Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  3 urria 2019 20:53

Kultura zinegotzi Estíbaliz Canto Gasteizko Iradier Arenan antolatutako ‘Oktobertfest’ ekitaldiaren inaugurazioan izan da gaur arratsaldean. Ekimen pribatu horri esker, gaurtik igandera arte, hilak 6, Baviera eskualdeko gastronomia tipikoaz gozatu ahalko da, baita garagardo alemaniarraz ere.Informazio gehiago: www.oktoberfestvitoria.com.

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   18:23

Prentsaurrekoa: “El jardín de las delicias”.

Parte hartzaileak: Pilar de Yzaguirre Ysarca Arts Promotion zuzendaria; Pilar García Yzaguirre, Ysarca Arts Promotion; Dantzariak; Marta Monfort, Udal Antzoki Sareko arduradun

Eguna: Ostirala, urriak 4

Ordua: 12:00

Tokia: Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:38

– Alkateak iragarri duenez, Zabalgana auzoan hasiko dira mugikortasuna “super etxadietan” egituratzen duen munduko lehen hiria izateko esku-hartzeak. 

– Etorkizuneko mugikortasunak OIS ereduari jarraituko dio: osasungarria, iraunkorra eta segurua.

 – Urtaranen gobernuak 100 milioi inbertituko ditu auzoetan agintaldi honetan. “ hiria irekita dago obrak direla eta”

Tranbia Salburua auzora luzatzeko obra- lehiaketa  azaroan deituko dela iragarri du, gaur goizean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek.  Plitika orokorrari buruzko osoko bilkuran iragarri du alkateak. Hegoalderako adarra (Adurtza, San Kristobal eta unibertsitate-campusa), berriz, urtearen amaierarako egongo da prest.  “Orduan iritsiko dira tranbia-unitate berriak, eta probak egin ahalko dira” adierazi du Gorka Urtaranek. Obra hauek Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza dute.

Mugikortasunaren alorrean, hiru ezaugarri hauek dituen eredua bultzatzea du helburu gobernuak agintaldi honetarako: osasungarria, iraunkorra eta segurua (OIS eredua).  “Zerbitzu ona dugu, baina badira hobetu beharreko alderdiak” azaldu du alkateak. Erronka garrantzitsuak ditugu: joan-etorrien % 70a oinez edo bizikletaz izatea; autobus, BEA edo tranbiaren geltoki bat izatea etxe guztietatik 300 metro baino gutxiagora, garraio publikoaren sarea zabaltzea joan-etorri guztiak gehienez 35 minututan egin ahal izateko, eta joan-etorrien erdia garraio publiko elektrikoan izatea, besteak beste.

Ildo horretatik, hainbat proiektu ditu Urtaranen gobernuak: TUVISAren sarea eguneratzea, BEA ezartzen amaitzea, tranbiaren Salbururako luzapena garatzea eta Zabalgana auzora zabaltzeko eraikuntza-proiektua zehaztea…. Edonola ere, abiadura handia iristea eta trenbidea lurperatzea dira proiektu nagusiak “Abiadura handiaren etorrera osatzeko 3,6 kilometro trenbide lurperatzeko proiektua osatzen duen informazio-txostena sustatu dugu” gogorarazi du alkateak.  Beste erakunde batzuekiko lankidetzaren emaitza izan da.

Hiri-mugikortasuna alde batera utzita, Gasteiz Europarekin eta munduarekin lotzeko oso garrantzitsuak diren hiru azpiegitura aipatu ditu hitzaldian: abiadura handiko trena eta trenbidea lurperatzea, Forondako aireportua eta Jundizko plataforma intermodala. Aireportuari dagokionez, Urtaranek Aenari eskatu dio “duen  erantzukizuna bere gain hartzeko eta terminalaren modernizazioan inbertitzeko”, industriari begira jartzeko eta zama-eta bidaiari ratioak hobetzeko.

 

“Zabalgana hiribidea  – Giza Eskubideen hiribidea – Sofia Erreginaren hiribidea – Nazio Batuen hiribidea “ super etxadia

Halaber iragarri du, gaur goizean, Zabalgana auzoan hasiko direla mugikortasuna “super etxadietan” egituratzen duen munduko lehen hiria izateko esku-hartzeak. Zehazki, Zabalgana hiribideak, Giza Eskubideen hiribideak,  Sofia Erreginaren hiribideak eta Nazio Batuen hiribideak hartzen duten espazioan.  Eremu horretako ingurumarietan, zein Ilustrazioaren hiribidearen sarreran trafikoa lasaitzeko neurriak ere hartzen ditu proposamenak.

“Super etxadien agintaldia izan behar du honek” adierazi du Gorka Urtaranek. Hiria antolatzeko sistema honen bitartez espazio publikoa pertsonentzako berreskuratu nahi da, horretarako mugikortasun iraunkor eta segurua bultzatuta, super etxadi horien barruan trafikoa lasaitu eta hiria biziberritzeko esku-hartzeak tarteko. Etorkizunean, Salburua auzoan ildo horretako esku-hartzeak ere egingo direla adierazi du alkateak. Kasu honetan, “Madril kaleak, Deba Arroaren kaleak, Salburua bulebarrak eta Brusela ibilbideak hartzen duten espazioan bi super etxadi sortzeko aukera aztertzen ari gara”. “Zabalganean eta Salburuan haur asko bizi da. Jende gaztea. Horien joan-etorriak seguruak izatea nahi dugu, gurasoak lasai egon daitezela eta pertsonak guztiek beraientzat pentsatutako espazio publikoaz atsegin hartu ahal izatea” nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Auzo berrietako esku-hartze hauek berriz, garai bateko ingurabidearen barruan ere esku hartzeak izango dituzte, esaterako Judimendiko Tornay Medikuaren kalean.  Izan ere, udal gobernuak 100 milioi inbertitu nahi ditu agintaldi honetan Gasteizko auzoak hobetzeko. “Erritmo onean hasi gara. Hiria irekita dago obrak direla eta . Obrengatik irekita dagoen hiria, auzoetan inbertitu eta auzoen aldeko apustua egiten duen hiria. Hau da datozen lau urteetarako konpromisoa: 100 milioi euro auzoetako inbertsioetarako” nabarmendu du Gorka Urtaranek. Egun, hainbat lan egiten ari dira hirian: tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak, Biktimen memorialaren ingurukoak, Tornay Medikularen kalekoak, BEAren ibilbideko lau puntutakoak, Zabalgana-Armentiako pasabidea egitekoak…

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:17

 Alkateak garbiketa-zerbitzua hobetzeko neurriak iragarri ditu, Gasteiz “garbi egon dadin eta herritarrek hori uste izan dezaten. Garbiketaren eta hondakinen bilketaren zerbitzua kalitatekoa izatea nahi dut” 

Eraztun Berdea hegoaldetik osatzea, Olarizu parke botaniko berriarekin eta Larragorri parkearen sorrerarekin, udal gobernuaren erronka estrategikoa 

Alkateak aldarrikatu du badela “garaia gauzatzeko” urteetan hausnartutako proiektuak, hala nola Erdi Aroko hirigunea biziberritzea, entzunaretoa edo Mendizorrotza handitzea

 

Gobernuaren programari buruzko eztabaidan alkate Gorka Urtaranek aldeztu duen hiri-ereduak hiri iraunkorra eraikitzeko politikak eta kalitateko oinarrizko zerbitzuak ditu ardatz.

Gaur goizean egindako hitzaldian, alkateak Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren arloko zenbait neurri aurreratu ditu, “iraunkortasunaren alorrean nazioarteko erreferente gisa dugun lekua sendotzearren. Europako superhiriak definitzen dituen ezaugarria da. Ingurumenaren alorrean abangoardian dauden hiriena”.

Neurri berritzaileena hauxe da: alkateak zerga hobekuntzak iragarri ditu batere plastikorik ez kontsumitzea sustatzen duten merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzat eta birziklatzen duten pertsonentzat. Hiri-hondakinen gida-plan bat jarriko dugu abian, herritarren sentsibilizazioarekin, bilketaren logistikarekin eta fiskalitate berriarekin lotutako ekintzak bilduko dituena, jarritako helburuak lortzearren. Fiskalitateak aintzat hartuko du “gehien kutsatzen duenak gehiago ordaindu behar” duelako printzipioa, eta identifikazio-sistema bat izango du, birziklatzen ez dutenen aldean birziklatzen dutenak saritzeko zabor-tasa aplikatu ahal izateko. Gainera, ahalegin berezia egin behar dugu Gasteizen plastikoaren erabilera murrizteko. Plastikorik gabeko hiria nahi dugu. Aurtengo martxoan, 2021etik aurrera erabilera bakarreko plastikoak debekatzea onetsi zuen Europak. Oso neurri egoki eta beharrezko deritzot. Gasteizek hiri proaktiboa izan behar du helburu hori lortzeko bidean. Birziklatzea garrantzitsua da, baina ez da dena. Gutxiago kontsumitu behar dugu, gutxiago kutsatzeko. Hori dela eta, Udalbatzari proposatuko diogu hondakinak biltzeko tasari dagokionez abantaila fiskalak onets ditzan eguneroko jardunean batere plastikorik ez kontsumitzeko praktikak ezartzen dituzten saltoki, taberna, jatetxe, hotel eta abarrei. 

Horretaz gain, Gorka Urtaranek garbiketa-zerbitzua hobetzeko neurriak iragarri ditu, Gasteiz “garbi egon dadin eta gainera herritarrek hori uste izan dezaten. Garbiketaren eta hondakinen bilketaren zerbitzuak kalitatekoa izatea nahi dut”. Beste hiri batzuen aldean, Gasteizko garbiketa-maila oso onargarria da. Hala ere, herritarren pertzepzioa ez da oso ona, nahiko ezkorra da horri dagokionez. Badakit herritarrak oro har ez daudela pozik zerbitzu publiko horrekin. Horrenbestez, bi lehentasun ditut: zerbitzuaren kalitatea hobetzea, eta herritarren pertzepzioa hobetzea“.

Alkateak gogorarazi du garbiketa-kontratu berriak hobekuntza kualitatiboak barne hartuko dituela, besteak beste: txiparekiko edukiontziak, birziklatzen duten pertsonen erregistroa eduki eta fiskalitate berdeko neurriak hartu ahal izateko; bilketa-taldeak hobetzea; edukiontzi gehiago jartzea, irletan elkartuta, birziklatzea sustatzeko; grafitien kontrako elementuak, pintaketak garbitzeko; urez garbitzeko sistema berria, presiozkoa, hidro-garbigailuen bidez; industrialdeetako garbiketa hobetzea; askoz zarata gutxiago egiten duten haize-makinak, eta etxean eta komunitateetan konposta egiteko berariazko lotea.

Gainera, Udalak bereiz kontratatuko ditu beste zerbitzu batzuk, enpresa espezializatuagoekin: tamaina handiko gauzen bilketa, hustubideen mantentzea, txorkoen mantentzea, udalaren orubeen mantentzea, eta iturri apaingarriena.

Eraztun Berdea hegoaldetik osatzea, Olarizu parke botaniko berriarekin eta Larragorri parkearen sorrerarekin, udal gobernuaren erronka estrategikoetako bat da.

“Eraztun Berdea gure bereizgarria da. Nazioartean gehien saritutako eta txalotutako esku-hartzea da. Balioetsiena. Osatu beharra dugu. Azalera handitu eta eduki handiagoa eman. Agintaldi honetan lan egingo dugu hegoaldetik osatzeko, Olarizuko parke botanikoarekin, eta urratsak egingo ditugu Larragorri parkea sortzeko, baita Nebera gaineko jarduerak bukatzeko ere”, iragarri du alkateak.

Izan ere, hasia da gauzatzen Olarizuko parke botanikoa, zeina Eraztun Berdearen 25. urteurrenarekin bat aurkeztu baitzen. Dagoeneko lehiaketara deitu da Jose Mardones kaleko eraikineko moduluak lekuz aldatzeko, lorategi botanikoko bisitarientzat sarrera, harrera eta informazio-lekua osatzeko baliatuko baitira. Era berean, parke berriko jarduera ludikoak kudeatzeko eta bizikletak alokatzeko gunea izango da, eta erakustareto txiki bat ere izango du.

Bestetik, joan den astean esleitu ziren Etxaldearen mendebaldean dagoen lursail batean aire zabaleko ‘antzoki berde’ bat, hirira begiratuko duen harmailekiko agora bat, eraikitzeko lanak. Lanak abenduan amaitzea aurreikusi da.

Adurtzatik gertu dagoen aintzira gurutzatzeko pasabidea egiteko obra ere esleitu da, zeina urte bukaerarako burutuko baita. Horretaz gain, abentura eta tirolina parkearen eraikuntza lizitatzea aurreikusi da, datorren urteko lehen hiruhilekoan hasteko: “hitz eman genuen jarduera horiek garatuko genituela Olarizu Euskadiko parke botanikoa bihurtzeko, eta horretan ari gara“, nabarmendu du alkateak.

Eraztun Berdearen kudeaketaz gain, Gorka Urtaranek aipatu du URA agentziarekin elkarlanean ari direla egiteke dauden uholdeen kontrako lanei ekiteko, bai Zadorran, hiriaren iparraldean, bai hegoaldeko ibaietan. Zenbait pauso eman dira arlo horretan. Zehazki, alkateak iragarri duenez, datozen egunetan hasiko da obren bigarren fasea, Abetxukuko eta Gamarrako zubien artekoa.

Orobat, Gorka Urtaranek esan du Ekonomia Zirkularraren Estrategia Lokala landuko duela 2030. urteari begira, eragile ekonomiko publiko eta pribatuen eta herritarren inplikazioarekin.  Besteak beste, ekintza hauek barne hartuko ditu estrategiak: tamaina handiko gauzak biltzeko zerbitzu berria, garbiguneen sarea handitzea, udalaren “reutilizagunea” birdefinitu eta sustatzea, diru-xahuketa murriztea, eta beira eta paperaren birziklapen-tasa handitzea, gero berrerabiltzearren. 

Ingurumen-iraunkortasunaren arloan, zuhaiztien plana eta espazio publikoan egiten diren jardueren ingurumen-kontrola ere aipatu ditu alkateak. Besteak beste, Udalak zuhaiztien kudeaketa indartuko duela iragarri du, baliabide gehiago izango dituen plan baten bidez. “Uste dut badirela irtenbideak bi nahi bateratzeko: gure zuhaitzak babestea eta etxebizitzetatik aldentzea horien hurbiltasunak etxeetako egunerokoa zailtzen duenean”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Lizentziak azkartzea, etxebizitza plana eta legez kanpoko okupazioen aurreko irmotasuna

Hirigintzari dagokionez, Salburua eta Zabalgana birdentsifikatu eta birpartzelatzeko akordioa, HAPOaren berrikuspena, eta obra txiki eta handietarako lizentziak eta baimenak zein irekitze, erabilera eta okupazio lizentziak arintzea aipatu ditu alkateak.

“Etxebizitzak ere kezkatzen gaitu, eta horretan ari gara. Eusko Jaurlaritzarekiko elkarlana areagotu nahi dugu, gazteei eta etxebizitza dela eta arrisku-egoeran dauden familiei erantzuteko. Udalak badu etxebizitza-parke bat, baina ez dago berehala erabiltzeko moduan. Salbuespen batzuk kenduta —gazteentzako alokairu sozialera bideratu ditugunak—, etxebizitzek inbertsioa eskatzen dute eraberritu eta birgaitzeko.  Eusko Jaurlaritzaren eskura jarri nahi ditugu, hura baita erakunde eskuduna eskatzen duten gazte eta familien beharrei erantzuteko“, adierazi du Gorka Urtaranek.

Bestetik, alkateak irmo aldeztu ditu “ondare publikoa eta gure gizartean nagusi izan behar duen berdintasun-printzipioa. Berdintasuna eskubideei dagokienez, baina baita betebeharrei dagokienez ere. Guztiok ditugu obligazioak, eta bete egin behar ditugu gizartean bizitzeko. Batzuek eskubide guztiak aldarrikatzen dituzte, baina ez dituzte beren betebeharrak beren gain hartzen, eta hori ezinezkoa da. Ez dugu legez kanpoko eta iruzurrezko okupaziorik onartzen”.

 

 

Proiektuak gauzatzeko garaia

Gaurko osoko bilkuran, alkateak aldarrikatu du badela “garaia gauzatzeko” urteetan hausnartutako proiektuak, hala nola Erdi Aroko hirigunea biziberritzea, entzunaretoa edo Mendizorrotza handitzea.

“”Bada garaia urteetan hausnartutako eta etengabe eztabaidatutako hiri-proiektuak gauzatzeko. Egiteko garaia da“, azpimarratu du alkateak, eta mahai gainean jarri du entzunaretoaren proiektua, “horrek aukera emango baitigu superhiri batek merezi duen kultur ekipamendu bat izateko, kultur erreferente gisa hazteko, bertako zaleei erantzuteko eta nazioarteko ekitaldiak erakartzeko. Badugu proiektu bat, hiriak bere garaian ordaindutakoa. Badugu leku bat, politikoen ezadostasunengatik hutsik geratu zena. Badugu Foru Aldundiaren sostengua. Beste erakunde batzuen konplizitatea bilatuko dugu. Joka dezagun guztiok erantzukizunez. Ez okertu. Hau ez da nire proiektua, ezta EAJrena ere. Hiriaren proiektua da, aurreko udalbatzengandik eta aurreko alkateengandik herentzian jasotakoa, bai kokalekuari bai diseinuari dagokienez. Baina guztiz balioduna da gaurko nahiei erantzuteko. Arrazoizko proiektua da diru aldetik, eta behar bezain moldakorra Principal antzokiarekin ezin hobeto uztartzeko. Principal antzokiak ehun urte ditu. Hiriaren historia bizia da. Maite dugu Principal antzokia. Berrituta ikusi nahi dugu, eta jardueraz betea. Eskua luzatzen dizuet elkarrekin lan egin dezagun bi proiektuok mamitzearren”, eskatu du Urtaranek.

Alkatearen iritziz, Mendizorrotzak kirol barrutia bihurtu behar du.  “Kirola maite dugu. Kirola egitea maite dugu. eta gure hirian kirol ekitaldiak egitea. Kirolarekin dugun konpromisoa hirukoitza da: instalazioak hobetzea, pertsonen artean kirola sustatzea, eta kirol ekitaldiak ospatzea.  Instalazioak hobetzeari dagokionez, futbol-zelaiaren berrikuntza aipatu nahi dut. Udal zelaia da, eta udalaren titularitatekoa izaten jarraituko du. Instalazioak egiturazko berrikuntza behar du, eta beste erakunderen batekin akordiorik izan ezean, Udalak osorik hartu beharko zukeen bere gain. Adostu dugun berritze eta handitze proiektua askoz handinahiagoa da, baina Udalari ahalegin ekonomiko txikiagoa eskatzen diona. 55 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da. Udalaren ekarpen garbia 5,5 milioi eurokoa da akordioaren arabera, inbertitzen diren hamar eurotatik bat. Kirol erakundea, AFA eta Eusko Jaurlaritza inplikatzea lortu dugu. Akordio ona lortu dugu hiriarentzat. Orain errealitate egiteko garaia da“.

 

Hirigune Historikoa, edukiz betea

Hirigune Historikoan egin beharreko esku-hartzea ere izan  du hizpide alkateak: “BBPBa eguneratuz eta eraikin historikoetan esku hartuz, birgaitu eta onik zaintzeaz gain edukiz betetzeko. Gaur egun, Etxanobetarren etxea Emakumeen Etxea bihurtu da. Ruiz de Bergaratarren jauregia Gasteiz Antzokia izango da. Garai bateko Arkeologia Museoa adinekoentzako asistentzia-baliabidea bihurtzekotan da. Oso berri ona da hiriarentzat. Zuen sostengua izatea espero dut.  Horixe da jarraitu beharreko bidea, zerrenda horri gainerako jauregi errenazentistak gehitzea, ondo kontserbatuta eta jardunean edukitzeko proiektu eta jardueren zain baitaude”. 

Horrekin lotuta, alkateak iragarri du Gasteiz Antzokiaren lehiaketaren deialdia datozen asteetan egingo dela, eta lanak agintaldiaren erdialdera abian egotea aurreikusten dela.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:12

  • Alkateak laster Mobility Lab proiektua garatzeko aholkularitza espezializatua kontratuko dela jakinarazi du

Gorka Urtaranes hiriaren etorkizun ekonomikoa aipatu du helburu handien artean, udal politikari buruzko eztabaida orokorrean egin duen diskurtsoan. Gasteiz “Green Capital” delarik, eta berriki baita “Global Green City” ere, alkateak ingurumenaren alorreko marka berdea aprobetxatu eta, hiriaren marka ekonomiko berde ere bihurtzeko aukera planteatu du. “Garapen ekonomikoaren eredua aldatzeko, berrikuntza eta digitalizazioa sustatzeko eta, funtsean, ekonomia berdearen nazioarteko eredu bihurtzearen alde sendo egiteko unean gaude, esan du alkateak.

Horretarako, Urtaranek adierazi du hiriari aukera handia plantatzen zaiola hiri-iraunkortasunari eta industriari lotutako mugikortasunaren alorrean. Gasteizek industria-sektore indartsua du, eta bertan automobil-industria nabarmentzen da. Ibilgailuen ekoizpenak ekonomia berderuntz bideratzeko trantsizio-prozesuei ekin beharreko une batean dagoelarik, alkateak enpresen alboan jarri eta berrikuntzari loturiko aukerak aprobetxatu beharra defendatu du. Aukera horien artean, “car sharing” zerbitzuen hazkuntza, auto konektatuaren garapena, edo datuak eta informazio kudeatzeko sistemen eboluzioa aipatu ditu.

Horrek guztiak azaltzen du Mobility Lab ekimenaren garrantzia. Gorka Urtaranek jakinarazi du datozen asteetan kontratatuko dela proiektu horren garapena diseinatuko duen aholkularitza espezializatua. “Gure ekonomiaren mesederako laborategia izango da, negozio- eta enplegu-aukerak sortzeko, hiri-mugikortasunaren alorreko berritzaileei aukerak emateko, gure enpresa handiei trantsizio horretan laguntza emateko eta Gasteiz marka ekonomia berdearekin lotzeko balioko du, azaldu du alkateak. “Laburbilduz, mugikortasunaren abangoardian egoteko eta tokiko ekonomiaren akuilu gisa arituko da”.

 

2020-2023 Industria Plan berria

2017an hasitako lehen Industria planaren balantzea positiboa egin ostean, Gorka Urtaranek 2020-2023 aldirako beste plan bat abiarazteko konpromisoa hartu du, oraingo honetan garapen ekonomiko iraungarriak berebiziko lekua izango duelarik. Industrialdeak zaharberritu eta sustatzeko, eta horien gaineko diagnostikoa eguneratzeko lanarekin jarraitzeko asmoz, berrikuntzen artean laguntza eskainiko tokiko enpresei, hazteko eta berrikuntzan aritzeko beharrezko baliabideak birpentsatzeko prozesuan. Laguntza hori prestakuntza-entitate eta ikerkuntza-guneekiko harreman estrategikoen bitartez gauzatuko da.

 

Turismoa: ardatz ekonomikoa hiriarentzat 

Gasteizera batzar, bilera profesional eta bestelako topaketak erakartzea –bai eta lehen mailako nazioarteko ekimenak– da alkateak turismoari loturiko etorkizun ekonomikoaren alorrean adierazi duen beste helburuetako bat. Hiriak azkenaldian erakutsi duen antolatzeko gaitasuna ikusita (hor daude, esaterako, Erreginaren Kopa, Final Four, Ironman eta Michelin Hirien Nazioarteko Biltzarra), Gorka Urtaran hiriak esparru horretan duen ahalmenari segida ematearen aldeko agertu da. “Bene-benetan sinetsi behar dugu lehen lerroan egon gaitezkeela, gure hiriarentzat ardatz ekonomiko bihurtzeko. Enplegua eta ekonomia sortzeko eta hiriaren kanpo-ahalmena areagotzeko unea da”, esan du.

Azpiegituren eskaintza onarekin batera (direla kulturalak, direla erakusketa eta batzarretakoak), zeinari laster gehituko zaion auditorio berria, Urtaranek bi tresna funtsezko aipatu ditu Euskadiko hiriburura jarduera gehiago eta hobeak erakartzeko: 2020-2023 aldirako Turismoaren Gida-plan berria, eta berriki iragarri den ekitaldiak erakartzeko bulegoa.

 

Merkataritza: neurri berriak, sektorearekin batera 

Tokiko merkataritzak bizi duen egoeraren jakitun delarik (e-commerce eta beste formula berriak), Urtaranek egoera horri ausart eta sektorearen eskutik ekitea proposatzen du. Dagoeneko neurri batzuk hartu izan dira, esaterako berariaz merkataritzari buruzko zinegotzi postu baten sorrera. Gainera, eta aurrera begira, 2012an amaituko den Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoa gainbegiratuko da.

Esparru-ekimen horrekin batera, sendotu egingo da sektorearekiko lankidetza, izapideak arintzeko eta ekintzaileei laguntzako, gaur egun dauden laguntza-ildoak gainbegiratuko direlarik. Laguntza-ildo berri bat sortuko da, on-line salmenta sustatzeko plataformen sortzeko.

 

 

Ekintzailetza: Basque Center of Innovation

Etxeko talentuak erakartzeko edo berreskuratzek ahaleginak laguntza-programa berriak izango ditu agintaldi honetan, betiere ekonomia berriei, digitalizazioari eta 4.0 industriari lotuta, eta garapen iraunkorrari loturiko talentuaren ikuspegiari jarraiki.

Helburu hori lortzeko giltzarrietako bat Basque Center of Innovation (Berrikuntza eta Enplegu Zentroa) izango da, zein alkateak trenbidea lurperatzean libre geratuko diren lurretan kokatzea planteatzen duen. “Berrikuntza-zentro bat egingo dugu unibertsitate-campusean, hartara sinergiak sortzeko unibertsitatearekin, Lanbide Heziketako zentroekin, ikerkuntza-guneekin eta enpresekin berekin ere”, zehaztu du Gorka Urtaranek, eta Gasteiz superhiri ekonomikoki lehiakorra bihurtzeko erronkan kokatu du proiektua.

Etorkizun ekonomikoak ondo kudeatzeak baliabide publikoak ere ondo kudeatzen jakitea eskatzen du. Horren harira, alkateak azken lau urteetako bilakaera positiboa azpimarratu du, Udalaren zor bizia 14 milioi eta zulo ekonomikoa 46 milioi euroan jaitsita, eta joan den ekitaldian bete egin dira gastuaren araua, zorraren muga, aurrekontu-oreka eta -egonkortasuna eta hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epea. “Gure gobernuaren kudeaketa ekonomikoa bi ideien bidez den definitu daiteke: erantzukizuna eta zorroztasuna”, laburtu du alkateak.

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:50

Merkataritza eta Biltzarren zinegotziak azpimarratu duenez, erakunde publikoek lagundu egin behar diete gizarte erantzukizuneko zeharkako estrategiak jarraitzen dituzten enpresa txiki eta ertainei. Diputatu Itziar Gonzalok eta FOARSEko lehendakari Vega Leónek ere hitz egin dute biltzarraren inaugurazioan. Enpresen Gizarte Erantzukizunerako Arabako Foroan 80 enpresa-kudeatzailek baino gehiagok hartzen dute parte; aldaketa globalaren buru diren pertsona eta entitateen esperientziak azalduko dira gaurko jardunaldian.

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

 

Udaltzaingoaren Agenteek 18 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean, etxebizitza batean lapurreta-ahaleginaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

Arratsaldeko 17:00etan patruila bati eskatu zioten Toni Morrison kalera joan zedila, bi pertsona ihesi joan zirelako, etxebizitza batean lapurtzen saiatu ondoren. Jabea haien atzetik abiatu eta bat harrapatzea lortu zuen, eta udaltzainak etorri arte atxikita eduki zuen; udaltzainek, gero, atxilotu egin zuten.

Trafiko-istripuak

Azkeneko 24 orduetan 23 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 8 pertsona zauritu dira.

Motoa gidatzen zihoan 45 urteko gizonezko bat zauritu zen, bere ibilgailuaz Jacinto Benavente kaletik zihoala, 09:30ak baino minutu batzuk geroago. Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Goizeko 10:15ean istripu bat gertatu zen Frai Francisco Ibilbidean, eta bertan, auto bat eta patinete bat zeuden tartean nahastuta. Patinete gainean zihoan pertsona zaurituta geratu zen, eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

11:00etan, bi ibilgailuk elkarren aurka talka egin zuten Zumabide kalean, eta ibilgailu bat gidatzen zihoan emakumea eta ondoan zihoan gizonezkoa, 34 eta 52 urtekoak hurrenez hurren, zaurituta geratu ziren, baita beste ibilgailua gidatzen zihoan 52 urteko gizonezkoa ere. Santiago eta Txagorritxu ospitaleetara eraman zituzten.

Eguerdian istripu bat gertatu zen urraduragatik, Guillermo Elio Molinuelo plazan, auto baten eta herri barruko autobus baten artean. Autobusaren barruan 39 urteko emakume bat zihoan bidaiari gisa, eta zaurituta geratu zen, nahiz ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Bizikletaz zihoan 34 urteko emakume batek istripua izan zuen 13:15ak aldera, Arriagako Atea kalean. Santiago Ospitalera eraman zuten.

Bizikletaz zihoan 46 urteko gizonezko bat ere zauritu zen 15:00etan, Santiago Hiribidean erori ondoren. Anbulantzia batek artatu eta ospitalera eraman zuen.

Azkeneko 24 orduetan 13 salaketa erregistratu dituzte Polizia Judizialean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:27

Udaltzainen kopurua handituko du, baliabide materialak eguneratuko, genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak sendotuko eta Ertzaintzarekiko koordinazioa areagotuko.

Lehen mailako zerbitzu publikoa da segurtasuna. Gasteiz Euskadiko hiririk seguruena dela berresten dute estatistikek, eta hala izaten jarraitu dezan, hainbat neurri hartuko ditu Udalak agintaldi honetan, hala nola udaltzainen kopurua handitu, baliabide materialak gehitu, genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak sendotu eta prestakuntza nahiz Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa hobetu.

Kapitulu berezi bat eskaini dio alkateak gai horri udal politikari buruzko eztabaida orokorrean. Lortutako maila handia gorabehera, beti dagoela hobetzeko tarterik, adierazi du Gorka Urtaranek. “Helburua —azaldu du— segurtasun-maila hobetzea da, baita gasteiztarrok dugun segurtasun-pertzepzioa ere”. 

Aurrenik, Udaltzaingoko giza baliabideak gehitzea ageri da. 99 udaltzain eta 20 suhiltzaile berri hasi ziren lanean aurreko agintaldian. Orain bertan, abian da 39 udaltzainentzako beste deialdi bat, eta besterik ere etorriko da.

Bi kidego horietako baliabide materialak eguneratzea da bigarren neurria, hala nola Udaltzaingoko autoak eta motorrak eta suhiltzaileentzako eskailera-kamio bat. Gainera, ekipo informatikoak berrituko dira, baita lan-espazioak ere.

Beste ekintza bat udaltzainen prestakuntza hobetzea izango da, bereziki gizon eta emakumezkoen arteko berdintasunarekin eta LGTBI kolektibokoarekin zerikusia duten gaietan.

Orobat sendotuko dira genero- eta familia-indarkeriaren kontrako unitateak. Azkenik, areagotu egingo da Ertzaintzarekiko koordinazioa. “Ditugun giza baliabideak eta materialak optimizatzen ditugularik, efikazagoa, zorrotzagoa eta gertuagokoa izango da poliziaren lana”, azpimarratu du Urtaranek.

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:19

 Hiria nazioarteko erreferente bihurtzeko eta Agenda gasteiztarrean aurrera egiteko lanean diharduela azaldu du Urtaranek udal politikari buruzko eztabaida orokorrean

 

Gorka Urtaran alkatearen audioa

Egonkortasun instituzionala eta konfiantza- eta ziurtasun-giroa sortzeko konpromisoa hartu du Gasteizko alkateak, hiriaren etorkizuneko erronkei aurre egiteko. Hala adierazi du gaur goizean, 2019-2023 agintaldiko udal politikari buruzko aurreneko eztabaida orokorrean. Orobat zehaztu ditu hiria nazioarteko erreferente bihurtzeko eta Agenda gasteiztarrean aurrera egiteko ekintzak. Guztia ere 6 ekintza-ardatz eta 18 ildo estrategiko dituen eta 85 proiektu biltzen dituen gobernu-plan batean oinarrituta, zeinen kontu urtero emango baitu, agintaldi osoan.

Urtaranek gogora ekarri du joan den maiatzaren 26an gasteiztarrek babesa eman ziotela EAJk eta PSEk eratutako gobernuak azken lau urteetan bultzatutako hiri-ereduari. “Gasteiz Europako superhiri gisa berresteko izan behar du agintaldi honek, bizi-kalitatean, lehiakortasun ekonomikoan eta iraunkortasunean nazioarteko erreferente gisa sendotzeko”, adierazi du.

Alkateak gogora ekarri du gobernu-taldea sendotuta dagoela aurreko agintaldiaren aldean, baina gutxiengo izaten jarraitzen duela, eta erabateko erantzukizun politikoz jokatzera behartzen duela horrek. “Adostasuna lortu nahi du gobernu honek gainerako formazio politikoekin, eta lortu beharra dauka. Errespetua, elkarrizketa eta akordioa eskaintzen dizkizuet. Alkatea naizen aldetik —azpimarratu du—, hitz egin eta entzun beharra daukat, oraina hobeto kudeatu eta hiriaren etorkizuna sustatzeko. Horretarako, funtsezkoa da egonkortasun instituzionala, baita ziurtasun-giroa ere, erronkei aurre egiteko konfiantza sortze aldera. 

Udalaren kudeaketa hurbil, fidagarri eta egonkorrean oinarritzen da alkateak eskaini duen eta partekatu nahi duen gobernantza-eredua, esan nahi baita partaidetzan, gardentasunean, kontu-ematean eta datu irekietan.

“Ingurumen-iraunkortasunaren alorrean ez ezik, beste batzuetan ere Gasteiz nazioarteko hiri erreferentea izan dadila lortu nahi dugu, superhiri bat”. Ongi planifikatutako hiri iraunkor, sozialki kohesionatu, ongi komunikatu eta zerbitzu publiko onak eskaintzen dituztenei dagokie kontzeptu hori. European Green Capital bihurtu zuten horiek guztiek Euskadiko hiriburua 2012an, eta Global Green City izendapena ekarri diote 2019an. Horrez gain, garapen iraunkorreko helburuak gehien betetzen dituzten Estatuko udalerrietako bat ere bada.

 

Agenda gasteiztarra

Agenda gasteiztarrean aurrera egiten jarraitzea da udal gobernuaren helburua. Bertan, izan ere, hurrengo lau urteetan ekitea aurreikusten den jarduerak daude bilduta, modu ordenatu eta planifikatuan, hiru helburu nagusiren inguruan: zerbitzu publikoen kalitatea —garbiketa, mugikortasuna, segurtasuna, gizarte-zerbitzuak eta abar—, lehiakortasun ekonomikoa eta ingurumen-iraunkortasuna. Helburu horiek oposizioko alderdiekin partekatzea proposatu du, “hiri garbiagoa izan dezagun, seguruagoa, solidarioagoa, anitza eta plurala, askeagoa eta berdintasunezkoa, hiri-mugikortasunaren sistema on bat izango duena; bertan bizi garenontzat pentsatutako hiria”. Eta erronka garrantzitsu batekin: hiriaren marka berdea ekonomia berdeari lotzea, eta, zehazki, hiri-mugikortasunaren eta automozioaren industria berriari.

Udal Politikaren Eztabaidako Gorka Urtaran alkatearen hitzaldia

 

 

 

Share