Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  16 iraila 2019 18:07

Plantilla egonkortzea eta giza baliabideak nahiz bitarteko materialak bermatzea, udaltzainei eta suhiltzaileei prestakuntza espezializatua eskaintzea eta koordinazioa eta komunikazioa hobetzea. Horiexek dira, hain zuzen ere, Herritarren Segurtasun Sailak aurtengo legegintzaldi honetan landuko ditu funtsezko jarduera-ildoak, Marian Gutiérrez zinegotzi delegatuak batzordean ezagutarazi duen moduan.

Gutiérrezen iritziz, Udal Gobernuaren proiektu estrategikoaren ardatza “saila osatzen duten gizon-emakumeak izango dira, horiek direlako beren eguneroko lanaren bidez Gasteiz hiri segurua izan dadila bermatzen laguntzen dutenak.

Egin dituen adierazpen horietan, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak hiru jarduera-ardatz azpimarratu ditu.

Plantilla egonkortzea eta bitarteko material gehiago edukitzea. Marian Gutiérrezek gogoratu duenez, zenbait urte zurian pasatu ondoren, azkeneko legegintzaldian udaltzainen hiru lan-eskaintza publiko egin dira, nahiz eta oraindik “ez diren aski” Udaltzaingoaren plantillak dituen premiak betetzeko.

Alde horretatik, Udal Gobernu berriak barne-promozio bat egitea proposatzen du, “oinarrizko eskalan bete gabe dagoen lanpostu kopurua argitzeko, eta horri esker, lan-eskaintza publiko bat egin ahal izango da legegintzaldi honetan; era horretan, Udaltzaingoaren baliabide-ezari irtenbide bat eman eta, beraz, Lanpostuen Zerrendan indarrean dauden plaza guztiak bete ahal izango genituzke.

Suhiltzaileen kasuan, egoera oso antzekoa da, eta aurreikusitako planak ere bai: lehenik, barne-promozio bat, jadanik abian dagoena, eta gero, lan-eskaintza publiko bat, bete gabeko lanpostuak betetzeko.

Langile kopuruaren igoerarekin batera, Udaltzaingoaren barruan absentismo-tasa handiaren aurkako borroka ere hor dugu, % 9koa baita, “eta horri gogotik heldu nahi diogu”, Herritarren Segurtasuneko zinegotziak azaldu duenez, eta horri begira, “ekintza positiboak nahiz absentismoa kontrolatzekoak uztartzen dituzten neurriak lantzen ari gara”.

Bitarteko materialen hornidurari dagokionez, bi zerbitzuetarako (SPEIS eta Udaltzaingoa) beharrezkoak diren bitartekoak bermatu nahi dira, eta horretarako, ibilgailuak nola sistema informatikoak berritzeari ekingo zaio.

Beste alde batetik, espazioak hobetzeko eta berrantolatzeko proiektu bat dago; “eta espazio horietan Suhiltzaileen eta Udaltzaingoaren unitate edo talde batzuk kokatuak daude, nahiz eta ez duten gutxieneko baldintzarik betetzen, bertan lan egiten duten pertsonek beren eginkizunak burutu ditzaten”; esate baterako, Udaltzaingoaren Genero Indarkeriaren Taldea eta Suhiltzaileen parkearen egonaldi-eremu osoa.

Prestakuntza. Arlo honetan, Marian Gutiérrezek proposatzen duenez, udaltzainen eta suhiltzaileen “prestakuntza espezializatuan eta berezian sakondu behar dugu”, segurtasun arloko arazo berriei errazago aurre egin ahal izateko.

Gaitasun sozialak hobetzearen alde ere azaldu da, “herritarrekin zuzeneko eta eguneroko harremana ez delako beti erraza izaten. Hori dela eta, beharrezkoa da arlo emozionalean, gatazken konponbidean… prestakuntza jasotzea, eta herritarrekin enpatia hobea agertzeko gai izatea”.

Era berean, funtsezko ikusten dute bai Udaltzainek eta bai Suhiltzaileek ere prestakuntza egokia jasotzea berdintasunaren alorrean, eta bereziki, genero-indarkeriarenean eta LGTBIfobiarenean.

Komunikazioa eta koordinazioa. Hirugarren eta azken ardatz honen bidez, barne- nahiz kanpo-komunikazioa hobetu nahi dute. Barne-mailan, “informazio-jario on bat edukitzeak koordinazio hobea dakar, eta hori funtsezko helburuetako bat da”, eta bestetik, kanpo-komunikazio hobea edukiz gero, “herritarrek ikusi ahal izango dute polizia ez dela isunak jartzera eta suhiltzaileak suak itzaltzera bakarrik mugatzen, baizik eta zerbitzu ugari eskaintzen dizkietela herritarrei”.

Hiru jarduera-ildo horiek alde batera utzita, bere sailak jorratuko dituen beste gai batzuk ere aipatu ditu Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, hots:

  • Elurteen Planaren Aldaketa, elurteak edo izozteak gertatzen direnean hobeto erantzun ahal izan dezaten.
  • Protokoloa Ertzaintzarekin, joan den urtean bi polizien artean izenpetutako hitzarmena garatu dadin.
  • Bide Segurtasunerako Plana eguneratzea eta garatzea, inplikatuta dauden gainerako sailekin elkarlanean.
  • Mugikortasun eta Espazio Publikoaren sailarekin elkarlanean aritzea, trafikoari buruzko ordenantza aldatzeko, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu elektrikoen eta bizikleten zirkulazioari dagokionez.
  • Aginte-eskalan emakumeek presentzia handiagoa izan dezaten ekintza batzuk abian jartzea.
  • Kontziliazio-politikak hobetzea.
  • Zentral sindikalekin harreman arin bat edukitzeko borondatea izatea.

Azkenik, Marian Gutiérrezek hitz eman du sei hilean behin bilera bat edukiko duela udal taldeekin, segurtasun arloko gaiak elkarrekin aztertu eta ezagutzera emateko, Gasteizko egoera zein den ebaluatzeko “eta are abian jar litezkeen ekimenak proposatzeko”.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Mugikortasunaren Europako Astea dela eta, Udalak abian jarritako ‘Mobility Room’ ekimena aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo

Eguna. Asteartea, irailak 17

Ordua. 10:00

Tokia. Posta eta Independentzia kaleen arteko bidegurutzea

———————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Sorginenea. Tu casa feminista’ aurkeztea

Parte hartzaileak. Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; Sorginenea elkarteko presidente Elena Cercadillo; eta Sorgineneako idazkari tekniko Adriana Rodríguez Salazar

Eguna. Asteartea, irailak 17

Ordua. 10:30

Tokia. Etxanobe jauregia (Santa Maria kalea, 11)

——————————————-

Prentsaurrekoa. Urrezko Zeledonen kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Canto; Udal Musika Bandaren zuzendari Hilario Extremiana; eta Urrezko Zeledonen presidente José Mari Vélez de Mendizabal

Eguna. Asteartea, irailak 17

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————

Prentsaurrekoa. Gaztebook aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; eta Gazteria zinegotzi Miren Fenandez de Landa

Eguna. Asteartea, irailak 17

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:32

Udal Administrazioari eta Eraldaketa Digitalari buruzko agerraldian iragarri denez, Udal Eraikinak Mantentzeko Plan Gidaria landuko da, horiek onik zaintzea planifikatzearren, hartzen dituzten zerbitzuak bermatze aldera

Herritarrengandik hurbil dagoen administrazioaren alde egiten dugu, haien bizi-kalitatea hobetzen duena, zerbitzu publikoen eskuragarritasuna errazten eta belaunaldi berrien zein gainerako herritarren beharrei erantzuten diena“, adierazi du Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok, egin duen agerraldian.

Hark iragarritako berritasun nagusia lantzekoa den Udal Eraikin eta Instalazioak Mantentzeko Plan Gidaria da, udalaren eraikin publikoen multzo handiak dituen beharrei “era planifikatuan eta atzerapenik gabe heltzearren“. Rodríguez Ramajok azaldu duenez, zaharrak direlako edo hondatuta daudelako behar handiena duten eraikinak lehenetsiko dira, eta ondoren, oinarrizko zerbitzuak edo gertukoak eskaintzen dituztenak, energia-eraginkortasunaren eta iraunkortasunaren aldetik hobetu beharrekoak eta araudietara egokitzea eskatzen dutenak. Horrenbestez, “haur eskolak eta ikastetxeak, gizarte etxeak, kirol instalazioak eta kultur ekipamenduak lehenetsiko  dira, besteak beste“, adierazi du udal arduradunak.

Mantentzearekin lotutako gainerako proposamenei dagokionez, zinegotziak iragarri du zerbitzua “Foru Aldundiaren erosketa-zentralari atxikiko zaiola kostuak aurreztea ahalbidetzen duten kontratu eta hornikuntzetan“. Era berean, munta gutxiagoko jarduerei helduko zaie, “instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak izatearren“.

Eraldaketa digitala

Bestetik, Rodríguez Ramajok “XXI. mendeko erronkei aurre egin nahi dien administrazioaren” alde egin du, “eraldaketa digitalari helduz, teknologiaren potentziala baliatuz eta gaitasun digitalak gure prozesu eta zerbitzuei aplikatuz, horien eraginkortasuna eta balioa hobetzearren gure herritarrentzat“.

Administrazioarekin arinago erlazionatu ahal izateko zenbait neurri iragarri ditu, esaterako:

  • Beste administrazioekiko elkarreragingarritasuna, herritarrek beste administrazio batzuen esku dauden dokumentazioa eta datuak aurkeztu beharrik izan ez dezaten.
  • NAN/AIZren balidazioa abian jartzea, udal tramiteetan NANaren edo beste identifikazio agirien fotokopiak aurkeztu beharrik ez izateko.
  • Herritarren sinadura biometrikoa udal tramiteetan integratzeko irtenbideak aztertzea.
  • Herritarrentzako laguntzarekin eta gardentasun-atarian datuak argitaratzearekin lotutako zereginak automatizatzea.

Web-orria aldatzea, eskuragarritasuna errazteko, mugikorra erabiltzea lehenetsiz.

Orobat, lagunduriko autozerbitzu guneak ezartzea aztertzen ari dela azaldu du zinegotziak, izapide errazak egiteko: errolda agiriak lortzea, txartelaz ordaintzea, isunen kasuan gidaria identifikatzea, etab.

Azkenik, dagoeneko aurreratu zen neurri bat aipatu du, berrikuntza handia ekarriko baitu: HUTaren mugikorrerako aplikazioa garatuko da, eramangarria izan dadin.

Azken batean, eta laburbilduz, instalazio eraginkorrago eta iraunkorragoak edukitzeko jarduerak izango dira, herritarrei administrazioarekin errazago erlazionatzea ahalbidetzeko eta haien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen laguntzeko”, bukatu du Rodríguez Ramajok.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:42

 Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo, epailearen neurri bat urratzearen delituaren ustezko egile gisa, bere senitartekoengana eta haiek bizi diren etxebizitzara hurbiltzeagatik.

Igande goizaldera zenbait kexa jaso zituzten 092 zenbakian, gizonezko bat hainbat eragozpen sortzen ari zelako Sansomendi auzoko jaietan. Patruila bat bertara joan zen, eta asaldaturik topatu zuten, edari alkoholdunen eraginpean aurkitzen zelako zantzuekin. Identifikatzean, udaltzainek ikusi zuten bere senitartekoengana eta haiek bizi diren etxebizitza hurbiltzeko debeku bat zuela indarrean eta debeku hori urratzen ari zela, eta horrenbestez, hura atxilotu eta epailearen esku jarri zuten.

26 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte atzo, 6:00ak baino minutu batzuk lehenago, Geltoki plazatxoan borroka batean esku hartzen ari zirela agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa. Guardiako Epaitegian dagozkion izapideak bete ondoren, aske utzi dituzte.

Istripuak

Zortzi pertsona zauritu dira eta pertsona bat hil da asteburuan gertatu diren bost trafiko-istriputan.

Zaramaga auzoan ostiraleko 21:30ak baino minutu batzuk geroago pertsona bat hil den istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan motoz zihoan 42 urteko gizonezko bat hil zen, kale horretatik zihoan auto batek haren aurka talka egin ondoren.

74 urteko emakume bat zauritu zen ostiralean, herri barruko autobus batean zihoala haren barrualdean erori ondoren. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen bidaiaria.

Bizikletaz zihoan 20 urteko neska bat eta oinez zihoan 51 urteko emakume bat zauritu ziren atzo istripu batean, Barratxi kaleko bidegorrian izandako harrapaketaren ondorioz. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zituen biak. Bizikletak oinezkoa harrapatu izanaren zergatiak ikertzen ari da Udaltzaingoa.

Horrez gain, beste istripu bat gertatu zen atzo Euskal Herria Bulebarraren eta Wellington Dukearen kalearen arteko bidegurutzean bi ibilgailuren artean. Talka horren ondorioz, gidatzen zihoan 19 urteko mutil gazte bat eta bidaiarietako bat, hura ere 19 urtekoa, zaurituta geratu ziren, baita beste ibilgailuko gidaria eta kopilotua ere, 26 eta 30 urtekoak, hurrenez hurren.

Oto hiribidearen eta Bremen kalearen arteko bidegurutzean atzo gertatutako istripu baten nondik norakoak ikertzen ari dira, eta bertan, auto bat eta ziklomotor bat zeuden nahastuta; ziklomotorreko gidaria zaurituta geratu zen eta larrialdiko zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Udaltzaingoak beste 20 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 39 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatzeagatik, Zadorra hiribidean alkoholemiako prebentzio-kontrol batean gerarazi ondoren. Gainera, salaketa jarri zitzaion asegururik ez edukitzeagatik eta arauzko epearen barruan IAT ez pasatzeagatik, eta ibilgailua Agirrelandako polizia-etxera eraman zuten.

Asteburuan alkoholemiako hiru prebentzio-kontrol egin dira hirian, eta horietan, 60 gidariri eginarazi dizkiote alkoholemia-probak; horietatik bik emaitza positiboa eman dute eta salaketa jarri zaie administrazio-bidetik. 36 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 23 jarduera egin dituzte.

Gailuen kontrol-kanpaina

Udaltzaingoa trafiko-kanpaina berezi bat egiten ari da aste honetan, zirkulazioan deskuiduak eta arreta galtzea eragin dezaketen tresna eta gailuen erabilera kontrolatzeko helburuarekin.

Gidatzen ari diren bitartean musika-entzungailuak erabiltzea, GPS gailuak arduragabeki erabiltzea eta, batez ere, “esku libreak” ez diren telefonia mugikorreko gailuak erabiltzea zainduko dute.

Kanpaina honen helburu zehatz horiek Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorreko 2018-2023 Udal Plan Estrategikoaren barruan sartzen dira.

Edukiontziak sutan

Suhiltzaileek atzo goizeko lehen orduan esku hartu behar izan zuten, bi toki desberdinetan hondakinen bost edukiontzitan piztutako sutea zela eta. Sofia Erreginaren hiribidean hiru edukiontzi erre ziren. Nikaragua kalean paperaren eta plastikoaren bi edukiontzi erre ziren.

Ordu batzuk geroago dei bat jaso zuten, Gorbeia kalean koltxoi bat sutan zegoela jakinaraziz, eta suhiltzaileek ura erabiliz itzali zuten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:59

 

Alkate Gorka Urtaran, lehen alkateorde Maider Etxebarria, Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Felipe García, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren foru diputatu Cristina González, Vital Fundazioaren zuzendari Axier Urresti eta Udalbatzako zenbait kidek XII. “Vitoria-Gasteiz Trail” mendi lasterketaren elastiko ofiziala aurkeztu dute, probaren zuzendari Eduardo Martínezekin batera. Irailaren 29an egingo da lasterketa, 16 eta 26 kilometroko modalitateetan;  Gasteizko Mendietan barrena joango da ibilbidea, hiriaren erdialdetik irten ondoren. Elena Loyo atleta ere izan da ekitaldian, Javi Pérez lasterkariarekin batera kartelean agertzen baita.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

 

 -Kale hori 1993an bihurtu zen oinezkoentzat, Probintzia plazatik Aldabe plazaraino, eta ibilgailuak zein lekutatik igarotzen ziren zedarrituko du Udalak

-“Egingo zenuke denboran atzera?” jardueraren bigarren edizioa da; jarduera berritzaile hori iaz jarri zen abian, Dato kalean, espazio publikoa pertsonentzat berreskuratzeak duen garrantzia ikusarazteko

 

Gaur hasiko da Gasteizen Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen hogeigarren edizioa. EBren ekimena da, hirietako mugikortasunean egin beharreko aldaketaz sentsibilizatzeko, eta 2019an kontinente osoko 2.000 udalerrik baino gehiagok egin dute bat harekin. Astearen barruan, “Egingo zenuke denboran atzera?” jardueraren bigarren edizioa egingo da. Azken hamarkadetan gure hirian ibilgailu pribatuari kendu zaion espazio publikoaz hausnarraraztea da kaleko ekintza horren helburua, baita lortutakoaren balioa nabarmentzea ere. Iaz Dato kalea bihurtu zen atzera ibilgailuentzat, goiz batez; aurten, berriz, Zabalguneko beste kale nagusietako baten txanda izango da: Jesusen Zerbitzarien kalea. Kale horren lehen zatia, Probintzia plazatik Aldabe plazaraino, 1993an bihurtu zen oinezkoentzat, polemika gogor baten ondoren. “26 urte geroago, gutxi gogoratzen dira polemika hartaz eta kalearen egoeraz: oso espaloi estuak eta ibilgailuen trafiko handia. Herritarrek ibilgailu pribatuari kendu zaion leku guztia irudikatzerik izan dezaten nahi dugu, hiria aitzindaria izan baitzen kaleak oinezkoentzako bihurtzean. Orobat, Udalak zein herritarrek iraunkortasunaren alorreko politikak sustatzen egindako lana goraipatu nahi dugu, horri esker baikara ‘Global Green City’ gaur egun”, nabarmendu du Gorka Urtaran alkateak. Amaia Barredo Mugikortasun eta Espazio Publikoaren zinegotzia ere izan da jardueraren aurkezpenean.

Gaur kale horretatik dabiltzan pertsonek ezin izango dute horren zati handi bat erabili 11:00etatik 14:00etara, hain zuzen ere, 1993 aurretik bertatik igarotzen ziren milaka autoek hartzen zutena. Bi muturretan jarritako kartel banatan kalea oinezkoentzako bihurtu aurreko eta ondorengo irudiak ikusi ahalko dira, baita aldaketarekin lotutako zenbait kopuru ere: 15 zuhaitz berri, 9 eserleku, 18 lorontzi eta 7 bizikleta-aparkaleku. Osagai horiek guztiak kalea oinezkoentzako bihurtu ondoren jarri ziren. Horri kutsadura atmosferiko eta akustikoa nabarmen murriztu izana gehitu behar zaio.

Jardueraz betetako aste baten lehen ekintza izango da hori. Bihar Mobility Room delakoa aurkeztuko da, hirian modu jasangarrian mugitzen ikasteko ihes-gela berezia. Posta eta Independentzia kaleen arteko kantoian instalatu da “atrakzioa”, larunbatera arte. Herritar orok eman dezake izena eta enigma asmatzen saiatu, Udalaren webgunean, 10.30etik 13.30era eta 16.30etik 20.30era astelehenetik ostiralera, eta 11.00etatik 14.00etara larunbatean. 30 minutu emango zaie “ihes egin” ahal izateko. Dagoeneko 30 taldek baino gehiagok eman dute izena.

Irailaren 21ean (larunbata) amaituko da Mugikortasunaren Astea. Europako “Hiria nire autoa gabe” eguna izango da San Frantzisko aldapan, inguru hori guztia eraberritu egingo baita —obrak hasiak dira jada—.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:26

 

Igandean Deportivo Alavés – Sevilla partida jokatuko denez, Udalak gogorarazten du autobus elektriko adimentsua egiteko obrek eragina izango dutela Mendizorrotzeko aparkalekuan. Hori dela eta, garraio publikoa erabiltzeko edo oinez zein bizikletaz joateko gomendatzen die Udalak herritarrei. Izan ere, 300 aparkaleku inguru kenduko dira lanen beharrengatik.

Udalak zenbait zerbitzu eskaintzen ditu bizikleta eta garraio publikoa erabiltzea errazteko. Batetik, igerilekuen udako denboraldirako jarritako bizikleta- aparkalekuak utziko dira. 280 leku dira, gehi inguru hartan dauden 500 leku finkoak. Orotara, 780 leku.

Bestetik, TUVISAk badu joan-etorriko zerbitzu berezi bat Deportivo Alavés-en partidetarako. Ibilgailuak Zaramaga hiribidetik (El Boulevard) irtengo dira, eta 2A eta 2B linea periferikoaren geltoki guztietatik igaroko dira, Mendizorrotzeraino. Partida hasi baino 45 eta 35 minutu lehenago irtengo dira autobusak. Itzultzeko autobusak partida amaitu ondoren irtengo dira.

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA; helburuak ditu hiriko auzo guztiak hobeto konektatzea, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia darabilten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotuko ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. Lineako 10 kilometroko ibilerak 24 geltoki berri–noranzko bakoitzean– lotuko ditu, gaur egun geltoki konbentzionalak dituzten lekuetan egingo direnak.

Irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko lau lekutan aldi berean. Obra zibilek hartuko dituzten 65 asteetan gauzatuko dira autobus elektriko adimentsuaren proiektua, azpiegitura, hornikuntza, abian jartzea eta mantentzeko lanak. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEIren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

 

– Udal gobernuak Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea sustatuko du agintaldi honetan

 

– Amaia Barredok Tomas Zumarraga Dohatsuaren, Samaniego, Landazuri, Joan XXIII.aren eta Aldabe kaleetan esku-hartze garrantzitsuak egingo direla aurreratu zuen

 

– Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuaren bitartez finkatutako proiektuak garatzen jarraituko du

 

– Udalak hiri-parke gehiago egingo ditu, eta azertu egingo du hiriko zuhaitzen kudeaketa

 

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren alorreko zinegotzi Amaia Barredok iragarri du, gaur goizean, Udalak datozen lau urteetan 100 milioi euro inbertituko dituela Gasteizko auzo guztietan hobekuntzak egiteko. Udal gobernuak agintaldi guztiari begira proiektatutako egiturazko zenbait eraberritze-lan iragarri ditu. Hala egingo da, esaterako, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea, bai eta Eulogio Serdan, Tomas Zumarraga Dohatsuaren, Samaniego, Landazuri, Joan XXIII.aren eta Aldabe kaleena ere. Amaia Barredok zuzentzen duen Sailaren beste lehentasunetako bat ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ partaidetza-prozesuaren bitartez finkatutako proiektuak garatzen jarraitzea da.

Urtaranen gobernuak ahalegin handia egin nahi du –Gobernu-plana bitarte– hiria modernizatzeko, hiri-espazioak hobetzeko, merkataritzaren ikuspegitik kaleak erakargarriago bihurtzeko eta, labur esanda, kaleak Mugikortasun Planean xedatutakora egokitzeko. ‘Super-etxadiak’ garatzea, oinezkoen eta txirrindularien zirkulazioa sustatzea eta irisgarritasun unibertsala bermatzea, horra estrategia horren zutabeetako batzuk.

Gaur-gaurkoz, Udalak hasiak ditu hirigunea hobetzeko zenbait lan: Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen lehen fasea, Tornay Medikuaren kalea eraberritzekoak, Ospitale plazakoak lizitazio fasean daude… Alabaina, Amaia Barredok zuzentzen duen Sailak inbertsio gehiago aurreikusten ditu auzoetarako. Horietako batzuk zehaztu ditu zinegotziak: Oroimenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasea, Postetxearen atzealdean Oroimenaren plaza sortzeko, baita Eulogio Serdan, Tomas Zumarraga Dohatsuaren, Samaniego, Landazuri, Joan XXIII.aren eta Aldabe kaleetan egitekoak ere. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ prozesuko zenbait proiektu ere gauzatuko dira: Armentia eta Zabalgana arteko zaldaina, Zabalganeko baratzak, Malizhaeza kalearen eraberritzea, Aldaiako kirol-zelaiak, jolasguneak Ibailakuan eta Erdi Aroko hirigunean (haurren Auzoa proiektuaren barruan), jolas parke berdea Zabalganean, oinezkoentzako bidea Triana eta salburua artean, hobekuntzak argiteria publikoan…

Funtsezko beste jarduera bat  Ecobulevar proiektuaren amaiera eta ‘Basque Center of Innovation’ berrikuntza-zentroa sortzeko azterlana da.

Azpiegitura berdeak sendotzea izango da Sailaren beste ildo nagusietako bat agintaldi honetan. Horren harira, zinegotziak hiri-parke gehiago sortzea planteatu du, esaterako Olarizuko lorategi botaniko berria eta el Larragorri parkea, baita Nebera gainekoa, hiri ondoko parke berri gisa.

Horrekin batera, Amaia Barredok jakinarazi du berraztertu egingo dela zuhaitzen eta lorategi8en kudeaketa. “Badakigu herritarrei erantzun beharrean gaudela zuhaitzen inausketa eta kudeaketari dagokionez”, esan du. Zinegotziak Zaramaga eta Pilar auzoetan egindako lana aipatu ditu adibide gisa, hiriaren gainerako inguruetarako eredu izan daitezkeen neurrian.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:00

Gasteizko herritarren zahartzea izango da udal gobernu berriak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak ere arreta berezia emango dio agintaldi honetan, adinekoentzako baliabide, zerbitzu eta programa berriak egokituz.

Horixe azaldu du arloaren ardura duen zinegotziak, Jon Armentiak, bere sailaren gobernu programaren berri emateko gaur batzordearen aurrean egin duen agerraldian. Programaren helburua da “gizarte zerbitzu unibertsalak eta eskubidekoak sendotzea, ororentzat, baita gizarte zerbitzuen eredu moderno eta normalizatzailea sendotzea ere, arreta ematen zaien pertsonen duintasuna eta eskubideak eta autonomiarako gaitasuna aitortzen dituena“.

 Armentiak adierazi duenez, “arriskuei erreparatzen dieten eta sustapenean eta prebentzioan inbertitzen duten gizarte zerbitzuak eduki behar ditu hiriak, aldi berean, pertsonengan zentratutako arreta integralaren eredua garatzen duena, haien duintasuna balioesten eta haien autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna aitortzen dituena“.

 Populazioaren zahartzea

 Udalak zenbait erronkari egin beharko die aurre datozen urteetan. Horietako bat, Gasteizko biztanleen zahartzea. Izan ere, gasteiztarren % 6k 80 urte baino gehiago du, eta % 21ek, 65 urte baino gehiago. “Horrek esan nahi du laguntzaren beharra handituz joango dela. Horregatik, adinekoentzako baliabide, zerbitzu eta programak indartuko ditugu. Haien autonomia errazten duten baliabideak ezarri nahi ditugu, eta zahartze aktiboa sustatu, bizi-kalitate duinaz gozatzerik eta etxean jarraitzerik izan dezaten“, esan du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotziak.

Armentiak bere sailak arlo horretan lehenetsitako ekintzetako batzuk aletu ditu:

  • Adinekoentzako udal bulegoa sortzea, administrazio izapideez informatu eta aholku emateko eta horiek egiten laguntzeko.
  • Adinekoentzako jantoki eta etxeko otorduen zerbitzuak handitzea.
  • San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala irekitzea —obrak egiten ari dira dagoeneko—, Lakua-Arriagakoa handitzea, eta Judimendi eta Santa Luzian zentro berriak eraikitzeko azterlanak egitea.
  • Berpizkundearen plazako Eguneko Arreta Zerbitzu berria irekitzea —hori ere obratan dago—.
  • Adinekoentzako osasun-parke berriak egokitzea San Martin, Sansomendi eta Lakua-Arriagan.

Gobernuaren beste lehentasunetako bat gizarte zerbitzuetan inbertsioa sustatzea izango da, gizarte zerbitzuen zorroko prestazio eta zerbitzuen benetako unibertsaltasuna lortzearren, eta horrek ere mesede egingo die adinekoei. Jon Armentiak helburu hauek aipatu ditu:

  • Azpiegiturak (eguneko arreta-zentroak, zainpeko apartamentuak eta etxebizitza komunitarioak) eta giza baliabideak egokitzen jarraitzea 1. graduko mendekotasun-balorazioa duten pertsonei arreta emateko.
  • Itxarote-zerrendak murriztea, Aurora etxebizitza komunitarioa irekita eta antzeko beste plaza batzuk sortuta.
  • Familiei atsedena bermatzea zentro eta zerbitzuetan, zerbitzuari lotutako prestazio ekonomikoen bitartez.
  • Adinekoentzako eguneko arreta-zerbitzuetan eta adinekoei ostatu emateko zerbitzuetan sartzea arautzeko ordenantza onestea.

Populazioaren zahartzeaz gain, sailak baditu beste erronka batzuk ere, hala nola pobreziaren eta desberdintasunen kontrako borroka eta zaintza-lanen eta loturen krisia —”populazio sektore batzuk nahi gabeko ahultasun- eta bakardade-egoeran daude, ia laguntzarik ez dutelako“—, dibertsitateari —”batzuek arazotzat hartu arren garrantzitsua baita aberasgarria eta harrotzeko modukoa dela nabarmentzea“— eta sortzen ari diren behar sozial konplexu eta askotarikoak.

 Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila, bestetik, programa komunitarioak lantzen saiatuko da “auzoetan, entitate eta eragileekiko lankidetzan; horrek aukera emango digu zenbait arazori heltzeko, nahi gabeko bakardadeari, esaterako, eta komunitate solidario, kohesionatu eta inklusiboagoa eraikitzeko“.

Helburu eta ekintza hauek ere jarriko dira abian:

  • Arabako Foru Aldundiarekin gizarte zerbitzuen alorreko eskumenen berrantolaketa burutzea.
  • Osasunarekin, hezkuntzarekin, etxebizitzarekin, enpleguarekin eta gutxieneko diru-sarrerak bermatzearekin lotura duten zerbitzuekiko lankidetza indartzea, herritarren beharrei erantzun integratu eta koordinatua emateko.
  • Haur eta nerabeak babestea eta haien eskubideak aldeztea.
  • Pobreziari, gizarte bazterketari eta desberdintasunei aurre egitea, esklusio-egoeran dauden pertsonei arreta emateko programak indartuz.
  • Indarkeria matxistaren biktimentzako arreta areagotzea.
  • Udalaren gizarte zerbitzuak herritarrei hurbiltzea. Besteak beste, zerbitzuak eskuragarriagoak izateko neurriak landuko dira (hitzorduak online, aurrez aurre eta telefonoz, etab.) eta Gizarte Zerbitzuen Behatokia sortuko da, udalaren gizarte zerbitzuek ematen duten arreta aztertu eta beharrizan berriak antzemateko.

Garapenean Laguntzea 

Garapenerako lankidetzari dagokionez, Jon Armentiak “herritarren artean elkartasunaren kultura sustatzea” ezarri du helburutzat, eta garapena finantzatzeko baliabide ekonomiko egonkorrak ematea. Horrekin lotuta, aurrekontuaren % 0,7 garapenera bideratzen jarraitzeko konpromisoari eutsiko dio Gasteizek.

Era berean, lanean jarraituko da proiektuak garatzean kalitatea eta eraginkortasuna hobetzeko, baita horretan diharduten gainerako erakunde publikoekiko koordinazioa hobetzeko ere. “Gainera, udalaren inplikazioa areagotu nahi dugu bai lankidetza-programetan bai sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntzaren alorrean”, amaitu du zinegotziak.

Share