Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Fotonotizia  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  10 urria 2019 20:07

Herritarren Partaidetzaren zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok Herritartasunerako Eskola Irekiaren 2019-2020 ikasturtea inauguratu du, Europa jauregian. Inaugurazioan, Federico Mayor Zaragozak ‘Ahora sí, nosotros los pueblos’ izenburuko hitzaldia eman du. Informazio gehiago

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

Gorka Urtaran alkatearen prentsaurrekoa

Gobernu-batzordearen ondoren, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Udalaren gaur egungo gaiak hizpide izango ditu.

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran

Eguna. Ostirala, urriak 11

Ordua. 10:30

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:28

Udaltzaingoaren Agenteek 40 eta 33 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, genero-indarkeriaren delitu banaren ustezko egile gisa, bikotekideak jotzeagatik.

Lehen esku-hartzea eguerdian izan zen, emakume batek 092 zenbakira deitu eta Salburua auzoko bere etxebizitzara polizia etortzeko eskatu zuenean, bertatik ihes egitea lortu baitzuen, eztabaida batean bere bikotekideak jo eta aizkora batez mehatxu egin ondoren.

Emakumeak gertatutakoa berretsi zien udaltzainei, eta beste patruila bat ustezko erasotzailearekin elkarrizketatu zen etxebizitza horretan. Bi bertsioak entzun ondoren, eta emakumeak zeuzkan lesioak ikusirik, atxilotu egin zuten gizonezkoa, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Biktimari ospitaleraino lagundu zioten eta, gero, baita Agirrelandara ere, dagokion salaketa jar zezan.

Bigarren gizonezkoa, 33 urtekoa, arratsaldean atxilotu zuten. 092 zenbakira egindako beste dei batek ohartarazi zuen emakume bat garrasika laguntza eske ari zela Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batean. Patruila bat bertara joan zen. Han, udaltzainek biktimarekin, haren bikotekidearekin eta beste gizonezko batekin hitz egin zuten; beste gizon hori etxebizitzaren jabea zen eta atxilotuak emakumea jo eta mehatxatu zuen eztabaidaren lekuko izan zen. Lekukotza guztiak entzun ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten ustezko erasotzailea, eta gaur goizean epailearen esku geratuko da.

Emakumeari ospitale bateraino eta Agirrelandako polizia-etxeraino lagundu zioten, eta han salaketa bat jarri zuen bere bikotekidearen aurka.

Pertsona bat zauritu da

Atzo eguerdian istripu bat gertatu zen, Gamarrako Atea eta Zadorraren Hiribidearen arteko biribilgunean bi autok elkarren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, ibilgailuetako batean bidaiari gisa zihoan 29 urteko emakume bat zaurituta geratu zen, eta osasun-zerbitzuek artatu bazuten ere, ez zen beharrezkoa izan ospitalera eramatea.

Udaltzaingoak beste 18 trafiko-istriputan esku hartu zuen, nahiz ez zen zauriturik izan, eta gidatzen zihoan 47 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik, bere ibilgailua Varsovia hiribidean aparkatzen ari zela trafiko-istripua izan ondoren.

Udaltzainek atzo 20 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 24 jarduera egin zituzten.

Autobus baten gurpilek su hartu dute

Suhiltzaileek dei bat jaso zuten atzo, A-1 errepidetik zihoan autobus baten atzealdeko gurpilak sutan zeudela esateko. Gidariak su-itzalgailu bat hustu zuen suak eragindako lekuan eta suhiltzaileek eragindako bi gurpiletako sua itzaltzea amaitu zuten.

Suhiltzaileen talde bat Murgiara joan zen, familiabakarreko etxe baten garajean piztutako sua itzaltzera. 5 m2 inguruko eremu batean hedatu ziren kalteak. Jabeak hautsezko su-itzalgailu bat erabili zuen sua itzaltzeko. Suhiltzaileek uraz itzaltzea amaitu zuten eta etxebizitza egurastu zuten.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:17

 

Udalak Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektua aldatuko du, espazio publikoan integratzen laguntzeko

Aldundiak hondarrak sendotuko ditu, eta erakusgai jartzeko modua landuko du

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak hitzartu dute babestu egingo dituztela Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko lanetan aurkitutako San Frantzisko komentuaren hondarrak, eta haien balioa nabarmenduko dutela. Hondarrak lorategi itxurako gune batean integratuko dira, eta hiriaren historiaren lekuko publiko eta bizia bihurtuko dira.

Bi erakundeek zenbait aste eman dute aurkitutako hondarrak aztertu eta dokumentatzen, eta zona eraberritze proiektua eta horiek kontserbatzea bateratzeko formulak bilatzen. Horren ondorioz, xede hori lortzera bideratutako lankidetza-hitzarmena lotu dute, herritarrek beren iragana ezagutzeko aukera izan dezaten.

Hitzartutakoaren arabera, Udalak Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko proiektua aldatuko du, aztarna arkeologikoak espazio publikoan integratzen laguntzeko. Zehazki, San Frantzisko komentuko atariaren zimenduak aurreikusita zegoen lorategi itxurako zona batean txertatuko dira, eta balio estetikoa duen lurzoru harriztatua gordeko da, eskailera mekanikoen eta igogailuaren ondoko itxaron gunean. Errekarriz egindako zoladura da, apaindura geometrikoa duena —sei lore-hostoz osatutako loreak eta zeramikazko markoa—, eta ibiltzeko maila baino gorago utziko da, hobeto identifikatu eta ikus dadin.

Leku horretan kokatutako estazio elektrikoa ere lekuz aldatuko da, Olagibelen Arkupeetatik garai bateko komentuaren aurriak hobeto ikus daitezen.

Ibilgailuentzako bidea ere zenbait metro mugitu beharko da, eta igogailuaren eta eskaileren inguruan aldaketa txiki batzuk egingo dira. “Aldaketa erraza da, eta espazio publikoa aberasteko balioko du. Ondare esanguratsu hori ikusgai jartzea gure hiriarentzat oso adierazgarria dela uste dugu”, azaldu du Gasteizko Udaleko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok.

Erakusgai jartzea

Arabako Foru Aldundiak, berriz, aurkitutako hondarrak sendotu, gorde eta egoki babesteko konpromisoa hartu du bere gain —horretarako proiektu teknikoa landuta—, eta San Frantzisko komentuaren hondarren balioa nabarmenduko du, bertakoek zein bisitariek haren jatorria eta hiriaren historia ezagut ditzaten.

Gaur albiste on bat eman dezakegu. Garai bateko San Frantzisko komentuaren jatorrizko egiturak zaindu eta dokumentatuko ditugu, eta herritarrei erakutsiko. Kultura eta historia ondare horrek Gasteizko eta Arabako historia ezagutu eta zabaltzeko balioko du, zalantzarik gabe”, adierazi du Kultura eta Kirol foru diputatu Ana del Valek.

Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren inguruko lanak egiten ari zirela aurkitutako aztarna arkeologikoak garai bateko San Frantzisko komentuari dagozkio, zehazkiago, ustez XVI. mendearen bukaeran eraiki zen bigarren atariaren hormei eta errekarrizko lurzoruari —komentua, berez, XIV. eta XV. mendeetakoa zen—.

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak batera ordainduko dute obra-proiektua aldatzeak eta aipatutako esku-hartzeek dakartzaten inbertsioa.

Irailaren hasieran ekin zitzaien Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua eraberritzeko obrei, zeinen helburua baita zoladura, instalazioak eta zerbitzuak berritzea, oinezkoentzako espazioa handitzea eta Erdi Aroko hirigunearen irisgarritasuna hobetzea. 2,1 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da —zati handi bat gobernu zentralak finantzatuko du, Barne Ministerioaren bitartez—, eta bost kaletan egingo dira lanak: San Frantzisko kalea, San Frantzisko aldapa, San Bizente aldapa, Gernikako Estatutuaren kalea eta Mateo Moraza kalea.

Lanak egiteko epea 11 hilabetekoa da. Proiektuaren aldaketek epe horretan ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten ahaleginduko da Udala.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:39

Alkateorde Felipe Garcíak ‘Ametsen lurraldea. Cristina García Rodero’ erakusketa inauguratu du; La Caixa-k antolatu du erakusketa, Gasteizko Udalaren eta Vicente Ferrer fundazioaren laguntzarekin. Andre Maria Zuriaren plazan ikusgai, azaroaren 6ra arte.

Informazio gehiagoa.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:03

Bigarren urtez jarraian, Udaltzaingoak  Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren Don’t be Dummy/Zuk ez duzu ordezkorik programan parte hartuko du: programa ibiltaria da, Euskadiko ikastetxeetako gazteen artean trafiko-istripuak prebenitzeko. Europa jauregiko Maria de Maeztu entzunaretoan egingo da ekitaldia, ostiralean, hilak 11, eta bertan izango da Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrez.

Gasteizko sei ikastetxetako Batxilergoko 1.500 ikasle inguru joango dira Dummy-rekiko hitzordura; 3D bidez sortutako abatar interaktiboa da hori. Ibilgailu-fabrikatzaileek horrelako manikiak erabiltzen dituzte inpaktuak simulatzeko eta modelo berrien segurtasuna egiaztatzeko. Ikus-entzunezkoen proiekzioak, trafiko-istripuen biktima baten zuzeneko lekukotza eta bide segurtasunarekin lotutako profesionalen adierazpenak (Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak) baliatzen dira gazteak sentsibilizatzeko.

Gazteengan errepideko arriskuei buruzko hausnarketa eragitea eta haiek prebentzio-neurriez kontzientziatzea da ekimenaren helburua, laster gidatuko baitute ibilgailu motordunen bat, edo lagunekin batera horietako batean ibiliko. Don’t be Dummy 2017ko irailean estreinatu zen, eta iaz eman zen lehenengoz EAEko hiru hiriburuetan. Donostiak Gasteizi emango dio lekukoa, eta bertan bi saio egingo dira ostiralean, 11:30ean eta 13:00etan.

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:01

Liburutegien Egunaren harira egingo da ekitaldia, eta bost liburu trukatu ahalko dira pertsona bakoitzeko.

Liburuak Trukatzeko Azoka kartelak

Liburuak Trukatzeko Azokaren XI. edizioa urriaren 19 eta 20an egingo da, Iradier Arenan. Gaur aurkeztu du Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok azoka, zeina Liburutegien Egunaren harira (urriaren 24a) egiten baita.

Cantoren ustean, “azokak irakurtzearen plazera sustatu nahi du liburu-trukearen bitartez, baita liburutegi-sarearen zerbitzuak sustatu eta ezagutzera eman ere. Horrez gain, modu egokia da etxean ditugun liburutegiak eguneratzeko.”

Pertsona bakoitzak gehienez bost liburu trukatu ahalko ditu. Bi sail handi egongo dira: helduentzako eta haurrentzako liburuak. Helduentzako literatura, berriz, hiru kategoriatan banatuko da, liburuen antzinatasunaren arabera: 2010.urtearen osteko argitalpenak, 2000 eta 2009 artekoak, eta 1999. urtea baino lehenagokoak.

Liburutegien Sareak 5.000 aletik gora jarriko ditu trukerako.

Ez da era hauetako materialik onartuko: aldizkariak; entziklopediak; bideoak; DVD eta CDak; testuliburuak; unibertsitate-liburuak; informatikari buruzko liburuak edo teknikoak; liburu azpimarratu, hautsi edo egoera txarrean daudenak; liburuki solteak; bidaia-gidak; geografia-liburuak, etab.

Zenbait jarduera antolatu dira trukea sustatu eta animatzeko. Hona hemen larunbateko programa:

  • JAZZ- REUNIÓN taldeak zuzenean joko du, bi emanalditan: 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:00etara.
  • Irakurketarekin lotutako haurrentzako lantegiak:
    • “Literatur zigiluak” (11:15-13:45). Ele bietan.
    • “Irudika ezazu zeure burmuina” (17:45-20:15). Ele bietan.

 

Igandean, hilak 20, adin-tarte ezberdinetarako lantegiak antolatu dira, 11:00etatik aurrera:

  • “Cuentos con piedras- Ipuin ‘harri’-garriak”. 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Ele bietan.
  • “Ilustramatoia: erretratu makinatxoa” Gazte eta helduentzat. Ele bietan.

 

Amaitzeko, Sorgina Txirulinaren ipuinak eta zeharkako txirula: “Euskal mitologia jira eta bira!”. 12:45ean.

Azokaren ordutegia:

Trukearen ordutegia:

  • Larunbatean, urriak 19, 11:00etatik 13:45era eta 17:30etik 20:15era.
  • Igandean, hilak 20, 11:00etatik 13:45era.

Jardueren ordutegia:

  • Larunbatean, hilak 19, 11:00etatik 14:00etara eta 17:30etik 20:30era.
  • Igandean, hilak 20, 11:00etatik 14:00etara.

 

2018ko datuak

2018an 2.369 pertsonak hartu zuten parte, eta 6.524 truke egin ziren. Atalen arabera, 3.598 liburu helduen literaturakoak izan ziren; 664, helduentzako gaiei buruzkoak, eta 2.262, haur eta gazteentzako literaturakoak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: , ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   07:36

Interesdunek udalaren web orriaren bitartez eman dezakete izena; 120 pertsona baino gehiagok eman du izena dagoeneko.

Gasteizko Udaleko lehen alkateorde Maider Etxeberriak gaur goizean aurkeztu du Urban Commerce jardunaldien XIV. edizioa, eta nazioko zein nazioarteko 10 bat adituk hartuko dute parte Europa jauregian. Urriaren 31n egingo den topaketa hau erreferente da hiri-merkataritzaren berrindartze eta berritze arloetan. Udalak antolatutako topaketak galdera honi erantzungo dio: “Jasangarria eta digitala izan daiteke saltoki txikia?” Biltzarrak hainbat hizlari aditu bilduko ditu horri erantzuteko, Pablo Foncilla ikerlaria, zeinek Amazon-en garaian bezeroak erakartzeko modua erakutsiko digun, eta “Comercios por Madrid Central” kanpainaren bultzatzaile Sébastien Rouyet, besteak beste.

Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzi Maider Etxeberriak azpimarratu duenez, “funtsezkoa da hiri-merkataritzak honelako foroak izatea, esperientziak partekatu, berrikuntza-ereduak ezagutu eta sinergiak sortzeko. Horretaz gain, inoiz baino ahalegin handiagoa egin behar da digitalizazioa eta jasangarritasuna eskutik joan daitezen, buru izan nahi dugun ekonomi berderanzko trantsizioan.

Urban Commerceren 2019ko edizioak hiri-merkataritzaren arloko joera berrien bi alderdi izango ditu ardatz: digitalizazioa eta jasangarritasuna. Biek eragina dute bai pertsonen erosketa eta kontsumorako jokaeretan bai negozio-ereduetan. Etxebarriarekin batera, Rosa Ugalde izan da aurkezpenean. Rosa eguneko bizitzarako produktu ekologikoen Ekobizi dendako arduraduna da (Antso Jakitunaren kalea, 29)

Programa

Pablo Foncillas irakasle eta aholkulariaren hitzaldiak emango dio hasiera biltzarrari. Foncillas jauna digitalizazioan eta merkataritza elektronikoan adituenetakoa da, 175 markaren merkataritza-garapenean parte hartu du 25 lurralde desberdinetan, merkataritza-komunikazioaren eraginkortasunari ematen zaizkion hainbat EFI sari irabazi ditu, eta El Sol jaialdiko epaimahaian egon da. Amazon edo Alibaba enpresen garaian, teknologiaren bidez bezeroak lortzen laguntzeko metodo bat aurkeztuko du.

Ondoren, Ramón López de Lucio eta Mateus Porto arkitekto hirigileek hartuko dute parte. Gertuko merkataritza onak gizarteratzea errazteaz gain, hirietako mugikortasun jasangarriari eragiten dizkion abantailak izango dituzte hizpide. Horretaz gain, internet bidez egiten diren erosketen fenomenoari aurre egiteko gakoak emango dituzte. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldi arduratuko da atal hau dinamizatzeaz.

Proposamen jasangarriak garatu dituzten merkataritza-aretoen esperientziak ere izango dira biltzarrean. “Comercio a favor de Madrid Central’ kanpaina bultzatu duen Sébastien Rouyet eta jardunbide egokiak bideratu dituzten beste zenbait merkatari izango dira: Ray Musgo oinetak ekologikoen arduradun Lorena Gasco eta Javier Sanchez, Ekobiziren arduradun Rosa Ugalde bera, edo Moiqut-en arduradun Verónica Drazdova, besteak beste. Euskal Herriko Unibertsitateko merkaturatze eta merkatu-ikerketaren arloko irakasle titular den Pilar Zorrillak moderatuko ditu horiek guztiak.

Big Datatik txinatarren eredura.

Bazkal ondoren, Alex Rayón eta Oriol Elviraren txanda izango da, lehena Deustuko Unibertsitateko Big Data eta Business Intelligence masterreko zuzendari eta bigarrena, TC Gropu Solutions-eko zuzendari komertziala. Enrique Rodal komunikazio teknologikoko kazetari eta aholkulariak dinamizatuta, datuak bezeroen behar eta ohiturak ulertzeko analizatzeaz duten ikuspegia azalduko dute.

Biltzarrari amaiera emateko, Zigor Aldamak hitzaldia emango du (Vocento taldearen korrespontsala Asian). Txinako ereduaz hitz egingo du; sektore teknologikoan buru izateko ikuspegiak nola eraldatu dituen merkataritza eta biztanleen kontsumo-ohiturak. Delia Tobias kazetari gasteiztarrak aurkeztuko ditu jardunaldien inaugurazio-hitzaldia zein amaierakoa. Bukatzeko, 16:00etatik aurrera, parte hartzaileek hiriko saltokietan zehar bisita gidatua egin ahalko dute, Gasteiz On elkartearen eskutik.

Dagoeneko 120tik gora lagunek eman dute izena 2019ko ediziorako, baina urriren 25a arte egongo da zabalik izena emateko epea. Interesdunek doan eman dezakete izena udalaren web-orrian.

Share