Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Principal Antzokiko VIII. Ganbera Musika Zikloaren seigarren kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Nikolas Zubia e Iker Urreta (tronpeta jotzaileak); Asier Urreta (tronpa); Iñigo Sarasola (tronboia);  Joaquín Francisco Díaz (tuba); eta Puy Asurmendi, Kontserbatorioko zuzendaria

Eguna. Asteartea, irailak 10

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————————

Prentsaurrekoa. XII. Vitoria-Gasteiz Trail mendi-lasterketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Lívia López; Vital Fundazioko zuzendari Axier Urresti; Enplegu Sustapen foru diputatu Cristina González; eta lasterketako zuzendari Eduardo Martínez

Eguna. Asteartea, irailak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Vital Fundazioa Kulturunea – Bake kalea 5, 1º (Dendaraba)

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:04

Euskararen erabilera sustatzeko proiektuetarako dirulaguntza-deialdiaren ebazpena argitaratu du Udalak. 96.000 euro bideratuko ditu hainbat esparrutako ekimenetara, euskaraz bizi nahi duten herritarrei aukera hori bermatzeko beharrezko diren hizkuntza-politikaren alorreko neurriak sustatze aldera. Bereziki aisialdiaren, kirolaren eta hedabide lokalen esparruetako proiektuak garatzen dituzten kolektiboei zuzenduta daude laguntzak.

6 multzotan banatzen dira diruz lagunduko diren proiektu eta jarduerak:

  • A multzoa: hiriko euskaltegiek antolatutako jarduerak, ikasleei zuzenduak. Ikasleei euskarazko eskaintza ezagutaraztea edo ikasketa-prozesua azkartzea du helburu. Edozein euskaltegitako ikasleentzat egongo dira zabalik jarduerak. 12.000 euro bideratuko dira horretara. Udaberria, Aratz eta AEK euskaltegietan gauzatuko dira ekimenak. Programazioaren barruan, honako hauek ageri dira: euskarazko literatur lan baten irakurketa publikoa, antzerkia, kontzertuak, asteburuko barnetegiak, hitzaldiak…
  • B multzoa: Guraso-elkarteek edo guraso-elkarteen federazioek antolatuko ekintza edo jarduera ez ohikoak, ikasleei nahi gurasoei begira pentsatuak eta sentsibilizazioa edo euskara erabiltzeko ohitura sortzea helburu dutenak. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 21.000 euro. 16 guraso-elkartek eskatu dute laguntza, eta hainbat arlotako jarduerak garatuko dituzte: kirola euskaraz ikastetxeetan, familia osoan euskararen erabilera sustatzeko jarduerak, hitzaldiak, antzerkia, bertsolaritza…
  • C multzoa: Oro har, urtean zehar, aisialdian edo kirolean euskararen erabilera sustatzeko proiektuak. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 18.000 euro. 5 elkartek eskatu dute dirulaguntza, hainbat proiektutarako: euskararen erabilera pilotaren munduan Salburua auzoan euskara dinamizatzeko proiektua, gazteen solasaldi musikatuak musikari euskaldunekin…
  • D multzoa: Gasteizko euskarazko hedabide lokalak sendotzea, kalitatea eta irismena hobetuz. Euskara hutsezko hedabideak lagunduko dira, ekimen sozialekoak bereziki. Balioetsi da bereziki informazioa emateaz gain euskarazko kultur eta gizarte-jarduera proiektatzeko baliagarria izatea. Hedabide horien kalitatea eta irismena hobetu nahi dira; hortaz, inprimatze-, banaketa- eta sustapen-gastuak bakarrik lagunduko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 20.000 euro. Bi hedabidek lortu dituzte laguntzak.
  • E multzoa: Euskararen Nazioarteko eguna ikusmiran hartuta, irailetik aurrera hainbat ekintza antolatu nahi dira, Gasteizko euskalgintzaren eta Gasteizko euskararen ikuspegi ezberdinak erakusteko. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 19.000 euro. 9 elkartek eskatu dute laguntza, 2019ko azken hiruhilekoan jarduerak programatzeko. Hainbat auzotan izango dira jarduerak: Zabalgana, Salburua eta Lakua-Arriagan, baita hiriaren erdialdean ere.
  • F multzoa: Haur eta gazteen aisialdirako hezitzaileak trebatzeko eskola ofizialki izendatua duten pertsona juridiko pribatuek eskura ditzakete dirulaguntzak. Ikastaro horiek euskaraz izan daitezen sustatzea da helburua, baita ikasleentzat lehiakorragoak izatea ere, edota aisialdiko jardueretan euskararen erabilerari lotutako edukiak lantzea ikastaro horietan. Dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira: 6.000 euro. Arduradun eskolak eskatu du laguntza.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:51

Zabalik dago “Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea” programa, 25 proposamen berrirekin eta joan den ikasturtean baino 4 jarduera gehiagorekin

Vitoria-Gasteiz, hiri hezitzailea 2018-2019

Hiri hezitzailea bihurtzeko ahaleginaren barruan, 225 jarduera eta programa eskaintzen ditu Gasteizek ikasturte berri honetan, herritarrek hezkuntzaren arloan dituzten beharrei erantzute aldera.

Nagusiki, hezkuntzaren etapa guztietako ikasle eta irakasleei zuzenduta dago eskaintza, baita guraso-elkarteei, elkarteei, euskaltegietako ikasleei eta besteri ere.

Proposatzen diren jarduera eta programek 1990eko Hiri Hezitzaileen Gutunean definitutako balioak sustatzea dute xede; izan ere, horren idazkuntzan lagundu zuen Gasteizko Udalak. Hainbat balio sustatzen dira, hala nola bizi-kalitatea, gizalegezko jokamoldea, sormena, bakearen kultura, ekitatea, prestakuntza, identitatea, genero-berdintasuna, inklusioa, berrikuntza, parte-hartzea, erantzukizuna, elkartasuna eta iraunkortasuna.

Hezkuntzako zinegotzi Felipe Garcíarentzat, “hezkuntza ez da mugatzen ikasgeletan gertatzen denera; aitzitik, bizi osoan hartzen du bere lekua. Eta, hazkuntza hori bultzatzeko, hiri bateko bizilagun guztiek eskubidea izango dute hiri horrek prestakuntzarako, jolaserako eta norberaren garapenerako eskaintzen dituen baliabide eta aukerak, askatasunez eta berdintasunez, baliatzeko.

Izan ere, Gasteiz RECE-Hiri Hezitzaileen Estatuko Sareko eta AICE-Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da. Pertsona guztiek hezkuntzarako duten funtsezko eskubidea hedatzea proposatzen du Hiri Hezitzaileen Gutunak, eta bilatzen du hiriek etengabe berritu dezatela beren konpromisoa biztanleen prestakuntzarekin, bizitza osoan zehar, hainbat alderdiri dagokienez.

2019-2020 ikasturtean 12 gairen inguruan sailkatuta daude jarduerak:

  • Ingurumena: 15 jarduera
  • Hiria ezagutzea: 19 jarduera
  • Euskararen erabilera sustatzea: 9 jarduera
  • Artearen eta ikus-entzunezkoen alorreko hezkuntza: 59 jarduera
  • Gorputz-hezkuntza eta kirola: 9 jarduera
  • Genero-berdintasunerako hezkuntza: 4 jarduera
  • Osasunerako hezkuntza: 32 jarduera
  • Herritarren parte-hartzea sustatzea: 13 jarduera
  • Gaitasun pertsonaletan heztea: 31 jarduera
  • Bizikidetza eta aniztasuna: 20 jarduera
  • Garapenerako lankidetza eta nazioarteko elkartasuna: 5 jarduera
  • Babesa eta segurtasuna: 9 jarduera

Jarduera eta programek askotariko formatuak dituzte: bisitak eta ibilbideak, errezitaldiak eta kontzertuak, zinema- eta antzerki-saioak, kirol praktika, lantegiak, jokoak, prestakuntza-saioak, elkarrizketa-taldeak, ikastaroak, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak, kanpainak eta abar.

Jarduera eta programei buruzko informazio zehatza webgune honetan eskura daiteke. www.vitoria-gasteiz.org/hezkuntza.

Zabalik dago jarduera eta programetarako izena emateko epea. Gasteizko Udalaren webgunearen bitartez egin behar da.

 2019-2020 ikasturteko liburuxka

Jardueren aurkibidea

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:45

Irteeran, zinegotziak kazetari grafikoen aurrean paratu dira, joan den ostiralean Addis Abeban Gasteizi emandako Global Green City Award sariarekin argazkia ateratzeko.

 

Olarizu egunean urtero egiten den bezala, udal korporazioa 9:00etan puntu-puntuan irten da Plaza Berritik, mugarrien ohiko bisita egiteko. Alabaina, irten aurretik, zinegotziak kazetari grafikoen aurrean paratu dira, joan den astean, Addis Abeban, Gasteizi emandako Global Green City Award sariarekin argazkia ateratzeko. Saria joan den ostiralean jaso zuen udalak Etiopiako hiriburuan, Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak antolatutako nazioarteko topaketan.

Ondoren, udalerriko mugarrietara egiten den ibilbidea hasi da, 500 urtetik gora duen usadio administratiboari jarraituz. Aurten Foronda eta Arratzua-Ubarrundia arteko txangoa egin dute, 11 kilometro inguruko ibilbidea.

Aurtengo ibilbidea 33F zenbakiko mugarritik (“Las comunidades”) 185 zenbakikoraino (“Minako Arana”) izan da, tartean igaro dituztelarik Foronda, Mendiguren, Miñaogutxi eta Miñao herriak, muga eginez Zigoitiako udalerriko Apodaka, Etxabarri Dibiña eta Mendarozketarekin, eta Arratzua-Ubarrundia udalerriko Ziriano, Betolaza eta Lukurekin.

Normaltasuna izan da nagusi mugarrien bisitan, eta tradizioari jarraiki, mugarriek beren tokietan jarraitzen dutela egiaztatu ahal izan dute zinegotziek. Ibilbidea da Olarizu eguneko lehen ekitaldia, Gasteizen udari agur egiten den eguneko lehena, hain zuzen ere.

Arratsaldean, jai-egitarauarekin jarraituz, jai-giroko jarduerak eta jarduera gastronomikoak izango dira Olarizuko etxaldeko zelaietan, besteak beste ohiko babarrun jana, Olarizuko gurutzera igoera jendetsua eta jaiari amaiera emateko Plaza Berrira egiten den ibilbidea, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:19

Global Green City Award saria lortu du Gasteizek gaur arratsaldean. Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak ematen du saria, eta erakunde horrek Addis Abeban —Etiopiaren hiriburuan— duen biltzar-etxean egin den zeremonian eman da jakitera. Beste sari batzuen berri ere eman da bertan: ‘global green smart city’ (Country Garden Forest City, Malasia) eta ‘global model of smart city development’ —Udaipur Smart Cityk (India) eta Ekisehir Smart Cityk (Turkia) partekatua—.

Gorka Urtaran alkateak jaso du saria. Gasteizek hiri iraunkorren —jendearentzat pentsatuen— garapenarekin hartutako konpromisoa azpimarratu nahi izan du. “Bizi-kalitate oneko hiriak, ikuspegi ekonomikotik lehiakorrak, ingurumenaren arloan erreferenteak izango direnak”.

Orobat baloratu du alkateak Gasteiz bezalako tamaina ertaineko hiri europar batentzat horrelako sari bat lortzeak zer esan nahi duen. “Hirian garatzen ari garen politikak egokiak direla berresten du sari honek, Nazio Batuen garapen iraunkorreko helburuekin lerrokatuta daudela, baita 2030 Agendarekin ere. Gainera, orain arte ez bezalako nazioarteko proiekzioa dakarkio sariak hiriari, eta ildo hori jorratzen jarraitzeko akuilu izango dugu, hurrengo urteetan aurre egin beharko diegun erronkei heltzeko. Eta, jakina, harro egoteko motiboa ere bada hiriarentzat. Berriro ere erakutsi dugu nabarmentzeko gauza garela, ez Europan bakarrik, baizik eta mundu osoan”, laburtu du alkateak.

Gaur goizean, nazioarteko entzuleen aurrean Gasteizko hiri iraunkorraren eredua azaltzeko baliatu du aukera Gasteizko alkateak: superhiri europarraren eredua, garapen iraunkorreko helburuekin eta 2030 Agendarekin lerrokatua. Aurkezpenak interes handia sortu du beste herrialde batzuetako agintari eta gobernu-ordezkarien artean. “Klima-aldaketaren kontrako borrokarekin, berrikuntza urbanoarekin, trantsizio energetikoarekin, mugikortasun iraunkorrarekin, hiri berdeak —gizakiaren neurrira eginak, haien ongizatea bermatzen dutenak— sortzearekin erabat konprometitutako hiria da gurea”, xehatu du.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:05

Udaltzaingoaren Agenteek 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbat gauean El Pilar auzoan, bere bikotekide ohiari mehatxu eta eraso egiteagatik.

Emakume batek polizia joateko eskatu zuen, bere bikotekide ohia erasoka ari zitzaiolako eta ordu erdia zeramalako etxeko txirrina jotzen. Haren etxera iritsi zirenean, udaltzainei adierazi zien aspalditik ari zitzaiola bikotekide ohia erasoak eta mehatxuak egiten. Udaltzainek inguruko establezimendu batean topatu zuten gizonezkoa eta atxilotu egin zuten. Atzo epailearen esku geratu zen.

Elkar jotzea

Txagorritxu auzoan, Udaltzaingoaren agenteek 41 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten larunbatean, biak ere bikotekide sentimentalak, elkar jotzeagatik eta elkarri lesio fisikoak eragiteagatik.

Horietako bat, aurpegian eta eskuetan zauriak zituela, Udaltzaingoaren patruila batengana hurbildu zen lehenik, eta adierazi zien bere bikotekideak fisikoki eraso egin ziola, eta beste patruila batek handik pixka batera topatu zuen, hura ere zenbait lesiorekin. Ikerketa egokiak egin ondoren, bi gizonak atxilotu egin zituzten etxeko indarkeriaren delitu baten erantzule gisa, eta Txagorritxu eta Santiago Ospitaletara eraman zituzten. Biak epailearen aurretik igaro ziren atzo.

Lau pertsona zauritu dira istripuetan

Lau pertsona zauritu dira, asteburuan gertatutako hiru trafiko-istriputan.

Ostiralean Ariznabarra eta Kexaako Gaztelua kaleen elkargunean gertatutako harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat, eta istripu horretan auto batek 84 eta 43 urteko bi emakume harrapatu zituen, oinezkoen pasabide batetik errepidea gurutzatzen ari zirela. Adin handieneko pertsona Santiago Ospitalera eraman zuten eta bestea Txagorritxu Ospitalera.

Bizikletaz zihoan 47 urteko gizonezko bat zauritu zen larunbatean, espaloitik zihoala Zarautz kalean garaje batetik irteten ari zen auto baten aurka talka eginda. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen txirrindularia.

Larunbatean Sansomendi kalean motozikleta baten eta auto baten artean gertatutako trafiko-istripu baten nondik norakoak ere ikertzen ari dira; istripu horretan moto-gidaria zaurituta geratu zen eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 22 trafiko-istriputan esku hartu zuten, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 3 gidari ikertzen ari dira, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Lehena, 57 urteko gizonezkoa, Bake kalean errei batetik bestera aldatuz eta klaxona joz ikusi zuen udal garabiaren gidari batek; bigarrenari, 34 urteko gizonezkoa bera, alkoholemia-kontrol batean geratzeko agindu zioten Frantzia kalean, eta azkena, 44 urteko beste gizonezko bat, Landaberde kalean trafiko-arau bat urratzeagatik geldiarazi zuen Udaltzaingoaren patruila batek.

Hirurei alkoholemia-probak eginarazi zizkieten, eta emaitza positiboa eman zutenez, izapide egokiak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Asteburuan Udaltzaingoak bederatzi prebentzio-kontrol egin ditu eta horietan 144 gidarik egin behar izan dituzte nahitaezko probak. Horietatik seik emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzaingoak 57 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 8 jarduera egin zituen.

Ibilgailu bat kiskalita

Suhiltzaileek atzo 17:30ak aldera esku hartu behar izan zuten, Arratzua-Ubarrundian AP-1 autobidean ibilgailu batek su hartu zuelako. Ibilgailua guztiz kiskalita geratu zen.

Handik pixka batera beste sute bat itzali zuten Oreitiasolo industrialdeko enpresa baten atzealdean.

Larunbat gauean sute bat gertatu zen Zapatari kaleko etxebizitza batean. Nahiz eta sugarrak berez itzali ziren oxigenorik ez zegoelako, etxebizitza osoak izan zituen kalteak, kearen ondorioz.

Share