Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urria 2019 17:00

Hauteskunde mahaien zozketa

Parte hartzaileak. Udal Erroldaren zinegotzi arduradun Borja Rodríguez; udal idazkari nagusia; eta Errolda eta Hauteskunde Ataleko teknikariak

Eguna. Asteartea, urriak 15

Ordua. 9:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————

Prentsaurrekoa. Artista eta Sortzaileentzako K-Zero laguntza programa aurkeztea

Eguna. Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto

Eguna. Asteartea, urriak 15

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————–

Prentsaurrekoa. ‘Otsoa’ antzezlana aurkeztea

Parte hartzaileak. Jordi Vilaseca, koreografoa; Aritz Lopez, zuzendarikidea; eta Udal Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort

Eguna. Asteartea, urriak 15

Ordua. 11:00

Tokia. Teatro Principal Antzokia

——————————–

Prentsaurrekoa. Adingabeek pantailak (smartphonak, tabletak…) egoki erabiltzeko jardunaldia aurkeztea

Parte hartzaileak. Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotzi Jon Armentia

Eguna. Asteartea, urriak 15

Ordua. 11:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:22

Iñaki Gurtubai audioa

 

Ogasuneko Batzordeak ontzat eman du 2020rako zerga, tasak eta prezio publikoen proiektua, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernua akordio politiko batera iritsi baita Alderdi Popularrarekin. Zergei buruzko hitzarmen horrek gobernu taldeak hasieran proposatutakoa aldaraziko du, izoztu egingo baita ibilgailuen zerga, eta zaborren tasa zein TAOren prezioa % 2 igoko baitira. Establezimenduak irekitzeko lizentzia eta biltzar ekipamenduei dagokien prezioa ere izoztuko dira, besteak beste.

Iñaki Gurtubai alkateordeak positibotzat jo du akordioa, bi aldeek amore emateko gaitasuna erakutsi baitute. “Hiriarentzat ona den erdibide batera iritsi gara. Gasteizentzat ona da Ordenantza Fiskalak izatea, luzatzeak izango lituzkeen ondorioen aldean. Gobernu taldearen proposamenak bi helburu zituen, Udalaren nahikotasun ekonomikoa eta presio fiskalari eustea, eta biak beteko dira”, azpimarratu du Ogasuneko zinegotziak; orobat, oposizioko talde guztiek beren ekarpenez akordioak lortzeko egin duten ahalegina eskertu du.

Bi zerga izoztuko dira, eta beste hiru, % 1 igoko

Udalak hasieran proposatu zuen ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoena eta gainbalioa KPIaren arabera igotzea, hots, % 1, eta halaxe izango da. Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, berriz, ez da aldatuko, gobernuk proposatu zuen bezala.

Ibilgailuen  gaineko zerga, ostera, izoztu egingo da zerga itunari esker, eta familia ugarientzako hobaria familia-errenta estandarizatuan oinarrituz kalkulatuko da.

% 2ko igoera zaborren tasan eta TAOn

Udal tasei dagokienez, gehienak KPIaren arabera igotzearen alde bozkatu du Ogasuneko Batzordeak, hau da, %1. Lau kasutan, ordea, % 4ko igoera ezarri da: hiri-hondakinak bota eta tratatzeari dagokion tasa, hileta-zerbitzuengatiko tasa, ibilgailuen pasabideengatik eta aldi baterako aparkaleku-erreserbengatik ordaindu beharreko tasa, eta hilerrian eraikuntzak uzteari dagokion tasa.

Lortutako akordioa dela medio, zaborren tasa eta TAOrena % 2 igoko dira, eta biltzar ekipamenduak erabiltzeari dagokiona izoztu egingo da, hileta zibilei dagozkien tarifak izan ezik.

Prezio publikoak: KPIaren araberako eguneratzea

Prezio publikoei dagokienez ere gobernuaren proposamena atera da aurrera zati handi batean, eta oro har % 1 igoko dira, hiru kasutan izan ezik, horietan % 4 igoko baita: kirol instalazioak erabiltzeagatik eta udal zentroetako jarduera eta ikastaroengatik ordaindu beharreko prezioak, eta Folklore Akademiarenak; izan ere, zerbitzu horietan dago alde handiena biltzen denaren eta benetako kostuaren artean.

Bestetik, gobernuak Gizarte Kontseiluaren proposamen bat ekarri du 2020ko ordenantza fiskalen eztabaidara, eta onetsi egin da: tarifa lauaz, epeetako ordainketaz edo kuoten zatiketaz baliatzen direnei ordainketa kontuan kargatzeko data aldatzea, pentsioak, soldatak edo laguntzak kobratzen diren egunetara egokitzearren. Gaur egun hilaren 20an kargatzen dira ordainagiriak; Ogasuneko Batzordeak aho batez onetsi duenez, berriz, hilaren 30era edo aurreko azken egun baliodunera aldatuko da.

Datorren urterako zerga proiektua tramitatzeko egutegiko hurrengo hitzordua urriaren 18an izango da, egun horretan egingo baita aparteko osoko bilkura ordenantza fiskalei behin-behineko onespena emateko.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , , , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:53

Gasteizko alkate Gorka Urtaran,Lehendakari Iñigo Urkullu eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte ID Arte goi-mailako arte eta diseinu eskolara joan dira gaur bisitan, zeinak dagoeneko Betoñun baitu egoitza. Erregimen Bereziko Ikasketen ikasturtearen hasierarekin bat egin da ekitaldia.

Zaramagan bi hamarkada eman ondoren, Betoñuko atariko 23.eko instalazioetara aldatu da eskola. Ikastetxeak bost titulazio eskaintzen ditu, eta 343 ikasle eta 46 irakasle ditu. Euskadin goi-mailako diseinuko arte ikasketak egin daitezkeen zentro publiko bakarra da ID Arte.

Beste hauek ere hartu dute parte bisitan: Jon Urresti, Vital fundazioaren lehendakaria; Maite Alonso, Hezkuntza sailburuordea; Olatz Garamendi, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea; Esti Iregi, ID Arteren zuzendaria, eta ikastetxeko zuzendaritza taldea, irakasleak eta ikasleak.

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:49

 

Ecovidriok bi edukiontzi arrosa jarri ditu Loma Jeneralaren plazan 

Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra fundazioari, zeinaren lehendakaria kanpainaren enbaxadore izango baita laugarren urtez jarraian 

Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, eta Sandra Ibarra fundazioak jasoko du salmentetan bildutako dirua

Gaurtik aurrera eta datozen asteetan, arrosa koloreko bi iglu egongo dira Loma Jeneralaren plazan, Ecovidriok Estatutuko zenbait hiritan martxan jarri duen  “Recicla vidrio por ellas” kanpainaren barruan. Ingurumen Plangintza eta Kudeaketaren zinegotzi César Fernández de Landa ontzien instalazioan izan da.

Ecovidrio irabazi-asmorik gabeko entitateak —Espainian beirazko ontzien hondakinen birziklatzea kudeatzeaz arduratzen da— laugarren urtez jarraian abiarazi du kanpaina hori, herritarrak beirazko ontziak birziklatzera animatu daitezen eta elkartasunezko kausa bati lagundu diezaioten: bularreko minbiziaren kontra ahaleginak batzea. Edukiontzien bidez birziklatutako ontziengatik Ecovidriok dohaintza egingo dio Sandra Ibarra minbiziaren aurreko elkartasun fundazioari.

Kanpaina 80 hiritara baino gehiagotara zabaldu da —Madril, Sevilla, Bartzelona, Santander eta Palma de Mallorca, besteak beste—, ahalik eta herritar gehien sentsibilizatzeko. Zehazki, 340 edukiontzi arrosa baino gehiago instalatu ditu Ecovidriok. Laugarren urtez jarraian, Sandra Ibarra —bere izena daraman fundazioaren lehendakaria— izan da proiektuaren enbaxadorea.

Bestetik, Agatha Ruiz de la Pradak miniglu berezi bat diseinatu du kanpainarako, bularreko minbiziarekiko kontzientziatze eta elkartasunaren sinbolo gisa. Miniglua Miniglú.es web-orrian eros daiteke, eta irabaziak Sandra Ibarra fundazioarentzat izango dira, minbiziaren prebentzioan eta ikerketan laguntzeko.

2018ko datuen arabera, Gasteizko biztanleek 5.482 tona beira birziklatu zituzten, hau da, batez beste 22 kg bakoitzeko.

Edukiontzien kopuruari dagokionez, Gasteizek edukiontzi bat du 253 biztanleko, eta beira biltzeko 985 edukiontzi ditu orotara.

 

Sandra Ibarra fundazioa

Sandra Ibarra fundazioa irabazte-asmorik gabeko erakundea da, minbiziaren prebentzioa eta ikerketa zein gaixoen biziraupena helburutzat dituena.

Hamaika urte daramatza bekak finantzatzen eta kanpaina publikoak sustatzen, minbiziari baikortasunez eta zorroztasunez aurre egiteko, ikuspuntu kliniko eta zientifikotik ez ezik baita sozialetik ere, komunikabideek hizkera belikoa alde batera utz dezaten, administrazio publikoek osasungintza gizatiarragoa bultza dezaten eta medikuen elkarte profesionalek gaixoen iritzia kontuan har dezaten.

Gaur egun, “Bizitza eskola” izeneko jarduera garatzen ari da fundazioa, minbizia duten edo hura gainditu duten pertsonentzako eskola, haien bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko xedez.

Home

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:39

Kultura eta Biltzarren zinegotzi Felipe García Miravallesek Irudika nazioarteko ilustrazioaren topaketa profesionalaren hirugarren edizioa aurkeztu du, zeina urriaren 24, 25 eta 26an egingo baita Gasteizen.

Artium-Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoak hartuko du topaketa, eta mundu osoko irudigileak elkartuko dira bertan. “Irudikak oso negozio-aukera interesgarriak sor ditzake Gasteizen. Oraingoan, antolatzaileek argitaletxeak eta literatur agenteak gonbidatu dituzte, eta horrek handitu egiten du parte-hartzaileen artean sinergiak sortzeko aukera”, azpimarratu du García Miravallesek.

Hitzaldiak, lantegiak, profesionalen arteko bilerak eta kontzertuak antolatu dira, Gasteiz sormenaren hiriburua bihurtuko dutenak. “Mundu osoko irudigileak etorriko dira. Beren lanbiderako hain beharrezkoa den inspirazioa gure hirian aurkitzea espero dugu. Eskaintzeko asko dugu. Ondarea, natura, kultura, gastronomia. Besoak zabalik ditugu haientzat”, adierazi du zinegotziak.

Euskal Irudigileak euskal irudigileen elkarte profesionalak antolatzen du Irudika, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Artiumen laguntzarekin. Vital fundazioa, Acción Cultural de España, Bilbaoarte eta Le Maison des Auters d´Angouleme entitateek ere hartzen dute parte.

Felipe Garcíarekin batera, beste hauek izan dira aurkezpenean: Ana del Val, Kultura eta Kirol foru diputatua; Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Axier Urresti, Vital fundazioaren zuzendaria; Elisabeth Pérez, Euskal Irudigileak elkartearen lehendakaria, eta Estíbaliz Zearsolo, Euskal Irudigileak elkartearen ordezkaria.

Informazio gehiago

 

Share