Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak, Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  15 urria 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Fundación Vital Zuzenak taldearen 2019-20ko denboraldi berria Gurpil-aulkiko Saski Baloiko Liga Nazionalean aurkeztea

Parte hartzaileak. Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez

Eguna. Asteazkena, urriak 16

Ordua. 10:15

Tokia. Vital Fundazioa Kulturunea (Bake kalea, 5-1º, Dendarabako solairua)

—————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Kourtney Kardashian’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Iara Solano, aktorea; eta Nazioarteko Antzerki Jaialdiko zuzendari

Marta Monfort

Eguna. Asteazkena, urriak 16

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

———————————-

Prentsaurrekoa. ‘Emakumeak-Mujeres’ karta-sorta aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto; Berdintasun zinegotzi Miren Fernandez de Landa; et Ludoland-Ortzadar enpresako ordezkari Maribel Angulo

Eguna. Asteazkena, urriak 16

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Arabako Medikuen Elkargo Ofízialaren egoítza inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Asteazkena, urriak 16

Ordua. 12:00

Tokia. ICOMAren egoitza (Santiago hiribidea, 7)

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

Udaltzaingoaren Agenteek 33 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, bizikleta bat lapurtzearen delitua eta agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren beste delitu bat egin dituen ustezko egile gisa.

Koordinazio Zentralak patruila bati eskatu zion Dato kalera joan zedila, antza denez gizonezko bat bizikleta bat lapurtzen ahalegintzen ari zelako aparkaleku batean. Eskainitako xehetasunei esker, udaltzainek bizikleta baten giltzarrapoak manipulatzen aurkitu zuten gizona, eta horren ondorioz, hura identifikatzeari ekin zioten. Poliziarekin izandako esku-hartze horretan ziurtatu zuen bi bizikleta bere jabetzakoak zirela, baina horien jatorria zalantzazkoa zenez, kendu egin zizkioten eta gizonezkoak bertatik alde egin zuen.

Handik minutu batzuetara, kalez jantzita zihoan beste patruila batek Alamedako Markesaren plazan ikusi zuen, eta han, bizikleta bat bereganatzea lortu zuen. Udaltzain batek, ordea, harrapatu egin zuen eta ustezko lapurra haren aurka oldartu zen. Horrexegatik atxilotu zuten, eta Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, aske utzi zuten.

Bi pertsona zauritu dira

Motozikleta bat gidatzen ari zen emakume bat, 45 urtekoa bera, eta bizikletaz zihoan neska gazte bat, 14 urtekoa, zaurituta geratu ziren atzo trafiko-istripu banatan.

Lehen istripua Errementari kalearen eta Harategi Kantoiaren arteko elkargunean izan zen, motoz zihoan emakumea lurrera joan baitzen bizikletaz zihoan neskaren aurka talka ez egiteagatik. Emakumea ospitale batera eraman zuten.

14 urteko mutil gazte bat zauritu zen bere bizikleta gainetik erori ondoren, Mexiko eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kaleen arteko elkargunean zebilela. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 20 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 7 jarduera egin dituzte.

Fatxada bateko luzitua lurrera erori da

Suhiltzaileek esku hartu behar izan zuten atzo, fatxada bateko luzituaren zati bat oinezko baten gainera erori zelako Herrandarren kalean. Pertsona horrek ez zuen minik izan, eta SPEISeko langileek fatxada osoa berrikusi eta erortzeko arriskua zuten elementuak kendu zituzten.

Bide publikoko zuhaitzekin loturiko bi dei ere jaso zituzten: lehenengoan jakinarazi zieten zuhaitz bat erori zela Pascual Andagoia kalean, eta suhiltzaileek erretiratu egin zuten, eta bigarrenak ohartarazi zien Nieves Cano kaleko zenbait zuhaitz kolokan zeudela, baina suhiltzaileek aztertu zituzten eta ez zuten ohiz kanpoko ezer ikusi.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:08

 

Ume txikiek pantaila eta gailu elektronikoak erabiltzea aztertuko da Europa jauregian ostegunean egitekoa den jardunaldian. Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatu du topaketa, zeinean profesional ezagunek hartuko baitute parte, hala nola ikertzaile eta hezkuntza dibulgatzaile Catherine L’Ecuyer eta EHUko Psikologia katedradun Enrique Arranz.

 

 

“Hezkuntza erronkak aro digitalean” da jardunaldiaren izenburua, eta Gurasotasun Positiboaren Udal Programan  jasotako ekintzetako bat da: “umeek tabletak, telefono adimentsuak eta abar egoki erabiltzeak eta aro digitalean hezteak dakartzan erronkek hala profesionalei nola familiei sortzen dizkiguten zalantzak argitzen saiatuko gara, txikienek heldu baten presentzia eta kontrolik gabe izaten baitute kontaktua pantailekin“, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Armentiak ohartarazi duenez, “gaur egun, gailu horiek gure seme-alaben haurtzain bihurtu dira, behar baino gehiago. Azterlan batzuek diotenez, txupete emozional arriskutsua dira, psikologia, fisiologia eta garapen alorretako arrazoiengatik, portaerari eragin baitiezaiokete. Errealitate hori ezin dugu alde batera utzi.”

 Hainbat azterlan zientifikok ohartarazi dute txikitan pantailen aurrean gehiegi egotearen arriskuez:

  • Eragin negatiboa du ikaskuntza-prozesuan: atzerapen linguistiko eta kognitiboak, errendimendu akademiko txikiagoa, etab.
  • Beste jolas batzuetan aritzeko denbora kentzen du, baita helduekiko eta beste ume batzuekiko zuzeneko harremana izateko ere.
  • Arrisku-faktorea da umeen obesitatea garatzeko.
  • Eragin negatiboa du umeen loaren kantitate eta kalitatean.

Ondorio horiek eragozteko, Osasunerako Mundu Erakundeak gomendatzen du bi urtera arte gutxienez kontakturik ez izatea mugikorrekin edo bestelako pantailekin, eta adin horretatik bost urtera arte, egunean gehienez ordubete erabiltzea.

 Gomendio horietaz gain, beste hau gogorarazi du Jon Armentiak: “guk geuk hasi behar dugu eredua ematen, ez gaitzatela seme-alabek une oro konektatuta ikus. Pantailak erabiltzeko denbora arautzen ere lagun diezaiekegu, tableta zenbat denbora erabil dezaketen adostu, eta kontrolatzeko gauza direla ikusarazi”.

Gaiari buruz landutako bideo bat ere aurkeztuko da jardunaldian, lagungarria izan baitaiteke gailu elektronikoen eta pantailen erabilera egokiaz sentsibilizatzeko garaian.

Osteguneko jardunaldian parte hartu nahi dutenek 945 16 13 79 telefonoan eman dezakete izena aldez aurretik. Asistentzia doakoa da. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Europa jauregiko Francisco de Vitoria aretoan.

Informazio gehiago

Catherine L`Ecuyer. Hezkuntzan eta Psikologian doktorea. IESE Business School-eko masterra eta Europako ikerketa master ofiziala. Ikertzailea eta hezkuntzari buruzko liburu eta artikuluen egilea.

Espainiako Gobernuarentzat adingabeen artean teknologien erabilera aztertzen aritu zen lan-talde baten kidea izan zen. “Educar en el asombro” lanaren egilea da; zortzi hizkuntzatan argitaratu da liburua, eta hezkuntzaren alorrean bestseller bihurtu da (26. argitalpenera iritsi da).

Enrique Arranz. Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko Oinarrizko Psikologia Prozesuen eta Garapenaren Saileko Familiaren Psikologiako katedraduna.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:57

Aukeratzen diren proiektuak Montehermoso kulturunean, Udalaren Antzoki Sareko aretoetan eta gizarte etxeetan garatuko dira

 

 

 

Gasteizko Udaleko Kultura Sailak ‘K-ZERO’ programa jarri du abian, hiriko sortzaileei eta talde eta entitate artistikoei sortzen laguntzeko; Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok aurkeztu du gaur prentsaren aurrean.

“Helburu nagusia da tokiko artista eta sortzaileei sorkuntza-prozesua erraztea eta horretarako aukera ematea udalak orain  dituen kultur ekipamenduen barruan —ekipamenduen ohiko erabilerekin batera jardunez—, eta prozesuak dakartzan gastuak ordaintzen laguntzea”, azaldu du Cantok. “Programaren izena, ‘K-ZERO’, Kulturaren “K” eta zero kilometroren “ZERO” batuz osatu dugu”, erantsi du.

Interesa duten kultur eragileek eskabidea bete beharko dute, eta hori balioesteko garrantzitsutzat jotzen dituzten agiriak erantsiko dituzte. Kultura Sailak aztertuko ditu eskabideak, eta sorkuntza-proiektua gauzatzeko aukerak proposatuko dizkio eskatzaileari. Montehermoso kulturunea, Udalaren Antzoki Sareko aretoak eta gizarte etxeak sartzen dira programaren barruan.

Lekua erabiltzeko baldintzak hitzartzen direlarik, Kultura Sailak kudeatuko du dena delako espazioaren okupazioa, eta aukeratutako espazioan gutxienez zenbat teknikari eta/edo laguntzaile behar diren zehaztuko du; Udalaren kontura joan ahalko da hori.

Nagusiki arte eta kulturaren inguruko sorkuntza-proiektu bat duen pertsona fisiko edo juridiko orok hartu ahalko du parte, profesionalizatzeko asmoa badu eta proiektua garatzeko lanerako espazio baten beharra justifikatzen badu.

“Deialdia jarraitua izango da, sortzaileek eskabidea beren sorkuntza-prozesuaren eta beharren arabera egin dezaten, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak agortu arte. Ebazteko epea bi hilabetekoa izango da, eskabidea erregistratzen denetik, eta gehienez urtebeterako lagako da aretoa”, nabarmendu du zinegotziak.

Sektorearen proposamena

2018-2021rako Gasteizko Kulturaren Plan Estrategikoaren barruan sortu da ‘K-ZERO’ programa. 2019ko urtarrilaren 29an Gasteizko kultur ekipamendu publikoekin lotutako erabilerak, zerbitzuak eta programak birdefinitzeari buruz egindako lan-mahaian hiriko kultur eta sorkuntza sektoreak egindako ekarpenetatik harira dator proposamena.

“Guretzat pozgarria da ‘K-ZERO’ programa eskaintzea, sorkuntza-prozesu esperimentalagoei emango diegulako leku, horren truke emaitza ukigarririk (antzezlanik, erakusketarik…) eskatu gabe. Hori guztiz bat dator gure kultura-agendarekin, integralagoa, tokian tokikoagoa, iraunkorragoa, egonkorragoa eta demokratikoagoa izan nahi baitu, eta bereziki, estrategikoki koordinatua eta planifikatua”, adierazi du Cantok.

Programa eskari fitxa

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:51

2.781 pertsonak osatuko dituzte mahaiak, eta urriaren 16tik 18ra arte egingo zaie jakinarazpena

Gaur goizean egin da azaroaren 10ean izango diren Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako mahaiburu eta mahaikideak izendatzeko zozketa, bertan zeudela Udal Errolda Ataleko zinegotzi arduradun Borja Rodríguez Ramajo, idazkari nagusi Martin Gartziandia eta zenbait udal sailetako teknikariak.

34 hautesleku esleitu dira, eta 309 hauteskunde-mahai.

Urriaren 16tik 18ra bitartean jakinaraziko zaie mahaiak osatuko dituzten 2.781 pertsonei izendatuak izan direla. Udalak ez ditu argitaratuko zozketaren emaitzak, herritarren datu pertsonalen konfidentzialtasuna gordetzeko.

Gasteizen bizi diren 189.597 pertsonak eman ahal izango dute botoa hauteskunde horietan, baita atzerrian bizi diren beste 4932 gasteiztarrek ere.

Azaroaren 1ean hasiko da, formalki, hauteskunde-kanpaina, eta 8ra arte iraungo du, hots, azaroaren 10eko hauteskundeen aurreko gogoeta-egunaren bezperara arte.

Bozketa-egunean, goizeko bederatzietan irekiko dira hauteskunde-mahaiak, eta arratsaldeko zortzietan itxiko; orduan ekingo zaio emaitzen zenbaketari.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:13

Udaltzaingoaren agenteek 20 urteko mutil gazte bat eta 30 urteko gizonezko bat atxilotu zituzten atzo, bide publikoan beren bikotekideak jotzeagatik genero-indarkeriazko delitu banaren ustezko egile direlakoan, lehena Judimendi auzoan eta bigarrena Erdi Aroko Hirigunean.

Goizeko hamarretan, 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen gizonezko batek emakumezko bat jo zuela bide publikoaren erdian, Judimendi hiribidean. Patruila batek bi bikotekideak eta haiekin batera zihoan beste neska gazte bat aurkitu zituen bertan.  Udaltzainek haien bertsioak entzun zituzten, baita gizonezkoak biktima jo zuela berretsi zuten beste lekuko batzuenak ere, eta beraz, hura atxilotzeari ekin zioten eta gaur epailearen esku geratuko da.

Ordubete geroago, Udaltzaingoaren agenteek bigarren gizonezko bat atxilotu zuten, 30 urtekoa, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile delakoan, Harategi Kantoian eztabaida batean bere bikotekidea jotzeagatik. Herritar bat eta Udaltzaingoaren patruila bat gizonezkoak emakumezkoari egindako irain eta mehatxuen lekuko izan ziren. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur.

Udaltzainei ez obeditzea

Udaltzaingoaren Agenteek 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, agintaritza-agenteen aurkako desobedientzia, erresistentzia eta atentatuaren delitu banaren ustezko egilea delakoan.

Gizonezkoa oinezkoei agiraka egiten ari zitzaien kalean, eta udaltzainek jokabide hori alde batera utz zezala eskatu zioten. Hura identifikatzeari ekin ziotenean, ukatu egin zen eta udaltzainak jotzen ere ahalegindu zen, eta horrexegatik, atxilotu egin zuten.

Atzo goizaldera, halaber, 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, agintaritza-agenteen aurkako beste delitu baten ustezko egilea zelakoan. Gizon horrek kalteak eragin zituen Pintore kaleko ostalaritza-lokal batean.  Polizia esku hartzen ari zen bitartean, bortizkeria handiz jokatu zuen, irainak zuzendu zizkien udaltzainei eta eraso ere egin zien.

Istripuak

Bost pertsona zauritu dira joan den ostiralaz geroztik gertatutako trafiko-istripuetan. Zadorra hiribidean furgoneta baten eta auto baten arteko talkaren ondorioz gertatutako istripuan bigarren ibilgailu hori gidatzen zihoan 19 urteko neska gaztea zaurituta geratu zen. Bertara joandako larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Santiago Ospitalera eraman zuten.

Arriagako Atea kaleko oinezkoentzako pasabide batean beste istripu bat gertatu zen hiru autoren arteko talkaren ondorioz. Talka hori dela eta, lehen ibilgailua gidatzen zihoan emakumea, 44 urtekoa, zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Oinez zihoan 46 urteko gizonezko bat eta bizikletaz zihoan 21 urteko mutil bat zaurituta geratu ziren Forondako Atea kaleko bidegorrian izandako harrapaketan. Antza denez, oinezkoa bidegorrian sartu zen, begiratu ere egin gabe, eta txirrindularia zetorren bertatik, lehentasuna izanik. Anbulantzia batek biak artatu zituen, gertaera horiek izandako tokian bertan, baina ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Bizikletaz zihoan 22 urteko neska gazte bat, halaber, zaurituta geratu zen, oinezkoentzako pasabide batean bat-batean sartu ondoren, José Mardones kalearen eta Santiago hiribidearen arteko bidegurutzean, semaforoa oinezkoentzat gorrian zegoela. Errepidetik lehentasunez zetorren motozikleta baten aurka talka egin zuen. Anbulantzia batek artatu zuen txirrindularia, eta gero Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 24 trafiko-istriputan esku hartu behar izan du asteburuan, nahiz ez den zauriturik izan, eta 5 gidari ikertzen ari dira alkoholaren eraginpean gidatzeagatik. Horietako bat, 42 urteko gizonezkoa, ikertzen ari dira, dagozkion alkoholemia-probak egiteari uko egiteagatik.

Ikertutako gidarietako bat, 28 urteko gizonezkoa, semaforo bat gorrian igarotzen ikusi zuten Arriagako Atea kalearen eta Larrugile kalearen arteko bidegurutzean; 49 urteko beste gizonezko batek kontrako norabidetik ekin zion Wellington Dukearen kaleko biribilguneetako batean, eta hirugarrengoa, 26 urteko gizonezkoa, Bakearen kalean ezohiko moduan gidatzen ari zela ikusi zuten. Emaitza positiboa eman zuen alkoholemian nahiz kalamuan.

Asteburuan, alkoholemiaren prebentziorako 7 kontrol egin ditu hirian Udaltzaingoak, eta horietan, 140 gidari inguruk egin behar izan dituzte alkoholemiaren nahitaezko probak. Horietatik lauk emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzaingoak 38 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 20 jarduera egin zituen.

Trafiko-istripuak 6 basurderengatik

Suhiltzaileek atzo gaueko hamaikak aldera esku behar izan zuten auto batek istripu bat eduki zuelako sei basurde kumerengatik N-240 errepidean, Miñanoko Parke Teknologikoaren irteeran, Bilborako norakoan.

Horrez gain, sastrakadi batean piztutako sute txiki bat itzali zuten Zadorran, Eraztun Berdearen ondoan.

Baia Ibaiaren kaleko eraikin bateko trastelekuan sute bat piztu zen koltxoi batek su hartu ondoren. Suhiltzaileek hura itzali eta ingurua egurastu zuten.

Joan den larunbatean beste sute bat piztu zen Konstituzio plazan jarritako barraka baten besoetako batean. SPEISeko langileak iritsi zirenerako sua itzalia zegoen. Udaltzaingoaren ikerketa-unitateak baimena eskatu zuen funtzionamenduari berrekiteko, eta kalteak izan zituen beso hori baliogabetuta geratzeko baldintzarekin onartu zuten.

Suhiltzaileek sute bat itzali zuten larunbatean, Bitorialanda kaleko fabrika zahar baten orubean, baita tximista baten ondorioz basoan piztutako beste sute txiki bat ere, A-3008 errepidearen aldamenean.

Share