Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  22 urria 2019 21:14

Ostegunean, Estatuan GIHen betetze-maila handiena duen hiria bihurtu gaituzten ezaugarriak ezagutuko dituzte, Atarian

Aste honetan, Nazio Batuen Erakundeko ingurumen arloko ehun aditu elkartu dira Europa jauregian, planeta osorako ingurumen politika eta ekintzetarako ekarpenak egiteko urteko txostena lantzeko asmoz, eta gaur arratsaldean Gasteizko ondare historikora hurbildu dira. Erdi Aroko hirigunean barrena ibili dira, eta Santa Maria katedrala zein Goiuri jauregia bisitatu dituzte; azken leku horretan, Udalbatzak harrera egin die.

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriak —Europako Hiriburu Berdea eta duela hilabetetik Munduko Hiri Berdea— dituen ezaugarri nagusiak azaldu dizkie, eta ostegunean bertatik bertara ezagutu ahalko dituzte. Estatuan garapen iraunkorreko helburuen betetze-maila handiena duen hiria bihurtu gaituzten ezaugarriak ezagutuko dituzte bertan. Gorka Urtaranek hiriak iraunkortasunaren hiru alderdiekin (soziala, ekonomikoa eta ingurumenarena) duen konpromisoa berretsi du.

Gobernu organo independente horren lehendakarikide Unai Pascual gasteiztarrak, berriz, eskerrak eman dizkio hiriari Natura Balioen Ebaluazioarekin zerikusia duten Egileen II. Nazioarteko Bilerako kideei egindako harreragatik. Biodibertsitatearen eta ekosistemen alorreko munduko espezialistek naturak eskaintzen dituen balioen eta dauden beharren ikerketan egindako aurrerapenak partekatuko dituzte biltzarrean.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

“Empleo y Discapacidad: retos y compromisos del futuro del empleo con apoyo” jardunaldia inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, urriak 23

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Jauregia

————————————-

Harrera ekitaldia Marianistas ikastetxeari

Udalak harrera egingo dio Santa María Marianistas eta Ingalaterrako Portsmouth hiriko Portsmouth Grammar School ikastetxeetako ikasle eta irakasleei; Gasteizen daude Kultur Trukeak direla eta.

Parte hartzaileak. Hezkuntza zinegotzi Felipe Garcia; eta Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteazkena, urriak 23

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:07

Erakundeetan Adina Kudeatzeari buruzko III. Biltzarra egiten ari da gaur Europa jauregian, San Prudentzio Fundazioak antolaturik. Alorreko adituek biztanleriaren zahartzea lanaren ikuspuntutik aztertuko dute, hau da, nola eragingo dien enpresei eta langileei hainbat alderditan: laneko arriskuen prebentzioa, eta talentuaren zein giza baliabideen belaunaldiarteko kudeaketa.

Lehen alkateorde Felipe Garcíak hartu du parte topaketaren inaugurazioan, Laneko sailburu María Jesús San José eta Fundazioko lehendakari Yolanda Berasateguirekin batera.

Garcíak adinekoen egitekoa nabarmendu du, eta enpresentzat langileen zahartzea kudeatzeak dakarren erronka. Adinekoek hiriarentzat zein erakundeentzat duten balioa ere azpimarratu du: “Esperientziak goragoko maila ematen du, adinak ematen dituen trebetasunak ezin baitira ez irakatsi ez ordeztu. Enpresek ezagutza eskualdatzeko plan eraginkorrak jarri behar dituzte abian, langile beteranoenak zaintzeaz gain”.

Gasteizen 55 eta 64 urte bitarteko 33.127 pertsona daude. Biztanleriaren % 13 dira.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

70 eta 25 urteko bi emakume zauritu ziren atzo trafiko-istripuetan.

Goizean bi autoren arteko talka baten ondorioz istripu bat gertatu zen Pedro Asua eta Tomas Zumarraga Dohatsua kaleen arteko elkargunean. Talka horren ondorioz, ibilgailuetako batean bidaiari gisa zihoan 70 urteko emakumea zaurituta geratu zen, eta osasun-langileen talde batek artatu ondoren, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan 25 urteko neska bat zaurituta geratu zen, Florida eta Vicente Aleixandre kaleen arteko bidegurutzean bi bizikleten arteko talkaren ondorioz izandako istripuan. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta beste bi gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Lehenengoan, 50 urteko gizonezko batek trafiko-arau bat urratu zuen bere kamioiaz Baiona kaletik zihoala, eta horren ondorioz, alkoholemia-proba eginarazi zioten eta emaitza positiboa eman zuen.

Bigarrenean, 51 urteko gizonezko bat asegururik gabeko ibilgailu bat gidatzen ikusi zuten Gabriel Celaya eta Donostia kaleen arteko elkargunean. Gidariarekin hizketan hasi zirenean, administrazio-salaketa egokia jakinarazteko, egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, indarraldia galdua zuelako, eta beraz, argiketa-talde batek izapideak abiarazi zituen Guardiako Epaitegira bideratzeko.

Udaltzainek atzo 20 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 17 jarduera egin zituzten.

Harrapaketen aurkako kanpaina

Udaltzaingoa trafiko-kanpaina berezi bat egiten ari da atzodanik, harrapaketen inguruko informazioa emateko, kontzientziazioa pizteko eta horrelakoak gerta daitezela eragozteko.

Urriaren 27 arte –igandea– luzatuko den kanpaina honen ardura duten udaltzainen helburua, hain zuzen ere, bai oinezkoak eta bai ibilgailu-gidariak ere errepidean jokabide aktibo eta positiboak hartzearen garrantziaz kontzientziaraztea da, arauak eta bideko seinaleak errespetatuz.

Kanpaina hau Bide Segurtasun eta Mugikortasun Iraunkorreko 2018-2023 Udal Plan Estrategikoan aurreikusitako zaintza eta kontrol-jardueren barruan sartzen da, eta horren funtsezko helburua bide-segurtasuna bermatzea da, bide publikoetako ezbeharren kopurua eta horiekin loturiko lesio kopurua murriztuz.

Terraza batean atera ezinik

Bi pertsona, emakume bat eta adin txikiko haur bat, Domingo Beltran kaleko etxebizitza bateko terraza batean atera ezinik geratu ziren atzo. Suhiltzaileak autoeskala baten laguntzaz bertara iritsi ziren eta atea irekitzea lortu zuten.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:21

Udaltzaingoaren Agenteek 23 eta 24 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, El Pilar auzoko taberna batean droga-trafikoaren delitu baten ustezko egileak direlakoan.

Ostalaritza-establezimendu horretan droga saltzen ari zirelako susmoak zeudenez, Udaltzaingoak zaintza-sistema bat antolatu zuen, eta horren bidez, pertsona batzuk lokalera sartzen eta bertatik irteten ikusi zituen, barrualdean zerbait kontsumitzeko denborarik izan gabe.

Bezero horietako batzuk geldiarazi eta droga erosi zutela egiaztatu ondoren, udaltzainak establezimendu barrura sartu ziren eta miatu egin zuten, eta hala, sukaldean kaxa metaliko bat eta hauts gisako substantzia batez betetako bi zorro aurkitu zituzten, eta horren ondorioz, negozioaren buru egiten duten bi gizonezkoak atxilotu zituzten eta gaur goizean epailearen esku geratuko dira.

Udaltzaingoaren Agenteek 44 eta 34 urteko bi emakume atxilotu zituzten larunbatean, etxeko indarkeriaren delitu banaren ustezko egileak direlakoan.

Lehen esku-hartzea 3:30ak aldera izan zen, 092 zenbakira egindako dei batek Koroatze auzoko etxebizitza batera polizia joan zedila eskatu ondoren, eztabaida batean emakume batek jo egin zituelako bere gurasoak. Biktimekin elkarrizketatu ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta ordu batzuk geroago epailearen esku geratu zen.

11:30ak aldera, herritar batek Santa Luzia auzoko etxebizitza batera polizia joan zedila eskatu zuen, eztabaida batean 34 urteko bere arrebak jo egin zuelako. Bi aldeekin gertatutakoa argitu ondoren, udaltzainek erasoaren aztarnak ikusi zituzten, eta horrenbestez, emakumea atxilotzeari ekin zioten.

Genero-indarkeriagatik atxilotuak

Udaltzaingoaren Agenteek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, eta atzo 33 urteko beste bat, genero-indarkeriaren delitu banaren usteko egile gisa.

Larunbat gaueko 23:30ean, patruila bat Zabalganako etxebizitza batera joan zen bikotekideen arteko eztabaida gogor batengatik, heriotza-mehatxuak eta emakume baten negar eta garrasiak entzun zitezkeelako bertan. Bi aldeei eta Polizia jakinaren gainean jarri zuten lekukoei entzun ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten 48 urteko gizonezkoa, eta atzo epailearen esku geratu zen.

33 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren atentatu-delitu baten ustezko egile gisa.

Herritar batek Udaltzaingoari egindako dei batean ohartarazi zuen emakume bat Adurtza auzoko etxe batetik erori zela. Patruila bat etxebizitza horretara joan zen eta gizonezko batek egin zien harrera; emakumea ohean etzanda zegoen, minez eta orkatilak handituta.

Antza denez, minutu batzuk lehenago bikote-eztabaida bat eduki zuten, eta gizonezkoak eragotzi egin zion emakumeari etxebizitzatik irtetea, eta horrexegatik, emakumeak leihotik zintzilik jaistea erabaki zuen, baina erori eta min hartu zuen. Xehetasun horiek ikusita, udaltzainek atxilotu egin zuten genero-indarkeriagatik eta bikotekidea hertsatzeagatik.

Agenteen aurkako atentatua

Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, agintaritza-agenteei lesio arinak eragin zizkien atentatu-delitu baten ustezko egile gisa.

Polizia Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batera joan zedila eskatu zuten, bertan bizi diren bizilagunen artean eztabaida gogor bat zeukatelako. Patruila batek kristal zatiak ikusi zituen higiezinaren aurrean, eta gizonezko bat leihotik kanpora begira.

Udaltzainak gora igo eta, zenbait ahalegin egin ondoren, atea irekitzea lortu zuten. Gizonezko bat topatu zuten bertan eta, pisukidearen arabera, labana bat zeukan aldean. Gaztearengana zuzendu zirenean, hark udaltzain baten aurka eraso egin zuen, eta horrexegatik, atxilotu eta zeraman arma zuria kendu zioten. Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Udaltzaingoaren Agenteek 42 urteko emakumezko bat atxilotu zuten atzo, udaltzainen aurkako eraso, erresistentzia eta desobedientzia larriaren delitu banagatik, etxe-indarkeriagatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik eta nahitaezko probak egiteari uko egiteagatik.

Taxi-gidari batek eskatu zuen polizia etor zedila Euskal Herria Bulebarra kalera, ibilgailu bat bere aurrean gurutzatu zelako eta gelditzera behartu zuelako. Autoa gidatzen zihoan emakumea atera zen bertatik, oso asaldatuta, eta bikotekide izandako bere bezeroari eraso egiten hasi zitzaion.

Udaltzainak bertara iritsi ondoren, emakumeari eskatu zioten alkoholemia-proba egin zezala, baina hark uko egin zion. Gainera, bertatik alde egiten saiatu zen, errepidea zenbait alditan oinez gurutzatuz, patruilaren adierazpenei inolako kasurik ere egin gabe, eta beraz, azkenean atxilotu egin zuten. Gaur goizean epailearen esku geratu da.

Errekisitoria judizial bat zuen 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Udaltzaingoak, Legutioko Atea kaleko joko-areto batean zenbait arazo sorrarazi ondoren.

Sei pertsona zauritu dira istripuetan

Sei pertsona zauritu dira asteburuan gertatutako trafiko-istripuetan.

Motoa gidatzen zihoan 35 urteko gizonezko batek zauriak jasan zituen ostiralean, Heraclio Fournier kaletik zihoala bere ziklomotorretik erori ondoren. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten eta Txagorritxu Ospitalera eraman zuten gero.

Ama Vedruna kalean, motoa gidatzen zihoan 46 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen istripu batean, auto batekin talka egin ondoren. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen, eta autoa gidatzen ari zen gizonezkoa ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delitu bategatik, edari alkoholdunen eraginpean gidatzen zihoalako eta nahitaezko probak egiteari uko egin ziolako.

Sutaustegi Zaharreko kalearen eta Pepe Ubis Plazaren arteko elkargunean auto bat tartean nahastuta zegoela gertatutako harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Istripu horretan, oinez zihoan 49 urteko emakume bat zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Gasteiz hiribidean izandako istripu baten xehetasunak ere ikertzen ari dira; bertan, motoz zihoan 67 urteko gizonezko bat zauritu zen, eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Bizikletaz zihoan 49 urteko emakume bat zauritu zen, Txile kaleko bidegorritik zihoala bere bizikletaren kontrola galdu ondoren. Osasun-langileek toki horretan bertan artatu zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Juan Garai kalean, gidatzen zihoan 32 urteko emakume bat zaurituta geratu da gaur goizaldean, ibilgailu askoren arteko istripu baten ondorioz. Emakumea Txagorritxu Ospitalera eraman dute, eta bide-segurtasunaren aurkako bi delitugatik ikertzen ari dira: gida-baimenik gabe eta edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Udaltzaingoak, horrez gain, zauriturik gabeko beste 27 trafiko-istriputan esku hartu zuen, eta beste 4 pertsona ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: 29 urteko gizonezko bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik; 52 eta 35 urteko beste bi gizonezko, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik; eta 42 urteko emakumezko bat, alkoholemia positiboagatik eta nahitaezko probak egiteari uko egiteagatik.

Gainera, asteburuan alkoholemiaren prebentziorako 5 kontrol egin dira hirian, eta horietan, ehun bat gidarik egin behar izan dituzte alkoholemiaren nahitaezko probak. Horietatik hiruk emaitza positiboa eman dute eta administrazio-bidetik salaketa jarri zaie.

Udaltzaingoak 55 salaketa izapidetu zituen eta polizia judizialaren 37 jarduera egin zituen.

Ke-erauzgailu batek su hartu du

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten igandean, Forondako Atea kaleko etxebizitza batean ke-erauzgailuak su hartu zuelako. Etxea eta eskailera-zuloa egurastu zituzten, kea erabat ezabatu arte.

Asteburuan 3 esku-hartze egin behar izan dituzte edukiontzietan piztutako sua itzaltzeko: larunbatean, 4 edukiontzik su hartu zuten Navarro Villoslada kalean, eta igandean, beste 2 edukiontzi erre ziren, bat Batzar Nagusiak kalean eta bestea Landan.

Suhiltzaileek larunbatean ere esku hartu behar izan zuten Prudencio Maria Berastegi kaleko establezimendu bateko koadro elektriko batean piztutako sute txiki bat itzaltzeko, eta Urartea kalean, halaber, industria-pabilioi baten kanpoaldean aurkitzen zen orga jasotzaile batean piztutako sutea itzali zuten.

Share