Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urria 2019 17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 25

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. Euskal Herriko lehen mailako Aizkolari Txapelketaren finala aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia López; Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val; eta finalean parte hartuko duten aizkolariak

Eguna. Ostirala, urriak 25

Ordua. 12:00

Tokia. Probintzia jauregiko prentsa aretoa

————————————————-

Ingeniaritza Eskolako ikasleen graduazio ekitaldia

Parte hartzaileak. Alkateorde Ana Oregi

Eguna. Ostirala, urriak 25

Ordua. 18:00

Tokia. Ingeniaritza Eskolako areto nagusia (Nieves Cano kalea, 12)

—————————————————-

Oihaneder, Euskararen Etxearen V. urteurrena

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai

Eguna. Ostirala, urriak 25

Ordua. 19:00

Tokia. Montehermoso Kulturunea, Ortuño aretoa

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:26

Herritarren postontziak 4.298 kontsulta jaso izan ditu 2019ko bigarren hiruhilekoan. Kontsulta horien arteko % 99 ebatzi izan dira, % 92 hamar eguneko epe barruan.

Herritarren postontzia mugikorrentzako aplikazioan 650 iruzkin jaso izan dira. Horietatik 222k argazki erantsiak zituzten, hots, ia-ia aurreko hiruhilekoaren hirukoitza.

 

Gaiak

Herritarren postontzian egindako kontsulta-kopuruaren arabera, hauek dira herritarren interesa gehien piztu dituzten gaiak: garbiketa eta hondakinen bilketa (843 kontsulta), berdeguneak (627), kalteak bide publikoan (479) eta hiri-altzariak (347).

Horrez gain, beste gai hauei buruzko kontsultak ere jaso dira: herritarrenganako arreta (286), argiteria publikoa (201), hiri-autobusak (166), osasungarritasuna eta higienea (156) eta seinaleak eta balizak (141)

Azpimarratzekoa da hiri-altzariei buruzko kontsulten hazkuntza (aurreko hiruhilekoan baino % 46,1 gehiago), baita berdeguneei buruz (% 23,1 gehiago) eta osasungarritasuna eta higienea (% 21 gehiago).

Aldiz, eta 2019ko lehen hiruhilekoarekin konparatuta, jaitsiera nabarmenenak argiteria publikoaren alorrean (% 60 gutxiago), seinaleak eta balizak (% 45 gutxiago), herritarrenganako arreta (% 23 gutxiago) eta hiri-autobusenean (% 15,6 gutxiago) getatu dira.

10 egun baino gutxiago erantzundako kontsulten portzentaia % 3 igo da, eta, horrenbestez, % 92koa da.

 

Hamar urte herritarren zerbitzuan

Herritarren Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “herritarren postontzia 2009an jaio zen, Udalaren eta gasteiztarren arteko komunikazio-kanal gisa. Hamar urte geroago, nahitaezko tresna bihurtu da herritarren partaidetzaren alorrean”.

2019an zerbitzua udal gobernuaren ardatz estrategikoetakoa den Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen Sailean txertatu da.

“Herritarren postontziaren erronka nagusienen artean populazioaren zenbait sektoretan ezagutaraztea da, esaterako gazteen artean; horrenbestez, zerbitzuaren promozioa jorratuko dugu”, iragarri du Rodríguez Ramajok.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:29

Amaia Barredoren adierazpenak

Gasteizko Udalak 47.107,32 euro inbertituko ditu Zabalganeko zenbait kaletan trafikoa moteltzeko. Gorka Urtaran alkateak iragarri zuenaren ildotik, auzoan lehen superetxadia sortzeko egiten diren lehen lanak dira. Udal gobernua “superetxadi” deritzon hiri konfigurazioa sustatzen ari da, auzoetan segurtasuna, bizigarritasuna eta mugikortasun iraunkorra hobetzeko tresna gisa. Zabalganari dagokionez, Zabalgana hiribidea, Giza Eskubideen hiribidea, Sofia Erreginaren hiribidea eta Nazio Batuen hiribidea barne hartzen ditu etorkizunerako proiektatu den superetxadiak.

Lehen ekintzek bide periferikoetan ibilgailu motordunen abiadura moteltzea ahalbidetuko dute, baita txirrindulari eta oinezkoen zirkulazioa nabarmen hobetzea ere. Izan ere, Ozeano Barearen kalean ez ezik, “superetxadiaren” barruan zirkulazio eta abiadura handia duten bi lekutan ere esku hartuko da, Nazio Batuen hiribidean eta Sofia Erreginaren hiribidean. Zati arriskutsuetan zirkulazio-bideak gutxituko dira; trafikoa orduko 30 kilometrora motelduko da; aparkalekuak berrantolatuko dira eta bidegorri berria egokituko da Ozeano Barearen kalean.

Udalak lehen proiektuaren kontraturako lehiaketa onetsi du gaur goizean; Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren mendeko Espazio Publikoaren Zerbitzuak eta Trafiko Zerbitzuak landu dute proiektu hori. Zabalganeko auzo elkartearekin batera landu zen hori, baina lanei ekin aurretik berriro aztertuko dute denen artean. “Duten diseinuagatik, hiru kale horietan ibilgailuek abiadura handia har dezakete. Horregatik, egoera berrira egokitzea eta seguruago bihurtzea proposatzen dugu, Udalak mugikortasun iraunkorra, segurua eta osasungarria lortzeko azken hamarkadan sustatu dituen politikekin bat etorriz“, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Leku bakoitzean irtenbide ezberdinak emango dira:

Nazio Batuak: oinezkoek gehien erabiltzen dituzten pasabideak, autobus-geltokiak eta kale perpendikularrak kontuan izanik, zirkulazio-errei bat kenduko da (batzuetan ezkerrekoa eta besteetan eskuinekoa), ondoko kaleetara desbideratuz. Horrek errei batetik bestera aldatzera behartuko ditu ibilgailuak. Erdibideak ere zabalduko dira, trafikoa moteltzearren. Azken urteetan dagoeneko jarri dira semaforoak eta pasabide goratuak. Biribilguneko erreiak ere gutxitu ziren, pintura baliatuz.

Sofia Erregina: hiribide horrek zeharkako kale gutxiago ditu, baina antzera jokatuko da. 30eko errei bat sortuko da, tamaina handiko “takoak” erabiliz bereizita (Forondako atean bezala), bide horretan sartzea eragozteko.

Ozeano Barea: funtsean, errei bat kenduko da, bidegorria jarriko baita horren ordez. Bidegorria espaloiaren ondotik joango da, eta aparkalekuen lerro batek “babestuko” du, zeinak lehengo zirkulazio-bideetako bat hartuko baitu.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:46

Gazte Klik-Klak gazteentzako argazki digitalen eta bideoen lehiaketan lanak aurkezteko aukera dago azaroaren 4ra arte.

 

Lanak argazki sortetan, bideo formatuan eta gif animatuetan aurkeztu daitezke.

Gazte Klik-klak lehiaketan lanak jasotzeko epea azaroaren 4ra arte irekita egongo da. Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuta, hau izango da gure hamaikagarren edizioa. Aurten “Zumurrurik EZ” lelopean, jakin nahi dugu nola bizi duen bere hiriko kultur eta gizarte aniztasuna gaztedi gasteiztarrak, zein den bere harremana bizi diren errealitate ezberdinekin: inklusio adibideetatik hasita aniztasunarekiko zurrumurru faltsuak desegiten dituzten eguneroko egoeretara arte.

Irabazleek eta hautatuek lanak ikusgai izango dituzte ZAS Kulturen , Gasteizko artisten elkartean, erakustaldi batean hurrengo abenduan. Katalogo bat ere egingo da ikusgai egongo diren lanekin.

Irabazleek aipamen berezi bat jasoko dute. Horrek 300,00 euroko bono trukagarria ekarriko die (argazki, bideo edo kultura materiala lortzeko) eta parte hartzea taldeko erakustaldi batean. Erakustaldi horren gaia librea izango da, parte hartzaileen sormena bultzatzeko: Tetrapack 2020.

Gazte Klik-Klak 2019 eta Tetrapack 2020ko edizioak Jorge Salvador artistak komisariatuko ditu, ZAS Kultur elkartearen izenean.

Lanak eman daitezke, lehiaketaren oinarrietan agertzen diren formatuaren adibideen arabera, bai gazteklikklak@gmail.com posta elektronikoan, bai CD batean Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan, Plaza Berriaren arkupeetan. Gehiago jakiteko lehiaketaren oinarriak kontsultatu : https://bit.ly/2m30zhj

Zalantzak argitzeko: gaztekliklkak@gmail.com

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:45

Hiru pertsona zauritu ziren atzo bi harrapaketetan; lehena tranbiak eragin zuen, eta bigarrena auto batek.

Atzo 20:00ak baino minutu batzuk geroago Gasteiz hiribidearen eta Badaia kalearen arteko elkargunean gertatutako trafiko-istripua ikertzen ari da Udaltzaingoa; istripu horretan, trenbidea gurutzatzen ari zen 53 urteko oinezko bat harrapatu zuen tranbiak.

Lehen ikerketen arabera, tranbia lehentasunez zihoan abiadura motelean, eta une horretan, oinez zihoan gizonezkoa harrapatu eta bagoien azpian atera ezinik geratu zen; horren ondorioz, suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten, handik ateratzeko. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen zauritua.

Atzo 22:30ak baino minutu batzuk lehenago Mariturri Bulebarrean gertatutako beste harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da Udaltzaingoa; istripu horretan, oinezkoentzako pasabide batetik errepidea gurutzatzen ari ziren 28 eta 32 urteko bi emakume harrapatu zituen auto batek. Santiago Ospitalera eraman zituzten.

Arriagako Atea kalean izandako trafiko-istripu bat ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan auto bat eta bizikleta bat zeuden tartean nahastuta. Bizikletan zihoan 13 urteko mutil gaztea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 21 trafiko-istriputan esku hartu du, nahiz ez den zauriturik izan, eta gidatzen zihoan 22 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatzeagatik.

Udaltzainek atzo 16 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 15 jarduera egin zituzten.

Sutea bi edukiontzitan

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, Teodoro Doublang eta Zarautz kaleetan bi edukiontzitan piztutako sua itzaltzeko.

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

 

Udalak harrera egin die Gasteizko Sagrado Corazón eta Alemaniako Ettlingen hiriko Eichendorff-Gymnasium ikastetxeetako ikasle eta irakasleei; Gasteizen daude Kultur trukeak direla eta.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:01
  • Aplikazioa proba fasean dago, interesa duten pertsonek parte hartu ahal duten proiektu pilotu bat dela medio

  • Kargatzeko makina bat ere instalatuko du Logroñoko geltokian

  • Aurrera egingo du BAT, BARIK ETA MUGI txartelen elkarreragingarritasunean

Arabako Mugikortasun Agintaritzak martxan ipiniko du datorren urtarrilean gailu mugikorretarako aplikazio bat, aukera emango duena BAT txartela kargatzeko eta hiri arteko foru garraiorako, Tuvisa-ren lineetarako eta Gasteizko tranbiarako ordainketa sistema honetako beste gestio batzuk egiteko. Helburua da BAT txartelaren erabilera erraztea, tranbiaren geltokietan, banku entitateen kutxa automatikoetan eta Euskotren-en bulegoetan errekargatu beharrik gabe.

Arabako Mugikortasun Agintaritza – AMAk tresna berri hau abiarazteko egutegia erabaki zuen atzo Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailaren egoitzan egindako bilkuran, bertan Garraio sailburuordea, Antonio Aiz, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatua, Javier Hurtado, eta Vitoria-Gasteizko Udaleko Mugikortasun eta Espazio Publikoko zinegotzia, Amaia Barredo, izan zirelarik.

Aplikazioa momentu hauetan proba fasean dago, proiektu pilotu bat dela medio, zeinean parte hartu ahal baitute interesatuta daudenek, email bat bidaliz helbide honetara: batnfc@euskotren.eus. Euskotren harremanetan jarriko da posta elektronikoz, eta aplikazioa deskargatzeko lokarria emango du. Proba pilotuan parte hartzen duten erabiltzaile guztien artean, bizikleta elektriko bat zozketatuko da.

Halaber, Arabako Mugikortasun Agintaritzak erabaki zuen BAT txartela kargatzeko makina bat instalatzea Logroñoko autobus geltokian, zerbitzua eskaintzeko hiri horretatik abiatu edo hartara iristen diren hiri arteko foru garraioko autobusak erabiltzen dituzten milaka bidaiariei. Makina hau funtzionamenduan egongo da datorren urtean, 2020an, eta Gasteizko autobus geltokian dagoenari gaineratuko zaio.

AMAn ordezkaturik dauden hiru instituzioek, halaber, konpromisoa hartu zuten erakunde arteko organo hori partzuergo nortasun juridikoaz hornitzeko eta elkarlanean jarraitzeko Euskadin garraio publikoa ordaintzeko dauden hiru txartelen elkarreragingarritasunean (BAT Araban, BARIK Bizkaian eta MUGI Gipuzkoan) aurrera egiteko, Euskadiko Garraio Agintaritza – AGEren elkarreragingarritasun txostenaren esparruan

Helburu horrekin, EGAk datorren azarorako Erlkarreragingarritasun Mahairako deia egingo du. Hartan Jaurlaritzak, Arabako Mugikortasun Agintaritzak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Gipuzkoako Lurraldeko Garraio Agintaritzak hartzen dute parte. Bilkuraren helburua da BARIK eta MUGI txartelen elkarreragingarritasuna osatzea Tuvisa-n, Alavabus-en autobusetan eta Eskualdeko Garraio Zerbitzuan.

AMA koordinaziorako aholku organo bat da, Araban mugikortasuneko eskumenak egikaritzen dituzten eta garraio operadore moduan diharduten erakundeek osatua. Haren osaera parekidea da, eta lehendakaritza txandakakoa: Eusko Jaurlaritzak dauka lehendakaritza 2019an, joan zen urtean ardura hori Arabako Foru Aldundiari egokitu ondoren, eta Vitoria-Gasteizko Udalak izango du erantzukizun hori 2021ean.

2018an eratutako organo hau, Arabako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailari eratxikita dago eta, besteak beste, arlo honetako politikak eta estrategiak batera jartzeko eginkizuna dauka, Arabako herritarrei garraio sistema integrala, kalitatezkoa, segurua, jasangarria eta iristerraza eskaintzeko; eta garraio publikoko zerbitzuak eta azpiegiturak planifikatu eta koordinatzeko erabakiak hartzea.

Azken helburua, Arabako herritarrei ematen dien garraio zerbitzu publikoa hobetzea da.

Share