Prentsa Oharren banner

Gobernu Batzarrak FAPACNEren hitzarmen bat onetsi du, eta ikastetxeek ikasteko zailtasunak dituzten 364 haurrei laguntzeko deialdi bat ebatzi du

Felipe García zinegotziak gidatzen duen Hezkuntza Sailak proposaturik, Tokiko Gobernu Batzarrak Hezkuntza Zerbitzuarekin lotutako hitzarmen bat onetsi du, eta laguntza-deialdi bat ebatzi.

Gasteizko Udalaren eta “FAPACNE” Itunpeko Ikastetxeetako Guraso Elkarteen Arabako Federazioaren arteko 2019-2020 ikasturterako hitzarmenak hauexek ditu xede: elkarteko kideei hezkuntzaren alorreko aholkularitza juridikoa ematea; ikastetxeetan guraso-eskolen sorrera bultzatu eta horiek garatzea; curriculumeko jardueretan nahiz eskola kanpoko ekintzetan familien partaidetza bultzatzea; berdintasunaren, kulturartekotasunaren eta lankidetzaren alorreko balioak sustatzea, eta administrazio desberdinekiko harremanak mantendu eta kudeatu hezkuntzaren alorrean.

Hitzarmena 2019-2020 ikasturtean izango da indarrean, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arte, eta 5.862,00 euroko zuzkidura du.

Bestetik, ikasteko zailtasunak dituzten haurrei 2019-2020 ikasturtean sostengu emateko Hezkuntza Zerbitzuaren laguntzen deialdia ebatzi du Udalak; orotara 155.736,00 euro izango dira.

 

 

Share

Gizarte Politiken Sailak milioi bat euro baino gehiago jarriko ditu babesgabetasun egoera moderatuan dauden adingabe eta familiei laguntzeko hiru programatarako

Udal gobernuak Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren hiru programa berritzea onetsi du gaur, zeinen helburua baita babesgabetasun egoera moderatuan dauden haur, nerabe eta familiei laguntzea. Urtebetean milioi bat euro baino zertxobait gehiago inbertituko da horietan.

Zehazki, ADA, Bidatu eta F. Xabier Landaburuko eta Zabalganeko gizarte eta heziketarako zentroen programak onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak.

ADA programak (Laguntza eta Garapen Egokituko Programa) babesgabetasun-egoera moderatuan dauden haur eta nerabeen 26 familiari emango die arreta, gehienez. “Helburu nagusiak dira egoera hori zuzentzea, gurasoak gaitzea gurasoei dagozkien zereginak egoki bete ditzaten, eta babesgabetasunak ume eta nerabeengan uzten dituen ondorioak sendatzea”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

ADA programak bereziki azpimarratzen du familia-unitatea mantentzea; Ateka enpresa arduratuko da horretaz, 498.998,50 euroan.

IRSE Araba enpresak, berriz, F. Xabier Landaburuko eta Zabalganeko gizarte eta heziketarako zentroak kudeatuko ditu, 309.227,75 euroan. Gizarte baliabide horiek babesgabetasun-egoera moderatuan dauden 3 eta 18 urte bitarteko haur eta nerabeak hartzen dituzte.

Azkenik, Bidatu programa gizarte zein hezkuntza alorretan esku-hartzeko baliabidea da, babesgabetasun-egoera moderatuan dauden 0 eta 8 urte bitarteko seme-alabak dituzten amek osatutako familiei zuzendua, baldin eta familia zein gizarte laguntzarik ez badute. Harrera zerbitzuaz gain, Bidatu programak egoera hobetzen, gizartean integratzen eta garapen pertsonalean aurrera egiten lagundu nahi die ama eta seme-alabei. Ateka enpresak garatuko du programa urtebetez, 199.045 euroan.

Share

UNICEFekin hitzarmen bat sinatzea onetsi da, haurrek parte hartzeko duten eskubidea sustatzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren eta UNICEFen artean hitzarmen bat sinatzea onetsi du gaur, haurrek parte hartzeko duten eskubidea sustatzeko jarduerak gara ditzaten.

Hitzarmen horren bidez, Udalak 11.780 euro jarriko ditu zenbait jarduerak antolatzeko:

  • Haur eta Nerabeek Parte Hartzeko Euskadiko Kontseiluen I. Topaketa, zeinean EAEan Haurren Lagun den Hiritzat jotako lau udalerrietako (Gasteiz, Bilbo, Pasaia eta Ortuella) umeak bilduko baitira. Haurren Hirien Sareko partaidetza aktiboko kontseiluetako eta Arartekoaren Haur eta Nerabeen Kontseiluko ordezkariak ere izango dira.
  • Haurren Lagun diren udalerrien eta Haurren Hirien Sareko udalerrien artean esperientziak trukatzeko espazio bat sortzea.
  • Haurrek parte hartzeko kontseiluen esperientziak aurkeztea.

UNICEF 1998az geroztik ari da Gasteizko Udalarekin batera lanean haurrek parte hartzeko duten eskubidea aldezteko ekintzak garatzen. “Ziur gaude hauxe dela bide egokietako bat umeen ongizatea lortzeko: prebentzio eta babes jarduerak garatzea, haien beharrei erantzuten zaiela eta haien eskubideak betetzen direla bermatzearren”, esan du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Share

Lurralde Etxeen Federazioak 88.000 euroko udal dirulaguntza jasoko du bere jarduerak garatzeko

Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Arabako Lurralde Etxeen Federazioarekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, zeinak 88.000 euroko dirulaguntza barne hartzen baitu.

Federazioaren funtzionamendu-gastuak ordaintzeko eta kultur jarduerak eta Erkidegoen Jaialdia antolatzeko erabiliko da ekarpen hori (43.120 euro), baita zentroen azpiegitura-gastuetarako ere (44.880 euro).

Bi zatitan ordainduko dira kopuru horiek: ehuneko 80, hitzarmena sinatu ondoren; gainerako ehuneko 20a, gastuak behar bezala justifikatu ondoren.

Kulturaniztasuna

Arabako Lurralde Etxeen Federazioa irabazi-asmorik gabeko entitatea da, 1985ean sortua, Gasteizen eta Araban dauden lurralde etxeak koordinatzeko.

Gasteizen, Andaluzia, Aragoi, Asturias, Extremadura, Galizia, Katalunia, Nafarroa eta Palentziako etxeak barne hartzen ditu.

Laudion, berriz, Andaluzia, Gaztela-Leon, Extremadura eta Galiziako etxeak daude.

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok azaldu duenez, “lurralde etxe bakoitzak zenbait jarduera antolatzen ditu urtean zehar, jatorrizko erkidegoetako tradizioak mantentzeko eta Gasteizko kultur bizitzan parte hartzeko xedez; goraipatzeko moduko lana da, kulturaniztasunaren alde egiten baitu”.

Erkidegoen Jaialdia da Arabako Lurralde Etxeen Federazioak antolatzen dituen ekitaldi nagusietako bat. “Aipatutako jaian, lurralde etxeek ordezkatzen dituzten kultura guztiek partekatzen dute espazioa, eta elkarrekin jartzen dira harremanetan. Etxe horiek ekarpen handia egin diote hiriaren garapenari. Beraz, Gasteizko kultura-agendan kontuan hartu beharreko ekitaldia da”, nabarmendu du Cantok.

 

 

 

Share