Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute taberna bateko emakume zerbitzariari mehatxu egiteagatik

 

Udaltzaingoak 54 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, Gurutze Zuria kaleko ostalaritza-lokal batean lanean ari zen emakume bati mehatxu larriak egiteagatik eta gertakari horretan esku hartu zuten udaltzainei ez obeditzeagatik.

11:00etan patruila bat taberna batera joan zedila eskatu zuten, arazoak zeuzkatelako bezero batekin. Pertsona horrek, hasieran, udaltzainek lokaletik irteteko emandako agindua obeditu zuen. Dena den, goiz horretan bertan, hiru alditan itzuli zen berriro tabernara, eta langilea izututa utzi zuen, eta horrexegatik, azkenean, gizonezko hori atxilotzeari ekin zioten.

Bi gizonezko inputatu dituzte gida-baimenik gabe gidatzeagatik

Udaltzaingoa bi gizonezko ikertzen ari da, gida-baimenik gabe gidatzen ari zirenez bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egiteagatik. Lehena, 30 urtekoa, Kristo kaletik abiadura handian zihoala ikusi zuen patruila batek. Bigarrena, 29 urtekoa, Maite Zuñiga kaletik zihoan, eta drogen proban THCarekiko positibo eman zuenez, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan hamasei trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan bost pertsona zauritu dira guztira.

Atzo goizeko lehen orduan, bizikletaz zihoan 13 urteko mutil bat zaurituta geratu zen Florida kalean, bere bizikletaren aurreko gurpila atera eta lurrera erori ondoren. Anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

Auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako beste istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; bizikleta gidatzen zihoan 59 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen, baina ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

10:00etan auto-harrapaketa bat gertatu zen Zabalgana hiribideko oinezkoentzako pasabide batean. Auto bat eta patinete elektriko batean zihoan 25 urteko emakume bat zeuden nahastuta istripu horretan, eta talkaren ondorioz, emakumea Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten anbulantzia batean.

Juan Garai kalean izandako istripu baten xehetasunak ere ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan ziklomotor bat zegoen nahastuta. Motoa gidatzen zihoan 67 urteko gizonezkoa Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan 56 urteko gizonezko bat ere eraman zuten osasun-zentro horretara, Adriano VI kalean zihoala istripua izan ondoren.

Azkeneko 24 orduetan 17 salaketa erregistratu dituzte Polizia Judizialean.

Share

Esleitu gabe geratu da Koroatzearen auzoan bero-sarea ezartzeko lehiaketa

Udala beste aukera batzuk aztertzen ari da SmartEnCity proiektuaren zati horretarako

Gobernu Batzarrak erabakiko du bihar esleitu gabetzat jotzea Koroatzearen auzoan energia termiko berriztagarria banatzeko sistema gauzatu eta ustiatzeko Plan Bereziak —eta izan ditzakeen zabalpenak— mugatutako jabari publikoari erabilera pribatua emateko lehiaketa, eta hautatze-prozeduratik kanpo uztea lehiatzaile bakarra, ez dituelako baldintza-agirian ezarritako betekizunak betetzen ematekoa den jabari publikoari dagokionez.

2019ko maiatzean onetsi ziren deialdia eta baldintza-agiria Koroatzearen auzoan beroa banatzeko sarea ezartzeko, eta uztailaren 10ean argitaratu zen lehiaketaren deialdia ALHAOn. Proposamen bakarra aurkeztu zen ezarritako epean, baina balioespen batzordeak kanpoan utzi du, “okupatzea proposatzen den jabari publikoa deialdiaren baldintza-agiriko laugarren klausulan ezarritakoa baino handiagoa delako eta, beraz, ezin delako dosier honetan eman”.

Gasteiz SmartEnCity europar proiektuan parte hartzen duten hirietako bat da, Tartu (Estonia) eta Sondeborg (Danimarka) hiriekin batera; CO2rik gabeko hiri adimentsuak sortzeko europar estrategia garatu nahi du proiektuak.

Gasteizen, Koroatzearen auzoan beroa banatzeko sarearen hedapena, mugikortasun iraunkorraren sustapena eta auzoaren birgaikuntza energetikoa dira proiektuaren xedeak. Udala, Eusko Jaurlaritza (VISESAren bitartez), Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Giroa-Veolia enpresa arduratu dira proiektuaren arlo ezberdinez, Tecnaliak koordinaturik.

Zenbait hilabetez gogor lan egin ondoren, proiektuari 753 etxebizitzaren baliokidea atxikitzea lortu zen, hau da, 386 etxebizitza —orain 312 dira, baja batzuk izan direlako— eta 356 areto. Proiektuaren aurrekontu osoa, hiru hiriak barne hartuta, 75.565.000 euro da, eta Europako Batzordearen dirulaguntzak ia % 37 estaltzen du (27.890.136 euro). Gasteizi dagokionez, 29.566.798 euro da aurrekontua, eta dirulaguntzak 10.879.960 euro estaltzen du.

Udala beste aukera batzuk aztertzen ari da SmartEnCity proiektuaren barruko bero-sarerako. Proiektuaren bitartez, halaber, Koroatzearen auzoko etxebizitza energetikoki birgaitzeari ekin zaio, eta gerora kaleak eta plazak berrituko dira.

Auzokoei laguntza handiak eskaini zaizkie. VISESA garatzen ari den birgaikuntzari dagokionez, lan batzuk eginak dira dagoeneko, Eulogio Serdan kaleko 4. eta 8.ekoak, esaterako; beste bederatzi atari obretan daude, eta 2020. urtearen erdialdera lanak hasiak izango dira birgaitu beharreko eraikin guztietan.

Aldi berean, Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, beste 2 milioi jarrita. Auzokoek egindako partaidetza-prozesuan erabakitakoari jarraituz, obra hauek egingo dira: Aldabe kalea oinezkoentzat izango da zati batean, eta modernoagoa; Aldabe plaza egoteko eta elkartzeko lekua bihurtuko da, eta Ziudadela plaza, parterreak kenduta, oinezkoak igarotzeko errazagoa izango da. Inguruko argiztapena ere hobetuko da.

 

 

Share

Aldaketak TAOn, Erdi Aroko Azoka dela eta

Udalak jakinarazi duenez, aldaketak egingo dira TAOn Erdi Aroko Azoka dela eta, beste urte batzuetan bezala. Azokak eragiten duen eremuetako bizilagunek aparkatzeko izango dituzten zailtasunak arintzeko, egun horietan TAOk hirigunean dituen eremu urdin eta berde guztietan aparkatu ahalko dute. Gaur, bihar eta etzi izango da indarrean neurria.

Horri buruzko bandoa eransten da.

Share

Bihotzaren Hamabostaldiaren barruan bihotz-birikak suspertzeari buruz egindako ikastaroen diplomak banatu dituzte

BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldia jardunaldien IV. edizioak amaiera eman dio bihotz-birikak suspertzeari buruz egindako prestakuntza programari,  irailaren 16tik egin diren ikastaroetan parte hartu dutenei diplomak banatuz. Alkate Gorka Urtaran izan da buru ekitaldian, eta Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialeko lehendakari Kepa Urigoitiak ere hartu du parte, entitate horrek antolatu baititu eman diren hamar ikastaroak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López eta udalbatzako beste kide batzuk ere izan dira ekitaldian.

Bihotzaren hamabostaldiko ikastaroei esker, 160 lagunek prestakuntza teoriko eta praktikoa jaso dute bihotz-birikak suspertzeko eta aire-bideak irekitzeko teknikez eta desfibriladoreen erabileraz, nagusi, ume eta bularreko haurrengan biziraupen-katea albait lasterren aktibatzeko gai izan daitezen.

Gasteizko Udalak eta Medikuen Elkargoak antolatzen dute BihotzAraba – Bihotzaren hamabostaldia, zeina datorren igandean, irailak 29, amaituko baita, Bihotzaren Mundu Egunarekin.

 

 

Share

Datorren urtean aire zabaleko “antzoki berdea” izango du Olarizuk

IGIren kontseiluak hirira begiratuko duen harmailekiko agora bat eraikitzeko kontratua esleitzea onetsi du.

Datorren urtean aire zabaleko “antzoki berdea” izango du Olarizuko parke botanikoak. Izan ere, IGIren kontseiluak hirira begiratuko duen harmailekiko agora bat eraikitzeko kontratua esleitzea onetsi du gaur goizean.

Olarizuko etxaldearen mendebaldean dagoen lursailean eraikiko da antzokia. Etxalderaino doan bidea du mugakide lursail horrek ekialdean, eta hegoaldean eta mendebaldean, Mendiolara doan pistak inguratzen du; hain zuzen ere, bi bideen artean dago, galdarak dauden lekuan. Gaur egun larre bat dago espazio horretan. Harmailen multzo bat osatuko da, batzuk eserleku sinple batzuez hornituta, eta eskailerak ere jarriko dira.

“Olarizu birdimentsionatu eta Eraztun Berdeko harribitxia bihurtu nahi dugu, edukiz eta erakargarriz betez bi alorretan: aisialdia eta zabalkundea.  2025 Estrategiaren zutabeetako bat da, eta Gasteiz hainbat aitorpen jasotzea ekarri duten ingurumen-kudeaketako politiken ikurretako bat, Global Green City izenekoa, besteak beste”, nabarmendu du CEA-ko presidenteak, Ana Oregik.

Jendea belarretan eseri ahal izatea da asmoa, baita etzan ere. Lurra zulatuz eta betelanak eginez eraikiko da antzokia. Guztira, 1.600 metro kubiko lur mugituko da. Olarizu hiribidetik datorren bidetik sartuko agertokira.  Bi hilabete iraungo dute lanek.

Proiektua Olarizuko lorategi botanikoari zerbitzu emateko jardueren barruan sartzen da, haren erabilera sustatzearren.

Olarizu Euskadiko parke botaniko handiena bihurtzeko ekimenaren parte da aipatutako proiektua. Horretaz gain, beste batzuk jarri dira abian: Olarizu hiribideko sarreran eta informazio bulegoa egokitzea; gertuko pinudian abentura partek bat sortzea, eta Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko egurrezko pasabide bat instalatzeko proiektua, zeina amaitua baita dagoeneko.

Orobat, sarbide eta aparkaleku berriak izango ditu, Adurtzako futbol-zelaien atzealdean, Jauregilanda kaletik sartuta; bisitatzeko moduko haztegia; landare erabilgarrien lorategi berria; 5.000 metro koadroko landarezko labirintoa; jolas naturalizatuen gune bat, eta kafetegi bat.

 

 

Share

Beste aurrerapauso bat Olarizu hiribideko etxebizitzak eraisteko

21 Zabalgunearen kontseiluak eraikinak eraisteko proiektua idazteko kontratua esleitu du, 31.000 euroan, gauzatzeko 3 hilabeteko epea emanda

Gaur egin duen bilkuran, 21 Zabalgunearen kontseiluak onetsi du López-Mújica Arquitectos S.L. enpresari esleitzea Olarizu hiribideko 2, 6, 8, 10, 12, 14, 16, 18, 20, 22, 24, 26, 28 eta 30 zenbakiko eraikinak eraisteko proiektua idazteko eta eraispenaren obra-zuzendaritzaz arduratzeko kontratua, 31.000 euroan, gauzatzeko 3 hilabeteko epea emanda.

Udal sozietateak aurreko agintaldiaren amaieran erabaki zuen etxebizitza horiek eraistea, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP taldeen aldeko botoekin, konpromiso hori hartu baitzuen alkateak martxoan auzokoekin egindako bileran.

Orduan hauxe esan alkateak: “lazgarria da okupak etxe hauek zer egoeratan uzten ari diren ikustea eta ez dugu onartuko gainbehera honekin jarrai dezaten. Hiriko legez kanpoko okupazioen aurka ekiten jarraituko dugu, okupazioak atzeman ahala salatzen, okupak irtenarazten eta etxebizitzak berriz okupatzea ekiditeko neurriak hartzen”.

 

 

Share

Ireki da izena emateko epea Gasteizko MAZOKA marrazki eta ilustrazioaren jaialdiaren V. ediziorako

MAZOKA jaialdi grafiko eta ikusizkoa Montehermoso kulturuneko garai bateko ur-biltegian (Gasteizko Erdi Aroko hirigunean) egingo da berriro ere, abenduaren 20, 21 eta 22an.

Bosgarren urtez jarraian, 40 egile edo mazokalari hautatuko dira lanak erakuts ditzaten; ilustrazioa, komikia, diseinua, artisautza, animazioa eta antzekoak lantzen dituzten marrazkilari edo ilustratzaileek har dezakete parte. Dagoeneko abiatu da saltokiak esleitzeko deialdia. Interesdunek urriaren 14ra arte eman dezakete izena. Parte hartzeko oinarriak eta izena emateko formularioa www.mazoka.org webgunean egongo dira eskuragarri, deialdia amaitu arte.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, sektoreko espezialistek osatutako epaimahaiak hautatuko ditu 2019ko mazokalariak. Epaia urriaren 28an argitaratuko da, sare sozialetan eta www.mazoka.org webgunean.

Artista hautatuek ikusleei erakutsi eta saldu ahalko dizkiete beren sorkuntza-lan originalak, aisialdia eta sormena nagusi izango dituen programa paralelo batez lagunduta; azokara 8.000 pertsona joan ohi dira batez beste.

  1. edizioan, halaber, Mazokaren bigarren BEKIKASLE beka emango da; horri esker, azokan artista gisa parte hartzeko bost eskabideetako bat arte eskoletatik eta unibertsitateetatik iritsi zen. Izan ere, bekak onura hauek eskaintzen ditu: doako izen-ematea; bi pertsonarentzako ostatua Gasteizen, hiru gauetarako, eta 200 euro, azokarako obra ekoizteko.

 

Share