Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea aurkeztea

Parte hartzaileak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredo

Eguna. Asteazkena, irailak 5

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

——————————————–

Prentsaurrekoa. Adineko pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzeko programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Arloko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Osteguna, irailak 5

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:50

Arabako hiriburuko eta Europako garapen iraunkorraren eredua aldeztuko du Gorka Urtaran alkateak, egungo nazioarteko testuinguruaren aldean 

“Lanean ari gara Europako erreferente bihurtuko den superhiria izateko, eta potentzial handia dugu herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko, ikuspegi ekonomikotik lehiakorrak izateko eta gure natur ingurunea errespetatzen jarraitzeko”

Addis Abebako (Etiopia) Global Forum on Human Settlements foroan parte hartuko du Gorka Urtaran alkatea buru duen Gasteizko Udalaren ordezkaritzak bihartik aurrera. Nazio Batuek babestutako foro bat da, aurten 14. edizioa duena, eta Global Green City Award saria eskuratzeko lehiatuko da bertan Arabako hiriburua. Ostiralean jakingo da ebaluazio-batzordeak Gasteiz saritu duen.

“Sari horren bitartez, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzearekin zerikusia duen adierazle sorta bat betetzen duten munduko hiriak nabarmentzen dira, ikuspegi ekonomikotik lehiakorrak direnak, natur ingurunea errespetatzen dutenak. Uste dugu gure superhiriaren ereduak betetzen dituela hiru irizpide horiek, eta, hortaz, Gasteizentzat oso ona izan daitekeen aukera baten aurrean gaude. Gainera, gure hiriaren eta Europako garapen iraunkorraren eredua aldezteko baliatuko dugu aukera, egungo nazioarteko testuinguruaren aldean, eta natur ingurunea babestu eta klima-aldaketaren kontrako borrokatzeko premia nabarmenduko”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. Alkatearen ustez, orobat da aukera ona “Gasteiz mundu osoan ezagutarazteko. Sari hauetan lehiatzeak akuilu-lana egin dezake garapen iraunkorraren arloko politika horiek lantzen jarraitzeko, eta horretan harro egon daiteke gure hiria”.

Bihar, irailak 5, biltzarra irekitzeko ekitaldian parte hartuko du alkateak. Beste hamar agintari eta iraunkortasunaren arloko aditu nabarmenekin batera, garapen iraunkorreko helburuak betetzeko lan egiteko konpromisoa hartuko du Gorka Urtaranek, Gasteizen izenean —interes berezia jarririk, zehazki, hiri eta komunitate iraunkorrei buruzko helburuetan—.  (https://www.un.org/sustainabledevelopment/es/objetivos-de-desarrollo-sostenible/ )

Hilaren 6an, goizez, Gasteizko eredua aldeztuko du alkateak, eta hiriaren hautagaitza, sarirako. Arratsaldean, bukaerako ekitaldian, saritutako hiriaren berri emango da.

NBEren garapen iraunkorrari buruzko agenda tokiko mailan sustatzeko balio du foroak, eta hirietako eta hiri kokalekuetako baldintzak hobetzea du azken helburutzat. Besteak beste, hiri iraunkorrak neurtzeko sistemak garatzen dituzte, arduradun politikoei eta industriei erreferentziak emateko txostenak lantzen, eta Sustainable Cities and Human Settlements Awards sariak sustatzen. Aitorpen horien bidez gobernu, enpresa, komunitate, antolakunde eta banakoen lorpen gailenak nabarmendu nahi dituzte. Global Green City da sari horietako bat.

Gasteizek aurkeztutako hautagaitza balioesten duen batzordeak 85 adierazle aztertu ditu, sei atal nagusitan: iraunkortasuna, ekitatea, identitatea, segurtasuna, oparotasuna eta zoriona. Sei multzo handi horien barruan 18 kategoria sartzen dira, askotarikoak eta zeharkakoak: mugikortasun iraunkorra, energia-eraginkortasuna, ‘smart city’, ‘zero waste’, espazio publikorako politikak, lurraldearen erabilera iraunkorra, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurralde garapen iraunkorra, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernantza, berrikuntza, ondarearen babesa…

Aurreko edizioetan hiri hauek eskuratu dute saria, besteak beste: Viena (Austria); Cuenca (Ekuador); Vancouver (Kanada); Oakland (AEB); Curitiba (Brasil); Nantes (Frantzia); Mannheim (Alemania); Surabaya (Indonesia); Yokohama (Japonia); Rockdale (Australia); Bogota (Kolonbia); HuaHin (Tailandia); Indore (India); Port Vila (Vanuatu); Lijiang, Sanya, Dali, Wuxi, Changsha, Jiangshan, Sino-Singapore Tianjin Ecocity eta Qingdao Sino-German Ecopark (Txina).

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:38

Gasteizko Udala, Deustuko Unibertsitatea eta Vital Fundazioa elkarlanean arituko dira ‘Vitoria-Gasteiz Lab, Gazteago! Ecosistema Urbano y Rejuvenecimiento’ proiektua abian jartzeko. Deusto Cities Lab katedrak bultzatutako ekimen esperimental bat da, zeinen xedea baita hiriko gazteen premiak aztertzea, Gasteiz haientzat erakargarri izango den leku gisa sendotze aldera. Gaur goizean aurkezu dute ekimena, Gasteizko udaletxean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, Vital Fundazioaren zuzendari nagusi Axier Urrestik, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Guibertek eta Deusto Cities Laben zuzendari Roberto San Salvador del Vallek.

“Gazteago egin nahi dugu hiria, eta hiria utzi duten pertsonen talentua berreskuratu. Eta, horretarako, ez dago proiektu berritzaile honetan gauzatuko den esparru akademikoko lankidetza baino hoberik. Badakigu oztopoak daudela, gure gazteek beren bizi-proiektuak gure hirian garatzea galarazi dutenak, eta itzulikatu egin nahi dugu egoera hori. Ahaztu gabe gure gizartea zahartzen ari dela egunez egun”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Vital Fundazioko zuzendari Axier Urrestik, berriz, hiriak garatu behar dituen alderdi sozialekin kezkatuta dauden aldetik entitate horretatik jokatu behar duten papera nabarmendu du. “Kaleetan jarriak ditugu belarriak, eta lurraldeko gazte jendearen kezkak partekatzen ditugu. Horregatik, uste dugu proiektu handinahi honetan parte hartu beharra daukagula, konponbideak bilatzeko aldaketa kultural sakona eskatzen baitu, eta, bidenabar, gazteen garapen pertsonal eta profesionalerako erreferentea izan nahi baitu. Azken batean, etorkizuna eskaini nahi diegu gazteei.”

Unibertsitatearen esparruko adituek, Gazteria Zerbitzuarekin elkarlanean, datuak jasoko dituzte, banako nahiz taldeko elkarrizketak izango dituzte sektoreko eragileekin, inkestak egingo dituzte herritarren artean eta lantaldeak antolatuko dituzte, etorkizunera begira planteamendu bat egiteko. “Ezberdinen artean hitz egiteko” topagune bat ere planteatzen dute. Azterlana zuzentzen duten ikerlarien arabera, ekimen hau “harago joango da”, komunzki administrazioetatik bideratzen diren gazteria-politikei lotuta ez dauden eragileak integratuko baititu. Orobat egingo dira ahaleginak komunikazio-bide bat irekitzeko ohiko foroetatik kanpo geratu ohi diren gazteekin.

Informazio guztiarekin, diagnostiko-txosten bat egingo dute, eta marko komun bat eskainiko diete eragile ekonomiko eta sozialei nahiz erakundeei gazteek proposatzen dituzten ideia eta proiektuetan elkarlanean jareduteko, horiek aurrera ateratze aldera.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:33

Udaltzaingoak 57 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, edari alkoholdunen eraginpean bizikleta gainean zihoala ikusi zutenean geratzeko agindu zioten agenteen aurka eraso egiteagatik. Gertaera horiek Arriagako Atea kalean izan ziren, 22:00ak baino lehentxeago. Gizonezkoak uko egin zion alkoholemia-probak egiteari; gaua Agirrelandako polizia-etxean igaro du eta gaur goizean aske utzi dute, Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren.

Beste alde batetik, hamahiru trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo Udaltzaingoak.

Mexiko eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleak elkartzen diren tokian bi autok elkarren aurka talka egin izanaren ondorioz izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Gidarietako bat, 58 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

69 urteko beste gizonezko bat ere ikertzen ari dira edari alkoholdunen eraginpean eta gida-baimenik gabe gidatzeagatik. 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen 15:00ak aldera gidari bat, ziurrenik mozkortuta, Paula Montal kaletik gidatzen ari zela. Emandako datuei esker, patruila batek hantxe topatu ahal izan zuen. Eginarazi zizkioten alkoholemia-probetan ia laukoiztu egin zuen onartutako gehieneko tasa eta, gainera, bere dokumentazioa aztertu zutenean, egiaztatu zuten gida-baimena aldi baterako baliogabetuta zeukala. Horregatik guztiagatik, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Udaltzaingoak atzo 17 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 10 jarduera egin zituen.

Sutea edukiontzi batean

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, Arratzua-Ubarrundian zabor organikoaren edukiontzi batean piztutako sutea itzaltzeko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

Bihar, irailak 5 (osteguna), Espainiako Vueltaren hamabigarren etapa Gasteiztik igaroko da, 14:20tik 15:00etara bitartean gutxi gorabehera, ibilbide honetan: Brusela ibilbidea, Salburua bulebarra, Hezeguneen ibilbidea, Zurbanoko atea eta Bergarako atea. Publizitate-karabanak eta ekipo partaideenak ibilbide berbera egingo dute, 13:00etan.

ibilbidea txirrindulariak igaro baino minutu batzuk lehenago itxiko da, eta lasterketa hiritik ateratzen denean irekiko. Beraz, ibilgailuen trafikoari eragingo dio ibilbidearen inguruko kale eta bidegurutzeetan. Betoñuko industrialdeari dagokionez, ibilbideko garaje, enpresa, lantegi eta pabilioietako sarrera eta irteerei ere eragingo die. Gasteizko Udalak herritarren laguntza eskatu du, eraginak ahalik eta gehien murrizte aldera.

 

2019Ko Vueltaren hamabigarren etapa Nafarroako Zirkuituan hasiko da eta Bilbon amaituko, guztira 171,4 kilometro egin ostean, tartean Azazeta gaina igota, eta, besteak beste, Andollu, Dura, Uribarri-Ganboa eta Landatik pasata.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:37

 

  • Prestakuntza-programaren barruan, 160 laguni irakatsiko zaie bihotz-birikak suspertzeko eta desfibriladoreak erabiltzeko teknikak, nagusi, ume eta bularreko haurrengan biziraupen-katea albait lasterren aktibatzeko.

 

  • Ireki da irailaren 16tik 26ra bitartean egingo diren doako hamar ikastaroetan izena emateko epea. Ikastaroak goiz eta arratsaldez egingo dira, Medikuen Elkargoaren egoitzan (Done Jakue hiribidea, 7).

“BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldia” jarri dute martxan Arabako Medikuen Elkargoak eta Gasteizko Udalak. Lau urtez jarraian egin den hamabostaldi honek prestakuntza-programa bat eskaintzen du, bihotz-birikak suspertzeko eta aire-bideen buxadura gertatzen denerako oinarrizko maniobrak ikasteko, herritar guztiei zuzendua. Helburua hauxe da: bizia arriskuan dagoen egoerak antzematea, biziraupen-katea aktibatzeko gauza izatea, eta egoera horietan oinarrizko maniobrak egiten jakitea.

Doako hamar ikastaro izango dira, irailaren 16tik 26ra bitartean, Medikuen Elkargoaren egoitzan (Done Jakue hiribidea, 7, behea), goizez nahiz arratsaldez. Irailaren 29an emango zaio programari amaiera, Bihotzaren Mundu Egunean. Egun batzuk lehenago, irailaren 26an, parte-hartzaileei diplomak banatzeko ekitaldi ofiziala egingo da.

Doakoa da prestakuntza, eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzendua. Parte teoriko bat izango du, eta beste bat praktikoa, erakustaldietarako maniki eta desfibriladoreekin. Ikastaro bakoitza lau ordukoa izango da, eta gehienez hamasei lagun hartuko ditu, izena ematen den hurrenkeran. Interesatuek izena eman dezakete dagoeneko, dela Arabako Medikuen Elkargoko bulegoetan – Done Jakue hiribidea, 7, behea, Gasteiz–, dela e-postaz, helbide honetan:

Biziraupen-katea aktibatzea

Arnasa gelditzen denean, igarotzen den minutu bakoitzeko % 10etik % 20ra bitartean gutxitzen dira errekuperatzeko aukerak. Zenbat eta jende gehiago egon prestatua bizia arriskuan dagoen egoera horietan erantzuteko, aukera handiagoak izango dira biziraupen-katea behar bezala aktibatzeko.

Arabako Medikuen Elkargoko idazkariorde Alberto López de Ocarizek aurkezpenean gogorarazi duenez, bihotz eta arnas geldialdien % 80 ospitaletatik kanpo eta osasun arloko langilerik hurbil ez dela gertatu ohi dira, eta hori dela eta, elkargoak prestakuntza hauek egiteko eta prestakuntza ahalik eta herritar gehienengana iristeko duen konpromisoa nabarmendu du.

Halaber, Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek suspertzeko doako prestakuntza hauetan parte hartzera animatu ditu herritarrak. “Jaso daitekeen prestakuntzarik baliotsuenetakoa da, izan ere, bizitzak salba ditzake. Larrialdi egoera bat antzemateko eta suspertzeko teknikak zuzen aplikatzeko gai den pertsona sare handia izatea dugu Gasteiz hiri seguruagoa, partaidetzakoa, elkartasunekoa eta guztion osasunarekin konprometituta dagoen hiria izateko modurik onena”.

“BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldiaren” laugarren edizio honen ondoren, 850 pertsonatik gora jasoa izango dute bihotz-biriketako geldialdia edo aire-bideen buxadura egoerak errekonozitzeko prestakuntza, bai eta bihotz-birikak suspertzeko, desfibriladoreak erabiltzeko eta aire-bideak irekitzeko tekniketako prestakuntza, nola helduengan, hala haur eta bularreko haurrengan.

Iazko edizioan oso erantzun ona jaso zuen ekimenak herritarren artean, eta egun gutxitan bete ziren leku guztiak, partaideen profila oso desberdin eta anitza izan zelarik. Balorazioari dagokionez, ikastaroen batez besteko puntuazioa 9koa izan zen (10 ziren gehienez).

Ikastaroen datak eta ordutegiak:

Gaur, irailaren 4an, zabaldu da izen emateko epea. Izen-ematearen hurrenkerari jarraituko zaio lekuak betetzeko. NANa erakutsi behar da:

  • Arabako Medikuen Elkargoan, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 15:00etara.
  • Posta elektronikoz:icoma@icoma.eu.

Ikastaroek data eta orduak:

  • Irailaren 16an, astelehena, 16:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 17an, asteartea, 09:30etik 13:30era.
  • Irailaren 17an, asteartea, 16:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 18an, asteazkena, 16:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 19an, osteguna, 09:30etik 13:30era.
  • Irailaren 19an, osteguna,  16:00etatik  20:00etara.
  • Irailaren 23an, astelehena, 09:30etik 13:30era.
  • Irailaren 23an, astelehena, 14:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 24an, asteartea, 16:00etatik 20:00etara.
  • Irailaren 25ean, asteazkena, 09:30etik 13:30era.
  • Irailaren 26an, 13:00etan, diplomak emateko ekitaldia izango da udaletxean.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:01

URBANBATfest19 jaialdian parte hartzeko hautatu dute Gasteizko Adinekoentzako Zentro Soziokulturalen sarearen Piztu zure auzoa programa komunitarioa. Bilbon izango da hirigintzaren eta gizarte berrikuntzaren inguruko jaialdi horren zortzigarren edizioa, azaroan.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak Bizkaiko hiriburuan aurkeztuko duen programa horren helburua da Gasteizko auzoak adinekoentzako atseginagoak eta irisgarriagoak izan daitezela lortzea, “beren eguneroko bizitzako jarduerak egiten jarraitzerik izan dezaten, kaleetan barrena paseatu eta beste pertsona batzuekin harremanak izan. Azken batean, hobeto bizitzerik izan dezaten, autonomia handiagoarekin”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak.

Proiektu kolaboratibo baten bitartez lotzen da hori guztia, adinekoen sarearen, auzokoen, entitateen eta auzoko merkatarien konpromisoa abiapuntutzat harturik. “Auzoko guztiak inplikatzen dituen programa da”.

Arrakastaz ari da bideratzen Piztu zure auzoa Pilar, Koroatze eta Landazuri auzoetan, eta joan den urtean accesit bat lortu zuen Eusko Jaurlaritzak Europa jauregian antolatutako “Lagunkoitasuneko jardunbide egokiak Europan” jardunaldietan.

URBANBATfest jaialdiak —non aurkeztuko baita esperientzia hori— hirietako errealitatea aztertzen du, eta bertan sortu ohi diren gatazkak, hirien eraldaketan diharduten aktoreen partaidetzarekin: administrazio publikoa, gizarte-, kultur eta ekonomia-eragileak, unibertsitatea, herritarrak eta abar, hiriak gizakiaren neurrira diseinatzen laguntzea helburutzat harturik.

Share