Prentsa Oharren banner

Arkupeen ingurua oinezkoentzako bihurtzeko saiakera

Gasteizek jai baten bidez egin du bat ‘Hiria nire autoa gabe’ ekimenarekin, zeinak Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea itxiko baitu

 

“Hiria nire autoa gabe” eguna ospatu du Gasteizek gaur goizean, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan. Ekimenarekin bat egiteko, Arkupeen ingurunea oinezkoentzako bihurtzeko saiakera egitea erabaki du Udalak, San Frantzisko aldapa trafikorako itxiz, gerora hori egiteko asmoa baitu.

 

Zona eraberritzeko lanak hil honen hasieran abiatu ziren; 2,1 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta hamaika hilabete iraungo du obrak. Zehazki, bost kale hauetan egingo dira lanak: San Frantzisko, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutua eta Mateo Moraza.

“Gaur oinezkoa protagonista den beste espazio batez disfrutatzen ari gara. Ingurua laster nolakoa izango den irudikatu ahal dugu, lanak hasiak baitira”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak. “Erdigunerako Masterplanean sartutako jarduera horrek izugarri duinduko du espazioa. Gaur egiaztatu ahal dugun bezala, bi helburu lortuko dira: hiria biziberritzea eta inguruko jarduera dinamizatzea“, zehaztu du.

 

Europako Mugikortasun Iraunkorraren Asteko ekintza nagusia izan da. Jarduerez bete da kalea goizeko 11:00etatik eguerdiko 14:00etara bitartean, lehen autoek okupatzen zuten espazio publikoa berreskuratzeak pertsonei nolako onura dakarkien erakusteko. Informazio-stand bat izan da bertan, eta panelak, auzokoek Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektua ezagut dezaten; gobernu zentralak finantzatzen du hori.

IGIren bitartez, Udalak irisgarritasunari buruzko lantegia antolatu du, ezintasunak dituzten pertsonen lekuan jartzeko aukera emanez; bizikletaz ibiltzen ikasteko zirkuitu bat ere antolatu da, ludoteka, eta abar. Horretaz gain, zenbait saltokik kalera atera dituzte beren produktuak, eta DJen musika izan da.

Share