Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia, Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  17 urria 2019 18:48

Gurasotasun Positiboaren Jardunaldietan parte hartuko du gaur arratsaldean Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentiak, Europa jauregian. Bihar -ostiralez- bukatuko dira Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatutako jardunaldi horiek.

Aro digitalean hezteak zer-nolako erronkak dakartzan berekin, horra jardunaldietan jorratzen ari diren gaia. Hain zuzen ere, pantailek eta gailu elektronikoek haurren heziketan eta garapenean duten eragina ari dira aztertzen hainbat aditu, hala nola Catherine L’Ecuyer ikerlaria eta Enrique Arranz Psikologian katedraduna.

Gaur arratsaldeko saioa jende orori zuzenduta dago, eta biharkoa, berriz, profesionalentzat erreserbatua -hezkuntzaren, gizarte-zerbitzuen eta osasunaren esparrukoentzat, besteak beste- eta gurasotasun positiboaren hainbat alderditan sakontzea du xede.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Prentsaurrekoa. 2019ko World Press Photo erakusketa aurkeztea

Parte hartzaileak. Udal Kultura zuzendari Paco Galve; World Press Photo Fundazioko zuzendari Anita Huynh; eta World Press Photoko sustatzaile Gasteizen Paco Valderrama

Eguna. Ostirala, urriak 18

Ordua. 10:30

Tokia. Montehermoso Kulturunea

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:55

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gogor gaitzetsi du gaur ‘Proces’aren epaia salatzeko goizean Gasteizen egindako mobilizazioetan izandako indarkeria. Era berean, kezkatuta agertu da egoera dela eta. Gorka Urtaranek hiriko hainbat kaletan izan diren egoerak kritikatu ditu, baita aldi batez burdinbide trafikoa moztu izana. Horrek liskarrak sortu ditu manifestatzen ari ziren pertsonen eta Ertzaintzaren artean. Gainera, Ertzaintzari zuzendutako irainak izan dira.

 

“Protesta eta mobilizazio baketsuaren eskubidean sinesten dugu, Kataluniako erakundeen kezka partekatzen dugu protesta horietako batzuk hartzen ari diren itxuragatik, ez baitatoz prozesuan inplikatuta dauden pertsonen borondatearekin, ezta Kataluniako mobilizazioetan buru izaten ari direnekin ere. Hala ere, ez gatoz bat indarkeriazko protestarekin, ez Katalunian, ez Gasteizen. Erabaki judizial batengatik legitimoki protesta egiten dutenen alde gaude, baina ez dugu inoiz indarkeriara eta liskarrera eramango dituen protestarik egingo “, adierazi du alkateak. Horrelako ekitaldiak gure hirian ez errepikatzea espero du alkateak.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:36

Udaltzaingoaren agenteek 33 eta 27 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, bi pertsonari lesio larriak eragin zizkien eraso-delitu banaren ustezko egileak direlakoan.

15:00ak aldera, Iradier Arena inguruan, Udaltzaingoaren patruila batek bi ohiko delitugile hauek pintura urdineko spray bat eta su-pizgailu bat erabiltzen ikusi zituen 57 urteko gizonezko baten burura sugarra jaurtitzeko, hainbat erredura eraginez.

Erasotzaileek bertatik ihes egin zuten, eta handik pixka batera, berdin jokatu zuten Errioxa kalean, 60 urteko beste gizonezko bati eraso eginez. Handik alde egin eta geroxeago atxilotu egin zituzten Babesgabetuen plaza inguruan, eta Agirrelandako polizia-etxera eraman ondoren, bertan jarraitzen dute, epailearen esku jartzen dituzten arte.

Erasoa jasan zuten bi gizonezkoak kalean bizi dira normalean, eta bi anbulantzietako osasun-langileek artatu ondoren, ospitaleetara eraman zituzten.

Lapurreta indarkeriaz

29 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarkeriaz egindako lapurreta baten ustezko egilea delakoan. Arroparen artean ezkutatuta zenbait salgai eramaten saiatzen ari zela atxikita eduki zuen segurtasun-zaindariari eraso egin zion.

Bi auto-harrapaketa

26 urteko emakume bat eta 8 urteko mutiko bat zaurituta geratu ziren atzo gertatutako bi auto-harrapaketetan.

Lehena Ozeano Barearen kalean gertatu zen, emakume bat errepidea oinezkoentzako pasabidetik zeharkatzen ari zela. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen.

Beste auto batek 8 urteko mutikoa harrapatu zuen, Jeronimo Roure kalean errepidea oinezkoentzako pasabidetik kanpo gurutzatzen ari zela. Udaltzaingoa istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da. Anbulantzia batek Txagorritxu Ospitalera eraman zuen adingabea.

Gamarrako Atea kalean izandako trafiko-istripu bat ere ikertzen ari dira; istripu horretan bost ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten. Bi pertsona zauritu ziren: autoetako bat gidatzen ari zen 37 urteko gizonezkoa, Txagorritxu Ospitalera eraman zutena, eta 51 urteko emakume bat, beste ibilgailu bateko bidaiaria, eta hau Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoak beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuen atzo, nahiz ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. Horrez gain, 14 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 14 jarduera egin zituzten.

Sutea 4 edukiontzitan

Atzo, Koldo Mitxelena kalean, lau edukiontzitan piztutako suteagatik esku hartu behar izan zuten suhiltzaileek; zuhaitz bat ere kaltetu zuen suak. Deia 22:45ak baino minutu batzuk lehenago jaso zuten parkean, eta sugarrek erabat kiskali zituzten hondakin organikoen eta ontzien edukiontziak, eta partzialki paperaren eta beiraren edukiontziak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:06

Igandean, urriak 20, ‘Orainaldian’ dokumentala emango da Aldabeko gizarte-etxean. Gazte OK jarduera-programaren barruko ekimena da; azaroaren erdialdean bukatuko da programa, biltzar-lehiaketa batez.

‘Orainaldian: laissez faire’ Hindi Auzmendi, Iñaki Landa eta Mikel Buruaga kazetarien ikus-entzunezko proiektu esperimentala da, gai nagusitzat Gasteizko gazte sortzaileak dituena.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:18

Azken asteetan, Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzuak prebentzio-kanpaina bat egin du, hotz-katearen hausturarekiko bereziki sentikorrak diren arrain urdinek (hegaluzea, hegalaburra, antxoa eta sardina) histaminarik duten kontrolatzeko.

Osasungarritasun eta Kontsumo Atalak eta Laborategi Atalak elkarrekin egin dute kanpaina; Gasteizen salgai jarritako hegaluze freskoaren eta beste arrain urdin batzuen laginak analizatu dituzte, histamina parametroek indarreko arauak betetzen dituzten egiaztatzeko. Arraindegian erosi eta partikularrek etxean kontserban jarritako hegaluzearen laginak ere aztertu dira.

Zehazki, histamina parametroa kontrolatzeko 24 lagin analizatu ziren irailean eta urrian, entzima-immunosaiakuntza —ELISA teknika— baliatuz, eta emaitza zuzenak lortu ziren kasu guztietan, Europako Batzordearen 2073/2005 Erregelamenduak —elikadura produktuei aplikatzekoak diren irizpide mikrobiologikoak zehazten ditu— ezarritako mugaren azpitik baitzeuden.

Osasun Publikoaren Zerbitzuak egin duen histamina analisia eta antzekoak oso baliozkoak dira arrain-produktuen kalitatea eta elikadura-segurtasuna bermatzeko. Gaur egun, kontsumitzaileek informazio gehiago dute, kontrol handiagoa dugu saltokien gainean, eta arrandegien sektorea bera ere profesionalagoa da”, nabarmendu du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Hegaluzea bezalako produktu bat higiene neurriak zaindu gabe manipulatzen bada, edo tenperatura ezegokietan kontserbatzen bada, arrainaren muskulua hondatzen hasten da, eta histidina aminoazidoa askatzen du; arrainean dauden mikroorganismoek histamina toxina sortzeko erabiltzen dute hori, zeina arrainean metatzen baita.

Behin sortutakoan, ezin da elikagaitik desagerrarazi, histaminak edozein motatako tratamendu termikoak (egostea, esterilizatzea) jasaten baititu, baita edozein kontserbazio tenperatura ere (hoztea eta izoztea).

Share
Kategoriak: Oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   09:05

Kultura Sailak 2020ko Inauteriak prestatzeko lehenengo bilerara deitu ditu konpartsak; urriaren 23an (asteazkena) izango da bilera, 19:00etan, Simone de Beauvoir elkarteen etxean (San Ignazio Loiolakoaren kalea, 8).

Udalak konpartsekin egiten duen lehen bilera da, elkarren artean koordinatzeko eta konpartsek –beste urte batzuetan aurkeztu direnak zein aurten parte hartzeko interesa dutenak– proposamenak edo zalantzak azaltzerik izan dezaten.

Deialdi publikoa da, beraz, nahi duten talde edo elkarte orok har dezake parte.

Share