Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  9 urria 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Liburuak Trukatzeko Azoka aurkeztea

Parte hartzaileak. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Canto

Eguna. Osteguna, urriak 10

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. La Caixak Vicente Ferrer Fundazioaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz antolatu duen  ‘Tierra de sueños. Cristina García Rodero’ erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkateorde eta Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Felipe García; Euskadi eta Kantabriako CaixaBankeko Erakunde zuzendari Ruben Riaño; Vicente Ferrer Fundazioko delegatu Euskadin Xabier Orueta; eta erakusketako aholkulari Joseph Giralt

Eguna. Osteguna, urriak 10

Ordua. 11:30

Tokia. Andre Maria Zuriaren plaza

————————————-

Herritartasunerako Eskola Irekia 2019-2010 inauguratzea

Parte hartzaileak. Herritarren Partaidetza eta Gardentasun zinegotzi Borja Rodriguez; eta Federico Mayor Zaragoza, UNESCOko zuzendari ohia

Eguna. Osteguna, urriak 10

Ordua. 19:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:28

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailaren mendeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek 2019-20 ikasturterako programazio komunitarioa jarri dute martxan: orotara 80 ikastaro eta lantegi dira, jende orori zuzenduak.

Helburu hauek lortu nahi dira: informazioa eta prestakuntza ematea eguneroko bizimoduarekin zerikusia duten gaiei buruz eta eskubide, betebehar eta gizarte baliabideei buruz; trebetasun eta baliabide pertsonalen garapena sustatzea; partaidetza aktiboa eta elkarte bizitza bultzatzen dituzten ekimenei laguntzea, eta elkartasunarekin zerikusia duten norbanakoen kezkak aldeztea, laguntza behar duten hainbat gizarte egoeratan sentsibilizatua dagoen boluntarioen gizarte ehuna sortu ahal izateko.

Ekainera arte egingo dira lantegi eta ikastaroak, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek jasotako beharrizan eta eskaerak kontuan hartuz diseinatu dira. Horren arabera, pertsona orori irekitako jarduerak edo populazioaren sektore jakin bati zuzendutakoak programatu dira.

Esaterako, adinekoek jarduera hauetan hartu ahalko dute parte: “Oroimena nola hobetu”, “Osasunez zahartzea”, “Barreterapia”, “Internet adinekoentzat” edo “Mugikorrak eta tabletak adinekoentzat: nola erabili”.

Gurasoek, berriz, “Pazientziaren giharra entrenatzen”, “Erantzunkidetasunez heztea” edo “Zergatik gustatzen zaie horrenbeste fortnite delakoa gure seme-alabei?” izeneko ikastaroak dituzte aukeran; umeak, azkenik, ikasketa-txokoetara joan daitezke, edo “jolasak nahas-mahas” bezalako guneetara.

“Jarduera horien bidez, trebetasun sozialak eta pertsonalak sustatzeaz gain, aurrea hartzen diegu ager daitezkeen arazo eta zailtasunei, gizarte-inklusioan eragin nabarmena duten arrisku- eta babes-faktoreei heltzen baitiegu”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Udalaren web-orrian eta gizarte etxeetan eskura daiteke 2019-20rako ikastaro eta lantegien eskaintza, eta leku horietan eman daiteke izena.

2018an 75 ikastaro eta lantegi antolatu ziren, eta 2.071 pertsonak hartu zuten parte.  Horien % 76 emakumeak izan ziren; batez besteko adina, berriz, 50 urte ingurukoa.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

 

2019an legez kanpoko 96 zabortegi antzeman ditu poliziak

 

 

 

Udaltzaingoak herritar bat salatu du legez kanpoko zabortegi batean obra-hondakinak uzteagatik, Askartzan.

Herritar batek 092 telefonora deitu zuen joan den astean, zabortegiaren berri emateko. Udaltzaingoaren Ingurumen Taldeko patruila bat bertara joan zen, eta hondakinak metatzen ari zirela egiaztatu zuen, batez ere obra-hondakinak.

Jatorria zein zen jakiteko ikerketa abiarazi zuten orduan, eta egilea obratan dagoen merkataritza-establezimendu baten jabea dela ohartu ziren, zeinak hondakinak landan utzi baitzituen, arauzko bideari jarraitu beharrean.

Esku-hartzearen ondorioz, Udaltzaingoak Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Sailari dosierra bidali dio, zigorrik jarri behar den azter dezan.

Herritarren Segurtasunaren Sailak gogorarazten du jarduera horiek Garbiketari buruzko Ordenantzaren arau-haustea direla, eta ingurumen alorreko patruilek kontrolatzen dituztela, hala hirian nola udalerriko nekazaritza-eremuan.

Kontrol lan horiei esker, 2019an legez kanpoko 96 zabortegi antzeman ditu poliziak.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:55

Udaltzaingoa 20 urteko mutil gazte bat ikertzen ari da, gida-baimenik gabe eta ausarkeria nabarmenaz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitu bana egin ote duen jakiteko.

Gertaera horiek atzo goizeko lehen orduan izan ziren, eta Aretxabaleta inguruan zaintza-lanak egiten ari zen patruila batek orduantxe ikusi zuen ibilgailu bat Iturritxu kalerantz gehiegizko abiaduran zihoala. Udaltzainek abiada gelditzeko agindu zioten, baina halere, gidariak ez zien kasurik egin eta berdin-berdin gidatzen jarraitu zuen, harik eta A-2130 errepidean geldiarazi zuten arte, El Salvador hilerriko bidegurutzera iritsi baino lehen.

Dokumentazioa eskatu ziotenean, gidariak aitortu zuen ez zeukala gida-baimenik, eta halaxe egiaztatu zuten udaltzainek Koordinazio Zentralarekin, esekipen judizial bat zuelako.  Hori guztia ikusirik, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Lau pertsona zauritu dira

Bizikletaz zihoan 24 urteko mutil gazte bat zaurituta geratu zen atzo gertatutako istripu batean, Gamarrako Atea kalearen eta Kantabrikoaren Hiribidearen elkargunean; anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Handik pixka batera, bizikletaz zihoan 18 urteko beste neska gazte bat zauritu zen Korazonisten Kalearen eta Nieves Cano kalearen arteko bidegurutzean oinezkoentzako pasabide batean auto batekin izandako istripuan. Talka horren ondorioz, neska gaztea Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Bi autoren artean gertatutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Auto horietako batek ihes egin zuen, eta beste autoko gidaria, 31 urteko gizonezkoa, zaurituta geratu zenez, larrialdi-zerbitzuek artatu eta, gero, Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Bartzelona kalean pertsona bat harrapatu zuten auto batekin izandako istripu batean. Istripu horren xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripuaren ondorioz, oinez zihoan 83 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

Udaltzaingoak beste 16 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez den zauriturik izan, eta beste bi gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 43 urteko emakume batek trafiko-istripua izan zuen, eta emakumearen nahiz ibilgailuaren dokumentazioa aztertzen hasi zirenean, ikusi zuten ez zeukala gida-baimenik, eta beraz, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

49 urteko beste emakume bat ere ikertzen ari dira Etxezarra kalean edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik.

Udaltzaingoak 19 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituen.

Eraikin bat hustu dute

Suhiltzaileek Dato kaleko eraikin bateko lehen solairua eta behe-solairua tinkatu zituzten atzo, egurrezko habe batean akats bat atzeman zutelako. Lurrera eraisteko arriskua zegoenez, beharrezkoa izan zen eraikinetik jendea ateratzea. Tinkatze-lan horiek egin ondoren, SPEISeko langileek bertako biztanleei lagundu egin zieten beren ondasunetako batzuk hartu ahal izan zitzaten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:56

  • Lanbidek jarduketa-ildoei egiten dien ekarpen ekonomiko globala 5 milioi eurotik gorakoa izango da
  • Lehen aldiz aurreikusiko da “enplegurako talka-plana”; haren bidez, 111 kontratu sortzea aurreikusten da
  • Gazteentzako plan bereziaren bidez –Eusko Jaurlaritzaren aldetik 1,12 milioi euroko laguntza ekonomikoa du–, 59 enplegu sortu ahalko dira
  • Enplegu-plan arrunta”k 2,91 milioi euro izango ditu, eta, haren bidez, 343 lanpostu sortu ahalko dira; haietatik, 185 toki-enpresei bideratuta

Vitoria-Gasteizko Enplegu Planak 2019 dosierra

2019ko Vitoria-Gasteizko Enplegu Plana Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko baterako ekimena da eta, haren bidez, 513 lanpostu sortu ahalko dira, iaz baino % 25 gehiago. Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, jarduketa-ildoak aurkeztu dituzte; haien artean, nobedade gisa, Enplegurako Talka Plana sartu da. Ekimen horren bidez, ehun kontratu berri baino gehiago sinatu ahalko dira. Gazte Enplegu Plana eta Enplegu Plan Arrunta ere kontuan hartuta, hiru planek 5.024.700 euroko ekarpen ekonomiko globala dakarte Lanbideren aldetik.

Gorka Urtaran alkateak bereziki nabarmendu du “erakundeen arteko lankidetza, enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzea posible egiten duen formula gisa. Azken lau urteotan, Eusko Jaurlaritzak Vitoria-Gasteizen enplegu-planen bidez egin duen inbertsioa 14,5 milioi eurotik gorakoa izan da. Erakundeen laguntza hori eta enpresen beren ahalegina aintzat hartuta, aldi horretan 6.000 langabe gutxiago daude. Hala ere, badakigu gure hirian oraindik 15.000 pertsona langabezian daudela, eta haiek gure lehentasuna dira”, esan du Gorka Urtaranek.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “513 lan-kontratu berrien bidez, DSBEaren hartzaileei, emakumeei, gazteei, iraupen luzeko langabeei eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonei ekarriko dizkiete onurak. Kontratu horien bidez, instalazioak irizpide jasangarriei jarraikiz birgaitu eta hobetu ahalko dira. Vitoria-Gasteizko tokiko enplegu-planek, halaber, aniztasun funtzionala duten pertsonak laneratzeko aukera ere ekarriko dute”.

“Plan horien bidez –esan du Artolazabal sailburuak–, lankidetza publiko-pribatutik, beste urrats bat gehiago ematen dugu enpleguaren susperraldian. Ekimen horren eta beste batzuen bitartez, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako duen helburu handia finkatzen dugu. Langabezia Vitoria-Gasteizen eta autonomia-erkidegoan, oro har, % 10etik behera dago dagoeneko. Albiste positibo horrek beste albiste txiki batzuk ditu, besteak beste, 513 kontratazio berri 513 gasteiztarrentzat, tokiko enplegu-plan horien eta erakunde eta enpresen arteko lankidetzaren ondorioz”.

 

 

Enplegu Plan Arruntaren Alderdi Berdea

Enplegu Plan Arruntak, aurreko urteotan bezala, bi jarduketa-ildo izango ditu: enplegua sustatzekoa, zuzenean Udalak onura edo interes publikoko jarduerak garatzeko kudeatzen dituen kontratu guztiek osatzen dutena, eta kontrataziorako laguntzena, beren plantilletan lanpostu berriak sartzeko toki-enpresak bultzatzekoa. Bi ildoen artean, 343 enplegu sortuko dira, iaz baino bost gehiago.

Lehen kasuan, enplegua sustatzekoan, aurreikusten da urte erdiko iraupeneko 158 kontratu egitea; horretarako, 1.814.244 euroko esleipena dago, Lanbideren aldetik. Kontratu horien erdia inguru eraikuntza eta birgaitze jasangarrian inplikatutako gremio eta profesionalen lan-eremura bideratuko da.

Kontratazioetarako 73 proiektuetatik, 18k harreman zuzena dute enplegu berdearekin. Efizientzia energetikoa, energia aurreztu ahal izateko argiteria, zuraren erabilera ekologikoa edo klima-aldaketari aurre egiteko estrategiaren eguneratzea aurreikusitako lan-eremuetako batzuk dira. Toki-eremuko enpresa pribatuek egiten dituzten kontratazioentzako laguntza-ildoa dela eta, 1.105.125 euro bideratuko dira 185 kontratu sinatzeko laguntza ekonomikoetara –iaz baino hamar gehiago–.

 

Enplegurako Talka Plan berria

Aurten, enplegu-planetan aparteko deialdi bat sartu da, Enplegurako Talka Plana, langabeziak intzidentzia berezia duen guneetan kontratazio-ekintzak sustatzeko. Haren bidez, 111 enplegu sortu ahalko dira; haietatik, 57 kontratu toki-enpresetara bideratuko dira eta beste 54 zuzenean egingo ditu Udalak.

Enplegu berdeak ere protagonismoa izango du plan horren barruan; 22 kontratu bideratuko dira burdinbide berdeetako paisaia eta Olarizuko lorategi botanikoa egokitzeko lanetara. Gainera, beste 8 lanpostu gehituko dira eraikuntza jasangarriaren eta efizientzia energetikoaren eremuan.

 

Gazte Enplegu Plana

Bigarren urtez, Vitoria-Gasteizko Enplegu Planek gazteei zuzendutako enplegu-plan berezia izango dute. Gazte Enpleguaren Programa Operatiboaren esparruan, guztira 16 eta 29 urte bitarteko enplegu-eskatzaileak laneratzeko 59 kontratu sortzea aurreikusi da. Zenbait trebakuntza-mailari egongo dira zabalik eskaintza horiek, garatuko den programaren arabera: lizentziatura edo unibertsitate-gradua eta eskolatze-ziurtagiria, besteak beste. Kontratu guztiek urtebeteko indarraldia izango dute, eta hartara 1.127.505 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko da.

Gazte-enplegu plan horren barruan nabarmentzekoa da eraikuntzako oinarrizko lanbideetan belaunaldi-txandarako proiektu bat abian jarriko dela; haren bidez, 17 lanpostu sustatu nahi dira.

Langabeziaren intzidentzia handiena duten kolektiboak

Vitoria-Gasteizko Enplegu Planen funtsezko helburua da langabeziaren eragin handiena jasaten duten kolektiboak lanpostu batean sartzeko bide ematea. Hori dela eta, kontratuak egiteko orduan honako kolektibo hauek hartuko dira batez ere gogoan: emakumeak, diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak, 45 urtetik gorakoak, 55 urtetik gorakoak edo gizarte-bazterketarako arriskuan dauden pertsonak.

Enplegu-planetara jotzeko oinarrizko eskakizunak, interesdunen kasuan, honako hauek dira: langabezia-egoeran egotea, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa alta emanda egotea eta Vitoria-Gasteizen erroldatuta egotea.

 

Share