Prentsa Oharren banner

Gasteizek “super-etxadiak” barneko Eraztun Berde osoan txertatzen dituen lehen hiria izan nahi du

 

Udalak Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren aurrerapena aurkeztu du

  • Oinezkoentzako kalitateko espazio publikoa berreskuratzea, garraio publikoaren sare moderno eta kalitatekoa osatzea eta joan-etorri aktiboak sustatzea proposatzen du

 

Gasteizko Udalak 2020-2030 Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren aurrerapena aurkeztu du gaur arratsaldean. Duela hamarkada bat zehaztutako estrategia berrikusi eta gizartearen, hirigintzaren, ekonomiaren eta mugikortasunaren egoera berrira egokitzeko bide-orria da. Saio bikoitzean ezagutarazi da etorkizunerako estrategia, Europa jauregian. Lehen saioan, udal talde politikoei aurkeztu zaie. Ondoren, Mugikortasun Elkarguneari. Alkate Gorka Urtaranek eta Bartzelonako Ekologiako Agentziaren zuzendari Salvador Ruedak azaldu diete Udalaren planteamendua talde politikoei. Amaia Barredok, berriz, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak agintaldirako ezarri dituen jarduera-ildoak erakutsi ditu elkargunean.

 

Hauxe da Udalaren proposamena Gasteiz superhiri europarra bihurtu dadin, non mugikortasuna iraunkorra eta osasungarria izango baita. Horrek, ororen gainetik, oinezkoentzako kalitateko espazio publikoa sustatzea esan nahi du, gure eskemaren ardatz nagusia baita. Bigarren ardatza garraio publiko modernoa, elektrikoa, bidaiari kopuru handia hartzeko modukoa eta kalitate handikoa lortzearen aldeko apustua izango da. Hirugarren elementua bizikletaren aldeko apustua litzateke. Eta Mugikortasun Planaren lehentasunen barruan, ezin ditugu ahaztu ibilgailu pribatuaren eskaerak”, azaldu die taldeei Gorka Urtaranek.

Berrikuspenaren oinarritzat duela hilabete batzuk egindako partaidetzazko ebaluazioa hartu da, zeinean Mugikortasun Iraunkorrerako Hiritar Itunean proposatutako mugikortasun ereduaren zehaztapenean orain arte lortutako aurrerapenak identifikatu baitziren, baita betetzeke dauden erronkak ere. Informazio hori baliatu da datozen urteetarako helburuak, estrategiak eta neurriak doitzeko. Gasteiz super-etxadiak barneko Eraztun Berde osoan txertatzen dituen estatuko lehen hiria bihurtzeko erronka jarri dio bere buruari Udalak.

Gasteizerako mugikortasun iraunkorreko eredu baterantz eta espazio publiko bizigarriago baterantz hurbiltzeko hainbat alorretako tresnak beharko dituela aurreikusten du Planak: teknika, araugintza, hezkuntza, partaidetza eta ekonomia. Eta garapenerako oinarri kontzeptual gisa hirigintza ekosistemikoari jarraitzen dio. Horrekin lotuta, eta aurreko fasean bezala, etxadi handien eskema hartzen du oinarritzat hiriak behar lukeen eredu funtzional eta urbanistikorako.

Planak hogei printzipio gidari hartzen ditu abiapuntutzat, eta horiek inspiratu eta oinarritu dituzte mugikortasunarekin eta espazio publikoarekin lotutako proposamenak, zeinak 9 helburu estrategiko handitan, 18 jarduera-ildotan eta datozen bi bosturtekoetan garatu beharreko 54 ekintzatan mamitu baitira. Planaren epemuga 2030 da, baina lehenengo bost urteen ondoren berrikusiko da, Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legeak —duela gutxi onetsitakoa— aurreikusten duenaren ildotik.

Adierazle multzo bat ere ezarriko da, aldian behin argitaratzeko asmoz. 88 adierazle dira orotara. Jarraipen-sistema horrek prozesuaren berri emateko balioko du, planaren ezarpena gardena izan dadin; orobat, baliabideak eraginkortasunez erabiltzen diren ebaluatzeko balioko du, eta mugikortasun iraunkorraren eta espazio publikoaren ereduaren printzipio gidarietan —horiexek baitira plangintza tresnaren garapena bideratzen dutenak— definitutako helburuak lortzeko ezarri diren estrategiak, neurriak eta baliabideak birbideratu edo birdefinitzeko.

Aurrerapenak bide-orri global eta integratua izan nahi du, ikuspegi sektorialak eta epe laburrekoak gaindituz, mugikortasun iraunkorreko hiri eta espazio publikoaren eredua sendotzearren; mugikortasun erosoagoa, seguruagoa eta inklusiboagoa sustatzearren; oinez eta bizikletaz mugitzeko segurua eta erosoa den hiriaren alde egitearren eta garraio publiko eraginkor eta unibertsala izatearren. Orobat, automobil pribatuaren erabilera arrazionalizatu nahi da. Hauek dira planteatutako esku-hartzeen gidari diren gainerako helburu estrategikoak: mugikortasuna zerbitzutzat hartzea, klimaren babesarekiko konpromisoa, herritarren kontzientziazio handiagoa lortzea eta gaurko mugikortasun-sistema berbideratzearekin konprometitutako gobernantza.

Oro har, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak egindako planteamenduaren arabera, super-etxadia da hiriko espazio publikoa birdiseinatzeko oinarrizko pieza. Ingurumenaren kalitatea eta hiri ingurunearen erosotasuna handitzen duten aldaketak egitea ahalbidetuko du horrek —eta berdeguneak eta kaleko aisialdi jarduerak areagotzeko aukera emango—, eta hiriaren diseinuan kontzeptu berriak sartzea, kaleen erosotasuna eta bizigarritasuna are gehiago hobetzeko, oinez ibiltzea sustatzeko eta herritarrek espazio publikoa erabili eta gozatu dezaten.

Bizikleta-sarearen esparruan, bizikletentzako bideen oinarrizko sarea jostea planteatzen du aurrerapenak, 40 bat kilometro bide gehiago eginez, baita super-etxadien barruan trafikoa lasaitzea ere. Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziatik industrialdeetara jotzeko ahalmen handiko bizikleta-bide bereizi berriak sortzea ere proposatzen du, ingurune horiekiko konexioa hobetzeko.

Orain aurkeztu den plangintzak proposamen zehatza egiten du trenbidea lurperatzearen inguruan sortuko litzatekeen garraio publikoaren sareaz; 3,6 kilometro hartuko luke lurperatzeak, Salburua bulebarretik Pedro Asua kaleraino. Eskema horretan, trenbideak libre utziko duen tartean, ekialdetik mendebaldera, tranbia egitea izango da Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuntza nagusietako bat. Hartara, gurutze-formako bi tranbia-ardatz osatuko lirateke Gasteizen: hegoaldetik —unibertsitatea, Dato kaleko etorkizuneko geltokia— iparraldera —Ibaiondo, Abetxuku—, batetik, eta Salburutik Zabalganera, bestetik. Horretarako, lehenik Salburu aldera aurreikusitako luzapena egin beharko litzateke, eta gero Zabalganera, eta, gainera, bi adar planteatuko lirateke —Mariturri edo Jundizeraino, lehenengoan, eta Salburuaren iparralderaino eta Arkaiateraino bigarrenean—. Tranbia-sistema horretaz harago, ahalmen handiko sare horren guztiaren elementu egituratzailea bihurtuko da periferiako BEA, hasierako unetik bertatik aurreikusi zen bezala.

Tranbiaren eta BEAren garapenaz gain, hainbat aldakuntza egingo ditu TUVISAk bere sarean. Berrikuntza nagusia autobus-linea berri baten sorkuntza litzateke, zeinek aukera emango baitu Salburua eta Zabalgana iparraldetik lotzeko, intereseko puntuak konektatuz, hala nola Txagorritxu ospitalea, autobus-geltokia eta El Boulevard. 1, 3, 5, 8 eta 9. lineetan ere hainbat aldakuntza proposatuko bide dira. Aldi berean, Jundizerako garraioa hobetzeko zenbait jarduera aurrikusten dira.

Salvador Ruedak aurreko udazkenean egindako aurkezpenean azaldu zituen zuribideen arabera, eskema global horrek garraio publikoaren erabilera handitzea ahalbidetuko luke, bai tranbiarena bai TUVISAren autobusena. Azken helburua hau da: oinez joanda edonork 10 minutura garraio sistema bat edukitzea, hiriko edozein lekutara 35 minutuan baino gutxiagoan iritsi ahal izateko.

Garraio publikoaren mapa berri horretatik abiaturik, hiriko hainbat ingurunetan espazio publikoa berrantolatzeari aurre egin ahal izango lioke Gasteizek, betiere oinezkoentzako super-etxadien, hiri-zidorren eta bide berdeen eredua oinarritzat harturik. Horrekin lotuta, Salburua eta Zabalgana auzoetan trafikoa lasaitzeko konpromisoa hartu du udal gobernuak, eta datozen urteetan super-etxadi oso bat zehazteko. Jarduera-ildo horretako beste proiektu nagusietako bat —kontuan izanik trenbidea lurperatzeko proiektuan trafiko-bide bat sartu dela— Manuel Iradier eta Florida kaleak trafikotik libratzea izango da, oinezkoentzako kale bihurtu eta ekialde-mendebalde lotura egingo duen “super-zidor” bat sortuz.

Hobekuntza horiek guztiek leku gatazkatsuenetan ibilgailu pribatuentzako irtenbideak bilatu beharra dakarte. Nolanahi ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak emandako trafiko-adierazleen arabera, planteatutako egoera guztiak gauzagarri dira. Hala ere, zehaztu beharko diren eraberritze-proiektuen bitartez hobetu beharreko hainbat eremu ere aipatzen dira agirian: Esmaltazioetako eta Iturritxuko biribilguneak, Lovainako biribilgunea eta Latinoamerikako biribilgunea, esaterako. Dagoeneko lanean ari da Udala hiru gune horietarako konponbideak bilatzen.

 

 

Share