Prentsa Oharren banner

Prentsa-deialdiak (2019-09-26)

Harrera ekitaldia Biotzaren erreanimazioari buruzko ikastaroko ikasleei

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, irailak 26

Ordua. 13:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

Share

Udalak zenbait proiektu bultzatuko ditu lanera joateko eta zamalanetarako bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzearren

Gasteizek sei bizikleta elektriko izango ditu udal langileentzat

 

Datozen hilabeteetan, Gasteizko Udalak zenbait ekimen bultzatuko ditu lanera joateko eta zamalanetarako bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzearren, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez. Udal langileak bizikleta elektrikoz mugitzea ere sustatu nahi du. “Iraunkortasuna aintzat hartuz jarraitzen dugu, hiri mugikortasunaren eredu eraginkorragoa, aktiboagoa, osasungarriagoa eta ingurumen-inpaktu txikiagokoa sortzeko xedez“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok. “Herritarrei eta sektore ekonomikoari probetan parte hartzeko eskatzen diegu, uste baitugu garraiobide horiek oso interesgarriak direla”.

 

Landutako lehen neurriak proposatzen du Gasteizko industrialdeetan lan egiten duten beharginei bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ematea bi astez. IGIk maileguan uzteko sei bizikleta izango ditu horretarako. Parte hartzen duten enpresek bizikletentzako aparkaleku seguruak bermatu beharko dituzte, eta proba egiten dutenek egunen % 80an erabili beharko dute ibilgailua.  Era berean, bizikletak zaindu beharko dituzte, eta beren esperientzia zenbait hedabidetan kontatu, sare sozialetan nagusiki. Udalak aste gutxi barru hasiko du hautagaiak bilatzeko kanpaina, enpresaz enpresa. Interesa duten pertsonek beren enpresari jakinarazi beharko diote, proiektua garatzen duen idazkaritza teknikoarekin harremanetan jartzeko. Esteka honetan eskuratu daiteke horri buruzko informazioa.

 

Lanera joateko automobil partikularra erabiltzen da gehienbat. Zehazki, eta 2014ko mugikortasun-inkestaren arabera, laneko joan-etorrien % 50 egiten da ibilgailu pribatuz. Industrialdeetan are handiagoa da proportzioa, jatorriak zein helmugak askotarikoak baitira, eta bizitegietatik urrun baitaude. Bizikleta elektrikoa lantokietara joateko ordezko egokitzat jotzen da, ibilgailu pribatuaren aldean. Hori dela eta,  lanera joateko bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzeko ekimen bat sustatu zuen IGIk 2018an, zeinak oso harrera ona izan baitzuen. Orain errepikatu egingo da.

 

 

Orobat, urritik aurrera antzeko proba pilotua egingo da zama-bizikleta elektrikoekin, automobilen ordezko gisa. Horrelako ibilgailuek Gasteizen eman ditzaketen aukerak ezagutaraztea da helburua. Zama-bizikletak hala banakoei (umeak eramateko, erosketak egiteko…) nola enpresei (saltokiak, zerbitzuen sektorea, gremioak…) mailegatuko zaizkie. Astebetez erabili ahalko dituzte ibilgailuak. Bi modelo erabiliko dira: ‘Bullit’, bi gurpilekoa, eta ‘Christiania’, trizikloa. Biek atoia eta eserlekua dute, pertsonak eta/edo zamak garraiatzeko. Argibideak eta izena ematea: vgbiziz@hotmail.com, telefonoa: 611 44 41 46 Horizon 2020 Programaren CityChangerCargoBike proiektu europarraren barneko ekimena da.

2018ko irailetik dihardu IGIk Horizon 2020 Programaren CityChangerCargoBike proiektu europarrean, zeinaren helburua baita zama-bizikletak eskala handian erabiltzea hiri barruan salgaiak banatzeko eta, oro har, mugitzeko ordezko gisa erabiltzeko beste edozein jarduera ekonomiko eta sozialetan. Izan ere, salgaiak garraiatzeko egiten diren bidaiak joan-etorrien % 15 dira Europako hirietan, baina energiaren % 30 kontsumitzen dute. Zama-bizikleten erabilerak zamalanetarako egiten diren merkataritza bidaien eta bidaia pribatuen % 51 ordeztuko luke.

 

Udal langileak

 

Azkenik, udal langileek bizikleta elektrikoak partekatzeko sistema bat sustatuko du Udalak. Sistema hori ezarri eta mantentzeko kontratu baterako lehiaketa egitea da asmoa; sistemak sei bizikleta elektriko eta horiek kargatzea ahalbidetzen duen aparkalekua izango ditu. Lehiaketaren aurrekontua 36.000 euro izango da, eta kontratua sinatzen denetik hilabetera jarriko da martxan sistema.

Share

20 ibilgailuren barruan egindako lapurreten ustezko egilea atxilotu du Udaltzaingoak

Udaltzaingoak epailearen esku utzi du 42 urteko gizonezko bat, 7 garaje komunitariotan aparkatuta zeuden 20 ibilgailuren barruan lapurretak egin dituela susmatzen dutelako.

Udaltzainek joan den igandean 20:15ean atxilotu zuten pertsona hori, San Martin kaleko garaje batean aparkatuta zeuden 5 ibilgailutan egindako lapurretak argitzeko irekitako ikerketen ondoren.

Ibilgailu horietako bat miatzen ari zirela, lapurreta egiteko erabilitako aliketa baten giderreko zorro isolatzailea aurkitu zuen Udaltzaingoak. Leihatiletako kristala hautsiz modus operandi bereko beste lapurreta batzuk ere gertatu berri zirenez gero, eta haien egilea udaltzainek atxilotu zutenez gero, berriro hura aurkitzeko agindu zuten, gertaera hauetan inplikatuta egon ote zitekeen ikusteko.

Patruila batek pertsona hori topatu eta, udaltzainek egindako miaketetan, aliketa aurkitu zuten, giderreko zorroa falta zuela, baita azken asteetan egindako beste lapurreta batzuekin zerikusia zuten hainbat objektu ere, eta dagoeneko objektu horien jabeetako batek berea dela aitortu du.

Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, atxilotua epailearen esku jarri dute gaur. Kasu hori ez da itxitzat jotzen. Ikerketek aurrera jarraituko dute eta ez da baztertzen auzipetze berriak egotea.

 

Etxe-indarkeriagatik atxilotua

Udaltzaingoaren Agenteek 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, bere amari mehatxu eta eraso egiteagatik etxe-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

Emakumeak Koroatze auzoko bere etxebizitzara polizia etor zedila eskatu zuen, emandako bertsioaren arabera semea bere onetik aterata zegoelako, etxe guztian barrena kolpeak ematen.

Patruila bat bertara joan zen eta aldeetako bakoitzarekin elkarrizketatu zen. Antza denez, eztabaida batean zeudela, semeak mehatxu larriak egin zizkion amari, baita astinaldi bat eman ere, eta horrenbestez, udaltzainek hura atxilotzeari ekin zioten. Gaur goizean epailearen esku jarri dute.

 

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan 9 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 2 pertsona zauritu dira.

Etxezarra kalean beste ibilgailu batekin izandako istripu anizkoitz batean inplikatutako bi ibilgailu gidatzen zihoazen emakumeak dira. Atzo goizeko 08:30ak baino geroxeago gertatu zen. 40 eta 46 urteko bi emakume horiek toki horretan bertan artatu zituzten larrialdi-zerbitzuek, eta gero Santiago Ospitalera eraman zituzten.

Asteartean 19 salaketa aurkeztu ziren Polizia Judizialean.

 

 

Share

Elkarrekin Bizitzen Ikasi programaren 4. edizioa martxan da

 

2019ko urrian Elkarrekin Bizitzen Ikasi programaren 4. edizioa martxan jarriko da.

Elkarrekin Bizitzen Ikasi programa topaketa eta elkarbizitza guneak sortzean datza, herritarren arteko hartu-emana, komunikazioa eta elkar ezagutza bultzatuz, berdintasunezkoa eta solidarioa izango den hiriaren alde egiteko.

2019-2020an gauzatzen den laugarren edizio honetan, hiriko hainbat elkarte, kolektibo eta eragileen proposamenak jaso nahi izan dira.

Irailaren 26tik aurrera web orrian lehenengo seihilekoaren programazioa ikus daiteke.

 

Elkarrekin Bizitzen Ikasi

Share

Datorren astean Txoriastea deritzon programa egingo da Gasteizen, zeinaren barruan hainbat jardueratan parte hartu ahalko baita Eraztun Berdeko parkeetan, Atarian eta Florida zinema-aretoetan

Igandean, urriak 6, Hegaztien Jaia ospatuko da Ataria zentroan

Datorren astean Txoriastea deritzon programa egingo da Gasteizen; duela 20 urte hasi zen Ingurugiro Gaietarako Ikastegia hegaztiekiko grina eta begirunea adierazteko hitzordu hori antolatzen.

Irailaren 30etik urriaren 6ra arte, efemeridea hiriko txoko guztietan ospatzeko gonbita egiten du IGIk, “hartara herritarrak hegaztien mundura hurbil daitezen, Eraztun Berdeko parkeetan, Atarian eta Florida zinema-aretoetan antolatutako jardueretan parte hartuz”, nabarmendu du IGIko lehendakari Ana Oregik.

 

Zinema-zikloa

Asteko lehen hiru egunetarako zinema-zikloa prestatu da; solasaldiak ere izango dira, Urdaibai Bird Centerreko kudeatzaile Edorta Unamunoren eta zinema-zuzendari Arturo Menor eta José Díazen eskutik. Florida zinema-aretoetan hegaztiak protagonista nagusitzat dituzten bi film eta dokumental bat eskainiko dira, 19:30ean hasita.

Astelehena, irailak 30, 19:30: URDAIBAREN TAUPADA (Alberto Rojo, 2017). Espainia. 96 min.

Dokumental horren bitartez Urdaibai biosferaren erreserba ezagutuko duzu, zeina UNESCOk duela 30 urte baino gehiago izendatu baitzuen natura-erreserba, bertan lan egiten duten pertsonen istorioak, bertatik hurbil egiten diren jarduerak eta Espainiako iparraldean ohikoak diren  paisaiez betetako leku ugariak tarteko. Landetxe bat, upeltegi bat eta ikerketa ozeanografikorako zentro bat dira, besteak beste, ekosistemaren leku nagusietako batzuk.

 

Asteartea, urriak 1, 19:30 Barbacana, la huella del lobo (Arturo Menor, 2018). Espainia. 75 min.

Ahaleginaren eta hobetzearen kronika horrek ezagutzera eman nahi du otsoek iberiar ekosisteman duten garrantzia, eta kontserbatzeko dituzten arazoak. Zine digitaleko kamerarik modernoenak eta errodatzeko lanabes aurreratuenak erabili dira filmatzeko. Irudi- eta soinu-ikuskizuna gure zentzumenetarako.

 

Asteartea, urriak 2, 19:30 100 días de soledad (Gerardo Olivares, José Díaz, 2016). Espainia. 93 min.

José Diazek Redes Parke Naturalean (Asturias) duen txabolan emango ditu ehun egun; buruaskia izango da, eta mundu errealetik eta aurrerapenetatik erabat deskonektatuta egongo da. Ez du izango ez argindarrik, ez mugikorrik, ez telebistarik, ez ordenagailurik, ez erlojurik…  Gizakia naturarekin bakarrik.

 

Urriaren 3an (osteguna), Ekologistak Martxan taldearen kanpainen koordinatzaile Theo OberhuberrekBiodiversidad, la crisis silenciada” izenburua duen hitzaldia emango du; izan ere, klima-aldaketak merezi duen protagonismo publikoa lortu du, behingoz, azken urteotan. Baina bada berri onik: oraindik posible da aurrean dugun espezien seigarren suntsipen masiboa gelditzea, baldin eta herritarrok informazioa lortzen badugu eta biodibertsitatea kontserbatzeko neurri lotesleak eskatzeko mugitzen bagara.

 

Bisita eta afaria Salburuan, txotxongiloak eta Hegaztien Jaia

Urriaren 4an (ostirala), Salburuan oreinen mahai-ingurua entzutera joatera gonbidatzen zaitu IGIk, espezie horren sekretuak ezagut ditzazun. Alorreko aditu baten eskutik bisita interesgarria egin ahalko duzu parkean barrena, eta ondoren afari atsegina dastatu Atarian, solasaldia eta guzti.

Hilaren 5ean (larunbata), Felipe Fernándezek “animalien txotxongiloak” egiten ikasteko lantegia emango du Atarian, 17:00etan.

Urriaren 6an (igandea), azkenik, Hegaztien Jaia egingo da Ataria zentroan, 11:00etatik 14:00etara. Senide eta lagunekin ospatzeko ekitaldia izango da.

 

Share

Liburutegien urritik abendura bitarteko programak irakurtzeko zaletasuna sustatzeko 87 jarduera barne hartzen ditu

 

 

Batetik haur eta familientzako jarduerak eta bestetik gazte eta helduentzako jarduerak antolatu dira, eta iaz baino 10 gehiago izango dira: 42 euskaraz, 43 gaztelaniaz, eta bi ingelesez

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok Udal Liburutegien Sareak urritik abendura arte irakurtzeko zaletasuna sustatzeko antolatu duen jarduera-programa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan; orotara 87 jarduera barne hartzen ditu (iaz baino 10 gehiago): 42 euskaraz, 43 gaztelaniaz eta bi ingelesez.

 

Haur eta familientzako jarduerak

Gazte eta helduentzako jarduerak

Cantok azaldu duenez, “programaren helburua da herritarrak Udal Liburutegien Sareak dituen espazio eta zerbitzuetara hurbilaraztea eta irakurtzeko ohitura hartu eta sendotzen laguntzeko tresna dinamizatzailea izatea“.

2019ko urrian, azaroan eta abenduan garatuko da programa, gizarte etxeetako liburutegietan, eta haur, familia, gazte eta helduentzako jarduerak biltzen ditu.

Batetik haur eta familientzako jarduerak ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz (ipuin-kontalariak, lantegiak, antzerkia, pailazoak, txotxongiloak, musika); bestetik, gazte eta helduentzako jarduerak.

Umeekin eta familiekin batera hainbat alderdi landuko dira: adiskidetasuna, dibertsitatea, desberdinarekiko sentiberatasuna, tolerantzia, artea, jolasa, musika, zientzia, poesia, genero berdintasuna, jakin-mina eta irudimena.

Gazte eta helduentzako jardueren artean idazleekiko topaketak izango ditugu, irakurketa-klubak, hitzaldiak, lantegiak, antzerkia, ipuin kontalariak, musika eta errezitaldiak.

Patxi Zubizarretak koordinatuko du “Idazleekin solasean” programa, eta Joxean Agirrek eta Uxue Alberdik hartuko  dute parte. Gaztelaniazko egileei  dagokienez, Negu Karlsson, Jabo H. Pizarroso, Laura de la Serna, Sonia Corchera eta komikigile saritu Víctor Santosek emango dituzte hitzaldiak.

Intereseko gaiei buruzko hitzaldiak ere izango dira: heriotza duinerako eskubidea, gaixotasun zeliakoa, jendaurrean hitz egiteko beldurra gainditzea, transexualitatea, etab.

Horretaz gain, emanaldiak, irakurketa kluba, irakurketa errazeko kluba eta lantegiak eskainiko dira.

 

Share

Arabako Larrialdietarako Funtsak 29.860 euro bideratuko ditu uholde urek kaltetutako Ruandako familiei laguntzeko

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzak balio izango du oinarrizko gauzak, teilatuetarako xaflak eta ur biltegiak emateko 60 familiari

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak osatutako Arabako Larrialdietarako Funtsak 29.860 euro bideratuko ditu oinarrizko gauzak, besteak beste, koltxoiak, mantak eta esterak, emateko Ruandako Kamonyi barrutiko 60 familiari, zeinak urteko lehen seihilekoan izandako uholde urek eta uholdeek kaltetu baitituzte. Laguntza horri esker, familiak babesteko teilatuak egiteko xaflak ere emango zaizkie, bai eta ura bildu eta gordetzeko biltegiak ere.

Laguntza jasoko duten familiak zaurgarritasun egoera larrian daude, bost urtetik beherako haurrez eta heldu bakarraz osaturik baitaude.

Arabako Larrialdietarako Funtsaren laguntza Medicus Mundi erakundeak eskatu du. Erakunde horrek 25 urte daramatza Ruandan lanean, oinarrizko higienea eta saneamendua lortzeko proiektuetan eta oinarrizko osasun arreta ematen eta garapen sozioekonomikoan laguntzen. Arde Kubaho eta Ugama toki erakundeek banatuko dute laguntza. Medicus Mundik hainbat urte daramatza haiekin elkarlanean, ALFk eta beste hainbat euskal erakundek emandako diruarekin larrialdietan esku hartzen.

Aurtengo euri garaian beste batzuetan baino uholde ur, uholde, haize bortitz eta luizi gehiago izan dira, nagusiki aldaketa klimatikoa dela-eta, eta hainbat pertsona hil eta zauritu dira fenomeno meteorologikoen ondorioz. Kalte materialei dagokienez, etxebizitza asko erabat edo partzialki suntsituta geratu dira eta baita beste azpiegitura batzuk ere, esaterako, komunak eta bideak. Laboreek eta abereek ere kalteak izan dituzte eta, ondorioz, elikadura arazoak izan ditzakete herritarrek.

Proiektuaren bidez, Kamonyi barrutian esku hartuko da. Han, euri garaian kalteak jasan dituzten familiek etxebizitzak edo haien zati bat galdu dute eta aire zabalean egin behar dute lo edo auzokideen etxeetan, eta ez dute ur edangarririk, ez eta higiene eta osasun baldintza egokirik ere.

 

Share

Araski taldeak 2019/2020 denboraldirako lehen ekipoa aurkeztu du

Goiuri jauregian aurkeztu du Araski taldeak 2019/2020 denboraldirako lehen ekipoa; ekitaldian, Gasteizko alkate Gorka Urtaranekin batera, Udalbatzako eta gainerako erakundeetako ordezkariak izan dira. Gainera, hitz egin dute Araski AESeko presidentea, Iratxe Rodríguez, eta lehen ekipoko kapitaina, Laura Pardo.

Gaur bertan jakin izan da lantalde teknikoaren buru dabilen Made Urieta izendatu dutela joan den denboraldiko Estatuko entrenatzaile hoberen. Horregatik zoriontzeaz gain, Gorka Urtaranek esker ona eman dio klub guztiari, eredu izateagatik, batez ere neska askorentzat, non, eta kirola praktikatzeko eta ikusteko zaletasun handiko hiri batean. “Lehen mailako emakume, kirolari eta pertsonak zarete. Askatasun eta berdintasun erreferentzia bihurtu zarete, emakumeak sarri askotan bigarren leku batera baztertu dituen kirol batean”, gehitu du alkateak.

Duela gutxi Euskal Kopan izandako arrakastaren ostean, datorren igandeko (irailak 29) 11:00etan Araski AES taldeak hasiera emango dio emakumezkoen saskibaloi Ligaren 2019/2020 denboraldiari, Club Polideportivo Bembibreren aurka. Partida hori eta Ligaren lehen jardunaldiko gainerako seiak Zaragozako Siglo XXI pabilioian jokatuko dira. Estreinakoa Mendizorrotzena urriaren 9an izango da, Valencia B.C.-ren aurka, saldutako abonamenduen marka gainditu delarik.

Share

2020ko ordenantza fiskalen proiektua aurkeztu da jendaurrean

Iñaki Gurtubai alkateordea izan da 2020ko ordenantza fiskalen eta prezio publikoen proiektuaren jendaurreko aurkezpenean buru. Ekitaldia  auzogune, elkargune eta herritar orori irekitako ekitaldia izan da, informazioa eman eta ekarpenak egin zitezen.

Gurtubaik, Ogasunaren eta herritarren partaidetzaren  arloetako teknikariek lagunduta, zerga-proiektuaren alderdi nagusiak aletu ditu. Proiektuan zergak eta tasa eta prezio publiko gehienak mantendu nahi dira , % 1eko igoerarekin eguneratuta (urteko KPIn oinarrituta). 40 zergaren kasuan gertatuko da hori. Zerbitzuaren kostearen eta zerbitzua ematetik lortzen den dirusarreren artean alde handiena ematen den bederatzi tasa eta prezioetan berriz, % 4ko igoera proposatzen da.

Datorren urteko ordenantza fiskalen eta prezio publikoen proiektua jendaurrean aurkezteaz gain, herritarren partaidetza ere izango da zerga proiektua hau tramitatzeko egutegian. Esaterako, herritarren iradokizunak jasotzeko epea irekitzea (ekainean egin zen), Gizarte Kontseiluaren inplikazioa (datorren astean aurkeztuko du bere txostena) edo udalbatzak ordenantza fiskalei behin-behineko onespena eman ondoren alegazioak edo erreklamazioak egiteko aukera.

Share