona guztiek kirola eta ariketa fisikoa egin ahal izateko instalazio handi baten modura ulertuta eta hori abiapuntutzat hartuta, Urtaran Kabineteak, lehen lan-ildo gisa, kirol-azpiegiturak pixkanaka hobetzen joateko plan bat sustatzea erabaki du, Mantentze-lanen eta Lurraldearen Sailekin elkarlanean, instalazio horien kontserbazio-egoera eta ekipamendua hobetuz. “Hiri aitzindaria eta guztiz pribilegiatua gara instalazioei dagokienez, baina beharrezkoak diren hobekuntzak eta egokitzapen-lanak egiten ez baditugu, erreferentzia izaten jarraitzeko aukera ezin hobea galduko dugu. Eginkizun horretan pertsonalki ahaleginduko naizela bermatzen dizuet”, adierazi du Kirol eta Osasun arloko zinegotziak.

Horrekin batera, Livia Lópezek hitz eman du, beste erakunde, departamentu eta entitate batzuekin batera, kirol-modalitate eta ordu-tarte jakin batzuetan gerta litezkeen gainzama-uneetan udal sarearen osagarri modura erabili ahal izango diren ordezko beste instalazio batzuk edukitzeko aukera aztertuko dutela, eta horretarako aukerak bilatuko dituztela.

Beste lan-ildo bat espazio publikoak eta berdeguneak kirolean aritzeko gune gisa indartzea izango da. Horretarako, tradiziozkoak ez diren kirol-jarduerekin loturik, sormena eta bizikidetza sustatuko duten parke berritzaileak diseinatzearen alde lan egingo dute. Udal instalazioen sarearen barruan ez dauden baina kirol-jarduerak (running, patinak eta abar) egin ohi diren beste espazio batzuk berrikusiko dituzte, horietan hobekuntzak egitea beharrezkoa ote den jakiteko (zoladura edo argiztapena).

Kirol-jarduerak gehiago sustatzea

Kirola pertsona guztientzat sustatzeko helburu horri begira, jardueren eskaintza berdintasunezko irizpideekin zabalduko da, premia bereziak dituzten kolektiboentzat eta osasun-erakundeekin elkarlanean. Horretarako, jarduera fisikoari berrekiteko programa batzuk abiaraziko dira eremu berezi batzuetan, esaterako Osasun Mentalarenean, bularretako minbiziarenean edo biriketako buxadurazko gaixotasun kronikoarenean, besteak beste. Adituek gidatutako horrelako programei esker zenbait patologia jasan dituzten pertsonek kirol-jarduerak berreskuratu ahal izatea lortu nahi da.

Era berean, gobernuak legegintzaldi honetarako duen beste erronka bat, hain zuzen ere, kirola bereizkeriaren aurkako eta gizarteratzearen aldeko borrokan tresna lagungarri bilakatzea da. Emakumeek eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek egun kirolean aritzeko gainditu behar dituzten oztopoak hartuko dira kontuan, jarduera eta proiektu desberdinak babesteko irizpideak zehazterakoan.

Kirol-eskaintzaren kalitatea hobetzeko eta horren jarraipena egiteko lan horrez gain, udaleko kirol-egitura osoarekin ditugun elkarrekintzak indartu nahi dira, herritarrengandik hasi eta kirol-klubetaraino. Horretarako, kirol-instalazioetako pertsona bazkide guztiekin dituzten komunikazioak hobetuko dira, bereziki euskarri digitalekoak. Horrez gain, eragile eta pertsona erabiltzaileekin solaskidetzarako eremu bat sortzea proposatzen dute, proiektu jakin batzuei buruz eztabaidatu ahal izateko mahai-inguru bereziak antolatuz.

Nazioarteko erreferentzia kirol-ekitaldietan

Kirol eta Osasun Sailak, Ekonomiaren Sustapen sailarekin elkarlanean, era guztietako kirol-ekitaldiak erakartzen eta sustatzen jarraitzeko helburua jarri du. “Gasteiz hiriak dagoeneko frogatu du maila goreneko kirol-ekitaldiak antolatzeko gaitasuna duela, eta arlo horretan nazioarteko erreferentzia izateko osagai guztiak biltzen dituela”, azpimarratu du Livia Lópezek, eta iragarri du, halaber, estrategia bat abiaraziko duela lehiaketa horietarako erabiltzen diren udal baliabideen eta zerbitzuen eraginkortasuna hobetu dadin.

Alde horretatik, kirol-ekitaldiak jasotzen dituzten zerbitzu eta kirol-instalazioen katalogoa bilduko duen gidaliburu bat prestatuko da, eta kirolari laguntzak emateko politika eraginkorrago baten alde jokatuko dute, azkarrago erantzunez eta dauden baliabideak hobeto erabiliz.

Bizi-ohitura osasungarriak sustatzea

Hiri osasungarri baten aldeko apustu hori, besteak beste, bizi-ohiturak hobetuko dituzten zenbait ekintzetan islatuko da. Horietako batzuk dira hauek: III. Osasun Plana, eskola-eremuko eta komunitateko hezkuntza-programak, indarreko Mendekotasun Plana Eusko Jaurlaritzaren 1/2016 Legera egokitzea, edo udal plantillaren barruan esperientzia pilotu bat abian jartzea, elikadura osasungarria edo sedentarizazioaren prebentzioaren inguruko prestakuntza eskainiz langileei. Beste helburuetako bat Udalaren politika guztietan osasunaren irizpidea barneratzea da, Udaleko teknikariak horren inguruan sentsibilizatuz eta prestakuntza eskainiz.

Kontsumo arduratsua eta segurua

Jarduera-eremu berezi bat kontsumitzaileen eskubideak babestearena izango da, eta halaber, kontsumoaren inguruan kontzientziatzea eta heziketa jasotzea. Horretarako, kontsumo arduratsua sustatzeko eta elikadura-segurtasuna hobetzeko estrategia bat abiaraziko da.

Estrategia honen barruko jardueren artean, ostalaritzaren sektorean elikagaiak alferrik galdu daitezela murrizteko ekimen bat nabarmendu behar dugu, laster lehen urratsak ematen hasiko dena. Elikagaiak galdu daitezela murrizteko jardunbide egokiak jasotzen dituen gidaliburu bat argitaratuko da, establezimenduak helburu horretara bultzatuz. Hurrengo lau urteetarako beste konpromiso bat, hain zuzen, ostalaritzan erabilitako elikagaien kalitatea kontrolatzeko sistema indartzea da, horien kontsumoarekin loturiko arriskuak ahalik gehiena murriztuz.

Animalien ongizatea babestea

Animalien kudeaketarekin loturiko lehentasunezko konpromiso bat da Animaliak Babesteko Zentroa (ABZ) eraberritzea, bertako instalazioak modernizatuz eta handituz. Berrikuntza-lan horri esker, animalien bolumenagatik edo tipologiagatik sortzen ari diren premia berrietara egokitu ahal izango da bilketa-zerbitzua.

Eremu honetan beste bi jarduera ere azpimarratu behar dira: alde batetik, animalien adopzioa sustatzea, bereziki potentzialki arriskutsuak direnak, horien jokabidea hobetzeko eta hezteko baliabideak eskainiz. Bestetik, animaliak dauzkatenen artean erantzukizuna sustatuko dute, ABZan heziketa-hitzaldiak eskainiz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:26

 

Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik iragarri du, gaur goizean, Gasteiz Antzokiaren eta Euskararen Etxearen proiektua eta obra egiteko enpresa hautatzeko kontratua urtea bukatu baino lehen esleituko dela. Gehienez 2.945.853,90 euroko aurrekontua baliatuko du Urtaranen gobernuak horretarako. Ruiz de Bergaratarren jauregi eraberrituan jarriko da Gasteiz Antzoki berria, lau solairu izango ditu, sarbideak Zapatari eta Errementari kaleetik, edukiera handiko areto nagusia, eta kultur sorkuntzarako eta lanerako espazio moldagarriak.

Euskararen alorreko agintaldi honetako gobernu-programa xehatu du Gurtubaik. Sei ardatz ditu bide-orriak: Euskara Biziberritzeko Planaren garapena, Euskararen erabilera  normalizatzeko barne plana, Gasteiz Antzokia, Euskaraldia, euskararen ordenantza posible baten azterketa elkargunearen barruan eta Euskaltzaindiak etorkizunean Arabako hiriburuan izango duen egoitza. Orobat azpimarratu du Euskara zinegotziak hizkuntzaren normalizazioan inplikatutako eragileekin lan egiteko premia; bai beste administrazioekin, bai Euskara elkargunearekin. “Erronka bat dugu: euskararen erabilera areagotzea kaleetan”, laburtu du Gurtubaik.

Zentzu horretan, gogora ekarri du joan den urtean onetsitako Euskara Sustatzeko Ekintza Plana garatu beharra dagoela, euskararen erabilera sustatzeko hainbat esparrutan, hala nola kirolean eta aisialdian, kulturan, hedabideetan, sektore sozioekonomikoan, familian, gazteen artean, etorkinen artean nahiz adinekoen artean.

Orobat da funtsezkoa euskararen erabilera areagotzea Udalean bertan, herritarren eskubideak bermatze aldera. Horretarako, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2018-2022) lantzen jarraituko da.

Gasteiz Antzokia izango da Euskara Zerbitzuaren erronketako bat agintaldi honetan. Ildo horretatik, Gurtubaik iragarri du proiektua abian dela, eta urtea bukatu aurretik esleituko dela, baldin eta errekurtsorik ez badago. Ondoren, sei hilabete hartuko ditu eraikuntza-proiektuak. Eta obrek, berriz, 18 hilabete iraungo dute. “Erreferentziazko espazio bat izango da, euskaraz bizi nahi dugunon kulturarako eta aisialdirako”, nabarmendu du zinegotziak.

Era berean, 2020ko Euskaraldiko eragile aktiboa izateko konpromisoa hartu du Udalak, ekimen horren azken edizioan bezalaxe, baita Euskadiko erakundeen hizkuntza ofizialaren erabilera normalizatzearen inguruko dekretu-proiektuaren markoan euskararen ordenantza posible batek lukeen lekua aztertzekoa ere, eta Euskaltzaindiarekin batera lan egitekoa, erakunde horrek egoitza finkoa izan dezan Euskadiko hiriburuan.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:06

Bizikletaz zihoan 63 urteko emakume bat zauritu zen atzo Mendizabala eta Lasarteko Atea kaleen arteko bidegurutzean izandako trafiko-istripu batean, eta beste bizikleta bat ere tartean nahastuta zegoen. Emakumea anbulantzian eraman zuten Santiago Ospitalera.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen inor zauritu eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituak egiteagatik; 22 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialak 9 jarduera burutu zituen.

Gas-ihesa

Juan XXIII.aren kaleko obra batzuetan lanean ari zen hondeamakina batek eragindako gas-ihesagatik esku hartu behar izan zuten atzo suhiltzaileek. Eguerdia baino minutu batzuk lehenago jaso zuten deia. SPEISeko langileek bi ur-lerro jarri zituzten aldameneko fatxadak babesteko, eta gasaren hornidura-enpresak, bien bitartean, hornidura moztu zuen. Esplosimetroaz hurbileko komunitateetan gas-kontzentraziorik ez zegoela egiaztatu ondoren amaitu zen larrialdia.

Share