Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  2 urria 2019 14:21

 

Udaltzaingoaren agenteek 42 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo eguerdian, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile delakoan.

12:30ak baino minutu batzuk geroago, patruila bati Arriagako Ateko biribilgunera joan zedila eskatu zioten, antza denez, gizon bat emakume bat jotzen ari zelako bertan. Gertaeren lekuko batek eskainitako deskribapenari esker, patruila batek Kantabrikoaren Hiribideko bidegorrian topatu zuen bikotea.

Behin hara iritsi ondoren, udaltzainek egiaztatu zuten emakumeak zenbait lesio zituela erasoaren ondorioz, lekuko batek berretsi zuen moduan. Horregatik guztiagatik, gizonezkoa atxilotzeari ekin zioten, eta atzo arratsaldean epailearen esku geratu zen.

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan 16 trafiko-istripu erregistratu dira, eta guztira 2 pertsona zauritu dira.

Tomas Zumarraga Dohatsua eta Fernandez de Leceta kaleen arteko bidegurutzean erregistratutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da Argiketa talde bat. Istripu horretan auto bat eta bizikleta bat zeuden nahastuta, eta bizikleta gidatzen ari zen 36 urteko emakumea zaurituta geratu zenez, Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bizikletaz zihoan 63 urteko beste emakume bat Santiago Ospitalera eraman zuten, 20:30ean, Becerro de Bengoa kalean tranbiaren errailetan erori ondoren.

Azkeneko 24 orduetan 19 salaketa aurkeztu dituzte Polizia Judizialean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:19

Ohi bezala, Gasteizko Udaltzaingoak Aingeru Zaindarien jaia ospatu du gaur, urriak 2, Agirrelandako udaltzain-etxean.

Arriagako San Bizente Martiriaren parrokian erlijio-ekitaldia eginez hasi dira ospakizunak; ondoren, harrera egin dute Udaltzaingoaren instalazioetan, 100 gonbidatu ingururekin.

Alkate Gorka Urtaran eta Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrez izan dira buru harrera-ekitaldian, eta arlo hauetako ordezkariak bertaratu dira, besteak beste: udal talde politikoak; estatuko eta erkidego administrazioa; tokiko, erkidegoko eta estatuko segurtasun indar eta kidegoak; epailetza, fiskaltza eta Abokatuen Elkargoa, eta erregio etxeak.

Komisario buru Roberto García Tobalinak eman du ongietorriko hitzaldia, eta haren ostean Herritarren Segurtasunaren zuzendari Javier Sáez Lanasek hitz egin du. Amaitzeko, alkate Gorka Urtaranek hau gogoratu du: “superhiri europarra izan dadin, Gasteizek kalitateko zerbitzu publikoak izan behar ditu, eta horretan oso paper garrantzitsua du segurtasunak. Berez, Euskadiko hiri seguruena gara” . Aldi berean, eskerrak eman dizkie erretiroa hartu duten agenteei, “Udaltzaingoan lanean emandako hamarkadengatik”.

Ondoren, azken 12 urteetan erretiratu diren udaltzainei (35 orotara) ibilbide profesionala aitortzeko diplomak banatu dizkiete, baita erretiratuen txartel profesionala ere.

Zerbitzuan 20 eta 30 urtetik gora daramaten udaltzainei, berriz, bereizgarri zuria eta gorria duten diplomak eman dizkiete. Lehen taldean hogeita sei agente edo buru zeuden; bigarrenean, hogei.

Jarraian, Polizia Kidegoen arteko Tiro Txapelketako garaikurrak banatu dira; Gasteizko Udaltzaingoko lehen agente bat izan da garaile banakako kategorian, eta taldeen kategorian ere kidego horrek irabazi du. Orobat, sariak eman zaizkie Areto-futboleko Txapelketako txapeldunari eta txapeldunordeari.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:13

Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2ren emisioa eragotziko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez zero emisioko 100×100 autobus elektrikoak erabilita. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok oso positibotzat jo du mugikortasun-sistema moderno eta iraunkor hau erabiltzea, izan ere “Gasteiz erreferente izango baita eduki handiko garraio publiko elektrifikatuaren arloan”.

Amaia Barredok gogorazi duenez, egun 2. linea periferikoak 10 minutuko maiztasuna du astean zehar, 15 minutukoa larunbatetan eta 20koa igandeetan. BEA martxan dagoenean, maiztasunak 7,10 eta 15 minutukoak izango dira, hurrenez hurren.

BEAren lanak irailaren 2an hasi ziren, eta hainbat zuhaitz ordeztea, horietako batzuk oso egoera txarrean zeuden, eta beste batzuk birlandatzea ekarri du berekin.  2016tik, Gasteizko Udalak 5.444 zuhaitz landatu ditu hiriaren barruan. Urtez urte hazten den kopuru horri hirian barrena dauden zuhaixkak eta Eraztun Berdeko zuhaitzak gehitu behar zaizkio.

“Gobernuak gure hiriak gero eta zuhaitz gehiago izateko lan egiten jarraituko du. Kentzen diren zuhaitzen (gaixo daudelako, arriskutsuak direlako edo beharrezkoa delako) eta jartzen diren zuhaitzen arteko balantzea positiboa izaten jarraitzeko”, azaldu du Amaia Barredok.

Azken urteetan zenbat zuhaitz landatu den zehaztu du Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Sailak: 2016an, 1.101; 2017an, 980; 2018an, 2.133. 2019an, berriz, 1.230 landatu dira orain arte, baina udazken-neguko landaketa kanpaina egiteke dagoelarik, aurreko ekitaldiko kopurua gaindituko da. Landatutako eta kendutako aleen arteko aldea ere positiboa da. Egun, 2016an baino 2.432 zuhaitz gehiago daude hirian.  Gasteizek 115.000 zuhaitz ditu, guztira, hirian zehar banatuta.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:23

  • Arabako hiriburuan izango den emanaldi esklusiboan Daniel Calparsoro zuzendaria, Belén Rueda eta Javier Rey protagonistak eta nobelaren egile Eva García Sáenz de Urturi izango dira, besteak beste, eta alfonbra berdetik desfilatuko dute.
  • Europako biltzar jauregian egingo da ikusleak eta Gasteizen eta Araban filmatutako film honetako aktoreak bilduko dituen lehen pasea. .

 

Gasteizko Europa biltzar-jauregiko Maria de Maeztu auditorian izango da, urriaren 24an, 20:30ean, El silencio de la ciudad blanca’, filmaren estreinaldi esklusiboa. Eva Garcia  Sáenz de Urturi idazle gasteiztarrak idatzitako izen bereko eleberriaren egokitzapena da, zeinek 700.000 irakurletik gora liluratu baititu Espainian.

Estreinaldiak – estatu mailako bakarra eta Gasteizko Udalak DeaPlanetarekin batera sustatua– filmaketan era altruistan parte hartu zuen herritarrak omendu eta eskertzeko balio nahi du. Horretaz gain, nazio mailako komunikabide espezialistak bertan izateak Estatu osoan zabalpena ematen lagunduko du.

Estreinaldian bertan izango dira honakoak: filmeko zuzendari Daniel Calparsoro, Belen Rueda eta Javier Rey protagonistak, Mercedes Gomero eta Joaquin Padró produktoreak (Atresmediakoa eta Rodar y Rodar-ekoa hurrenez hurren) eta liburuaren idazlea bera, Eva Garcia Sáenz de Urturi. Autografoak izenpetuko dituzte eta zaletuengana hurbilduko dira, emanaldiaren aurretik, Europa biltzar-jauregiaren kanpoan jarritako alfonbra berdean.

Gasteizko alkate Gorka Urtaran pozik agertu da hiriak ekitaldi hau hartuko duelako, filmak oinarri duen liburuaren egilea gasteiztar bat delako eta “filmak eta liburuak gure hiriko kale eta erakinetan murgiltzeko eta Erdi Aroko hirigunearen, zabalgunearen eta Eraztun Berdearen liluraz blai gelditzeko aukera ematen duelako. Azken batean pantaila handiaren bitartez hiriaz maitemintzeko aukera.

Urtaranen ustez, Gasteizko estreinaldia eta Estatu osoko zinema-aretoetako emanaldia “aukera bikaina izango dira gure hiria mundu zinematografikoan superhiri gisa jartzeko, zein iraunkortasun maila handiak direla eta nazioarteko mailan nabarmendu ez ezik, filmak, dokumentalak eta ekoizpen mota oro (zinemakoak zein telebistakoak) filmatzeko eszenatoki bikaina baita”.

Maider Etxebarria alkateordek adierazi duenez, proiekzioak eta filmaren inguruko jarduerek “Gasteiz ekitaldi handiak hartzeko gai dela erakusteko balioko dute berriz ere”. Horretaz gain, pozik agertu da Arabako hiriburuak nazio mailako estreinaldia hartzea lortu duelako, non protagonistak eta filmaren zuzendaria ere Europa jauregian izango baitira. Jauregiak aurten 30. urteurrena ospatzen duela gogoratu du “iraunkortasunari lotutako ikur arkitektonikoa da, Gasteizen ADNaren zati”.

Ekonomia-sustapenerako zinegotziak azpimarratu egin du udalak ikus-entzunezko produkzioarekiko duen konpromisoa. Film Officek -filmatzeko eszenatoki gisa Gasteiz aukeratzen duten ekimenei laguntzeko doako zerbitzuak – 44 proiekturi eman die laguntza aurten, oraingoz:  28 filmatze egin dira (film luzeak, film laburrak, bideoklipak, telebistako programak eta web-erako serieak) eta 16 hastapen fasean daude (lokalizazioak eskatzen dituzten fasean). “2018an 48 proiektu tramitatu zirenez, urtea %25 inguruko hazkundearekin amaitzea espero du udalak.

Belen Rueda, Javier Rey eta Aura Garrido dira ‘El silencio de la ciudad blanca’ filmaren protagonistak; zuzendaria, berriz, Daniel Calparsoro. Ekintza Gasteizen kokatzen da, gaur egun. 20 urteko neska baten eta mutil baten gorpu biluziak Katedral Zaharreko kriptan agertzen dira. Profil kriminaletan aditu den Unai López de Ayala inspektoreak harrapatu egin behar du duela bi hamarkadatik hona hiria beldurtuta duen hiltzaile errituala. Etengabeko hilketek eta gero eta pertsonalago bihurtzen den ikerketa polizialak mugara eramango dute polizia; uste baino hurbilago egon daitekeen hiltzaile kameleoiko eta anker  baten aurka jarrita.

SARREREN ZOZKETA

Emanaldia herritarrei irekia izango da, eta zozketa bidez egingo da sarrera, leku kopurua emanaldia baldintza egokienetan emateko behar teknikoak aztertu eta gero zehaztu ondoren. Libre dauden besaulkien % 50 herritarren artean zozketatuko da, filma gure hirian filmatu ahal izateko eman duten laguntza eta inplikazioa eskertzeko.

Zeledonen jaitsieran, abuztuaren 4an, San Migel elizako balkoian egoteko egiten den zozketaren eskema bera baliatuko da, baina izango du alde txiki bat: bi sarrera eskuratzen dituztenek aldez aurretik jakingo dute zein besaulki esleitu zaien. 010 telefono eta udaleko web orriaren bidezko zozketan parte hartu nahi dutenek 18 urtetik gorakoak izan behar dute eta Herritarren Udal Txartela eduki. Zozketan sarrera lortzen dutenek  Plaza Berriko turismo bulegoan jaso behar dituzte dagozkien sarrerak.

Goizean pase berezi bat egongo da filmaketan parte hartu duten  figurante, estra, talde, produktore eta laguntzaileentzat.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:19

Kirol eta Osasun saileko zinegotzi Livia Lópezek jakinarazi du gaur goizean Gasteizko Udala sail arteko jarduera-plan bat diseinatzen ari dela, bide publikoen arratoien presentzia kontrolatu eta ekiditeko lanetan zerikusia duten udal-sailen jarduera koordenatua ahalbidetzeko. Horretarako, mahai bat osatu dute Osasun Publikoaren,  Ingurumen Plangintza eta Kudeaketa, Udaltzaingoaren eta Parke eta Lorategien zerbitzuek, auzian zerikusia duten alorretatik neurririk eraginkorrenak diseinatu ahal izateko.

Besteak beste, jarduera hauek hartzen ditu baitan planak: arratoien presentziari buruzko diagnostiko ahalik eta xehatuena egitea, abiarazitako neurrien eraginkortasuna ahalik eta xehetasun handienarekin jarraitzeko aukera emango duen aplikazio bat garatzea, puntu beltzak garbitzeko lanak areagotu eta sakontzea, eta gordeleku eta habiak izan ditzaketen parterreetan berariazko jarduerak egitea.

Giltzarri izango da herritarren kontzientziazioa, eta horretarako zaborrak modu egokian kudeatzearen garrantzia azpimarratzeko informazio-kanpaina egitea planteatzen da; izan ere, edukiontzien kanpoan janari-hondarrak uztea da arratoien presentzia sustatzen duen faktore nagusienetako bat. Informazioarekin batera, aldian-aldian edukiontzietatik kanpoan dagoen zaborra kontrolatzeko kanpainak egingo ditu Udaltzaingoak.

Ekintza horiek guztiak gehituko zaizkie dagoeneko desinfektatzeko eta intsektu zein arratoiak desagerrarazteko zerbitzuaren kontratuaren bitartez egiten direnei. Kontratu hori indarrean joan den urteko abuztutik, eta hobekuntza nabarmena ekarri du aurrekoarekin konparatuz gero, auzo guztietan eta hilean behin kontrola eta jarraipena aukera ematen duelako (lehen lau hiletik behin egiten ziren lan horiek). 010 zenbakian abisurik jasoz gero, adierazitako leku zehatzean ez ezik, inguru guztira zabaltzen dira aipatutako lanak.

Livia Lópezek adierazi bezala, zerbitzu horren balorazioa positiboa da, abisuei berehala erantzuteko(beti lehen 24 orduetan) eta atzemandako fokuetara aurreikusi baino bisita gehiago egitea ahalbidetzen duelako. Edonola ere, zerbitzuaren jarduera ahalik eta eraginkorrena izan dadin, funtsezkoa da edukiontzi eta paperontzien kanpoaldean zaborrik ez uztea.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   08:31

Gasteizko Udalak Eraztun Berdearen XVI. oinezko itzulia antolatu du Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren eta Kirol Zerbitzuaren bitartez, eta Peña Karria mendi klubaren laguntzaz.  Urriaren 6an izango da, igandez, eta 300 pertsonak hartuko du parte, antolakuntzak onartzen duen gehieneko kopuruak.

Ataria, Salburuko Hezeguneak Interpretatzeko Zentrotik abiatuko da, goizeko 7:30ean. Sei orduko itzulia izango da, gutxi gorabehera, eta 29 kilometro egingo dira. Jan-edariak eskainiko dira hiru lekutan, Lasarten, Gobeun eta Atarian (azken hau irteera eta amaiera lekua)

Hau izango da ibilbidea: Ataria – Salburua – Elorriaga – Zubigarai – Olarizu – Gardelegi – Lasarte (anoa-postua) – Armentia – Zabalgana – Gobeu (anoa-postua) – Atxa – Abetxuko – Gamarra – Eskalmendi – Alegría – Ataria.

Antolatzaileek gogorarazi egin dute Eraztun Berdearen oinezko itzulia lehia-asmorik gabekoa dela eta  parte hartu ahal izateko 14 urte izan behar direla. Parte hartzaileek antolatzaileen aginduak bete beharko dituzte, eta Eraztun Berdea errespetatu. Gurutze Gorria eta antolakuntzako laguntza-ibilgailuak izango dira proban . Izena eman dutenek asegurua izango dute.

 

Share