Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  5 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Humanity at Music Sinfonia Kooperatiboa aurkeztea

Parte hartzaileak. José Uruñuela Kontserbatorioko presidente eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto; MONDRAGON Korporazioko presidente Iñigo Ucin; HaM proiektuko zuzendari eta konpositore Fernando Velázquez; Kukai Dantza Taldeko zuzendari Jon Maya; Kultura kontseilari Bingen Zupiria; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro González

Eguna. Ostirala, irailak 6

Ordua. 11:15

Tokia. José Uruñuela Dantza kontserbatoria

 

* Prentsaurrekoa eta gero, 12:00etan, entsegua egingo dute komunikabide grafikoentzat

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:59

Udaltzaingoaren Agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteartean, Katedraleko aparkalekuan zeuden bi ibilgailutan indarrez lapurtu izanaren delituaren ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion, 20:00ak aldera, Luis Heintz kalearen lurpeko aparkalekura joan zedin, emakume gasteiztar bat bertara polizia joan zedila eskatzen ari baitzen, hain zuzen ere, bere ibilgailuan lapurreta egin zutelako eta leihatila bat puskatua zuelako.

Udaltzainek egiaztatu zuten beste auto batean ere lapurreta egin zutela eta odol-arrasto batzuk zeudela. Bideo-zaintzako irudiak ikusi ondoren, ustezko lapurra ezagutu zuten, antzeko beste ekintza batzuetan esku hartu zuelako, eta beraz, erraz topatu ahal izan zuten.

Zeramatzan arropak irudietakoak zirenez eta hainbat ebaki zituenez, horietako batzuetatik odola zeriola, atxilotu egin zuten.

Atxilotua epailearen esku geratu da gaur goizean.

Genero-indarkeria

Udaltzaingoaren agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, bere bikotekidea jotzeagatik.

Herritar batzuek patruila bati dei egin zioten, Dato kalean pertsona bat emakume bat beldurtzen ari zelako. Emakumeak udaltzainei adierazi zien bere bikotekide ohiarekin geratua zela, eta hark, eztabaida batean, zenbait lesio eragin zizkiola eskumuturrean, eta horrexegatik, udaltzainek gizonezkoa atxilotzeari ekin diote eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

Zazpi pertsona zauritu dira istripuetan

Zazpi pertsona zauritu ziren atzo trafiko-istripuetan.

Haitz kalean autobus baten eta auto baten artean gertatutako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bigarren ibilgailuan zihoan gidaria, 29 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Honduras kalean bizikleta baten eta auto baten artean izandako talkaren ondorioz gertatutako beste istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira. Bizikleta gainean zihoan 46 urteko emakumezkoa artatu zuten bertara joandako larrialdi-zerbitzuek, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Legutioko Atean beste istripu bat gertatu zen bi autoren arteko talkaren ondorioz. Talka horren ondorioz, gidarietako bat eta harekin zihoan bidaiaria zaurituta geratu ziren, nahiz eta bidaiari gisa zihoan 24 urteko emakumea bakarrik eraman behar izan zuten anbulantzian Santiago Ospitalera.

Gamarrako Atean auto batek eta motozikleta batek elkarren aurka talka egin zuten. Motoz zihoan 36 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta larrialdi-zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bizikleta bat gidatzen ari zen 16 urteko mutil bat zauritu zen, Jauregilanda kaletik zihoala bizikleta gainetik erori ondoren. Santiago Ospitalera eraman zuten adingabea.

Auto batean zihoazen 40 urteko gizonezko bat eta adingabe bat zaurituta geratu ziren Iliada pasealekuaren eta Praga hiribidearen arteko bidegurutzean beste auto batekin izandako istripuan. Mutil adingabea bakarrik eraman behar izan zuten anbulantzia batean Txagorritxu Ospitalera.

Udaltzaingoak, horrez gain, zauriturik gabeko beste 8 trafiko-istriputan esku hartu zuen eta 38 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako zenbait delitu egiteagatik, gida-baimenik gabe gidatu zuelako, edari alkoholdunen eraginpean gidatu zuelako eta nahitaezko probak egiteari uko egin ziolako. Zarautz kaletik hurbil gertatu zen, inguruko bizilagun batzuek ikusi eta poliziari deitu ondoren.

Udaltzaingoak atzo 23 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituen.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:33

Eskatzaileen % 76k eskuratu du lekua. Hainbat ikastarotan lekua da oraindik, 5000 leku eman gabe daude.

 

Gaur goizean egin da Gasteizko gizarte etxe eta kirol instalazioetako jardueretarako zozketa, eta 30.559 pertsonak eskatu du lekuren bat.

Datuak:

1.- Eskatzaileak: 30.559

  • Web-orriaren bidez: 18.324 (% 59,96)
  • Telefonoz: 1.354 (% 4,43)
  • Aurrez aurre: 10.881 (% 35,61)

2.- Zozketatutako lekuak: 37.718

3.-Eskatutako lekuak: 105.741

4.- Eskatutako lekuak, pertsonako: 3,46

5.- Lekua lortu dutenak: 23.401 (% 76,58)

6.- Esleitutako lekuak: 32.621 (% 86,49)

7.- Esleitutako lekuak, pertsonako: 1,39

Hutsik geratu diren lekuak (5.097) eskatzen dituzten pertsonei emango zaizkie, eskaeraren hurrenkeran. Internet bidez edo zentroetako edozeinetan eskatu ahalko dira, honako egunetan:

  • Kirol jarduerak (1., 2. eta 3. multzoak): 2019ko irailaren 14ko 8:30etik aurrera
  • Beste jarduerak (4. multzotik 11.era bitartekoak): 2019ko irailaren 17ko 8:30etik aurrera.
Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:21

 

  • Ekimenaren 20. edizioa kontinente osoko 1.900 hiri baino gehiagotan egingo da, irailaren 16an (astelehena) hasita. Egitarauan Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren 10 urteetan lortutakoa aldarrikatuko da, eta herritarrak Ihes-Areto baten parte-hartzera gonbidatuko da, Andre Maria Zuriaren plazan, hartara hirian zehar ahalik eta modurik iraunkorrenean mugitzen ikas dezaten.

·        Irailaren 21ean ospatuko da Gasteizen ‘Hiria nire autoa gabe’, San Frantzisko kalean, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inguruaren eraberritzea ikusarazteko

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 20. edizioan parte hartuko du Gasteizko Udalak. Europar Batasunak sustatzen du ekitaldia hori, eta kontinenteko 1.900tik gora hirik parte hartuko dute, “Walk with us” lelopean. 1999an egindako lehen edizioko berbera da helburua oraindik ere, hots, herritarrak kontzientziatzea ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko premiaz eta joan-etorrietarako modu iraunkorragoen alde egitea, hala nola garraio publikoaren eta bizikletaren alde. Hitzorduak argitara ekartzen du Gasteizko mugikortasuna ezaugarritzen duen balioa: eraikuntza konpartitua, “Caminado juntos/elkarrekin ibiltzen”. Gure hiriko mugikortasuna iraungarriago bihurtzeko egin dugun bidea erakustea, eta oraindik egiteko daukagunean elkarrekin ibiltzea, horixe da gakoa. Atxikipen gehiago lortzea, herritar-sektore eta – taldeen kontzientziazioarekin aurrera jarraitzea, eta etorkizunean egin beharrekoak eta horien onurak aurkeztea; helburu horiek dira Andre Maria Zuriaren plazan paratuko den “Mobility Room” delakoarekin, alegia, ihes-areto bat, non zenbait erronkari aurre eginez, modu atsegin eta dibertigarrian partaideek hirian zehar modu iraungarrian mugitzen ikasiko duten.

Astean zehar, presentzia handia izango du lanerako joan-etorrietako mugikortasunak. Gasteizko zenbait enpresak (RPK, Automach, Caype…) beren egoitzetara joateko mugikortasun iraunkorreko zenbait aukera azalduko dituzte, eta erabiltzen dituzten hainbatek beren eskarmentua kontatuko dute Udalaren webgunean.

Irailaren 16an hasiko da egitaraua, “Egingo zenuke denboran atzera?” ekimenaren edizio berri batekin, hots, hiriko zenbait kale duela urte batzuk nola zeuden ikusteko, eta aldaketaren onurak egiaztatzeko ekimenarena. Iaz izan zen lehen edizioa, eta orduan partaideek atzera egin zuen denboran Dato kalean; aurten Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalean egingo du ordulariak atzera.

Irailaren 17tik 21era (asteartetik larunbatera) mugikortasun iraunkorrari buruzko Ihes-Areto berezi bat egongo da Andre Maria Zuriaren plazan. Gehienez ere 4 kideko taldeak sartuko dira (gutxieneko adina 8 urtekoa), eta 30 minutuz zenbait erronkari aurre eginez, hirian zehar modu iraunkorrean mugitzen ikasiko dute. Asteartetik ostiralera 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 20:30era irekiko da, eta larunbatean 11:00etatik 14:00etara. Hemen duzu izena emateko esteka.

Asteartean eta ostegunean (irailak 17 eta 19), beste jarduera bat egingo da EHUren laguntzarekin Nieves Cano kaleko ikasgelategian, non bizikletaren ikuskaritza teknikoko postu bat instalatuko den. 12:00Ak eta 14:00ak bitarte, txirrindulariak bertara joan ahalko dira, eta aditu batek bizikleta gainbegiratuko dio doan, eta izan ditzakeen akatsak azalduko eta bizikleta onik zaintzeko aholkuak emango dizkio. Horrez gain, Udalaren bizikleten udal erregistro borondatezkoaren berri emango zaie bertaratuei. 

 “Ekintzailetza eta mugikortasuna” deituko da Araba Ekinean laguntzarekin egingo den Ekin breakfastaren izenburua. Irailaren 19an izango da Goiuri jauregian, eta bertan mugikortasun iraunkorra hiriarentzat eta bertakoentzat onuragarria izateaz gain, aberastasuna eta enplegua sortzen duela planteatuko da. mugikortasun iraunkorrari buruzko ekintzailetza-esperientzia jakin batzuk aurkeztuko dira. Partaide izango dira: Javier Knörr (Elproex-eko presidentea); Mikel Uriarte, Ebikevialki-ren komunikazioko arduraduna; Alberto Delgado, Veltium-eko sortzaileetako bat eta egungo zuzendaria; eta Eusebio Puebla Fernández Intelligent Parking-eko CEO. Saioa zuzenduko du María Fernández Peral ingurumen arloko teknikaria, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailean diharduena. Ekitaldi horretara joan nahi baduzu, hauxe duzu izena emateko esteka.

Irailaren 20a “mugikortasunaren aldeko ostirala” Izango da. Astean zehar, Egibideko ikasleek Gasteizko adinduekin arituko dira belaunaldi arteko mintegi batean (zehazki, Koroatze auzoko Adinekoentzako zentrokoak izango dira), eta mintegi batean aztertuko dute nola eragiten duten gure joan-etorriek aldaketa globalean, eta egun horretan beren lana konpartituko dute hiri oso batekin, 12:00etan egingo den elkarretaratzean, Gasteizen mugikortasun iraungarriagoa aldarrikatzeko. Hain zuzen ere, gure mugitzeko moduak planetak bizi duen arazo handienetako batean (klima-aldaketan, alegia) nola eragiten duen hobeto ezagutzeko ekintza izango da.

Gauean uda amaitzeko bizikleta-ibilera egingo da, 20.00etan Floridako kioskoan hasita. Jarduera hori batez ere 6 urtetik gorako haurrak dituzten familiei begira antolatu da, bizikleta hiri-mugikortasuneko alternatiba osasungarri aldarrikatzeko; aldi berean, ilunabarretik aurrera argiak piztuta eta elementu islatzaileekin ibili beharra gogoratuko dugu. Hasia da gehienez ere 400 parte-hartzaile izango dituen ekimen honetan izen ematea, doan da, eta Udalaren webgunearen bitartez nahiz herritarrei laguntzeko bulegoetan egin daiteke. 

 

“Hiria nire autoa gabe” eguna

Irailaren 21ean, larunbatean, izango da Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteko ekintza nagusia, San Frantzisko kalean ‘Hiria nire autoa gabe’ ospatzea.  Europako “Hiria nire autoa gabe” eguna igandez dela-eta, irailaren 22an, Gasteizen aurreko egunera ekarri da ospakizuna, larunbatera. Udalak abagunea aprobetxatuko du Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua oinezkoentzako bihurtzeko proiektua aurkezteko. Lanak irailaren 2an hasi ziren, hiru fasetan egingo dira, eta horietako lehenean San Frantzisko aldapa oinezkoentzako bihurtuko da, hain zuzen ere goizeko 11:00etatik 14:00ak bitarte jarduera bizian izango den kalea, hartara erakusteko zein onuragarria den pertsonentzat lehen autoek hartzen zuten espazio publikoa berreskuratzea. Hori baino lehenago,10:00etan, nahi duenak aukera izango du Mugikortasun Iraunkorrerako Planak bete dituen 10 urteetan nabarmen aldatu diren espazio publiko batzuetan barrena oinez pasiera egiteko, Europa biltzar-jauregitik abiatu, eta San Frantzisko kalean amaituta, ‘Hiria nire autoa gabe’ ospatzeko jarduerak egingo diren lekuan. Hauxe da pasieran parte hartu nahi duen orok izena emateko esteka. Espazio horien eraldaketan parte hartu duten teknikariek gidatuko dute pasiera.

San Frantzisko kaleko jai giroko inguruan informazio-etxola bat paratu da, herritarrei kalea eraberritzeko proiektua erakusteko. Gainera, doako zenbait mintegi egingo dira inguru horretan, esaterako mugikortasun iraunkorrari buruzko pin-mintegia, hirian mugitzeko oztopoei buruzko beste bat, hirian bizikletaz seguru ibiltzen ikasteko mintegia eta bizikletaren ikuskaritza teknikoari buruzkoa. Inguruko zenbait dendek kalera aterako dituzte beren produktuak, eta zuzeneko musika izango da, DJekin. Jarduera horiek guztiak inguruko kolektibo eta denden laguntzarekin egingo dira.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:09

 14th Global Forum on Human Settlements biltzarraren inaugurazioan parte hartu du alkateak gaur goizean 

‘Global Green Award’ saria jasotzeko hautagaia da Arabako hiriburua

 

Alkate Gorka Urtaranen adierazpenak

14th Global Forum on Human Settlements biltzarraren inaugurazioan parte hartu du Gasteizko alkateak gaur goizean. Nazio Batuek Addis Abeban —Etiopiako hiriburua— duten biltzar-etxean izango da foro hori, gaur eta bihar, erakunde beraren babespean.

Hasierako ekitaldian —non nazioarteko beste agintari batzuekin eta klima-aldaketaren kontrako aktibistekin partekatu baitu mahaia—, garapen iraunkorreko helburuak betetzeari dagokionez Arabako hiriburuak bere gain hartuak dituen konpromisoen barri eman du alkateak. Jendez gainezka zegoen hitzaldi-areto handian izan da ekitaldia, mundu osoko herrialdeetako ordezkariekin. Erakundeen ordezkari bakoitzak Nazio Batuen Erakundeak 2030 Agendaren eta garapen iraunkorreko helburuen barruan planteatzen dituen helburuetako bat izan du hizpide.

Lehenengoz hitz egin duelarik —Udalaren eta hiriaren eredu iraunkorra azalduko du biharko hitzaldian—, hiriek klima-aldaketaren kontrako borrokari eta garapen iraunkorreko helburuak lortzeari dagokienez zer-nolako munta duten azpimarratu du Gorka Urtaranek.  “Europako superhiri bat da gurea, eta buru-belarri jarrita gaude helburu horiek lortzera, iraunkorra izango den hiri bat eratzera, bizitza maila handikoa, ekonomikoki lehiakorra eta ingurumenaren arloan erreferente izango dena”. Izan ere, hiriek “berebiziko munta dute, iraunkortasun globala lortzeko orduan. Munduko populazioaren gehiengoa biltzen dute hiriek, eta, hortaz, berotegi-efektuko gas gehienak sortzen dituzte”, nabarmendu du Gorka Urtaranek bere solasaldian.

Gainera, nazioarteko biltzar horretan ‘Global Green City Award’ saria eskuratzeko itxaropena du Gasteizek. Bihar arratsaldean —17:30ean hasiko den ekitaldian— emango du sari horretako ebaluazio-batzordeak bere erabakiaren berri. Lehenago, goizean, Arabako hiriburuaren hautagaitza aldeztuko du alkateak, hitzaldi batean.

NBEren garapen iraunkorrari buruzko agenda tokiko mailan sustatzeko balio du foro horrek, eta hirietako eta hiri-kokalekuetako baldintzak hobetzea du azken helburutzat. Besteak beste, hiri iraunkorrak neurtzeko sistemak garatzen dira, arduradun politikoei eta industriei erreferentziak emateko txostenak lantzen, eta Sustainable Cities and Human Settlements Awards sariak sustatzen. Aitorpen horien bidez gobernu, enpresa, komunitate, antolakunde eta banakoen lorpen gailenak nabarmendu nahi dira. Global Green City da sari horietako bat.

Gasteizek aurkeztutako hautagaitza balioetsiko duen batzordeak 85 adierazle aztertuko ditu, sei atal nagusitan: iraunkortasuna, ekitatea, identitatea, segurtasuna, oparotasuna eta zoriona. Sei multzo handi horien barruan 18 kategoria sartzen dira, askotarikoak eta zeharkakoak: mugikortasun iraunkorra, energia-eraginkortasuna, ‘smart city’, ‘zero waste’, espazio publikorako politikak, lurraldearen erabilera iraunkorra, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurralde garapen iraunkorra, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernantza, berrikuntza, ondarearen babesa… Aurreko edizioetan saria eskuratu duten hirien artean hauek daude, besteak beste: Viena (Austria); Vancouver (Kanada); Oakland (AEB); Curitiba (Brasil); Nantes (Frantzia); Mannheim (Alemania); Yokohama (Japonia)…

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:20

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarriko du urrian Adineko Pertsonak Zaintzen Dituzten Familiei Laguntzeko Programaren edizio berria. Iazkoan, 300 familia inguruk jo zuten baliabide honetara, non, besteak beste, zaintzaren alorreko prestakuntza eta laguntza psikologikoa eskaintzen den.

 

Jakin, badakigu zenbat higatu dezakeen, alde fisikoan zein mentalki, adineko bat zaintzeak, baita eragin handia duela zaintzailearen bizitzan, dela familiako harremanetan, dela lanean, arlo ekonomikoan, osasunean edo aisialdian ere. Pertsona horiek, batzuetan, adinekoaren zaintza euren beraien bizitza pertsonal eta familiakoaren aurretik jartzen dute; horrenbestez, laguntza behar erreala dute, familiatik, komunitatetik zein erakundeetatik. Horren jakitun gara, eta onartzen dugu guri dagokigun ardura”, esan du saileko zinegotzi Jon Armentiak.

Horregatik, eta egoerari aurre egin, eta arazo horiek prebenitu eta konpontzeko asmoz, Adineko Pertsonak Zaintzen Dituzten Familiei Laguntzeko Programak mintegiak eskaintzen dizkie zaintzaileei, beren pertsona nagusiak hobeto zaintzeko, beren emozioak hobeto kudeatzen ikasteko (egoera berean dauden beste pertsona batzuekin konpartituta) eta alde fisiko zein psikologikotik hobeto sentitzen lagunduko dieten jarduerak egin ditzaten.

Programazio berria urrian hasiko da, eta honako hauek eskainiko ditu, besteak beste:

  • Adinekoen autonomia hobetzeko mintegia.
  • Erlaxazio-mintegia.
  • Adinekoak mugitzeko eta segurtasunez leku batetik beste batera eramateko lantegia, betiere beren ongizatea zainduz eta zaintzaileak gainkargatik edo kalterik pairatu gabe.
  • Emozio-mintegia, zaintzarekin lotutako emozio zailak behatu, identifikatu eta gobernatzen ikasteko.
  • Zaintzaileen bilerak.
  • Zine-foruma.
  • Eta beste.

“Horrekin guztiarekin arindu egin nahi dugu zaintzeak eskatzen duen ahalegina, bai eta zaintza-harremana hobetzea ere, zaintzaileari bere bizitza-proiektua garatzen laguntzea, familia barruko zaintzari duen balioa aitortzea, eta adinekoak etxean bizitzen jarrai dezan laguntzea” esan du Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurren Saileko zinegotziak.

Adinekoak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programan parte hartzeko, nahikoa da hiru eskakizun hauek betetzea:

  • Pertsona zaintzailea eta zaindua, biak, Gasteizen erroldatuta egon behar dute, baina ez derrigorrez helbide berean.
  • Adinekoak 65 urte edo gehiagoko izan behar du, baina ez derrigorrez mendekoa.
  • Nahitaez zaintza-harremana egon behar da.

Asko dira programa honi onura atera diezaioketen zaintzaileak, betiere zaintzaile ez profesionalak. Kontuan hartu behar da Gasteizko biztanleen arteko % 21ek 65 urte baino gehiago duela eta horietatik 4.296 pertsonei mendekotasun-graduren bat aitortu zaiela; horrenbestez, horiek eta euren familiak izan daitezke programaren onuradun garrantzitsuenak.

Programa, aurten, urriaren 3an hasiko da, Simone de Beauvoir aretoan egingo den aurkezpen-saio batekin. Izena emateko epea irailaren 16an hasiko da, eta horretarako 945 13 56 16 telefono-zenbakira deitu beharko da.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:11

 

 

Udalak  2018. urteko Gazteria Atalaren memoria argitaratu da.

Aisialdi  osasuntsua sustatzea, gazteen  sormena bultzatzea, gazteentzako  proiektuei eta zerbitzuei laguntzea,  informazio espezializatua, lankidetza  eta parte hartzean ikastea izan dira atalaren ekintzak orokorrak.

2018. urteko txostena (pdf)

Share