Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  8 urria 2019 17:00

Prentsaurrekoa. 2019ko Urban Commerce aurkeztea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria; eta Ekobizi dendako arduradun Rosa Ugalde

Eguna. Asteazkena, urriak 9

Ordua. 9:30

Tokia. Azoka plazako Sukaldaritza Eskolako ezkaratza; bigarren solairua

——————————————

Prentsaurrekoa. Vitoria-Gasteiz 2019 Enplegu Plana aurkeztea

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran; eta Enpleguaren eta Gizarte Politiken sailburu Beatriz Artolazabal

Eguna. Asteazkena, urriak 9

Ordua. 10:00

Tokia. Udaletxeko harrera aretoa

———————————–

Prentsaurrekoa. Principal Antzokiko VIII. Ganbera Zikloko zazpigarren kontzertua aurkeztea

Parte hartzaileak. Francisco Ibáñez Irribarria, konpositorea; Murat Gazte Abesbatza; Samaniego Abesbatza; Nagore Alangua, zuzendaria; eta Jesús Guridi musika kontserbatorioko zuzendari Puy Asurmendi

Eguna. Asteazkena, urriak 9

Ordua. 11:30

Tokia. Teatro Principal Antzokia

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:42

Udaltzaingoaren agenteek 24 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen eztabaida gogorrean zeudela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean eta emakume bat laguntza eske ari zela. Bertara joan zen patruilak ate ondoan topatu zuen biktima, bikotekidearekin batera.  Biek aitortu zuten eztabaidan aritu zirela familia-arrazoiengatik eta une jakin batean gizonak emakumea jo zuela.

Biktimak zeuzkan lesioak ikusita, udaltzainek ustezko erasotzailea atxilotzeari ekin zioten. Patruila batek ospitalera eraman zuen emakumea eta, gero, Agirrelandako polizia-etxera lagundu zion, salaketa egokia jartzera. Atxilotua epailearen esku geratuko da gaur goizean.

Lapurreta indarkeriaz

Udaltzaingoaren agenteek 38 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, Herrandarren kaleko merkataritza-establezimendu batean indarrez egindako lapurreta-delitu baten ustezko egilea delakoan.

Lokalaren arduradun den emakumeak lapurreta egiten ari zela harrapatu zuen beste emakume hori eta han atxikitzen ahalegindu zen. Borrokaldi horretan, ustezko lapurrak mehatxu egin eta jo egin zuen, baita laguntzera joandako beste emakume bezero bat ere.

Ustezko lapurrak dendatik irtetea lortu zuen, baina biktimak eskainitako deskribapenari esker, udaltzain motodunek han inguruan topatu zuten eta atxilotzeari ekin zioten. Guardiako Epaitegian izapide egokiak bete ondoren, epailearen esku geratu zen.

Lege-haustea eta errekisitoria

Udaltzaingoaren agenteek 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, kautelazko neurri bat urratu izanaren delituaren ustezko egilea delakoan.

092 zenbakira egindako dei batek Legutioko Atea kaleko ostalaritza-establezimendu batera polizia etortzeko eskatu zuen, zerbitzu horren eskatzaileak adierazi baitzuen bere bikotekide ohiak urratu egin zuela berarenganako urruntze-agindua eta agiraka egin ziola, bere lantokian zegoen bitartean.

Patruila iritsi zenerako, gizona alde egina zen. Biktimak emandako deskribapenari esker, beste udaltzain batzuek kale horretan bertan aurkitzea lortu zuten. Agindu hori indarrean zegoela egiaztatu ondoren, hura atxilotzeari ekin zioten. Gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Atzo gizonezko bat atxilotu zuten bere etxebizitzan, bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegi batean aurkezteko errekisitoria judizial bat zuelako gainean. Arratsalde horretan bertan epailearen esku geratu zen.

Bi pertsona zauritu dira

Atzo Ballester Apezpikuaren kalean gertatutako auto-harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; istripu horretan auto bat zegoen nahastuta. Talkaren ondorioz, 18 urteko neska gazte bat zaurituta geratu zen, eta larrialdiko osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Bizikletaz zihoan 38 urteko gizonezko bat zauritu zen, halaber, auto batek harrapatuta, Micaela Portilla eta Koldo Mitxelena kaleen elkargunean, nahiz eta ez zen beharrezkoa izan ospitale batera eramatea.

Udaltzaingoak atzo beste 11 trafiko-istriputan esku hartu zuen, baina ez zen zauriturik izan eta ez zen inor ikertu bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 18 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 14 jarduera egin dituzte.

Kea eraikin batean

Suhiltzaileak Errege-Erregina Katolikoen kalera joan ziren atzo, etxebizitza batean kea zegoela ohartarazi zutelako. Kearen sorburua sutan ahaztutako kazola bat izan zen. SPEISeko langileek bi pertsonari lagundu zioten, eta osasun-langileek ere artatu zituzten, eta horrez gain, baliabide mekanikoak erabili zituzten etxebizitza eta komunitateko eskailera egurasteko.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:14

 

Ana Oregi alkateordeak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko arduradunek Ecocity World Summit 2019 gailurrean hartuko dute parte aste honetan.

 

 

 

Ana Oregi audioa

Gasteizek aliantza estrategiko berriak lotuko ditu ingurumen alorreko politiken nazioarteko erreferente gisa, gaur hasi den Ecocity World Summit 2019 gailurrean parte hartuko baitu, Vancouverren (Kanada). Ecocity mundu gailurra dugu nazioarteko biltzar zaharrena naturarekiko oreka zaintzen duten hirien eraikuntza lantzen dutenen artean. Bi urtean behin egiten da, eta mundu osoko 1.000 ordezkaritik gora elkartzen ditu.

“2019ko edizio honek gizartearekiko justuak eta ekologiaren aldetik iraunkorrak diren hirietan jarriko du arreta, ekintza klimatikoa, ekonomia zirkularra eta garapen iraunkorrerako irtenbideen analisiak tarteko. Aukera bikaina da gure hiri-eredua sendotzeko ahaleginean informazioa bildu, arazo komunen irtenbideak aztertu eta aliantzak identifikatzeko” azpimarratu du IGIko arduradunekin batera egunotan Kanadako gailurrean den Ana Oregi alkateordeak.

Gasteizko udalak Europar Batasuneko Ipar Amerikarekiko Nazioarteko hiri-lankidetzarako (IUC) programaren eskutik hartzen du parte nazioarteko gailurrean. Hain zuzen ere, duela 30 urtetik hona egiten den Ecocity World gailurra dugu programa horretako ekintzetako bat.

Ana Oregik nabarmendu egin du nazioarteko presentziak eta lankidetzak duten garrantzia. Hiri-sareetan parte hartzen dugu, eta lankidetza-proiektuetan, hiria ikusgarriago egiten baitu horrek, eta aukera ematen baitigu zenbaiten praktika hobeetatik ikasteko. Horixe da aldezten ditudan lan-ildoetako bat, aliantzak bilatzea, ikerketa eta ezagutza partekatuaren bidez gure hiriaren arazoei irtenbideak emateko”

 Nazioarteko hiri-lankidetzarako programa honen helburua da hiri garapenari eta klima-aldaketari buruzko nazioarteko erabaki nagusiekin  –hiri agenda, garapen iraunkorreko helburuak eta Pariseko hitzarmena– lotutako arazo komunen irtenbideak elkartzeko eta partekatzeko aukera ematea munduko lurralde desberdinetako hiriei.

Kanadarekiko loturak

Gasteizek Europako programa horretako hainbat proiektutan parte hartu du. 2018ko udan, IGIko ordezkaritza bat Windsorren izan zen, Kanadako hiri horretako errealitatea eta hiri-politikak ezagutzeko. Gerora, Windsorreko erakunde-ordezkariak Gasteizera etorri ziren eta hemen hainbat arlotan gauzatzen diren iraunkortasun-praktiken adibideak aztertu zituzten: mugikortasunaren, energia-aurrezpenaren,  klima-aldaketaren kontrako borrokaren eta natura eta biodibertsitatearen babesaren arloetan, esaterako. Bi lankidetza-eremu nagusi zehaztu ziren: kutsatutako lurrak eta mugikortasun iraunkorra. Aurten, IGI hizlari izan da hainbat ekitalditan: Annual Municipal Brownfiled Workshop eta Torontoko  Canadian Brownfield Network Conference.

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:59

 

Gaur goizean abiarazi da XVI. Berdintasunerako Gunea, Gasteizko erdialdean. Emakundeko zuzendari eta idazkari nagusi Izaskun Landaida eta Zuriñe Elordi eta Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotzi Miren Fernández de Landa izan dira ekitaldian, baita zerikusia duten erakunde, antolakunde eta taldeen ordezkariak ere.

2004az geroztik antolatzen du Emakundek “Berdintasunerako Gunea” izeneko topaketa, erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko bideratzen dituzten ekimenetako batzuk azal ditzaten.

“Erabakitzen dudana izango naiz” da aurtengo lema, zeina martxoaren 8ko kanpainan ere erabili baitzen. Horren xedea da “etorkizuna genero mugarik gabe, modu aske batean eta berdintasunean erabakitzeko eskubideaz hausnartzea, baita emakume eta nesken ahalduntzea bultzatzea ere”.

Edozein entitate publiko edo pribatuk antola dezake jardueraren bat gunean, aurten ere autobus ibiltaria eskuragarri izango baita erabili nahi duenarentzat. Autobusa urriaren 9tik abenduaren 13ra ibiliko da Euskadin barrena.

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:57

  • 2019ko urriaren 21 eta 22an izango da topaketa, Gasteizko Europa biltzar jauregian, bertako Udalak antolaturik, eta 150 biltzarkide eta Estatuko aditu handienak bilduko ditu.
  • Udalak bere Kode Etikoa aurkezteko baliatuko du hitzordua, eta erronka berriei (behar diren gaitasun berriak, teknifikazioa, plantillaren zahartze progresiboa…) helduko dien sailen arteko lantalde bat abian jartzeko.

Urriaren 21 eta 22an, administrazio publikoetako giza baliabideen kudeaketari buruz Estatuan egiten den biltzar ospetsuenetako bat egingo da Gasteizko Europa jauregian, “SUMAS” deritzona. Azken ediziotik zazpi urte igaro direlarik, Gasteizko Udalak topaketa hori berreskuratu du, gizartearen behar berriei egokitzeko erakunde publikoetan beharrezkoa den modernizatzeaz hausnartu eta eztabaidatzeko gune bat eskaintzeko asmoz. Bi egun horietan, alorreko aditu nagusiak bilduko dira Arabako hiriburuan, hala nola Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko katedradun Carles Ramió, Vigoko Udaleko ordezkari Maria Dapena, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren Saileko Giza Baliabideen arduradun Mikel Gorriti, eta Rafael Jiménez Asensio.

2019ko SUMAS biltzarrean une honetan sektore publikoaren egoera zein den diagnostikatu nahi da, eta udalek, aldundiek, erkidegoetako gobernuek eta erakunde publikoek oro har aurre egin beharreko erronkei erantzun. Garrantzitsuenetako bat lanpostu berrietarako beharko diren gaitasun berriak dira; esate baterako, zerbitzuak hobeto kudeatu ahal izateko datuak analizatu eta kudeatzeko gai diren pertsonak beharko dira.  Digitalizazioa edo funtzionario publikoen plantillen zahartze progresiboa ere aztertuko dira. “Gasteizko Udalean, esaterako, plantillaren batez besteko adina lau urte baino gehiago handitu da 2011tik, 43,8tik 47,9ra igaro baita. Oraingo langileen % 66k baino gehiagok 45 urte edo hortik gora du”, azaldu du Giza Baliabideen zinegotzi Iñaki Gurtubaik.

Biltzarra urriaren 21ean (astelehena) hasiko da. Rafael Jiménez Asensio arduratuko da hasierako hitzaldiaz, eta gaur egun sektore publikoan pertsonen kudeaketa zertan den eta geroko erronkak zein  diren izango dute hizpide. Rafael Jiménez Asensio Zuzenbidean doktorea da, EHUtik, eta sektoreko aholkulari ospetsuenetako bat. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako Giza Baliabideen arduradun Mikel Gorriti lanpostuen bilakaeraz eta plantillen kudeaketaz mintzatuko da, eta EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko irakasle Imanol Basterretxeak kooperatibetan giza baliabideen kudeaketa nolakoa den azalduko du.

Arratsaldean, Vigoko Udaleko Giza Baliabideen eta Prestakuntzaren Arloko buru María Dapenak sektore publikoak eskatuko dituen profil profesional eta hautaketa-prozesu berriak aztertuko ditu, eta Osakidetzako Donostialdea Erakunde Sanitario Integratuko Ezagutzaren Kudeaketako eta Berrikuntzako Atalaren arduradun Josune Retegik ezagutza egoki kudeatzeko gakoak emango ditu. Lehen jardunaldia amaitzeko, Emakume Zuzendarien Elkarteko kide Goitzeder Manotasek sektore publikoko genero-arrailari buruzko hitzaldia emango du.

Urriaren 22an (asteartea), Pompeu Fabra unibertsitateko Administrazioko Zientzia Politikako katedradun Carles Ramiók eta Giza Baliabideen eta Antolakuntza kudeatzaile Javier Pascualek —alorreko aditu handienetako bat— administrazio publikoaren eredu berria izango dute hizpide. Horien ostean, Gasteizko Udaleko arduradun tekniko Ana Vallejo eta Boni Canterok Gasteizko Kode Etiko berria aurkeztuko dute, zeina barneko partaidetza-prozesu batean landu baita. Goizeko saioa bukatzeko, Gasteizko Udaleko teknikari Gonzalo Sáenz Azcoagak Arabako hiriburuko udala erakunde publikoek aurre  egin beharreko erronka guztiei erantzuteko proba-bankutzat proposatuko du. Zenbait udal teknikariren arteko mahai-inguru batek emango dio amaiera biltzarrari.

Barneko lantalde berri baten abiapuntua

SUMAS biltzarra abiapuntua izango da Udalaren barruan sailen arteko lantalde bat osatzeko, zerbitzuen bilakaera datozen urteetarako planifikatzeko eta gizartearen eboluzioak etorkizunean ekarriko dituen beharrei (digitalizazioa, kasu) aurrea hartzeko. “Udala herritarren eskari berrietara egokitzea da asmoa,  eta eraginkorragoa bihurtzea. Etorkizuneko erretiroei nola aurre egin eta behar diren gaitasun berriak nola sartu ere aztertu nahi dugu”, azpimarratu du Gasteizko Udaleko Giza Baliabideen arloko zuzendari Feliciano Pérezek.

Horrekin lotuta, Gasteizko Udalak Kode Etiko berria landu du, zeina biltzarreko parte-hartzaileei aurkeztuko baitzaie, partaidetza-prozesu bati esker osatu dela azpimarratuz. Herritarren autonomia, profesionalen jardunbide egokia, lankidetza, justizia eta bikaintasuna jorratzen ditu kodeak, besteak beste.

INFO: SUMAS biltzarra

 

 

 

Share
Kategoriak: Fotonotizia  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:13

Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak harrera egin dio gaur Jutiapa (Honduras) udalerriko alkate Óscar Ayalari eta SERSO Honduras-ko arduradun Víctor Cámarari, Gasteizko udaletxean. Jutiapa 35,176 biztanleko udalerria da, eta Hondurasko Atlántida departamentuan dago. Gasteizko Udalak Jutiapan urarekin eta saneamenduarekin lotutako proiektuak lantzen lagundu du 2008az geroztik, ia etengabe.

Share