Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak, Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  19 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Biodanzaren Astea aurkeztea

Parte hartzaileak. Biodanzabai Elkarteko presidente Mentxu Arjonilla; Euskadiko Biodanza Eskolako zuzendari Rakel Ampudia; eta Marcelo Toro, bideratzailea (Biodanzaren sortzailearen biloba)

Eguna. Ostirala, irailak 20

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, irailak 20

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————

Mugikortasunaren aldeko ostirala

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Egibideko ikasleak eta Mugikortasunaren Europako Astean egin den belaunaldien arteko tailerrean parte hartu duten adineko pertsonak

Eguna. Ostirala, irailak 20

Ordua. 12:00

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

—————————————–

Liburu Merke eta Aukerakoen Azoka aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Canto; eta Euskadiko Liburu Ganbarako arduradun Asier Muniategi

Eguna. Ostirala, irailak 20

Ordua. 12:00

Tokia. Urrezko Zeledonen plaza (azokako postuetan)

———————————————–

Bizikleta martxa gauean

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; eta 400 txirrindulari inguru, adin guztietakoak

Eguna. Ostirala, irailak 20

Ordua. 20:00

Ibilbidea: Floridako kioskoa – Senda ibilbidea – Frai Francisco ibilbidea – Cervantes ibilbidea – Rosalía de Castro- Fontetxako Gaztelua – Pedro Asua – Adriano VI.a – Ramiro Maeztu – Domingo Beltrán – Andre Maria Zuriaren Koroatzea – Arriagako atea – Errementari kalea – Andre Maria Zuriaren plaza – Mateo Moraza – Olagibel – Herrandarren kalea – Arana – San Ildefontso – San Bizente Paulekoa – Barnekale Berria – San Frantzisko – Aihotz plaza.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:57

Film laburraren zuzendari Roberto Menéndez bertan izango da, sorkuntza prozesua azaldu eta ikusleekin hitz egiteko

Bihar, ostirala, “La Memoria del Tiempo: Formas en el Espacio-Tiempo” dokumentala proiektatuko da José Uruñuela udal dantza kontserbatorioan, 16:30ean. Espainiako dantza garaikidea ezagutzeko bidaia da, Dantza Sari Nazionala jaso duten bost pertsonaren eskutik.

Lana 2018an egin zen, eta 28:42 minutu irauten du. Daniel Abreu, Chevi Muraday (Losdedae), Jon Maya Sein (Kukai Dantza), Sol Picó eta Carmen Werner (Provisional Danza) elkarrizketatzen dituzte bertan. Haien azalpen eta ikuskizunen bitartez, nola mugitzen diren, nola sortzen duten, zerk motibatzen dituen, zein kezka eta arazo duten eta zerk bultzatzen dituen urtez urte agertokira igotzera ikusiko dugu, eta Espainiako kulturaren munduan gutxien estimatzen eta sustatzen diren arteetako baten beharrak ezagutuko. Isa Suarez nazioarteko musikagileak sortutako jatorrizko soinu-banda magikoa dute lagun irudiek.

Gainera, nor bere emankizunean ikus daiteke, bakoitza bere estilo bereizgarriarekin; dokumentalaren luze-zabalean azaleratuko dira berezko ezaugarri horiek. Hauek dira ikuskizunak: ‘Perro’, Daniel Abreu; ‘Oskara’, Kukai Dantza; ‘One-hit wonders’, Sol Picó; ‘Black Apple’, Losdedae, eta ‘Una mirada sutil’, Provisional Danza.

“La Memoria del Tiempo: Formas en el Espacio-Tiempo” filmaren zuzendariak, Roberto Menéndezek, Arte Ederretako ikasketak egin zituen EHUn, Ikus-entzunezkoen espezialitatean, eta Zinema Errealizazioa ere ikasi zuen Londresen. Hainbat urtez telebistan egin zuen lan Madrilen, erreportaje saioetan (Nosolomusica) eta dokumentaletan. Fikziozko lan laburrak ere egin zituen.  Haren dokumentalen artean nabarmenena “Los niños de Guernica tienen memoria” izenekoa da.

Fitxa teknikoa

Izenburua: La Memoria del Cuerpo: Formas en el Espacio-Tiempo

Ekoizpen urtea: 2018

Ekoizteko modua: independentea / crowdfunding

Iraupena: 28:42 minutu

Zuzendaria, ekoizlea eta gidoigilea: Roberto Menéndez

Argazki zuzendaria: Roberto Rivas

Muntatzea: Ruth Carreras

Musika: Isa Suárez

Film laburraren ibilbidea

FIVER, Logroñoko ACTUAL jaialdiaren barruko atala: ekoizten laguntzeko saria; Azkuna Zentroa; MACA (Alacanteko Arte Garaikideko Museoa), Abril en Danzaren barruan; Real Coliseo de Carlos III (San Lorenzo de El Escorial), Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta; ACT FESTIVAL, Bilborock, Bilbo, Nafarroako Dantza Eskola (Iruñea); Bucaresteko Linotip dantza zentroa (Errumania), Bucaresteko Dantza Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren barruan, Cervantes institutuaren eta FIVER jaialdiaren eskutik.  Laster: Gasteizko Dantza Kontserbatorioa; Cuarta Pared aretoa, Territorio Danza inauguratzeko; Girona Film Festival; La Fundición (Bilbo), Dantzaldiaren barruan; Danza Tac (Tenerife); Festival LDC (Madril); Bremengo Dantza Garaikideko Jaialdia, Cervantes institutuaren eta FIVER jaialdiaren eskutik; Niessen kulturgunea (Errenteria), Kukai Dantza taldeak gonbidaturik.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:19

 

  • Irailaren 21etik urriaren 20ra, hockey, tai-ji, boleibol, jugger edo irristaketa praktikatu ahalko dira, besteak beste

Asteburuan jarriko da berriro abian Kirol Park kanpaina, Gasteizko Udalak espazio publikoan kirola egitea sustatzeko sortutakoa, hiru proposamenekin: boleibola, kaleko hockeya, eta tai-jia. Irailaren 21etik urriaren 20ra zortzi jarduera antolatu dira Kirol Park Udazkena programazioaren barruan; ekainean eta uztailean, berriz, hamalau jarduera egin ziren, udako edizioan.

Salburuan hasiko da asteburuko programa, irailaren 21ean (larunbata). 10:30etik 13:30era (gutxi gorabehera) jolas-boleibola landuko da Ekialdeko parkean. Lankide eta Jatorria taldeen laguntzarekin, interesdun orok besteak beste arintasuna eta oreka hobetzeko balio duen kirol horretan hasteko aukera izango dute. Publiko orokorrari irekitako jarduera da, eta ez da izena eman behar.

Larunbat arratsaldean Foru plazako pilotalekura aldatuko da Kirol Park. Kaleko hockeyan hasteko jarduera izango da bertan, 18:00etatik 21:00etara. Edonork hartu ahalko du parte kirol hori ezagutzeko jardueran, izena eman beharrik gabe; Street Hockey Gasteiz taldearen lankidetza izango da jardueran.

Igande goizean, hilak 22, tai-jiaren txanda iritsiko da. 12:00etatik 14:00etara arte jarduera hori ezagutu eta ikasteko saio bat antolatu da Prado parkean. Youch’ing elkarteak lagunduko du jende guztiari irekitako lantegian, ez baita izenik eman behar.

Datozen asteburuetan beste kirol batzuk praktikatu ahalko dira Gasteizko hainbat auzotan: skatea, irristaketa eta juggerra. Kirola kalera ateratzeko kanpainaren udazkeneko fasea amaitzeko, urriaren 20an askotariko jarduerak antolatu dira Salburuko parkean.

Kirolaren eta ariketa fisikoaren praktika sustatzeaz gain, kaleko kirolaren bitartez autonomia, harreman sozialak eta aisialdia modu osasungarrian betetzea sustatu nahi da Kirol Parken bidez, bai eta hiriko espazio publikoen eta berdeguneen erabilera ere.

 

+INFO: Voley irailak 21

+INFO: Street Hockey irailak 21

+INFO: Taichi irailak 22

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:40

Ogasun Batzordeak 2020rako ordenantza fiskalen proiektua tramitazio egutegia onetsi du gaur, aho batez. Udal talde politikoek bihartik urriaren 9ra arteko epea izango dute zuzenketak aurkezteko; Udalbatzak proposamena urriaren 18an behin-behineko onestea da asmoa, eta abenduaren 20an, behin betiko. Hartara, datorren urteko urtarrilaren 1ean sartu ahalko dira indarrean ordenantza fiskal berriak.

Aldi berean, herritarren partaidetzarekin lotutako zenbait urrats aurreikusten dira egutegian: irailaren 24an, jendaurreko aurkezpen irekia egingo da, auzogune, elkargune eta herritarrek proposamenak egin ditzaten; urriaren 3tik 7ra, Gizarte Kontseiluak proiektuari buruzko txostena landuko du, eta abenduaren 3an, alegazioak eta erreklamazioak aurkezteko epea irekiko da.

Ogasuneko zinegotzi Iñaki Gurtubaik zergen proiektuaren alderdi nagusiak aletu ditu, baita oinarrizko planteamendua ere: Udalaren diru-sarrera eta gastu arrunten arteko erlazioa hobetzeko neurriak hartzeko beharra, aurrezpen garbia sortu ahal izateko, halaxe eskatu baitu kontu-hartzaile nagusiak bere azken gomendioetan.  “Proposamen zentzudun eta orekatua da, zerbitzu publikoen aldeko apustua egiten duena. Haien balioan benetan sinesten badugu, kontsekuenteak izan behar dugu”, azpimarratu du alkateordeak.

2020rako ordenantza fiskalen proiektuak, zeina joan den ostiralean onetsi baitzuen Tokiko Gobernu Batzarrak,  presio fiskala mantentzea aurreikusten du, udal-zergak eta tasak oro har % 1 igoz (eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga izan ezik, hori izoztu egingo bailitzateke). Bederatzi tasa eta prezio publikoren kasuan, berriz, % 4ko hazkuntza planteatu da: hiri-hondakinak bildu eta suntsitzeko lanei dagokien tasa, hondakinak isuri eta tratatzeari dagokiena, hileta-zerbitzuengatiko tasa, ibilgailuak eraikin partikularretan sartzeagatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharreko tasa, TAO, kirol instalazioak erabiltzeagatiko prezioa, udal zentroetako jarduera eta ikastaroei dagokien prezioa, zenbait ekipamendu erabiltzeagatiko tasa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokion tasa.  Izan ere, bederatzi tasa eta prezio horietan sortzen da desoreka handiena zerbitzuak benetan balio duenaren eta biltzen den kopuruaren artean.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:34

Bi kale horietako galtzadak urte bukaerarako berrituko dira, sei aste iraungo duen esku-hartze bikoitzari esker

Gasteizko Udalak Jundiz eta Urartea kaleak eraberritzeko kontratuak esleituko ditu ostiralean; horien bidez, bi kale horietako asfaltoa konponduko da urte bukaerarako. Ekonomia Sustapenerako Sailak 700.000 euro inbertituko ditu bi esku-hartze horietan, eta 2,2 kilometroko azalera konponduko da. Bi industrialdeetako enpresekin adostu dira hobekuntzak, Industria Mahaian.

Alkateorde eta Ekonomia Sustapenerako zinegotzi Maider Etxebarriak azaldu duenez, “Gasteiz duela sei hamarkada hasi zen udalerriko industrialdeak garatzen, ekonomia sustatzeko funtsezko tresna zirelakoan. Gure asmoa da ditugun baliabide guztiak erabiltzea industrialdeak hobetzeko lanak egiteko, eta enpresei hainbat modutan laguntzeko. Jundiz eta Urartea kaleen eraberritzea asmo horren adibidea da”.

Urartea kaleko (Ehariko industrialdean) zein Jundiz kaleko galtzadak oso hondatuta daude, handik ibilgailu astunak igarotzen baitira etengabe; horrenbestez, asfaltoa berritzea gomendatu zuten txosten teknikoek. Jundiz kaleari dagokionez, Paduleta eta Zurrupitieta kaleen arteko zatia konponduko da, hau da, 1,1 kilometro duen zati bat. Urartea kalea osorik berrituko da, hots, 1,1 kilometro. Lanak hilabete barru hastekoak dira, eta 6 aste iraungo dute batean zein bestean. Azken orduan eragozpenik sortzen ez bada (baldintza meteorologikoak direla eta, esaterako), urte bukaerarako izango dute asfalto berria bi kaleek.

Yarritu enpresa arduratuko da Jundiz kalea eraberritzeaz, 361.396,71 euroan (BEZa barne). Urartea kalea eraberritzeko lana, aldiz, Firmes Alaveses enpresari esleituko zaio, 339.233,70 euroan (BEZa barne).

Lan hauek egingo dira: asfaltozko aglomeratuaren geruzak fresatu eta kendu, asfaltu-emultsioen inprimazio eta itsaspen geruzak hedatu eta seinaleztapen horizontala margotu.

 

Share