Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 urria 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Udal Dantza Kontserbatorioko identitate korporatiboa aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; Dantza Kontserbatorioko zuzendari Ainhoa Arenaza; Ainhoa Gil, identitate korporatiboaren egilea

Eguna. Astelehena, urriak 7

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Prentsaurrekoa. ‘La viga’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Asier Macazaga, Pilar Gil, Gaizka Ugarte, Carmen San Esteban eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Astelehena, urriak 7

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Larunbata, urriak 5

  • Enplegu eta Merkataritza zinegotzi Felipe Garcia, eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Miren Fernández de Landa moda inklusiboaren erakusketan izango dira 19:00etan, Europa jauregian.
  • Vital Eguna dela eta, zinegotzi Cesar Fernandez de Landak parte hartuko du Vital Fundazioak antolatu dituen ekitaldietan 19:00etan, Posta kalean, 13.

 

Igandea, urriak 6

  • Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok parte hartuko du XVI. Eraztun Berdeari Oinezko Itzulian; 07:30ean aterako da, Atariatik.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:12

Urriaren 24ko 20:30ean Europa biltzar jauregian egitekoa den estreinaldira joan nahi dutenek astelehenetik aurrera eman ahalko dute izena, udalaren webgunean, 010 telefonoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan. Parte-hartzaileek datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, NAN edo AIZ zenbakia, posta elektronikoa eta telefonoa. Doako pase bikoitz horiek eskuratu ahal izateko 18 urte baino gehiago izan beharko da, eta Herritarren Udal Txartela eduki.

Urriaren 7tik (astelehena) 13ra arte (igandea) eman ahalko da izena sarreren zozketarako. Zeledonen jaitsiera dela eta abuztuaren 4an San Migeleko balkoira sartzeko erabiltzen den zozketa-metodo bera izango da. Alde txiki bat izango da: bi sarrera eskuratzen dituztenek aldez aurretik jakingo dute zein besaulki esleitu zaien, sarrera zenbakidunak izango baitira.

“Herritarrek ekitaldi horretan parte har dezaten nahi dugu, mugarria izango baita Gasteizentzat ikus-entzunezkoen ekoizpenari laguntzen dion hiri gisa. Zozketaren bidez, gure hirian filmaketa posible bihurtu zuten pertsona ugarien inplikazioa eta laguntza eskertu nahi dugu” , nabarmendu du Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi Borja Rodríguezek.

Estreinaldian bertan izango dira honako hauek: filmeko zuzendari Daniel Calparsoro, Belen Rueda eta Javier Rey protagonistak, Mercedes Gomero eta Joaquin Padró produktoreak ( Atresmediakoa  eta Rodar y Rodar-ekoa hurrenez hurren) eta liburuaren idazlea bera, Eva Garcia Sáenz de Urturi. Autografoak izenpetuko dituzte eta zaletuengana hurbilduko dira, emanaldiaren aurretik, Europa biltzar-jauregiaren kanpoan jarritako alfonbra berdean.

Gainera, urriaren 24an, goizean, emanaldi berezia egingo da filmaketan parte hartu duten figurante, estra, talde, ekoizle eta gainerako laguntzaileentzat.

Udalak deituko die zozketan irabazle gertatzen direnei, eta Turismo Bulegoan (Espainia plaza) jaso ahalko dituzte doako gonbitak. Zozketatzen diren sarreren kopurua emanaldia baldintza egokienetan emateko behar teknikoak aztertu eta gero zehaztuko da.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:32

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak eratutako Larrialdietarako Arabako Funtsak 15.283 jarriko ditu Chiquitanía (Bolivia) eskualdean zenbait udalerritan sutearen aurka ari diren suhiltzaileei eta boluntarioei ekipoak eta materiala bidaltzeko.

Amazonaseko sute handi eta kontrolgabeek zenbait herrialderi eragiten diete: Brasil, Bolivia, Peru eta Paraguai. Bolivian bakarrik, 4 milioi hektarea hartu dituztela kalkulatu da.

Abuztutik ari da sua hedatzen, eta zona populatuetara ere iristen ari da. Oraingoz, mila pertsonatik gora zauritu dira, eta lau suhiltzaile boluntario hil. Bestetik, ez da komunitate indigena askoren berri. Komunitateen aziendak —haiek dira nekazarien bizibide nagusia— hil egin dira, edo ihes egin dute; laboreak (artoa, indabak, juka…) eta milaka hektarea larre ere galdu dituzte. Etxe eta altzariak erre dira, eta edateko uraren eroanbideak kaltetu.

Acción Norte izeneko elkarteak eskatu dio laguntza Larrialdietarako Arabako Funtsari; irailaren erdialdera, suhiltzaile profesionalek osatutako elkarte horretako lau suhiltzaile joan ziren Concepción (Bolivia) udalerrira, suteak itzaltzen laguntzeko. Naturaleza en Emergencia elkarteak antolatutako suhiltzaile boluntarioekin batera aritu zen taldea, eta lekuan bertan zehaztu zituen zeuden beharrak. Horren emaitza da ekipoen eskaera.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:18

Udaltzaingoa 19 urteko mutil gazte bat ikertzen ari da, gida-baimenik gabe gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bat egin ote duen jakiteko.

20:30ak aldera, Antonio Machado kaletik ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zuen inguru horretan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek. Udaltzainek gelditzeko agindu zioten, baina gidariak ez zien kasurik egin eta ihes egin zuen abiadura handian eta ausarkeriaz.

Berehala harrapatu zuten ordea, eta bere dokumentazioa eta ibilgailuarena eskatu ziotenean, egiaztatu zuten ez zeukala gidatzeko baimenik, eta hori dela eta, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian. Horrez gain, salaketa-buletin egokiak bete zituzten asegururik ez edukitzeagatik, arauzko epearen barruan IAT ez igarotzeagatik eta drogetan positibo emateagatik.

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan hogeita hiru trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan bost pertsona zauritu dira guztira.

Atzo goizeko lehen orduan istripu bat gertatu zen auto baten eta bizikleta baten artean, Barratxi kalean seinalatutako txirrindularientzako pasabide batean. Talka horren ondorioz, bizikletaz zihoan 33 urteko gizonezkoa lurrera erori eta zenbait lesio izan zituen; larrialdi-zerbitzuek artatu zuten lehenik, eta gero Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan beste gizonezko bat ere zaurituta geratu zen Maite Zuñiga kaletik zihoala beste bizikleta baten aurka talka egin ondoren. Anbulantzia batean eraman zuten Txagorritxu Ospitalera.

15:00ak baino minutu batzuk lehenago, bizikletaz zihoan 43 urteko emakume bat Santiago Ospitalera eraman zuten, Koldo Mitxelena eta Micaela Portilla kaleen elkargunean auto batek harrapatu ondoren.

17:45ean, Salbatierrabide eta Lasarteko Atea kaleen arteko bidegurutzean, beste istripu bat gertatu zen auto batek eta bizikleta batek elkarren aurka talka egin ostean; bizikletaz zihoan 52 urteko emakumea zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Gauean, beste istripu bat gertatu zen Gaztelako Atea eta Fontetxako Gazteluaren kaleen elkargunean auto batek eta ziklomotor batek elkarren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, motoa gidatzen ari zen 18 urteko mutil gaztea zaurituta geratu zen, eta larrialdi-zerbitzuek bertan artatu ostean, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Azkeneko 24 orduetan 14 salaketa erregistratu dituzte Polizia Judizialean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:48

 

  • Estatu osotik etorritako 40 txakurrek miaketa eta bilaketa trebetasunak erakutsiko dituzte

Detekzio Txakurren Liga horrelako animalien trebetasunak probatzen dituen kirol lehiaketa da, eta asteburu honetan Gasteizera iritsiko da. Zehazki, Amarok kopa jokatuko da larunbatean eta igandean (hilak 5 eta 6), Gamarrako parkean, izen hori duen txakur heziketarako zentroak antolaturik. Estatu osotik etorritako 40 txakurrek miaketa eta bilaketa trebetasunak erakutsiko dituzte, publikoari irekita dagoen ekitaldi batean.

Izena emanda dauden 40 txakurrek eta laguntzaileek hiru proba egin beharko dituzte. Lehenengoan, ibilgailuak miatu beharko dituzte; horretarako, esparru berezia egokituko da Eskalmendiko aparkalekuan. Bigarren proba barrualdeetako bilaketa izango da: Gamarrako udako aldageletan osatutako zirkuitu batean erakutsi beharko dituzte bilatzeko trebetasunak. Hirugarren proba, “paketeak edo puntuz puntu” deritzona, frontoietan egingo da: ezaugarri berak dituzten zenbait objekturen barruan ezkutatutako gauzaren bat aurkitu beharko dute txakurrek.

Larunbatean 09:00etatik 19:00etara egingo dira probak; igandean, 09:00etatik 15:00etara. Sarrera librea da. Nahi dutenek 0 dortsala erosi ahalko dute, eta helburu solidario baterako borondatea eman, biltzen den dirua APASOS Vitoria elkartearentzat izango baita. Horretaz gain, APASOSek desfile solidarioa antolatu du, larunbateko 13:00etan. Asteburuko programa osatzeko, sustatzaileek zenbait sari zozketatuko dituzte, eta amaitzeko, garaikurrak banatuko dira.

Detezkio Txakurren 2019ko Liga maiatzean hasi zen, Alacanten; ekainean jarraitu zuen, Sorian, eta asteburu honetan Gasteizen egitekoa dena hirugarren proba izango da. Azaroan amaituko da txapelketa, Kanaria Handian.

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:44

Datorren urteko apirilean, Europako hiriburu berdeen sarea bilduko da Gasteizen, “giza eskalako” hirien eredua aztertzeko

Gasteiz European Green Capital Network sarearen bilera teknikoetako baten egoitza izango da; European Green Capital titulua jaso zuten hiriek zein finalista geratu zirenek osatzen dute sarea. Halaxe iragarri du Gorka Urtaran alkateak.

Datorren urteko apirilean, sareak bilera teknikoa egingo du Euskadiko hiriburuan, “giza eskalako” hirien eredua aztertzeko.  Sarea osatzen duten hirietan landutako irtenbideak eta ereduak aplikatuko ahal izateko materiala eta tresnak sortuko dira lantegietan.

Gaur egun, hiri hauek osatzen dute European Green Capital Network-a, zeina Europako Batzordeak babesten baitu: Amsterdam, Bartzelona, Bristol, Brusela, Kopenhage, Essen, Frankfurt, Friburgo, Gante, Glasgow, Hanburgo, Hertogenbosch, Lahti, Lille, Lisboa, Ljubljana, Malmö, Münster, Nantes, Nimega, Nurenberg, Oslo, Reykjavik, Stockholm, Estrasburgo, Tallinn, Umeå eta Gasteiz.

Izan ere, udal gobernuaren asmoa da ingurumen politiken alorrean erreferente diren hiriekin aurretik zituen loturak estutzea eta horretan nabarmendu diren hirien sare estrategiko berriak sortzea.

 

Datorren astean, Vancouverrera joango dira Gasteizko ordezkariak

Hain zuzen ere, datorren astean Gasteizek aliantza estrategiko berriak lotzeko aukera izango du ingurumen alorreko politiken nazioarteko erreferente gisa, Ecocity World Summit 2019 gailurrean parte hartuko baitu, Vancouverren (Kanada); hiri hori Global Green City da, Gasteiz bezala.

Ecocity mundu gailurra dugu nazioarteko biltzar zaharrena naturarekiko oreka zaintzen duten hirien eraikuntza lantzen dutenen artean. Bi urtean behin egiten da, eta mundu osoko 1.000 ordezkaritik gora elkartzen ditu.

Hiri-sareetan parte hartzen dugu, eta lankidetza-proiektuetan, hiria ikusgarriago egiten baitu horrek, eta aukera ematen baitigu zenbaiten praktika hobeetatik ikasteko. Horixe da aldezten ditugun lan-ildoetako bat, aliantzak bilatzea, ikerketa eta ezagutza partekatuaren bidez gure hiriaren arazoei irtenbideak emateko”, nabarmendu du alkateak.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

Gasteizko Udalak hiriko taxi-flotari ibilgailu elektrikoak gehitzen laguntzeko deialdia egin du berriro. Aurreko ekitaldian sortu zen dirulaguntza-ildoaren bigarren edizioa da, sektoreak oso ondo hartu baitzuen. Gaur goizean onetsi ditu Tokiko Gobernu Batzarrak deialdiaren oinarriak, Amaia Barredo zinegotziak zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak sustaturik. Urtaranen gobernuak 60.000 euro jarriko ditu horretarako, eta ibilgailu bakoitzeko 10.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko da.

Mugikortasun iraunkorreko politiken barruko deialdi horren bitartez, Udalak gure hiriko airearen kalitatea hobetzen lagundu nahi du, eta kutsadura akustikoa eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten, baita energia-kontsumoa ere. “Gasteizen garraio publikoaren elektrifikazioaren aldeko apustua argia da. BEA abian jartzeko, tranbia-sarea hedatzeko… ari gara lanean, baita taxiaren sektorea modernizatzeko ere”, azaldu du Amaia Barredo zinegotziak.

Gasteizko Udalaren taxi-lizentzia baten jabe diren pertsona fisikoek jaso ahalko dituzte laguntzak, baldin eta dirulaguntzaren xede den ibilgailua aurretik lizentzia horri esleitutako ibilgailua ordezteko bada; Gasteizko taxilarien elkarteek ere jaso ahalko dituzte laguntzak, horren xede den ibilgailua Gasteizko taxi-lizentzia duten ibilgailuak ordezteko erabiltzekoa bada. Taxi-lizentziaren titularrek 2019an erosi dituzten edo erostekoak diren ibilgailu elektriko huts berriengatik bakarrik jaso ahalko da diru-laguntza. Diruz lagundutako taxiek lau urtez eman beharko dute zerbitzu Arabako hiriburuan.

Aste batzuk barru eskatu ahalko dira laguntzak, Diru-laguntzen Datu-base Nazionalean eta ALHAOn argitaratzen direnean.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:18

Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailak, Nekazaritza Eremuaren Zerbitzuaren bitartez, 40.000 euro jarriko ditu udalerriko 17 toki-erakundetan ekipamenduak hobetzen laguntzeko.

Zehazki, herri hauek jasoko dituzte dirulaguntzak beren jabetzako ekipamenduetan 2019an egindako lanak finantzatzeko: Aberasturi, Andollu, Arangiz, Aretxabaleta, Argandoña, Armentia, Estarroa, Gamarra Nagusia, Gardelegi, Gometxa, Jungitu, Mendiola, Mendoza, Otazu, Uribarri Arratzua, Uribarri Nagusia eta Zumeltzu.

 

 

KONTZEJUA AURREKONTUA DIRULAGUNTZA

EBAZPENA

Aurrekontuko OBRAK
Aberasturi 8.984,25 2.747,00 Kontzeju aretoko estalkia birgaitzea
Andollu 4.789,96 1.464,00 Autobus markesinako teilak berritzea eta margotzea
Arangiz 2.795,10 854,00 Zentro sozialean aire girotua instalatzea
Aretxabaleta 8.821,29 2.697,00 Zentro sozialeko ekipamendua
Argandoña 5.196,95 1.589,00 Airea tratatzeko zentrala instalatzea, hezetasunak saihesteko
Armentia 1.064,80 325,00 Zentro sozialeko ur-ponpa aldatzea
Estarroa 13.482,06 1.818,00 Bolatokian zoladura egokitzea
Gamarra Nagusia

 

1.500,40 459,00 Gizarte eta kirol zentroa konpontzea
Gardelegi 2.072,09 633,00 Zentro sozialean desfibriladorea instalatzea
Gometxa 713,90 218,00 Zentro sozialeko zurezko osagaiak mantentzea
Jungitu 5.359,82 1.639,00 Elektrizitate lanak zentro sozialean
Mendiola 1.006,38 308,00 Zentro sozialeko leihoak konpontzea
Mendoza 4.356,00 1.332,00 Bolatokia eraberritzea
Otazu 6.554,16 2.004,00 Pellet berogailua instalatzea eta leihoak konpontzea zentro sozialean
Uribarri Arratzua 34.251,16 10.472,00 Ermita konpontzea
Uribarri Nagusia 33.870,84 10.355,00 Errota birgaitzea
Zumeltzu 3.550,14 1.086,00 Hilerriko hormak konpontzea
  138.369,30 40.000,00  

 

Share