Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-09-24)

Pertsona Gorren Nazioarteko Eguneko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 10:00

Tokia. Bibat museoa (Aiztogile kalea, 54)

—————————————–

Prentsaurrekoa. Erdi Aroko Azoka aurkeztea

Parte hartzaileak. Enpleguaren, Merkataritzaren eta Biltzarren zinegotzi Felipe García

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————-

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteizko 42. Maratoi Erdia aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez; Arabako Atletismo Federazioko presidente Andrés Sánchez; Arabako Atletismo Federazioko antolakuntza arduradun Mikel Garcia; eta Laboral Kutxako Komunikazio arduradun Kepa Ortiz de Urbina

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 10:15

Tokia. Laboral Kutxako egoitza (Dato kalea 14-16)

————————————-

Prentsaurrekoa. Zinema Gaur jaialdiko udazkeneko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta jarduerako koordinatzaile Garbiñe Ortega

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso kulturunea, Ortuño aretoa

—————————————————

Mugikortasun plan berriari buruzko erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 12:00

Tokia. Aldabe gizarte etxea

—————————————

Nesken Saskibaloi Ligaren 2019/2020 denboraldiko Araski taldea aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteartea, irailak 24

Ordua. 19:30

Tokia. Goiuri jauregia, Martin de Salinas aretoa

Share

Labana batez zauritu du bere bikotekidea

 

Udaltzaingoaren Agenteek 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, bere bikotekideari arma zuri batez mehatxatu izanaren delituaren ustezko egilea delakoan.

Gertaera horiek Gamarrako Atea kalean izan ziren, eta antza denez, bi bikotekideak eztabaida sutsuan zebiltzan ibilgailu baten barrualdean. Jakinarazpena jaso ondoren, Udaltzainak bertara joan ziren, baina han biktima bakarrik zegoen, eta udaltzainei egiaztatu zien eztabaidan eta borrokan ibilia zela bere bikotekidearekin. Gizonak labana batez mehatxu egin zion eta gero hurbileko paperontzi batera bota zuen.

Udaltzainek han inguruan topatu zuten gizonezkoa, baita labana ere, eta bi bertsioak entzun ondoren, atxilotu egin zuten. Borrokaldi horretan biktimak esku batean zauri bat jasan zuenez gero, patruila batek ospitalera eraman zuen, eta gero Agirrelandako polizia-etxera, zegokion salaketa jar zezan. Atxilotua epailearen esku jarri zuten.

Ostiralean, Udaltzaingoaren agenteek 19 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten Zaramaga kalean, genero-indarkeriako delitu batengatik, autobus-markesina batean emakume bati eraso egin ondoren. Gizonezkoak alde egin zuen bertatik, baina handik pixka batera aurkitu zuten, lekuko batek emandako deskribapenari esker. Epailearen esku jarri zuten.

Ostiral horretan, halaber, Udaltzaingoak 23 urteko mutil gazte bat atxilotu zuen genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Sansomendiko auzoan bere etxebizitzan bikotekideari eraso egin ondoren. Eztabaida batean zebiltzala izan ziren gertaera horiek. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku jarri zuten larunbat goizean.

 

Gizonezko bat atxilotu dute amari eraso egin ondoren

Udaltzaingoaren Agenteek 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, igande goizean, etxe-indarkeriaren delitu baten ustezko egile delakoan.

Gertaera horiek larunbat goizean hasi ziren, gizonezko horren eta bere amaren arteko istiluekin. Istilu horietako batean, arratsaldean, gizonezkoak emakumeari mehatxu eta eraso egin zion. Gauean, gazte hori Zabalgana auzoko bere familia-etxebizitzatik lanera joateko atera zenean, biktimak 092 zenbakira deitzeko eta gertatutakoa kontatzeko aprobetxatu zuen, eta horri zegokion salaketa jarri zuen Agirrelandako polizia-etxean. Udaltzainek zenbait kudeaketa egin ondoren, erasotzailea aurkitu zuten eta atxilotu eta epailearen esku jarri zuten.

 

Salaketa jarri diete lau gidariri, mozkortuta gidatzeagatik

Udaltzaingoa 4 kasuri dagozkion argiketa-izapideak egiten ari da, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin ote duten ikertzeko.

Horrez gain, asteburuan alkoholemiako 8 prebentzio-kontrol egin ditu, 150 gidariri eginarazi zaizkie proba horiek, eta guztira, 4 kasu positibo izan dira.

 

Bost pertsona zauritu dira trafiko-istripuetan

Irailaren 20az geroztik –ostirala– 28 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 5 pertsona zauritu dira.

Ostiraleko 14:00ak baino minutu batzuk lehenago, istripu bat gertatu zen Baiona eta Iruñea kaleen elkargunean, eta bertan, auto bat eta bizikleta bat zeuden nahastuta; bizikleta gidatzen zihoan 75 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen. Larrialdi-zerbitzuek artatu behar izan zuten, eta Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

15:30ak aldera bizikletaz zihoan beste emakume bat zauritu zen, Herrandarren kaleko bidegorritik zihoala, Olagibel kalearen parean bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Kolpearen ondorioz, lesio batzuk izan zituen eta Santiago Ospitalera joan zen lesio horietatik artatzera.

Bi ordu geroago, beste istripu bat erregistratu zen Urbasa kaleko espaloian, 13 urteko mutil adingabe batek bere bizikletaren kontrola galdu eta lurrera erori ondoren. Beso-haustura izan zuen. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen txirrindularia.

Ostiralean Gaztelako Atean ibilgailu askoren artean gertatutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Suhiltzaileen lan-taldeak eta anbulantziak joan ziren bertara, eta zauritutakoak ospitalera eraman zituzten.

Motoz zihoan 38 urteko emakume bat zauritu zen larunbatean, 15:00ak baino pixka bat lehenago, Zabalgana Hiribidearen eta Gustavo Dore Plazaren arteko biribilgunean, bere ibilbidea moztu zuen auto bat ez jotzeagatik lurrera erori ondoren. Istripua gertatutako tokian bertan artatu zuten emakumea, eta ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Asteburuan 59 salaketa erregistratu ditu Polizia Judizialak.

Share

Javier de Reparazen “Barrutik-Desde dentro” argazki-erakusketa Olarizuko etxaldean

 

Ostiralean izango da inaugurazioa, egilea bertan dela, eta ekitaldian Naiara Rojoren argi-eta dantza-ikuskizuna izango da ikusgai.

‘Barrutik-Desde dentro’ erakusketan, Javier de Reparazen “objektu fotografikoak” izango dira ikusgai urriaren 27ra arte Olarizuko etxaldean. Irailaren 14an inauguratuko da, 19:30ean, Naiara Rojok eskainiko duen argi- eta dantza-ikuskizunarekin.  Egilea bera ere ekitaldian izango da.

Javier de Reparazen ustez, argazkiak “barrutik” sor ditzake irudiak, eta hori erakutsi nahi izan du erakusketako “objektu fotografikoak” tarteko. “Mahai batzuen gainean hainbat kristal  eta horietako bakoitzaren argazkia jarri ditut. Begirada irudian zehar pasatzen da, beste irudiarekin topo egin arte. Irudi eta begiraden dantza etengabeak ikuslea errealitateaz bere irudia egitera behartzen du” adierazi du.

Pigmentuak argiaren bitartez finkatzea

Ikatz-teknikarekin positibatutako argazki-teknikaren bidez egindako argazkiak erakusten dira. Teknika hau  XIX. mendekoa da, eta “picrorialista” zeritzen argazkilariek erabiltzen zuten, Potasio dikromatoak argiarekiko duen sentikortasunean oinarritzen da eta horrek kolore desberdinetako pigmentuak hainbat azaleraren gainean erabiltzeko aukera ematen du. Pigmentuak argiarekin finkatzearen artea da.

Javier de Reparazek teknika hau baliatuz positibatutako zuhaitz eta basoen argazkiak erakusten ditu, kristalezko euskarri baten gainean jarrita.

Urriaren 19an argazkigintza teknika honi buruzko lantegia emango du Javier de Reparazek. Irailaren 26an hasiko da lantegian parte hartzeko izena emateko epea.

Erakusketa: ‘Barrutik-Desde dentro’

Lekua: Olarizuko etxaldea.

Data: irailaren 13tik urriaren 27ra

Ordutegia: iraileko ostiraletan (20an eta 27an izan ezik), 10:30etik 15:00etara. Iraileko eta urriko larunbat eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Javier de Reparazekin harremanetan jartzea: Udalaren Komunikazio Zerbitzuaren bitartez.

 

 

 

 

Share

Gasteizek 2.432 zuhaitz berri irabazi ditu

Zinegotzi Amaia Barredoren adierazpenak

 

2016tik, Gasteizko Udalak 5.444 zuhaitz landatu ditu hiriaren barruan. Urtez urte hazten den kopuru horri hirian barrena dauden zuhaixkak eta Eraztun Berdeko zuhaitzak gehitu behar zaizkio. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok zehaztu du zenbat zuhaitz landatu den urte horietan: 2016an, 1.101; 2017an, 980; 2018an, 2.133. 2019an, berriz, 1.230 landatu dira orain arte, baina udazken-neguko landaketa kanpaina egiteke dagoelarik, aurreko ekitaldiko kopurua gaindituko da.

Noizean behin zuhaitzak moztu behar izaten ditu Udalak, arriskua dakartelako, gaixo daudelako (ihartu egin direlako) edo beharrezkoa delako. 2016tik 3.021 zuhaitz kendu dira. “Saldoa, beraz, oso positiboa da. Gaur 2016an baino 2.432 zuhaitz gehiago ditugu”, azaldu du zinegotziak. Zuhaixken kasuan ere nabarmena da hazkundea: 2019an 10.057 landatu dira; 2018an, 7.313; 2017an, 4.932; eta 2016an, 4.078.

Gasteiz hiri osoan 115.000 zuhaitz inguru daude. Nahikoa da begiratu azkarra ematea Espazio Publikoaren Zerbitzuak sustatutako azken proiektuei egiaztatzeko Udala zuhaitzez hornitutako kalitateko espazio publikoak diseinatzen ari dela. Askotariko adibideak ditugu: hiri-bilbean (Tornay Medikuaren kalean eta Salvador eta Peru kaleetan lerrokadura-zuhaitz berriak landatzea), auzoetan (azpiegitura berdearen barruko proiektuak, Gasteiz Hobetuz programan sartutakoak), hiri inguruko parkeetan (Olarizuko lorategi botanikoa, Nebera gaina, Jundiz), eta abar.

 

Share

Zakurrentzako atoi batean hegaluzea garraiatzeagatik Udaltzaingoak ikertutako gizonak ia tona bat arrain eraman zuen baldintza osasungaitz horietan ekainetik

 Ekainaz geroztik ziharduen horretan. Orotara, 968 kilo arrain garraiatu zituen baldintza osasungaitzetan, beharrezko hozterik gabe eta higiene eta osasun baldintzak bete gabe, hau da, osasun publikorako arrisku argiarekin.

Egindako ikerketan ondorio horiek atera dituzte. Joan den abuztuaren 21ean atxilotu zuen 64 urteko gizona Udaltzaingoak, zakurrentzako atoi batean zeramatzan 9 hegaluze arrandegi batean deskargatzen ari zelarik harrapatu zutenean.  Arraina babesteko bilgarririk eta izotzik gabe zeraman.

Udaltzaingoak Mercabilbao Bilboko handizkako azoka zentralaren laguntza izan du ikerketan, ikertuak bertan erosten baitzuen salgaia. Mercabilbaok segurtasun-kamerak hartutako irudiak eman dizkio Udaltzaingoari; horien arabera, ekaina hasieratik joan zen pertsona hori merkatura bere ibilgailu eta atoiarekin.

Salmenta albaranak ere kontsultatu dira, zeinetan erosketa-egunak eta kopuruak (ia tona bat orotara) agertzen baitira. Horrenbestez, egiaztatu da abuztuaren 21eko gertaerak ez zirela puntualak, ohikoak baizik.

Udaltzaingoak epaitegira bidali du informazio hori guztia, eta han erabaki beharko dute osasun publikoaren kontrako delitua den.

Abuztuaren 21ean, ikertuak 21 tona hegaluze garraiatu zuen zakurrentzako atoian. Udaltzaingoa zaintza-operazioa egiten ari zen, elikagai galkorren arauz kanpoko garraio-jarduera bat egiten aritu zitezkeela susmatzen zuelako, eta deskargatzerakoan harrapatu zuen.

Arraina ibilgailutik eta saltzekoa zen arrandegitik eraman ondoren, udal albaitari batek egiaztatu zuen hegaluzearen tenperatura 16ºC-koa zela. Baldintza egokietan 0º eta 4º artekoa izan behar du, eta 15º C-tan azkartu egiten da usteltze naturala, zeinaren ondorioz histamina sortzen baita; horrek intoxikazioak eragin ditzake.

 

Hori ikusita, albaitariak salgaia bahitzeko agindu zuen, osasun publikorako arriskutsua zelako, eta udal zabortegira eraman zezaten, suntsitzeko. Orobat, gertakarien berri eman zitzaion Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, hark baitu eskumena alorrean, dagokion administrazio-salaketa tramitatu zezan.

Share

Gazteentzako Udalaren Hizkuntza Klubak izena emateko epea irekita egongo da irailaren 30era arte

 

Gazteria Zerbitzuak, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoaren bitartez, Hizkuntza Kluba eskaintzen du urritik ekainera bitartean. Bertan, gazteek ikasten ari diren hizkuntzen mintza praktika egin dezakete eta izen-ematea doakoa da.

Hizkuntza Klubak aukera ematen die 16 eta 35 urte bitarteko gazteei ikasten ari diren hizkuntzak praktikatzeko. Betebeharrak bi dira: adin tarte horretan egotea, eta praktikatu nahi den hizkuntzaren maila ertaina edukitzea. Eskaintzen diren hizkuntzak honakoak dira: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta italiera. Taldeak EHUko Letren Fakultateko ikasleek dinamizatzen dituzte eta saioetan debateak, jolasak eta denbora-pasak egiten dituzte.

Izen-ematea irailaren 30era arte irekita dago eta bi modutan egin daiteke: Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Espainia plaza 1 behean; edo online www.vitoria-gasteiz.org/hizkuntza kluba webgunean. Ikasturte osoan zehar ere izena emateko aukera izango da, bai leku libreak dituen talde batean parte hartzeko bai itxarote zerrendetan egoteko.

Share