Prentsa Oharren banner

Udaltzaingoak bazar bat zigilatu du Koroatzearen auzoan, ez dituelako segurtasun bermeak betetzen ebakuazioari dagokionez

Udaltzaingoko Ingurumen Atalak, suhiltzaileen laguntzarekin, bazar bat zigilatu du gaur Koroatzearen auzoan, kautelazko neurri gisa, ez duelako betetzen ebakuazioen alorreko araudia.

Salerosketa aretoak ikuskatzen dituen Ertzaintzaren atal espezializatuak eskatuta joan dira bertara. Izan ere, esku-hartze horietako batean gabezia handiak antzeman dituzte establezimenduan, eta udaltzainei joateko eskatu diete.

Bertaratu direnean, udaltzainek egiaztatu ahal izan dute dendak ez zuela ebakuazio-biderik, eta korridorea ez zela metro eta hogei zabal, salgai gehiegi metatuta zituelako. Hori dela eta, suhiltzaileen laguntza eskatu dute; haiek berriro ikuskatu dute, eta establezimendua kautelagatik ixteko beharra berretsi.

Lekua zigilatutakoan, dagokion txostena bidali zaio Udaleko Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako Zerbitzuari. Hark gertakariak balioetsi eta behar den bezala jokatuko du; bidezkoa bada, administrazio-zigorrak tramitatuko ditu.

Share

Prentsa-deialdiak (2019-09-25)

Prentsaurrekoa. Liburutegietako urria-abendua denboraldiko jarduera programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, irailak 25

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————-

Harrera ekitaldia Sorkuntza, enplegu eta gazte arloko praktika onak direla eta

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernández de Landa

Eguna. Asteazkena, irailak 25

Ordua. 17:30

Tokia. Goiuri jauregia

 

 

Share

Adriano VI.aren kalean, Louis Heintz kalean, Ramon y Cajal kalean eta Senda ibilbidean AMVISAren sarea hobetzeko lanek trafiko etenak eragingo dituzte asteartetik aurrera

 AMVISAko lanak dosierra

 

Urriaren 1ean hasita eta zenbait hilabetez, AMVISAk saneamendu- eta hornikuntza-sarea berritzeko lanak egingo ditu Adriano VI.aren kalean, Louis Heintz kalean, Ramon y Cajal kalean eta Senda ibilbidean. Manuel Iradier kaleko eta Gasteiz hegoaldearen zati handi bateko isurketak biltzen dituen saneamendurako kolektore zaharra aldatzea da obraren helburu nagusia, eta inguru horietan trafiko eten handiak eragingo ditu. Lanek ia 2 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute.

Lanen lehen faseak zenbait hilabete iraungo du, eta Ramon y Cajal kalean Florida kaletik datozen ibilgailuak baino ezingo dira sartu. Gaztelako aterako sarbidea ere mugatu egingo da, eta “Zubi Urdinetik” Musikaren ibilbideko auzokoak baino ezingo dira sartu. Gainerako ibilgailuak, baita Diaz Ruiz de Olano Margolariaren kaletik doazenak ere, Gasteiz hiribidetik desbideratuko dira. Gasteiz hiribidetik Laskarai kalerako sarbidea ere itxita geratuko da.

Bestetik, eta lehen asteetan, Florida kaletik Ramon y Cajal kalera iristen diren ibilgailuek Micaela Portilla kalera jo beharko dute, ezingo baitute Louis Heintz kalerantz jo. Louis Heintz kalera bakarrik hiri autobusak sartu ahalko dira, eta Katedraleko aparkalekuaren erabiltzaileak, Cadena y Eleta Apezpikuaren kalean barrena.

Inguru horretatik ibilgailu pribatuan ez zirkulatzeko gomendatzen du Udalak, guztiz ezinbestekoa ez bada.  Aste honetan hasiko dira gorabeherak seinaleztatzen, baita erabil daitezkeen desbideratzeak ere. Ordezko bide gisa Hegoalderantz jotzea (Salbaterrabide) eta Gasteiz hiribidea proposatzen dira; Hona hemen beste aukera batzuk: Tanis Agirrebengoa kaleko tunela hartzea Antoniareneko biribilgunetik, edo Rosalia de Castro kaletik joatea Gaztelako atearen eta Fontetxako Gazteluaren kalearen arteko bidegurutzetik aurrera. Inguruetan ikastetxe ugari dagoenez, AMVISAk informazioa emango die, gurasoei helaraz diezaieten.

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Mugikortasun Planari buruzko erakusketa ibiltaria jarriko da ikusgai zortzi gizarte etxetan, proiektua azaldu eta herritarren partaidetza sustatzearren

 

-Erakusketa goizez eta arratsaldez ikusi ahalko da astearteetatik ostiraletara, eta goizez, larunbatetan. Hamar paneletan, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenaren alderdi garrantzitsuenak aurkezten ditu, eta herritarren ekarpenak jasotzeko espazio bat ere badu

-Nahi duten taldeek bisita gidatuak hitzartu ahalko dituzte, xehetasunak ezagutzeko

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenari buruzko erakusketa inauguratu du gaur, Aldabeko gizarte etxean. Joan den astean aurkeztu zen hasierako dokumentuaren gakoak auzo guztietara hedatzea da erakusketa ibiltariaren helburua. “Azaroaren 24ra arte, hiriko zortzi gizarte etxetan jarriko da erakusketa. Proposatutako neurri berriak zuzenean ezagutzeaz gain, herritarrek proposamenak eta iritziak azaldu ahalko dituzte horretarako egokitutako espazio berezi batean, zeinean monitore espezializatu batek emango baitie arreta. Izan ere, herritarrei informazioa helarazi nahi diegu, eta haien parte hartzea sustatu, hiriarentzat hain garrantzitsua den plan hau hobetu eta aberaste aldera”, azaldu du zinegotziak.

Erakusketaren atariko moduluan Mugikortasun Planaren lehen 10 urteen emaitzak ezagutu ahalko dituzte bisitariek, animaziozko bideo labur baten bidez. Ondoren, 10 informazio-panel jarri dira, planaren bederatzi helburu nagusiak eta jarduera garrantzitsuenen laburpena azaltzen dituztenak: super-etxadiak, oinezkoentzako sarea, garraio publikoa, bizikleta, ibilgailu pribatuentzako sarea, azpiegitura berdearen sarea, lanera joateko mugikortasuna, eta salgaiena. Mugikortasun iraunkorrago baten onurak aletzen dituen panel batek biribiltzen du atal hori. Azkenik, parte hartzeko gune bat egokitu da, herritarrek ekarpenak zuzenean egiterik izan dezaten; horretarako, “postalak” erabiliko dituzte. Ohiko bideetatik ere egin ahalko dituzte ekarpenak, baita udalaren webgunean erakusketari buruz ireki den berariazko atalean ere.

Erakusketa irailaren 28ra arte (larunbata) egongo da Aldaben, eta ondoren beste zazpi gizarte etxetatik ibiliko da: Ibaiondo (urriak 1-5), Iparralde (urriak 8-11), Lakua (urriak 15-19), Hegoalde (urriak 22-26), Zabalgana (urriak 29-azaroak 2), Judimendi (azaroak 5-9) eta Salburua (azaroak 19-24). Hiriko alderdi guztietara iristea da asmoa, herritar orok informazioa eskuratu eta parte hartzerik izan dezaten. Monitore espezializatu batek emango du arreta informazio-gunean, 10.30etik 13.30era eta 16.30etik 20.30era asteartetik ostiralera, eta 11.00etatik 14.00etara larunbatetan, jaiegunetan izan ezik. Jasotako ekarpen guztiak udal teknikariek aztertuko dituzte.

Plan honek berebiziko garrantzia du hiriaren etorkizunerako, eta uste dugu jende guztiak ezagutu beharko lukeela; beraz, erakusketa ikustera animatzen ditugu, eta iritzia ematera, denon artean amaierako agiririk onena osa dezagun azkenean“, azpimarratu du Amaia Barredok.

Erakusketaren idazkaritza teknikoak auzoetako taldeengana jo du bisita gidatuak hitzartzera animatu daitezen eta proposamen guztiak bertatik bertara ezagutzerik izan dezaten. Nahi duen orok eska dezake bisita egitea erakusketaren ordutegian, udalaren webgunean. “Horrela, eskatzen duten guztiei planaren hainbat alderdiri buruzko informazio zehatzagoa eskaini nahi diegu”, aipatu du Mugikortasun zinegotziak.

Erakusketa amaitu ondoren, Mugikortasun Iraunkorraren Herritar Foroaren saio bat egingo da, erakusketan zein herritarren postontzian egindako ekarpenak eztabaidatzeko.

Share

Gasteizko Maratoi Erdiaren 42. edizioa abenduaren 22an egingo da, eta dagoeneko 1.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena

Gasteizko Maratoi Erdiaren 42. edizioa abenduaren 22an egingo da aurten, eta aurreko edizioetan lortutako parte hartzea — 3.500 pertsona batez beste— berdintzea da asmoa.  Izena emateko bigarren fasearen erdian gaudelarik, 1.000 atletak baino gehiagok eman dute izena; urriaren 31ra arte egongo da zabalik fase hori, eta hirugarrenak azaroaren 1etik 22ra arte iraungo du.

Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek proban emakumeen partaidetza gero eta handiagoa dela nabarmendu du aurkezpenean, aurreko edizioan % 14koa izan baitzen. Orobat azpimarratu du “balio erantsia” duela “proiektua % 100ean bertakoa izateak. Gasteiz horrelako probetan enblematikoa izan dadin Federazioak eta klubek egiten duten ahalegina aitortu eta eskertu beharra  dago”, esan du, eta lasterketan parte hartzera animatu. Aurkezpenean harekin batera izan dira Andrés Sánchez, Arabako Atletismo Federazioaren lehendakaria, Mikel García, Federazioaren antolakuntza arduraduna, eta Kepa Koldo Ortiz de Urbina, Laboral Kutxako Komunikazio eta Marketin arduraduna.

Antolatzaileek espero dute 42. ediziorako aukeratu duten data, abenduaren 22a, erakargarria gertatuko dela hirira beste garai batean etortzerik ez duten eta Eguberriak direla kausa Gasteizera itzultzen diren atletentzat. Gogoan izan behar da, halaber, Maratoi Erdiak Arabako Txapelketaren kategoria duela eta, beti bezala, txikientzako bertsioa ere izango duela, eskola kategoria guztiei irekia.

Datorren edizioan ibilbidea aldatuko da. Izan ere, tranbia hegoalderantz luzatzeko eta autobus elektriko adimentsua ezartzeko lanek trazadura aldatzera behartu dutelarik, atleten igarobidea erdialdera zertxobait hurbiltzeko ahalegina egin da, eta biren kopurua murrizteko, lasterketa azkarragoa izan dadin. Azken kilometroa, esaterako, Unibertsitateko ibilbidetik eta Frai Francisco ibilbidetik joango da, Cervantes ibilbideko helmugaraino.

Udaltzaingoarekin batera ari dira ibilbidearen aldaketak zein Mendizabalean ordezko aparkalekuak prestatzen, Mendizorrotzeko aparkalekua erabiltzerik ez duten parte-hartzaileek ibilgailua han uzterik izan dezaten.

Share

Bi gizonezko inputatu dituzte gida-baimenik gabe gidatzeagatik

Udaltzaingoak 25 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin zuelako, izan ere, ez baitu inoiz gida-baimenik eskuratu. Gida-baimenik gabe gidatzen harrapatu duten laugarren aldia zen, eta oraingo honetan, Alibarra kalean gertatu da.

Gertaera horiek 17:30ak aldera izan ziren, eta 092 zenbakira egindako dei batek jakinarazi zuen pertsona hori Jundizko industrialdean gidatzen zihoala, gida-baimenik gabe.

Izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku utzi zuten.

Udaltzaingoa 24 urteko beste gizonezko bat ikertzen ari da, eta hori ere dagokion gida-baimenik gabe gidatzen hauteman zuten bere autoarekin Telesforo Aranzadi kalean barrena zihoala.

Azkeneko 24 orduetan 8 trafiko-istripu erregistratu dira, nahiz ez den zauriturik egon.

Atzo 23 salaketa aurkeztu ziren Polizia Judizialean.

Share

Zinema-komisarioen topaketa, Zinema Gaur zikloaren IV. edizioaren udazkeneko programazioko berritasun nagusia

Urriaren 7tik azaroaren 25era bitartean izango da Montehermosoko ohikoaz bestelako zinemaren zikloa; 9 proiekzio eta lantegi bat.

Urriaren 7an hasiko da, Montehermoso kulturunean, ohikoaz bestelako zinemaren laugarren edizioaren udazkeneko programazioa. Bederatzi proiekzio izango dira, baita lantegi bat eta zinema-komisarioen nazioarteko topaketa bat ere, urriaren 18tik 20ra bitartean.

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok eta zikloaren koordinatzaile Garbiñe Ortegak aurkeztu dute prentsaurrekoan.

“Zinema Gaur aukera paregabea da hala ohikoa ez den zinema gustuko dutenentzat nola zinema oro har gustuko dutelarik hori ezagutzeko jakin-mina dutenentzat. Bi edizio besterik egin ez bada ere, zikloa sendotuta dago zinemarekiko grina partekatzeko espazio gisa”, adierazi du Cantok.

Urriaren 18tik 20ra bitartean izango den zinema-komisarioen nazioarteko topaketa da edizio honetako berritasun nagusia, praktika horri buruz hausnarketa egitea eta ideiak trukatu eta zabaltzea helburu. Gune ireki, malgu eta pizgarria izango da, non komisario nazional eta nazioartekoek beren ikuspuntu, esperientzia eta estrategiak trukatu ahalko baitituzte, bai beren artean, bai publikoarekin. Zinema- edo arte-komisarioei, zinema-ikasleei, artistei eta kultur kudeatzaileei zuzenduta dago.

Komisario gonbidatuak:

  • MANUEL ASÍN, Nafarroako Museoko zinema-komisarioa, eta Madrilgo Arte Ederren Zirkuluko programazio-arduraduna.
  • ALEXANDER HORWATH, komisarioa eta idazlea. Viennale (1992-97) eta Vienako Filmmuseumen (2002-17) zuzendari ohia, Kasseleko Documenta 12 ekimeneko zinema-programaren komisarioa izan da, baita zinemari buruzko liburu ugariren editorea ere, besteak beste Film curatorship liburuarena.
  • ANDREA LISSONI, VDrome-ren fundatzaile eta programatzailea, gaur egun Londresko Tate Film-eko komisario nagusia.
  • CARLOS MUGUIRO, komisarioa, irakaslea, Punto de Vista zinemaldiaren lehen zuzendari artistikoa, eta gaur egun Donostiako Elías Querejeta Zine Eskolako zuzendaria.
  • GARBIÑE ORTEGA, komisarioa eta komisariotzako irakaslea Elías Querejeta Zine Eskolan eta ESCACen, gaur egun Punto de Vista zinemaldiaren zuzendaria da.
  • MARIA PALACIOS CRUZ, LUXeko (London) zuzendaria, Elías Querejeta Zine Eskolako Komisariotza Arloko arduraduna, eta Punto de Vista eta Courtisane ekitaldiuetako programatzailea, besteak beste.
  • GLORIA VILCHES Centre de Cultura Contemporània de Barcelonako Xcèntric ekimenaren arduraduna da.

 

Izen ematea, doan: 945 161 830, info.montehermoso@vitoria-gasteiz.org

Gainerako programazioa

  • Urriak 7, 19:30: Diana Toucedoren film laburrak
  • Urriak 14, 19:30: TARDE PARA MORIR JOVEN. Dominga Sotomayor. Txile. 2018. 110 min.
  • Urriak 21, 19:30: Garai eta leku desberdinetako hiru film: “Where I Am Is Here”, Margaret Tait, UK, 1964, 35 min. 16 mm, proiekzio digitalean; “Despedida”, Alexandra Cuesta, Ekuador/US, 2013, 10 min., 16 mm, proiekzio digitalean, eta “Tombent les heures”, Blanca Camell Galí, FR/ES, 2018, 25 min., digitala. Saioaren programatzaile eta aurkezlea: María Palacios Cruz, zine-komisarioa eta irakaslea Elías Querejeta Zine Eskolan.
  • Urriak 26: HOME MOVIE DAY: Etxeko Zinemaren Eguna urriko hirugarren larunbataren inguruan ospatzen da mundu zabalean. Parte hartzeko gonbitea egin nahi die Montehermosok etxean Super 8 eta 16 mm-ko formatuetan egindako filmak dituztenei. Proiekzioa baino 30 minutu lehenagora arte jasoko dira filmak, gainbegiratzeko eta segurtasun osoz proiektatzeko. Antolatzailea: Fósforo kultur elkartea.
  • Urriak 28, 19:30: EL MAR LA MAR. JP Sniadecki, Joshua Bonnetta. 94 min. / 2017 / Estatu Batuak. P. Sniadecki zuzendaria saioan izango da.
  • Urriak 4, 19:30: SE NATURAL: LA HISTORIA NO CONTADA DE ALICE GUY. Pamela B Green. AEB, 2018, 120 min. Marta Selva programatzailea saioan izango da.
  • Azaroak 11, 19:30: FILMAR EL DESEO, VIAJE A TRAVÉS DEL CINE DE MUJERES. Marie Mandy. Belgika. Frantzia, 2000, 60 min.
  • Azaroak 18, 19:30: CHEZ JOLIE COIFFURE. Rosine Mfetgo Mbakam. Belgika, 2018. 71 min.
  • Azaroak 25, 19:30: TIERRA SOLA. Tiziana Panizza. Txile, 2017, 107 min.

 

Gainera,

  • Urriak 5 eta 6, 10:00 – 14:00: Zinema-lantegia: Espiritu aliatuak, elkarren ondoko irudiak Diana Toucedoren eskutik. Sortzaileei, ikasleei eta ikus-entzunezkoen alorrean interesa duen orori zuzendua.

 

Share

Eraztun Berdeko flora eta fauna ezagutzeko gonbita egin du IGIk jardueraz betetako udazkeneko agenda prestatuta

Erakusketak, hitzaldiak, txangoak eta ikastaroak Gasteizko natura modu didaktikoan ezagutzera emateko.

Irailaren 26an hasiko da izena emateko epea, Udalaren web-orrian, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan.

 

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Eraztun Berdeko flora eta fauna ezagutzeko gonbita egiten du, udazken honetarako presatutako agenda betea lagun. Antolatutako erakusketa, hitzaldi, txango eta ikastaroek modu didaktikoan hurbilduko digute Gasteizko natura. Irailaren 26an hasiko da izena emateko epea, Udalaren web-orrian, Atarian, 010 telefonoan eta gizarte etxeetan.

Erakusketei dagokienez, oso arrakastatsua izaten ari da hegazti eder eta koloretsuen argazkiak biltzen dituen “Hegodun mundua” argazki-erakusketa, zeinetan 13 natura-argazkilari ospetsuren lanak ikus daitezkeen.

Udazkeneko bigarren erakusketan Euskal Herrian izandako Ibaien ur-goraldi eta uholde ikusgarrienak izango dira ikusgai urriaren 22tik azaroaren 24ra. URA-Uraren Euskal Agentziarekin batera prestatutako erakusketa honek ibaien dinamikak berezko duen fenomeno natural baten inguruan kontzientziatu eta sentsibilizatzea nahi du.

Azkenik, “GDT European Wildlife Photographer of the Year” erakusketa izango da, eta natura argazki harrigarriak izango dira ikusgai.

Hitzaldiei dagokienez, astronomia-zaletuek hitzordua dute urrian Arabako Astronomia Elkarteak antolatutako hitzaldi-zikloarekin, non zeruko zikloak, Esne Bidearen behaketa eta desagertutako konstelazioak izango diren hizpide.  Urriaren 10ean hasiko da hitzaldi-zikloa.

Horretaz gain, gure biodibertsitatea zaintzen ikasteko hiru hitzaldi izango dira Atarian:  “Crisis silenciada”, “Mejora de la conectividad para la fauna en la autovía A-1” eta “Conservación de la naturaleza en las ciudades”.

Argazkia: Ramon Aranbarri

Udazken honetako berrikuntza argazkigintza arloko ikastaro eta lantegiak izango dira, esaterako “Fotografía al carbón” , “Fotografiar sin cámaras: las plantas pioneras” (biak Olarizuko etxaldean) eta “Pintar con luz” (Atarian).

Olarizuko etxaldeak irekita jarraitzen du eta landare eta barazkien inguruko hainbat jarduera izaten ditu bertan. Azaroaren 9an “Pequeños jardines en guirnalda” jarduera izango da eta abenduaren 21ean “Centros navideños con planta viva” lantegia.

Udazkena iristearekin batera Salburuko oreinak urteko hitzordu garrantzitsuenerako presatzen dira: marrualdirako. Atariak hiru jarduera antolatu ditu marrualdiarekin atsegin hartzeko: bat oinez izango  da, beste bat bizikletaz eta azkenekoan afari eder bat ere izango da.

Horretaz gain, igandero. Atariatik irten eta “Los Fresnos”  behatokirantz irtengo gara Salburuko hegazki eta fauna ezagutzeko (11:30etik 13:30era). Bertaratuek gai horren inguruko ezagutzak landu ahalko dituzte.

IGIk mantendu egiten du baso-igelen gorria eta bere errunaldia  ezagutzeko Gasteizko Mendietara egiten duen irteera. Orobat mantendu du hiru hilean behin ingelesez egiten den “Birdwatching in Salburua” jarduera.

Ixileku Kultur elkartearen saioek ostegunetan jarraituko dute: “Berdeguneak, leku isilak”,  “Igel bat bezain lasai eta adi” eta  Meditaziorako ibilaldiak eta isiltasuna” .

Halaber, azpimarratzekoak dira “Tokian tokiko garien aldaerekin egindako ogien eta indaba dastaketa” (azaroaren 22an Olarizun) eta “La Exploradora” elkartearen “Eraztun berdea, plastikorik gabeko eraztuna” jarduera (azaroaren 10ean).

 

Jardueren agenda PDF formatuan

 

Share

Asteburu honetan, 34 konpainiak eta 132 artistak baino gehiagok hartuko dute parte Gasteizko Erdi Aroko Azokan

 

  • Lehenengo aldiz, akuilu-makuiluz eta suzko malabarismoz osatutako ikuskizun bat eskainiko da, Desmodium konpainia frantziarraren eskutik
  • 17.000 apaingarrik baino gehiagok eraldatuko dute almendra aurten, iaz baino 7.000 gehiagok

 

Irailaren 27, 28 eta 29an, Gasteizko erdiguneko muinoaren iragan urruna irudikatuko du Erdi Aroko Azokak. XVIII. edizioan 34 konpainiak eta 132 artistak girotuko dituzte azokaren esparruak; iaz, berriz, 120 izan ziren.

Emanaldien artean, “Ayalatarren eta Callejatarren leinuen arteko borroka” da berritasuna, zeinean Ágora Teatro taldeak bi familia horien arteko etsaigoa antzeztuko baitu. Bi bandoek Gasteizen boterea eskuratzeko borrokatuko dute elkarren kontra, Fernando Katolikoa hirira iristen den arte.

Ikuskizun nagusia “A la lisière du Nord” antzerki ibiltaria izango da: fauno handiak, animalia fantastikoak, espirituak eta xamanak dira protagonista akuilu-makuilu pneumatikoz, suzko malabarismoz eta musika aztoragarriz osatutako koreografia batean.

Desmodium konpainia frantziarrak hiru emanaldi egingo ditu egunean, ostiraletik igandera, Santa Maria plazatik abiatuta, ia ordubete irauten duen koreografiarekin muinoko kaleak liluratzeko. Zehazki, 17:30ean, 19:30ean eta 21:30ean hasiko dira kalejirak ostiral eta larunbatean, eta 13:30ean, 18:00etan eta 21:00etan, igandean.

Erdi Aroko azokaren zifra esanguratsuenen artean, aipatu behar dira hirigune historikoan barrena paratuko diren 17.000 apaingarritik gora (iaz 10.000 izan ziren) artisautza, elikadura eta jan-edateko 260 saltokiak, eta antzinako lanbideei buruzko 61 lantegiak.

Ohi bezala, FEDASOCek (Erdi Aroko Hiriguneko Merkatarien Federazioa) 35 saltoki kudeatuko ditu, hiriko artisau eta merkatarien eta Almendrako Azokako artisauen artean. Beste behin ere Upelen Ibilbidea antolatuko dute, 2 euroan pintxo-potea eskainiko duten tabernen artean.

Erdi Aroko Azokaren azken edizioak 200.000 pertsonatik gora erakarri zituen. Tamaina handiko setio-makinen erakusketa jarriko da halaber, aurreko urteetan arrakasta handia lortu baitu. Santa Maria plazan jarriko da, eta katapulta, balezta, trabukete eta arieteen kopia fidelak ikusi ahalko dira, besteak beste. Orotara Erdi Aroko hamar arma tipiko, zeinek gerlariei gotorlekuetan sartzen eta lurraldeak konkistatzen laguntzen baitzieten.

Falerina lorategian, tortura-tresnen eta lanabes tradizionalen erakusketez gain, “ardien etxola” bat jarriko da, artzaintza, motzaldia, jeztea eta oro har artzainen bizimodua zertan den azaltzen duena.

 

Herrixka bat txikienentzat 

Beste urteetan bezala, txikienei txoko bereziak eskainiko zaizkie. Haurrentzako 92 joko izango dira orotara. Nabarmendu beharra dago berriro jarriko dela “musgui”-en herrixka xarmatua, non txotxongiloak, ipuinak eta kondairak topatu ahalko baitituzte, eta eskuz eginiko jostailuak.

Herrixka menderakaitza izeneko espazioaz ere gozatu ahalko dute; Erdi Aroko kanpamentua da hori, gerraririk gabea, uztai-tiroa eta esgrima praktikatzeko, garaiko kantuak eta erromantzeak ezagutzeko zein aurpegia margotzeko.

 

Lehiaketak eta atrakzio solidarioa

Berritasun gisa, aurten “txalupa ekologikoa” deritzon atrakzioa antolatu da. Horretan biltzen den dirua Larrialdietarako Arabako Funtsari emango zaio; Udalak eta Aldundiak kudeatzen dute funtsa, munduan gertatzen diren larrialdi-egoeretan laguntzeko.

Gainera, herritarrak azokan modu aktiboan parte hartzera gonbidatzeko asmoz, mozorro lehiaketa bat prestatu da, eta  jantzi onenak sarituko dira. Horrez gain, argazki lehiaketa ere egingo da, sare sozialak baliatuz.

 

Irisgarritasun eta informazio hobea

Inklusioa sustatzeko eta kolektibo guztiei azokaz ahalik eta gehien gozatzen laguntzeko, ekintza berezi batzuk planteatu dira propio dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat: sarbide konplikatua duten espazioak egokitu egingo dira, pertsona guztiak edonora iritsi ahal izateko; pregoian eta haurrentzako txotxongiloetan zeinu-hizkuntzako interpretazioa izango da; mugikortasun murriztuko pertsonentzat inguruko baranda duen plataforma bat prestatuko da, ikuskizuna eroso eta ikustea galaraziko lukeen elementurik gabe, eta mugikortasun mugatua duten pertsonentzat egokitutako komunak egongo dira.

Informazio gehiago: Erdi Aroko Azoka, 2019

Parteka ezazu zure esperientzia sare sozialetan: #MercadoMedievalVG #ErdiArokoAzokaVG

 

 

Share