Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 iraila 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Elikaduraren XIII. Gizarte Topaketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Ana Oregi; Nekazaritza diputatu Eduardo Aginako; eta Arabako Slow Foodeko ordezkari Eduardo Urarte

Eguna. Osteguna, irailak 19

Ordua. 10:30

Tokia. Arabako Foru Aldundiko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘Desmesura’ proiektu artistikoa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Canto; eta artista Salim Malla

Eguna. Osteguna, irailak 19

Ordua. 11:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea

————————————

Ekitaldia Alzheimerraren Munduko Eguna dela eta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Osteguna, irailak 19

Ordua. 18:00

Tokia. Artium museoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:54

 

guraso izatekoak direnek eta 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiek gurasotasuna landuko dute, eta esperientziak eta jolasak partekatuko

 

Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak Senidegune programan izena emateko epea ireki du; horren bidez, guraso izatekoak direnek eta 0 eta 6 urte bitarteko haurrak dituzten familiek gurasotasunarekin lotutako esperientziak partekatzeko aukera izango dute.

Senideguneren barruan zenbait lantegi antolatzen dira, zeinetan emakume haurdunek eta haien bikotekideek zein guraso eta seme-alabek hainbat arlo lantzen baitituzte: harremanak, komunikazioa, afektuak, jolasa, etab. Aldi berean, gurasotasunarekin eta seme-alabekin lotutako esperientziak, egoerak eta kezkak partekatzen dituzte. Bilobak zaintzen dituzten aitona-amonek ere hartu ahalko dute parte.

0 eta 6 urte bitarteko haurrentzat, beste ume batzuekin eta familiekin jolasak eta jarduerak partekatzeko aukera da Senidegune.

Familiei, berriz, 0-3 eta 4-6 tarteetako umeen hazkuntzari buruzko informazioa ematen die. Orobat, beste guraso batzuk ezagutu ditzakete, esperientziak trukatu, eta Gasteizen haurrentzat dauden baliabideen berri jaso.

Urriaren 7an hasiko dira Senidegune programako jarduerak. Oraindik bada leku librerik; goizeko txandan, leku hauetan:

  • Ibaiondoko gizarte etxea (gaztelaniaz).
  • Ariznabarra (gaztelaniaz).
  • Zabalganeko gizarte etxea (euskaraz).
  • Salburuko gizarte etxea (euskaraz).

Arratsaldeko txandan:

  • Salburuko osasun zentroa (gaztelaniaz).
  • Lakuabizkarra HLHI (gaztelaniaz).

4-6 urtekoen lantegian:

  • Lakuabizkarreko osasun zentroa.

010 telefonoaren bitartez eta udalaren web-orrian eman daiteke izena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:53

-RPK S. Coop., Automach eta Caype enpresek –336 langile dira guztira– Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea baliatu dute hainbat neurri abiarazteko.

– Joan-etorrietarako ibilgailu pribatua erabili ordez, oinez joatea edo bizikleta zein garraio publikoa erabiltzea, eta bizikletaz doazen bezeroak sartzeko kanpaina bat, besteak beste.

 

Laneko mugikortasuna da hirietan konpondu beharreko erronka handienetako bat, baita Gasteizen ere. Hain zuzen ere, lehentasuna izango du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikusketan. Hori dela eta, Gasteizko Udalak lanera joateko mugikortasunaren arloko erronka bat jarri du martxan Mugikortasun Iraunkorraren Europako Asteko jardueren baitan, eta hiriko hiru enpresak hartzen dute parte: Gamarrako atean dagoen RPK S.Coop, Betoñun dagoen Caype eta Jundizko industrialdean dagoen Automach enpresek. Hiru enpresen artean 336 langile dira, eta hainbat ekintzari ekin diote mugikortasun iraunkorra sustatzeko.

RPK kooperatibak hainbat aste daramatza langileak sentsibilizatzen, garraio-modu alternatiboei buruz posta elektronikoz bidaltzen duen informazioa lagun. 28 langilek hartu dute  ibilgailu pribatua uzteko eta aste honetan lanera oinez, bizikletaz edo garraio publikoz joateko konpromisoa. Udalaren webgunean partekatzen dituzte egunero beren esperientziak, argazki eta bideoen bitartez. Ekintzari ikusgarritasun handiagoa emateko, enpresako zuzendaritzak Mugikortasunaren Astearen oroigarri diren poltsak banatu ditu.

Bestetik, bulegoko eta eskolako materiala saltzen duen Caype enpresak (22 langile) bizkar-zorro bat ematen die opari erostera bizikletaz joaten diren bezero guztiei, mugikortasun iraunkorraren alde egiten duten apustua aitortzeko. Bertako hainbat langilek ere aldatu egingo dituzte mugitzeko ohiturak, eta bizikletaz doazenei bazkari bat emango zaie, doan, urtegian. Bizikleta-aparkalekuak ere jarri dituzte.

Azkenik, Jundizko Automach ingeniaritza enpresako 6 langile (30 dira guztira) egunotan bizikletaz doaz lanera, eta partekatu egiten dituzte abantailak, eragozpenak eta ibilbidean konpondu beharrekoak.

Hiru enpresa hauetako langileek kalkulagailu berezi baten bidez ezagutu egin ahal izango dute  ibilgailu pribatuan joateak edo modu iraunkorrago bat erabilita joateak urtean duten benetako kostua.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Udaltzaingoaren Agenteek 19 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, indarkeria erabiliz lapurreta-delitu baten ustezko egile gisa.

Gertaera horiek 19:00ak baino minutu batzuk lehenago izan ziren; zenbait pertsonak Zaramaga kaleko merkataritza-establezimendu batean lapurtu zuten eta, gero, ihes egin zuten segurtasun-zaindaria atzetik jarraika zutela.

Emandako adierazpenei esker, patruila batek Urkiolako Mendatearen kalean topatu zuen zaindaria, herritar baten laguntzarekin ihesi ateratako ustezko lapurretako bat geldiaraztea lortu baitzuen. Udaltzainek atxilotu egin zuten mutil gaztea eta gaur goizean epailearen esku geratu da.

 

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan 15 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 3 pertsona zauritu dira.

89 urteko emakume bat zaurituta geratu zen atzo 08:30ean, oinezkoentzako semaforoa gorrian zegoela zebrabide batetik gurutzatzen hasi eta auto batek bortizki galga zanpatu ondoren. Horren ondorioz, emakumea beldurtu eta errepidera erori zen, eta horrexegatik, larrialdiko zerbitzuek artatu egin behar izan zuten, eta gero, Santiago Ospitalera eraman.

17 urteko neska adingabe batek zauriak jasan zituen atzo 08:30ak aldera Bake kalean lau ibilgailu tartean nahastuta zeudela gertatutako istripu baten ondorioz. Neska gaztea talka horretan nahastutako lehen ibilgailuan zihoan eta Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Handik pixka batera, bizikletaz zihoan gizonezko bat zauritu zen, Mendigorritxu kaletik zihoala bizikleta gainetik erori ondoren. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Atzo, 19 salaketa aurkeztu ziren Polizia Judizialean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:55

 

10 proposamen izango dira, eta irailaren 20an hasiko da horietarako sarreren salmenta gizarte-etxe eta  kirol instalazioetan, eta internet bidez.

Irailaren 20an hasiko da Auzo Eszena programako urritik abendura bitarteko denboraldirako sarreren salmenta. Programa horrek Gasteizko arte eszenikoen alorreko konpainia ez-profesionalei aukera ematen die beren proposamenak jendaurrean erakusteko, gizarte etxeetako ekitaldi aretoetan.

Kultura eta Gizarte  Etxeen zinegotzi Estibaliz Cantoren hitzetan, “programan sinesten dugu, eta horren aldeko apustua egiten, tokiko kulturaren aldeko filosofiarekin bat datorrelako. Taldeek sormena, artea eta konpromisoa eskaintzen dute; guk, berriz, espazioak, ekipamenduak, zabalkundea, sarrera-salmenta eta teknikarien gastuak. Horretaz gain, leihatilan bildutako dirua ere ematen diegu”.

Hamar taldek hartuko dute parte urritik abendura bitarteko programazioan: Alecrin, Hirukide teatro, Tadir teatro, No me claves tus puñales, Abarca taldea, Antrokia, Los del sótano, Auskalhop, Ipazapi, Baidefeis.

Emanaldi guztiak irailaren 29tik azaroaren 30era bitarteko igandeetan izango dira (azken egunekoa izan ezik, larunbatean izango baita), 19:00etan, Araneko, Zabalganeko, Salburuko, Arriagako eta Aldabeko gizarte-etxeetan. Sarrerak gizarte etxe eta kirol-instalazio guztietan eta interneten egongo dira salgai etzitik aurrera, eta 3 eta 5 euro arteko prezioa izango dute, taldeek nahi dutenaren arabera.

 

Negu-udaberriko denboraldiko datuak:

 

Ikuskizun kopurua 11
Ikusleak 1430 pertsona

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:05

 

 

  • Euskadiko hiriburuak sari hori jaso du Ecovidrio sarien 20. edizioan, hiri iraunkortasuna hobetzen, klima-aldaketaren kontra borrokatzen eta garapen iraunkorreko helburuak lortzen egindako ibilbide luzea dela eta.
  • Hori ospatzearren, Ecovidriok beirazko ontziak biltzeko munduko edukiontzi handiena jarri du hirian, zeinak gasteiztarrek beirazko ontziak birziklatzen egindako ahalegina eta erakutsitako kemena sinbolizatzen baititu.

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko entitateak —Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz arduratzen da—  gaur iragarri duenez, Gasteiz hiriari eman dio “Mayor Impacto Ciudadano” saria, Ecovidrio sarien 20. edizioan. Garapen iraunkorreko helburuak lortzen, klima-aldaketaren kontra borrokatzen eta hiri iraunkortasuna hobetzen egindako ibilbide luzea dela eta lortu du hiriak aipatutako entitatearen aitorpena.

REDS-Garapen iraunkorrerako Espainiako Sareak Espainiako 100 hiriri buruz 2018an egindako txostenaren arabera, Gasteiz Espainiar estatuan 80.000 biztanletik gora duten hirien artean ondoen kokatutakoa da garapen iraunkorreko helburuak lortzeari dagokionez. ‘Mirando hacia el futuro: Ciudades sostenibles’ izenburua duen txostenak ingurumen-iraunkortasunarekin lotutako bi adierazletan nabarmentzen du bereziki Euskadiko hiriburua: 6. GIH (ura eta saneamendua) eta 12. GIH (ekoizpen eta kontsumo arduratsua).

Duela bi hamarkadatatik etengabe, Arabako hiriburua ingurumenarekiko konpromiso sendoa eraikiz joan da, bi zutabetan oinarrituta: ingurumen-iraunkortasuna hobetzeko jarduera etengabeak eta  ingurumena babesteko kontzientzia gero eta handiagoa herritarren artean. Konpromiso hori erabakigarria izan zen 2012an European Green Capital izendapena lortzeko, eta aitorpen hori irabazten zuen Europako hegoaldeko lehen hiria bihurtu zen.

Duela bi aste eskas, bestetik, Global Green City Award saria eman dio Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Global Forum on Human Settlements organizazioak; garapen iraunkorreko helburuak eta 2030 Agenda bete izana aitortzen du horrek.

‘Green Capital +10’ estrategiaren barruan sartutako politika berdeek hainbat alorretako jarduerak aurreikusten dituzte, hiri iraunkorrerako trantsizioan lider izaten jarraitze aldera, besteak beste, mugikortasun iraunkorra sustatzea, hiriko azpiegitura berdea hedatzea, edo ekonomia zirkularreko plana, hondakin gutxiago sortzeko eta birziklapena handitzeko.

Beirazko ontzien gaikako bilketari dagokionez, Estatuko probintzia hiriburuen arteko seigarrena izan zen 2018an, urteko eta biztanleko 22 kilo bildu baitziren (84 ontzien baliokidea). Orobat, Ecovidriorekin batera ostalaritzarako atez ateko bilketa-zerbitzua ezartzen zuen lehen hirietako bat izan zen 2000ko hamarkadan.

Gainera, Ecovidrioren eta Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, Arabak beirazko ontzien % 88ko birziklatze-tasa du, europar herrialde aurreratuenen parekoa.

Ecovidrioko Operazio zuzendari José Fusterrek nabarmendu duenez, “ingurumen arloan aurrekaririk ez duten erronken aurrean gaude une honetan, eta hiriak aktore gakoak dira garapen iraunkorrerako. Gasteizkoa bezalako kasu arrakastatsuak funtsezkoak izango dira gure gizartearen etorkizuna moldatzeko eta hirietatik ekonomia zirkularreranzko trantsizioan aitzindari izateko”.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, berriz, Ecovidrioaren saria eskertu du: “hiri honentzat oso pozgarria da sari hau jasotzea, gasteiztarrek ingurumena babestearekin lotutako alderdi orotan urteetan egindako lana aitortzen duelako, eta egunez egun ahalegintzen jarraitzera animatzen gaituelako”. Beirazko ontziei dagokionez, zehazki, urteko eta biztanleko batez beste 22 kilo birziklatzen direla gogorarazi du.  2018an 5.481 tona bildu ziren. Epe laburrera aurreikusitako ekintza berrien artean birziklatzeko edukiontzi gehiago jartzeko asmoa da nabarmengarriena, 700 izatetik 1.100 izatera iritsiko baita 2021ean. Ostalaritzan atez ate biltzeko guneak ere handituko dira, eta aho handiagoa duten edukiontziak jarriko dira, zerbitzu hori ez dutenek errazago birziklatu ahal izan dezaten. Azkenik, herritarrak oro har sentsibilizatzeko kanpaina berriak aurreikusi dira, bildutako beiraren kantitatea zein kalitatea hobetzeko.

Edukiontzi erraldoia ospatzeko

Saria eman izana ospatzeko, Ecovidriok beirazko ontziak biltzeko munduko edukiontzi handiena jarri du hirian; Andre Maria Zuriaren plazan egongo da, irailaren 18tik 22ra. 8 metroko altuera duen igluaren bidez, herritarrek, ostalariek eta administrazio publikoek klima-aldaketaren kontrako borrokan egindako lana aitortu nahi da. Izan ere, gasteiztarrek beirazko ontziak birziklatzen egindako ahalegina eta erakutsitako kemena sinbolizatzen ditu.

Gasteizko Udalak azaroaren 8an jasoko du ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria, Madrilen egitekoa den ekitaldi batean.

Aurreko edizioetan hauek jaso dute ‘Mayor Impacto Ciudadano’ saria: Captain Boomer eta Madrileko Udala, ‘Whale – Un cachalote en el Manzanares’ ekimenagatik; El Hierroko Kabildoa eta Gorona del Viento zentrala, energia garbien aldeko apustuagatik, eta WWF, ‘Planetaren Ordua’ kanpainarengatik, klima aldaketaren kontrako mobilizazio kanpaina handiena baita.

Bere ibilbide profesionalean ingurumena zaintzen lagundu duen pertsonaia bat ere sarituko da zeremonian, ‘Personalidad ambiental del año’ izendatuz. Era berean, ingurumen arloko kazetarien lana sarituko da, lau kategoriatan: telebista, irratia, prentsa eta ekimen digitala.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:24

 

 

Udalak online atxikitzeko sistema berria jarriko du abian, eta gizarte etxeetan zurrumurruen kontrako jarduerak antolatu ditu

Ikasturte honetan, Gasteizek gazteak eta adinekoak sartuko ditu Zurrumurruen kontrako Sarean, eta proiektu berri bati ekingo dio Aranako auzokoekin.  Horretaz gain, online atxikitzeko sistema berria jarriko du abian Udalak.

Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak aurkeztu ditu sarearekin lotutako berrikuntza nagusiak, Amekadiko aholkulariekin batera. 2017an sortu zuen Gasteizko Udalak ekimena, kulturartekotasunarekin, gizarte kohesioarekin eta  bereizkeria ezarekin konprometitutako pertsona, entitate eta erakundeekiko lankidetzan, eta Bizikidetza eta Aniztasun Plana du abiapuntutzat.

“Ikasturte honetarako helburu nagusia da zurrumurruen kontrako estrategia zabaltzea eta publiko ezberdinen artean ezartzea, Gasteizko Zurrumurruen kontrako Sarea mantendu eta hedatzearren. Indarrak batzea eta elkarrekin lanean jarraitzea da asmoa, atzerritik etorritako pertsonen kontrako aurreiritzi negatiboak eta zurrumurruak moteltzeko, haiek ere bertako herritarrak baitira, eta bizikidetza positiboaren alde egiteko“, nabarmendu du Miren Fernández de Landa zinegotziak.

 

Adinekoen sarea

Adinekoen Zerbitzuko udal langileek zurrumurruen kontrako oinarrizko prestakuntza jaso zuten 2018an. Geroztik, zenbait sentsibilizazio-ekintza egin dira zentro soziokulturaletan, kafe-solasaldi formatuan. Sortutako interesa ikusirik, Adinekoen Zerbitzuak eta Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak erabaki dute zentro horietako erabiltzaileei prestakuntza ematea.

Urriaren 29an gogorarazteko hitzaldia emango du Jesús Prietok, Europa jauregian, eta hirian ari den zurrumurruen kontrako agente batek bere esperientzia azalduko die entzuleei.

 

Zurrumurruen kontrako gazteak

Gasteizko gazteak lehentasunezkotzat jo dira 2019-2020rako zurrumurruen kontrako estrategian. Zenbait ekimen jarriko dira martxan proiektua gazteei hurbiltzeko, Udaleko Gazteria Zerbitzuarekin koordinatuta:  Gazte Klik Klak lehiaketaren aurtengo edizioaren gaia “zurrumurrurik EZ” izango da, Gauekoak programaren barruan zurrumurruen kontrako jarduerak sartuko dira, eta hainbat gazte talderi zurrumurruen kontrako estrategia azalduko zaie, besteak beste.

 

Aranak bat egin du zurrumurruen kontrako estrategiarekin

2019ko apirilean, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuko taldea Aranako auzokoen ordezkari batzuekin bildu zen, auzoan zurrumurruen kontrako estrategia ezartzeko interesa adierazi baitzuten. Taldeak eskaera aztertu ondoren, erantzutea erabaki zen.

Urriaren 22, 24, 29 eta 31n oinarrizko prestakuntza eskainiko da, bi txandatan: goizez, udal langileentzat; arratsaldez, herritarrentzat.

Prestakuntzaren xedea da ezagutzak, trebetasunak eta irizpideak ematea migratzaileei buruzko estereotipo negatiboak eta aurreiritziak zabaltzen dituzten zurrumurru eta adierazpenei aurre egin ahal izateko, bazterkeria eta gorrotoa sustatzen baitituzte.

Izan ere, estereotipo eta zurrumurruen jatorria eta horiek zabaltzearen ondorioak ezagutzea, zein den esku hartzeko unerik onena eta nola egin jakitea, pertsona jakin batzuei erantzuteko egokiera balioestea, zein argudio izan daitekeen baliagarri eta zein ez aztertzea eta abar lagungarriak dira mesfidantzari eta adierazpen baztertzaileei aurre egiteko, lanean, familiaretan, lagunartean, auzoan eta beste inguru batzuetan.

 

Online atxikitzea

https://www.vitoria-gasteiz.org/ zurrumurruen aurka web-orrian Zurrumurruen aurkako formularioa bat dago eskuragarri, estrategian parte hartu nahi duen pertsona edo entitate orok erraz eta azkar bat egiterik izan dezan. Laguntza eskaini, prestakuntzan izena eman, ekintza-taldeetan parte hartu edo aldian behin informazioa jaso ahalko dute horren bidez.

 

Gasteizko Zurrumurruen kontrako estrategia

2017an hasi zen estrategia ezartzen hirian. Geroztik, oinarrizko prestakuntza eta prestakuntza aurreratua eskaini zaie hala herritarrei arreta ematen dieten eta haientzako programazioak kudeatzen dituzten udal langileei nola alor guztietako elkarteetako kideei eta estrategiaren agente gisa jardutea erabakitzen duten herritarrei.

Agente horiek osatzen dituzten sareek auzoetan garatzeko sentsibilizazio-ekintzak diseinatzen dituzte ondoren, Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuaren laguntzarekin eta AMEKADI entitateak dinamizaturik; azken horrek esperientzia handia du horrelako proiektuak kudeatzen.

Gaur egun zurrumurruen kontrako agenteen bi sare daude: Pilar-Iparraldekoa eta Salburukoa. Lehen taldeak bi urte daramatza estrategia lantzen, eta besteak, urtebete; orain arte bakoitza bere aldetik aritu da, baina batu egingo dira laster.

Gainera, ZAS! zurrumurruen kontrako euskal sarearen kide da Udala. Lan foro horretan ezagutza eta esperientziak partekatzen dituzte, ekintza bateratuak lantzen, prestakuntza diseinatzen, etab. Agenteen sare mistoa da, administrazioek (udalak, aldundiak, EHU, Eusko Jaurlaritza) eta kulturartekotasunarekin, gizarte kohesioarekin eta bereizkeria ezarekin konprometitutako era guztietako gizarte entitateek hartzen baitute parte.

Zer da zurrumurruen kontrako estrategia?

Eraldaketa sozialerako sentsibilizazio eta ekintza-proiektua da, Bartzelonan 2010ean sortua, Europa osora hedatzen ari dena.

Hauek dira estrategiaren helburuak:

  • Pertsona eta entitate kopuru handia inplikatzea, zurrumurruen aurkako agenteen sare bat sortzeko.
  • Herritarren artean pentsamolde kritikoa sustatzea eta estereotipo, aurreiritzi eta zurrumurru faltsuen ondorio negatiboei buruz sentsibilizatzea, ekintza berritzaileak eta parte-hartzaileak eginez.
  • Agenda politikoan eta sozialean eragitea, aurreiritziak murriztea eta diskriminazioari aurre hartzea hiriaren helburu kolektibo oso garrantzitsua dela onartu dadin.

 

Zer dira zurrumurruen kontrako agenteak?

Beren hiriarekin konprometitutako pertsonak dira, aniztasuna errespetatzen eta baloratzen dutenak, eta gizarte ireki eta askotariko baten aldeko apustua egiten dutenak.

Agenteek oinarrizko formakuntza jasotzen dute eta bakoitza bere inguru hurbiletan (lanekoan, senidean, lagun artean,…) eragiten eta estereotipo negatiboak eta zurrumurru faltsuak indargabetzen saiatzen da.

Horietariko batzuek zurrumurruen aurkako ekintza-taldeetan parte hartzen dute, hilean behin elkartzen dira, formazio osagarria jasotzen dute, zurrumurruen inpaktua aztertzen dute eta sentsibilizazio ekimena diseinatu eta aurrera eramaten dute.

 

Nola sortu zen  proiektua?

Mugimendua Bartzelonan hasi zen, 2010ean, eta gerora hainbat herri eta hirik egin dute bat, Euskal Herrian  (Aduna, Alegia, Alkiza, Anoeta, Asteasu, Arrasate, Basauri, Bilbo, Donostia, Eibar, Errenteria, Getxo, Hernani, Ibarra, Larraul, Ordizia, Pasaia, Portugalete, Tolosa, Zarautz, Villabona) zein Europa osoan (Castelló, Tenerife, Getafe, Logroño, Jerez de la Frontera, Nuremberg-Alemania, Patras-Grezia, Botkyrka-Suedia, Amadora-Portugal, Lublin-Polonia…).

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:32
  • Denboraldi bereziki positiboa izan da Gamarran, non hamarkadako erregistro onena jaso den
  • Sarrerak Internet bidez saltzeko aukera berriak 874 erabilera izan ditu guztira

 

Amaitu da udako denboraldia Udalaren kirol instalazioetan, eta guztira 676.662 pertsona izan dira, 408.792 Mendizorrotzean eta 267.870 Gamarran. Hamarkadako erregistro onenetakoa da, soilik 2013koaren azpian (orduan 699.385 pertsona zenbatu ziren). Udako denboraldia bereziki positiboa izan da Gamarran, non hamarkadako daturik onena jaso izan den; Mendizorrotzean, berriz, hamarkadako bosgarrena.

2019ko kanpainako egunik onena ekainaren 26a izan da Mendizorrotzean (11.919 pertsona), eta ekainaren 29a Gamarran (9.139 pertsona). Hilabeteka aztertuz gero, pertsona gehiago joan den aldia maiatza-ekaina izan da, 245.358 pertsona. Datu hori azken zortzi urtetako onena da. Aldiz, irailean joan da jende gutxien, 22.835 pertsona, 2012-2019 aldiko zifrarik baxuena.

Udan kirol instalazioetara joandako abonamendua duten pertsonen ehunekoa aurreko urteetakoaren antzekoa da: % 91,36 Mendizorrotzean eta % 43,34 Gamarran. Kontuan hartzekoa da Gamarrara beste udalerri eta probintzietako jendea etortzen ohi dela.

Berrikuntzen artean, aurten egun bakarreko sarrerak Internet bidez saltzeko aukera eskaini da, eta 874 aldiz baliatu izan da, 662 Mendizorrotzerako eta 212 Gamarrarako.

 

Meteorologia, alde

Eguraldi onak izan du eraginik udako kanpainaren emaitza onetan. Abetxukuko C076 estazioko datuen arabera, 30º C-ko edo gehiagoko 32 egun erregistratu dira; beste 36 egunetan tenperatura 25º eta 29º C artekoa izan da. Tenperatura altueneko eguna uztailaren 23a izan zen; termometroa 37,9º C-tara iritsi zen, eta 16.168 bistari izan ziren kirol instalazioetan. Mendizorrotzean jende-kopuru handieneko egunetatik bederatzitan gainditu zen 30 gradutako muga; Gamarran zazpi egunetan.

Halaber, euri-egun gutxi izateak ere igerilekura joanaldien alde jokatu du. Kanpainaren 115 egunetatik, 77tan ez du euririk egin, eta beste 16 egunetan, berriz, 1 l/m2-tik behera.

 

Sarrera-kontrola

Udako denboraldian 86 isun zigor ipini dira (Mendizorrotzean 52 eta Gamarran 34), iazko 78ren aurrean. Ia-ia zigor guztiak (guztiak, hiru izan ezik) sartzeko txartelaren erabilera irregularragatik jarri izan dira. Erabiltzaileen kontzientziazioan eta besteren txartela baliatuz sartzen saiatzen direnen kopurua gutxitzea dakarren kontrol-neurrien hobekuntzan lan egin da.

 

Txangoak

Udako denboraldian 17.313 pertsona joan dira Gamarrara ikastetxeek eta elkarteek antolatutako txangoen bitartez. Guztira 229 txango izan dira, 201 erakunde antolatzaileren eskutik. Mendizorrotzeko kirol-esparrura 760 pertsona joan izan dira 6 erakundek antolatutako 7 txangoetan.

Udako denboraldia maiatzaren 24tik irailaren 5era bitartean egin izan da Mendizorrotzean, eta maiatzaren 31tik irailaren 8ra Gamarran.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:26

 

Gazteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak ‘Udazkena eta neguko Xtraclub programazioa’ martxan jarriko du , eskaintza anitza eta aberatsa eskainiz: aisialdi-, kultura-, abentura- eta kirola-ekintzak. Programazioak 37 ekintza eta 745 leku eskainiko ditu 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzat.

Gazteria Zerbitzuaren helburua, hau da: gazteen arteko harremanetarako eta elkar ezagutzarako espazio hezigarria sortzea, ekintza ludikoak, osasuntsuak eta hezigarriak eskainiz. Programa horrek gazteen artean duen harrera oso positiboa da, izan ere 2018an programatutako ekintzen % 98a egin dira eta, parte-hartzeari dagokionez, 1.636 erabilpen zenbatu dira (eskainitako lekuen % 88a).

Udazkena-neguko denboraldi honetarako programatu diren ekintzen artean aipa ditzakegu hain arrakastatsuak diren Hiriko dantza eta kantu lantegiak, non lantzen eta sakontzen diren eszenatoki batera beldur barik igotzeko beharrezkoak diren kantu- eta dantza- teknikak eta ahalmenak. Aipatu behar da ere gizarte etxeetan eskaintzen diren beste ikastaro batzuk: argazkigintza, sukaldaritza, gizarte-sareak, kosmetika naturala, eta eskulanezko lantegiak.

Gainera,  Kirol- eta abentura-ekintzak naturan (zuhaitzen arteko zirkuituak, egun bat zaldien bizitzan, xendazaletasuna,…), Hiriko irteerak (izotz pista, karting, bolatokia, termak,…), eta txango kulturalak (Gasteiztik kanpo).

Programazioaren inguruko informazioa guztia hemen: www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub

Izena emateko tokiak: On Line (www.vitoria-gasteiz.org/xtraclub), 010 telefonoan, gizarte etxeetan , kiroldegietan, eta OMIJ-en (Gazteentzako Informazio Bulegoan

Ekintzetan parte hartzeko Herritarren Udal Txartela (HUT) indarrean izan behar duzu (txartela dohainik eskura dezakezu Herritarrei Laguntzeko Bulegoetan). Gainera, Udal instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute jarduera guztietan.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:40

 

Doako hitzaldiak, lantegiak eta mahai-inguruak izango dira Goiuri jauregian. Udaleko gazteria eta kultura zerbitzuek elkarrekin egindako lanaren emaitza da.

Libururekiko grina Youtubeko kanal batean partekatzen duten irakurle gazteen topaketa hartuko du Goiuri jauregiak urriaren 5ean eta 6an. Bereziki gazteei zuzendutako ekintza hau Kultur Jardueren Atalak diseinatu du, Udalaren IV. Gazte Planaren sorkuntza ildoaren baitan.

Gaur aurkeztu dute topaketa Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eta Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landak.

Ziur gaude horrelako ekintzek erein egiten dutela hazia, Gasteizko gazteek hiriko eta beste esparru batzuetako –komunitate birtualetako esaterako— zerbitzu eta baliabide kulturalez atsegin hartzerik izan dezaten“ adierazi du Fernandez de Landak ekitaldiaren aurkezpenean.

“Gazteak eta kultura-garapena elkartzea da Kultura Plan Estrategikoaren ildoetako bat, eta ekitaldi honek oso ondo jasotzen du egungo gobernuaren nahia, hau da, gazterian eta kulturan modu koordinatuan indar egitea, etorkizunean proiektu bateratu gehiago egiteko” azpimarratu du Estibaliz Cantok.

Jardunaldietako programa honekin errealitate berri horretara hurbiltzea lortu nahi da, bai tokian bai nazioan, horretarako hainbat jarduera eta sare sozialetan eragin handia duten booktubers’ eta ‘bookstagrammers”-en laguntzaz.

 

EGITARAUA

Batetik, Galtzagorri haur eta Gazte Literatura Elkarteak “Gazteak, irakurzaletasuna eta teknologia berriak. Booktuberboom proiektua” izeneko hitzaldia emango du. Elkartea euskaraz idatzitako literatura zabaltzen eta sustatzen aditua da. Ekitaldiak 3. edizioa du hiriko hainbat ikastetxeetan, eta 14 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzentzen zaie.

Bestetik, bi lantegi egingo dira. Horietan  parte hartzeko izena behar da aldez aurretik, edozein  gizarte etxe eta kirol instalaziotan edo online. Gabriella Campbellek “Idaztea gustuko dut, nondik hasi?” lantegia emango du. Sormen idazketa garatzea izango du ardatz, eta 14 eta 25 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Bi orduko iraupena izango du.

Bigarren lantegiak “Nola sortu edukiak booktuberreko kanal batean. Esperientzia barrutik” izango da.  Bicheando libros kanaleko Paola Boutellierrek eta Raquel Bookish kanaleko  Raquel Brunek bertatik bertara azalduko dituzte bere esperientziak kanal bat sortzeko eta bideoak editatzeko.

Azkenik, hiru mahai-inguru izango dira. “Booktuber izatea irakurgaiak gomendatzea baino gehiago da” izenekoan honakoek eztabaidatuko dute gaiaren inguruan: Sebas G. Mouret  (250.000 jarraitzaile ditu sareetan“El coleccionista de mundos” -i esker),  Marta Álvarez (arrakasta handiko literatura-blog bat eta “La libreta de Martitara” kanala kudeatzen ditu), eta Josu Diamond (idazle ere estreinatu berri da).

“Bide berriak. Bookinstagrammer esperientzia” izenekoan, Fiebre lectora, Bibiana in Bookland eta Iris de Asomo arituko dira joera honen bilakaeraz eta  bide berri honek irakurketaren sustapenean duen eraginaz.

Azkenik, “Aniztasuna gazte literaturan. Irakurketa lgtbifobiaren kontrako arma gisa” delako mahai-inguruan,  David Lozano, Iria G. Parente eta  Selene M. Pascual arituko dira, Gabriella Campbell moderatzaile dela. Hainbat hizpide izango dituzte: idazketa, munduen sorrera, LGTBI pertsonaiak, eta horien bitartez gazte-literaturaren irakurleengana iristeko modua.

IZENA EMATEA ETA LIBURUAK IZENPETZEA

Larunbatean zein igandean, bertaratuek beren liburuak ekarri ahal dituzte hizlariek izenpetu ditzaten. Halaber, liburuak erosteko aukera ere izango da bertan. Ekitaldi guztiak irekiak dira eta sarrera librea izango da lekuak bete arte, aldez aurretik izena eman beharrekoak diren lantegietan izan ezik. Dagoeneko irekita dago horietan izena emateko epea.

Informazio gehiago nahi izanez gero, honakoetan kontsulta daiteke: Udalaren web orriko Udal Liburutegien Sarearen atalean (www.vitoria-gasteiz.org/liburutegiak), twitter kontuan (@Vg_biblio) eta Go Gasteiz Kultura espazio berrian.

 

 

Share

Aurrekoak »