Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  18 urria 2019 17:00

SUMAS-Administrazio  Publikoetako Giza Baliabideen  Kudeaketari buruzko Biltzarra inauguratzea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Astelehena, urriak 21

Ordua. 09:00

Tokia. Europa Biltzar Jauregia, Francisco de Vitoria auditorioa

————————————

‘II Reunión Internacional de Autores Relacionado con la Evaluación sobre Valores de la Naturaleza’ bilera inauguratzea, zeinetan partaideak parte hartzen duten Dibertsitate Biologikoa eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuen arteko Plataforma Zientifiko-Arauemailean

Parte hartzaileak. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iígo Urkullu; Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez

Eguna. Astelehena, urriak 21

Ordua. 10:00

Tokia. Europa jauregia, María de Maeztu aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. GazteOK programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Gazteria zinegotzi Miren Fernandez de Landa; eta ekimenaren bultzatzaile Almudena Maeso eta Aaron Fernandez de Arroyabe

Eguna. Astelehena, urriak 21

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

—————————————

Prentsaurrekoa. ‘Utzi mezua seinalearen ondoren’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Fernando Bernues, zuzendaritza eta eszenografia; Leire Ruiz, aktoresa; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Astelehena, urriak 21

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   15:30

Ostirala, urriak 18

  • Nekazaritza Eremuaren zinegotzi Miren Fernandez de Landak parte hartuko du ACOA erakundeak antolatu dituen jardunaldietan 16:30ean, eta asteburuan zehar Kanpezun.
  • Kultura zinegotzi Estibaliz Canto 2019ko Arabako Sari Nagisiak banatzeko ekitaldian izango da 20:00etan, Vital Fundazioaren aretoan.

 

Larunbata, urriak 19

  • Jubilatuaren Eguna dela eta, Las Cuatro Torres elkarteak antolatu duen ekitaldian izango da Gorka Urtaran alkatea 14:30ean, Biasterin.
  • Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok parte hartuko du Euskadiko Irakurketa Errazaren Kluben III. Topaketan 9:30ean, Goiuri jauregian.
  • Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopez Zuzenak taldeak jokatzen duen Gurpil-aulkietako Saskibaloiko Liga Nazionalaren lehen partida ikusten izango da 19:00etan, Ariznabarrako kiroldegian.
  • Ingurumenaren Plangintza eta Kudeaketa zinegotzi Cesar Fernandez de Landak parte hartuko du Bihotzaren VIII. Jaialdian 19:30ean, Jesus Guridi Kontserbatorioan.

 

Igandea, urriak 20

  • Alkate Gorka Urtaran eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto Asamma erakundeak antolatu duen Bularreko Minbiziaren aurkako I. Lasterketa Solidarioan izango dira 11:00etan, Azoka plazan.
  • Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok Liburuak Trukatzeko Azokan izango da  12:30ean, Iradier Arenan.

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:13

Atzo, Simon de Anda kaleko espaloian, 18:00ak baino minutu batzuk geroago gertatutako auto-harrapaketa baten nondik norakoak ikertzen ari da argiketa talde bat. 96 urteko emakume batek zeraman gurpil-aulki motorduna jo zuen garajera sartzen ari zen ibilgailu batek. Talka horren ondorioz, edadeko emakumea lurrera erori eta buruan kolpea hartu zuen. Anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen eta gaur gauean hil egin da.

Atzo Salbatierrabide kalean bi ibilgailuren artean talka egin izanaren ondorioz gertatutako istripuan autoa gidatzen ari zen 50 urteko emakumea zaurituta geratu zen. Anbulantzia batek ospitalera eraman zuen, bertan artatu ondoren.

Udaltzaingoak beste 13 trafiko-istriputan esku hartu du, baina ez da zauriturik izan eta ez da inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 17 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 18 jarduera egin dituzte.

Suhiltzaileak

Hedegile kaleko etxebizitza bat zurkaiztu zuten atzo suhiltzaileek, obra batzuk egiten ari diren bitartean artesiak hauteman dituztelako bigarren solairuko bi habetan. 14:00ak jota jaso zuten deia. Ez zen beharrezkoa izan eraikinean bizi diren pertsonak kanporatzea; udal arkitektoak egin zituen ikuskaritza-lanak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:31

Tokiko Gobernu Batzarrak Giroa SA enpresari esleitu dio udal eraikinak erregai bidezko energiaz hornitzeko eta klimatizazio instalazioak (berokuntza, aire girotua eta aireztapena) eta ur bero sanitarioko instalazioak osorik eta berme osoz mantentzeko kudeaketa iraunkorrerako kontratua, 30.138.293,83 euroan. Kontratua gauzatzeko epea 5 urtekoa da.

Duela bi hamarkada ia ezarri zuen Udalak energia-kudeaketarako eredua berak kudeatzen dituen eraikin eta aretoetako klimatizazio-instalazioetan (berokuntza, klimatizazioa eta aireztapena) eta ur beroaren instalazioetan. Geroztik, instalazioak modernizatzen joan dira, eta energia-kostuak zein CO2ren emisioak murrizten, hau da, instalazioak iraunkorragoak bihurtu dira.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak eraikinetako energia-baldintzak hobetzeko zenbait jarduera aurreikusi ditu agintaldi honetarako, araudiak ezarritakoaren ildotik. Saileko zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok azpimarratu duenez, “kontratu berri honek Gasteizek ingurumenarekin hartutako konpromisoa sendotzen du, energia berriztagarrien ezarpena sustatzen baitu”.

Kontratuak helburu hauek ditu: kontsumoa eta CO2ren isurketak murriztea; energiaren erabilera arrazionalizatzea; hiri osoaren garapen iraunkorrari laguntzea, klima-aldaketaren kontrako borrokarako estrategia baita; instalazioak errendimendu optimoan mantentzea, behar diren doikuntzak eginez eta ekipoak berrituz; Udalaren instalazioen ondarea hobetzea, eta udal instalazioen erabiltzaile eta langileen erosotasuna bermatzea kontratuaren barruan sartzen diren eraikinetan.

Azpiegituren energia-ezaugarriak hobetzeko guztira 6.847.040,71 euroko inbertsioa aurreikusi da, batetik baldintza-agiriak agintzen dituen inbertsioak eta bestetik enpresak bere aldetik eskainitakoak kontuan hartuta.

Nahitaezko inbertsioen barruan zenbait neurri sartzen dira, hala nola gasa detektatu eta eteteko sistemak, gasolio-sistemen ordez biomasa-zentralak jartzea, tenperaturari eta hezetasun-kontrolari buruzko informazio-panelak, etab.

Enpresak eskainitako inbertsioak, berriz, hiru 3 multzotan banatzen dira. Batetik, energia-eraginkortasunarekin lotutako inbertsioak: 5 biomasa-zentral ezartzea, 13 eraikinetako fatxadak isolatzea, 5 galdararen ordez efizientzia handiko kondentsazio-galdarak jartzea, balbula termostatikoak gehitzea, etab.

Bestetik, zerbitzua hobetzeko inbertsioak daude: zentroetako tenperaturaren kontrola hobetzea, CO2 zundak jartzea… Azkenik, instalazioak hobetzeko inbertsioak proposatu dira: gas-kontagailuen teleneurketa, telekudeaketa eta kontrol-sistemak, etab.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:43

Gasteizko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko otsaileko inauterietan parte hartzen duten taldeei dirulaguntzak emateko oinarriak eta deialdia onetsi ditu gaur.

Inauterietako desfileetan eta beste ekitaldi batzuetan —sardinaren erreketan, kasu—parte hartzeak sortutako gastuei aurre egiteko dira laguntzak. Kultura eta Hezkuntza Sailak 80.000 euroko aurrekontu-zuzkidura aurreikusi du dirulaguntza horiek ordaintzeko.

Gasteizko Udalak komenigarritzat jo du dirulaguntzak emateko deialdia garaiz egitea, desfileetan eta bestelako ekitaldietan parte hartu nahi duten konpartsen kopurua jakiteko eta, hartara, ekitaldiak egoki antolatu ahal izateko.

Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Estíbaliz Cantok herritarren partaidetza handia eta konpartsek egiten duten ahalegina nabarmendu ditu: “Inauteriak guztiontzako jai izan daitezen esfortzu handia egiten dute, eta harro egoteko modukoa da”.

2018ko edizioan guztira 26 konpartsak eta 7.000 pertsonak hartu zuten parte; izan ere, inauteriak dira jende gehien biltzen duten jaietako bat Gasteizen.

Hasierako bilera

Kultura eta Hezkuntza Sailak 2020ko Inauteriak prestatzeko lehenengo bilerara deitu ditu konpartsak; urriaren 23an (asteazkena) izango da bilera, 19:00etan, Simone de Beauvoir elkarteen etxean (San Ignazio Loiolakoaren kalea, 8).

Udalak konpartsekin egiten duen bileraren helburua da elkarren artean koordinatzea eta konpartsek –beste urte batzuetan aurkeztu direnak zein aurten parte hartzeko interesa dutenak– proposamenak edo zalantzak azaltzerik izatea.

Deialdi publikoa da, beraz, nahi duten talde edo elkarte orok har dezake parte.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:30

Montehermoso kulturuneko ur-biltegi ohian ikusi ahalko da erakusketa, astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00eta eta 18:00etatik 21:00etara

 

 

 

 

 

World Press Photo, prentsa-argazkilaritzaren arloko nazioarteko lehiaketa ospetsuena, Gasteizen da berriro, duela 17 urtetik etengabe etorri den bezala. Zenbakiek argi erakusten dute lehiaketak komunikazio grafikoko profesionalen artean sortzen duen interesa. Aurtengoan 129 herrialdetako 4.738 argazkilarik hartu du parte, eta guztira 78.801 irudi aurkeztu dituzte. Azkenik, epaimahaiak 157 argazki aukeratu ditu erakusketa osatzeko.

Gasteizko Udaleko Kultura zuzendari Paco Galvek, World Press Photo fundazioaren ordezkari Anita Huynh-ek eta World Press Photo-ren sustatzaile Gasteizen Paco Valderramak hartu dute parte erakusketa aurkezteko prentsaurrekoan.

Kultura zuzendariak adierazi duenez, “harrotzeko modukoa da Gasteiz izatea erakusketa iritsiko den 45 herrialdetako 100 hirietako bat,  besteak beste, munduko hiriburu nagusiak baitira horien artean. Iaz 14.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren zutabez osatutako paisaia honetara, bihotza hunkitzen edo haien edertasunaz zirrara sortzen zuten ikusizko istorioak ezagutzera.”

‘Yanelaren malkoak’

Lehiaketaren irabazle absolutua, 2019. urteko argazkia, ‘Yanelaren malkoak’ izenburua daramana da, John Moore argazkilari iparramerikarrarena (Getty Images agentzia).  Irudian Yanela txikia ageri da, negarrez, Texasko mugako poliziak Sandra ama miatzen duen bitartean. Biak Mexikotik zetozen, Bravo ibaia zeharkatuta. Argazkiak askotariko interpretazioak eragin ditu, elkarren artean bat ez datozenak.

Erakusketan askoz istorio gehiago aurki daitezke, batzuk globalak eta beste batzuk partikularragoak, baina garrantzitsuak denak. 23 herrialdetako 43 profesionalek egin dituzte aurtengo 140 irudiak; horietako 14 emakumeak dira (ehuneko 32).

Aurten erreportajeak sustatu dira bereziki, sari berria sortu baita: ‘Urteko argazki-istorioa’; Pieter ten Hooper holandarrak irabazi du saria, ‘Migratzaileen karabana’ lanarekin, zeinaren gaia Moore-ren argazkiarena bera baita.

2019ko World Press Photo erakusketa Montehermoso kulturuneko ur-biltegian ikusi ahalko da, urriaren 18tik azaroaren 17ra, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara, astelehenetik igandera (jaiegunak barne). Bisita gidatuak ere  eskainiko dira, euskaraz eta gaztelaniaz.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:33

1997az geroztik eskaintzen du Gasteizko Udalak gazteentzako sexualitate-aholkularitza, Gazteria Zerbitzuaren bitartez, gazteek arlo horretan dituzten premiei, bizi dituzten zailtasunei eta arreta eskatzen duten bestelako hainbat konturi erantzutea helburutzat harturik. Funtsezkoa da datuak biltzeko egiten den lana —gerora aztertu ahal izateko—, baita errealitatea kontuan hartuta esku-hartzeko egiten diren proposamenak ere.

Zerbitzu hori eskaintzeko kontratua Emaize Centro Sexológico enpresari adjudikatzea onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak, 104.665 euroko prezioan, BEZa barne. Kontratuaren iraupena 24 hilabetekoa izango da, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:24
  • Olaranbeko kirol zentroa ere hartzen du kontratuak

Auzoetako pilotalekuen eta Olaranbeko kirol zentroaren kontrol integrala eta garbiketa egiteko zerbitzua kontratatzeko dosierra onetsi du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrak. Bi urteko indarraldia izango du kontratuak, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta lizitazio-aurrekontua 1.192.237 eurokoa da, hots, 596.118 euro urtean. Abetxukuko, Adurtzako, Lakua-03ko eta Zaramagako udal pilotalekuen eta Astronomo kaleko trinketaren funtzionamenduari aurre egiteko balio izango du horrek, eta, bost pilotaleku horiez gain, baita Olaranbeko kirol zentroarenari ere.

Kontratuak barne hartzen dituen zereginen artean honako hauek daude: ireki, itxi eta zaintzea, okupazioa eta erreserbak kudeatzea, eraikineko sistema lagungarriak kontrolatzea, informazio-zerbitzua, gorabeheretan esku hartu eta horiek komunikatzea, botikina kudeatzea eta instalazioak garbitzea. Horretarako, gehienez 47.600 ordu baliatzea aurreikusten da. Ohiko funtzionamendu-ordutegiak estaliko dira horiekin.

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:49

Aurten, AMVISAk 500.000 euro jarriko ditu garapenerako lankidetzarako proiektuak egiteko. Aurreko ekitaldietakoa baino nabarmen handiagoa da zenbatekoa, 250.000 euroko aparteko ekarpena egin baitio garatze bidean dauden herrialdeetan azpiegiturak eta ur- eta saneamendu-sistemak eraikitzeko dirulaguntzak emateko udal deialdiari.

AMVISAk 2019an egindako ekarpenei esker, hiru proiektu gauzatu ahalko dira Honduras, Ginea eta Perun.

Hondurasen, edateko uraren sarea jarriko da Jutiapako 6 landa komunitatetan. Udaleko ur-enpresak 156.684 euro emango dizkio SERSO San Viator de Euskal Herria entitateari, hura arduratzen baita proiektuaz.

Arabako Medicus Mundi elkarteari kopuru bera emango zaio, Chota udalerrian (Peru) ura eta saneamendua eskuratzeko eskubidea bermatzeko.

Azkenik, Solidaridad Internacional elkarteari 61.630 euro emango dizkio AMVISAk, Diari-ko biztanleentzako (Ginea) “Edateko ura eskuratzeko giza eskubidea” proiektua garatzeko.

Ekarpen horietaz gain, Udalaren ur-enpresak 50.000 euro jarri ditu aurten Larrialdietarako Arabako Funtserako, eta 75.000 euro Euskadi-Erdialdeko Amerika erakundeen arteko programa baterako, zeinean Eusko Jaurlaritzak, URA agentziak, aldundiek, ur-kudeatzaileek eta Euskal Fondoak hartzen baitute parte.

Elkarlanean aritzea

Beste bi proiektutan ere hartuko du parte AMVISAk, aholkua ematen. Batetik, udal teknikari batzuk Kubara joango dira laster, Artemisa eta Mayabeque herrietan diharduten bi ur-kudeatzaileri aholku ematera. Gero, Kubako teknikariak Arabako hiriburura etorriko dira, bertako kudeaketa ezagutzera.

Bestetik, AMVISAko langile batzuk Nejapara (El Salvador) joango dira, hondakin-uren araztegi baten eraikuntza-proiektua aztertzera.

Erakundeen eta ur-kudeatzaileen artean ezagutza eta esperientziak partekatzeko ildo baten barruan sartzen dira jarduera horiek.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:20

2006az geroztik dihardute elkarlanean Udalak eta Aldundiak, hirian eta lurraldean Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen. Lau urteko lankidetza-hitzarmen orokorra sinatuko zuten iaz, ildo hori jorratzen jarraitzeko, eta 80.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu zuen Udalak. Ekitaldi honetako ekarpen ekonomikoa onetsi du Urtaranen gobernuak gaurko Gobernu Batzarrean. “Euskadiko hiriburua da Gasteiz, eta orobat izan behar du euskararen hiriburu. Aldundiarekin elkarlanean aritzea funtsezkoa da lurralde osoan herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea ahalbidetuko duten politikak garatzeko”, nabarmendu du Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Udalak berriki onartu du Euskara Plan Estrategikoa, zein Aldundiaren hizkuntza-politikak gidatzen dituen plana aintzat harturik idatzi baita. Horren haritik, hainbat ekimen garatzeko balioko du bi erakundeek sinatu duten akordioak, hala nola Gazte Sortzaileak, Euskararen Astea, euskararen erabilera bultzatzeko programak, merkataritzaren arloan hizkuntzaren erabilera bultzatzeko kanpainak, kirol eta aisialdi-elkarte eta -federazioekin lan egiteko mikroplanen sustapena —Marka eta Erronka topaketa, kasu—, begiraleentzako prestakuntza-ikastaroak eta beste. Azken batean, euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzeko kanpainen maila teknikoan eta ekonomikoan parte hartuko dute bi erakundeek, euskararen presentzia gizartearen arlo guztietan areagotzeko asmoz.

 

Euskaltegientzako dirulaguntzak

Orobat inbertituko ditu 99.000 euro Gasteizko Udalak, datorren ikasturtean, euskararen erabilerarekin lotutako dirulaguntzetan. Gaur goizean onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak laguntzak emateko deialdia, hirian euskara sustatu eta euskararen ikaskuntza bultzatzeko asmoarekin.  Hain zuzen ere, Arabako hiriburuan helduentzako euskara-eskolak ematen dituzten euskaltegi homologatuei zuzenduta dago Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi duen dosierra. 80ko urteetatik laguntzen die Udalak, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen dirulaguntzen osagarri, hartara herritarrentzat matrikula-kostua txikiagoa izan dadin.

 

Share