Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  30 urria 2019 19:43

Udalak ikastetxeko ordezkari ugari hartu ditu gaur arratsaldean, eta oroitzapenezko diploma eman die.

 

Gasteizko Udalak harrera egin dio, gaur arratsaldean, Carmelitas Sagrado Corazón ikastetxeari, honen 125. urteurrena dela eta. Alkateak eta talde politikoetako ordezkariek esker ona agertu die 1984tik hirian egindako lana eta lortutako bikaintasun mailagatik, izan ere nazioartean ezaguna baita pedagogia eta metodologia berritzaileak direla eta. Hain zuzen ere, hainbat sari jasoak dituzte: Eusko Jaurlaritzaren Zilarrezko Q (2005ean) eta Urrezko Q (2007an) eta Bruselako EFQM-aren European Finalist Award (2009an). Ikastetxearen kudeaketak etengabeko hobekuntza eta berrikuntza ditu oinarri.

 

Ikastetxearen aldetik hainbat ordezkari izan dira harreran: oraingo irakasleak eta erretiratutakoak, Guraso elkartea, eskola kontseilua, ikasleak, begiraleak eta kirol entrenatzaileak. Ikastetxeko zuzendari Nieves Mayak jaso du udalak gertakari honetarako prestatutako oroitzapenezko diploma. Zuzendariak gogorarazi egin du zein den egun 1.250 dituen ikastetxe horren helburua: “gizartean arduraz eta sormenez jokatzen duten eta bakearen aldeko konpromiso pertsonal eta soziala duten pertsona alaiak heztea”

 

 

Share
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   17:00

2019ko Urban Commerce inauguratzea

Parte hartzaileak. Alkateorde Maider Etxebarria

Eguna. Osteguna, urriak 31

Ordua. 9:30

Tokia. Europa Jauregia

——————————-

Prentsaurrekoa. ‘Euskaraz 1+1… Hamaika!’ programa aurkeztea

Parte hartzaileak. Euskara zinegotzi Iñaki Gurtubai; Arabako Foru Aldundiko euskara zuzendari Lexuri Ugarte; eta programa laguntzen ari diren taldeen ordezkariak

Eguna. Osteguna, urriak 31

Ordua. 10:30

Tokia. Oihaneder Euskararen Etxea

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   16:41

Bihar, ostegunez, Halloween gaua izango dela eta, gizalegez eta begirunez jokatzeko deia egin die Udaltzaingoak herritarrei, hirian gero eta errotuago dagoen festa hori lasaitasun eta segurtasun osoz bizi dadin.

Helburu horrekin, hainbat kontrol egingo dituzte udaltzainek festa ospatzen den establezimenduetan, zaraten ordenantza eta ixteko ordutegia betetzen direla bermatzeko, adingabeei alkohola ez zaiela saltzen egiaztatzeko eta edukierak zaintzeko.

Zentzu horretan, larrialdietako irteerak libre uztearen garrantzia gogorarazi du Udaltzaingoak, irisgarri egon daitezen uneoro, eta laguntza eskatu die herritarrei, edozein anomalia, arau-urraketa edo arrisku-egoera antzematen dutelarik 092 telefonora dei dezaten.

Gomendio sorta bat ere egin die herritarrei:

  • Alkoholik edatekotan, arduraz egin.
  • Autoa hartzekotan bazara, ez hartu edari alkoholdunik.
  • Errespeta ezazu festan parte hartzen ez dutenen atsedenerako eskubidea.
  • Ez beti da ez. Errespetatu. Salatu eraso matxistak.
  • Ez erabili produktu piroteknikorik; debekatuta egoteaz gain, lasaitasuna eta atsedena galarazten dizkiete pertsonei nahiz animaliei.

Domu Santu eguna

Halloween gauean ez ezik, Udaltzaingoak arreta berezia izango du azaroaren 1ean ere, Domu Santu egunez, hiriko hilerriek milaka bisitari hartu ohi baitituzte.

Hori dela eta, udaltzainek Salbatzailearen hilerriko sarbidea arautuko dute, non behin-behineko aparkaleku-eremua jarri baita, eta Santa Isabel hilerrian ere zaintza areagotuko dute.

Batera zein bestera joateko garraio publikoa erabiltzeko gomendatzen du Herritarren Segurtasunaren Sailak.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   13:26

Espainiako Quidditch Koparen bosgarren edizioa jokatuko da Gasteizen. Galizia, Andaluzia, Madril eta Euskadiko hamaika talde lehiatuko dira, azaroaren 2an eta 3an, La Vitoriana zelaian. Donostiako Golden Dragons, Bizkaia Boggarts eta Gasteiz Gamusins taldeak izango dira euskal ordezkariak.

Euskadin jokatzen den aurreneko aldia da, aurreko edizioak Madrilen, Andaluzian, Galizian eta Gaztela-Mantxan izan baitira. Hiru sailkapen-multzotan banatuko da lehiaketa, eta ondoren, kanporaketa-fasean, final-laurdenak, finalerdiak eta finala jokatuko. Gasteizko Gamusinsen multzoa izango da gogorrenetako bat, bertan baitago Lumos Compostela taldea ere, sari gehien irabazitako taldea.

Ordutegiak oraindik zehaztu gabe badaude ere, 9:00etatik 20:00etara bitartean izango dira partidak, eta sarrera librea, ikusleentzat. Estatuko erreferentziazko quidditch-zelaietako bat da La Vitoriana. Iparreko Ligako partidak jokatu ohi dira bertan, egiten diren eskualdeko bost ligetako bat. 2018ko Eskualdeen Kopa da bertan jokatu zen beste ekitaldi aipagarri bat.

“Espainiako Kopa hau gurean jokatzea, besteak beste, balio positiboz betetako kirol hori sustatzeko Gasteiz Gamusinsek egiten duen lan onari zor zaio. Talde mistoetan jokatzen da quidditcha, eta inklusibitatea eta bizikidetza-espazioen sorrera sustatzen ditu. Gainera, gero eta zabalduago dago eskola- eta unibertsitate-esparruetan, eta 40 herrialde baino gehiagotan jokatzen da. Mundu osoan sortu duen mugimendua erakusten digu horrek”, nabarmendu du Kirol eta Osasun zinegotziak.

  1. urtean Middleburyko Unibertsitatean (AEB) sortutako kirola da quidditcha, eskubaloia, errugbia eta baloi presoa bezalako kirol nabarmenetako elementuak konbinatzen dituena. Ukipen-kirol horretan, aurrez aurreko borroka oso presente dago, baina osagai taktiko bat eta sinbologia bat ditu, zeinek munduan bakar egiten baitute.

Gasteizko Udala —Kirol eta Osasun Sailaren bitartez— eta Vital Fundazioa Espainiako Koparen laguntzaile dira. Era berean, hiriko hainbat merkataritza-establezimendu, enpresa eta elkarteren babesa ere badu lehiaketak.

 

Informazio gehiago: Espainiako 2019ko Quidditch Koparen web ofiziala

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:23

 

 Dossier

Kultura eta Biltzarren zinegotzi Felipe García Miravallesek Gasteizko Mazoka marrazki eta ilustrazioaren jaialdiaren V. edizioa aurkeztu du: Montehermoso kulturuneko ur biltegian egingo da, abenduaren 20tik 22ra arte.

“Jaialdi grafiko hau marrazkigintza, ilustrazio eta arte plastikoetako balore berriak ezagutarazteko tresna da”, adierazi du García Miravallesek.

Orotara 40 mazokalarik hartuko dute parte ferian, eta horien ehuneko 30 Euskadikoak dira. Lehenengo aldiz hartuko dute parte denek. Besteak beste, Iñaki Martiarena (Mattin), Ester García, Miren Asiain, Max Hierro, Ale Díaz Bouza, Díaz Faes, Oskar Benas, Inés Bermejo eta Nerea Lekuona nabarmendu daitezke.

Jaialdiarako 194 eskabide jaso dira, estatutik zein beste herrialde batzuetatik (Ingalaterra, Portugal eta Argentina). “Kopuruak gora egiten du urtez urte: horrek erakusten du jaialdiak interesa pizten duela hala profesionalengan nola ur biltegira lanak erostera hurbiltzen diren gasteiztarrengan”, azpimarratu du zinegotziak. 

 

Oroitzapenezko karta-sorta

Marrazki azokarekin batera zenbait jarduera antolatu dira. Esate baterako, oroitzapenezko karta-sorta bat sortu da Mazokaren V. urteurrena eta Naipes Fournier enpresaren 150. urteurrena ospatzeko, zeina Goiuri jauregian jarriko baita ikusgai. Tamaina handiko kartak dira, Noemí Villamuza, Maite Gurrutxaga, Yolanda Mosquera eta Elena Odriozola ilustratzaile eta mazokalari ohiek sortuak.

Ekitaldia aurkezteko prentsaurrekoa Bibat museoan egin da, eta hauek izan dira bertan zinegotziarekin batera: Marta C. Dehesa, Mazokaren zuzendaria, Diego Ruiz de Gauna López, Naipes Fournier enpresako komunikazio zuzendaria, eta karta-sorta landu duten lau marrazkilariak.

Bekikasle beka

Bestetik, Mazokak Bekikasle izeneko beka sortu du, zeinak onura hauek eskaintzen baititu: doako izen-ematea; bi pertsonarentzako ostatua, hiru gauetarako, eta 200 euro, azokarako obra ekoizteko. Mariñe Jáureguik —Marijauregi izen artistikoa erabiltzen du— irabazi du 2019ko edizioko beka.

Informazio gehiago: mazoka.org

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:04

Ariznabarra auzoan aparkaleku berria eraikitzea aurreikusten du Udalak, autobus elektriko adimentsuak (BEI) berekin ekarriko duen leku-galera konpentsatzeko. Zentzu horretan, Amaia Barredok zuzentzen duen Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 3.400 metro koadro eta 109 ibilgailurentzako lekua izango duen aparkalekua diseinatu du. Zinegotziaren esanetan, azpiegitura berri horren kostua 350.000 euro ingurukoa izatea aurreikusten da. “Partida bat sartuko dugu aurrekontu-proiektuan, 2020an ekin dakion obrari, ahalik eta lasterren”, azaldu du Amaia Barredok.

Fontetxako Gazteluaren kalearen, Kexaako Gazteluaren kalearen eta Arluzeako Gazteluaren kalearen arteko ekipamendu-lursailean egokituko da aparkalekua, adinekoentzako egoitzaren ondoan. “Horrez gain, Kexaako Gazteluaren kaleko aparkaleku-tarte bat bateriako aparkaleku bihurtuko da, eta beste 14 aparkaleku gehiago edukitzeko aukera emango du horrek”, zehaztu du zinegotziak.

Adurtzaren kasuan, hor ere BEIk aparkalekuak berrantolatzera behartuko baitu, lineako aparkalekuak bateriako bihurtzea planteatzen da, galtzadaren neurriak egokiak diren lekuetan. Kale hauetarako planteatzen den estrategia hori: Adurtza (31 leku), Trianak (10), Heraclio Fournier (58), Alberto Schommer (40), Dultzaina (5), Jose Uruñuela (10), Errota (8) eta Miguel Mieg (7). Esku-hartze horiei esker, 170 leku inguru irabaziko dira —200 kenduko dira—.

Kale hauetan eragingo dute autobus elektriko adimentsua ezartzeko obrek: Euskal Herria bulebarra, Pablo Neruda, Francisco Leandro de Viana, Tomas Zumarraga Dohatsua, Fontetxako Gaztelua, Rosalia de Castro, Mendizorrotzeko aparkalekua, Salbatierrabide, Araba, Zumakadi eta Jacinto Benavente. Erroldatutako ibilgailuen eta aparkatzeko lekuen arteko balantzea estuen den auzoetan aztertu dira lekuak berreskuratzeko neurriak.

Garraio publikoko sistema eraginkor eta edukiera handikoa da BEA zeinen helburua baita hiriko auzo guztiak hobeto konektatu eta mugikortasun iraunkor eta osasungarria sustatzea. TUVISAren egungo 2. linean emango du zerbitzua, puntako teknologia erabiliko duten 13 ibilgailu elektrikoren bitartez. Linea horrek Gasteiz inguratzen du, eta  hiriko leku garrantzitsuak lotzen ditu, hala nola Txagorritxu ospitalea, Eusko Jaurlaritza eta Mendizorrotzeko futbol-zelaia. 10 kilometroko ibilbidean, 24 geltoki berri izango dira noranzko bakoitzean, gaur egungo geltoki konbentzionalen leku berberetan.

Irailaren 2an hasi ziren BEAren obrak, hiriko lau lekutan aldi berean. Hainbat erakundek parte hartzen dute BEIren proiektuan: Gasteizko Udalak finantzaketaren % 17,5 emango du, Arabako Foru Aldundiak beste % 17,5, eta Eusko Jaurlaritzak % 65. Inbertsioa 40 milioi eurotik gorakoa izango da.

Autobus elektriko adimentsuari esker, urtean 1.520 tona CO2ren emisioa eragotziko da, egungo gasolio-ibilgailuen ordez zero emisioko autobus 100×100 elektrikoak erabilita. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Amaia Barredok oso positibotzat jo du mugikortasun-sistema moderno eta iraunkor hori erabiltzea; izan ere, “Gasteiz erreferente izango baita eduki handiko garraio publiko elektrifikatuaren arloan”.

 

 

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   11:42

Azkeneko 24 orduetan 10 trafiko-istripu erregistratu dira, eta horietan 3 pertsona zauritu dira.

Gorbeia eta Badaia kaleak elkartzen diren tokian izandako harrapaketa baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat; bertan, bizikleta batek 71 urteko emakume bat harrapatu zuen eta anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman zuen.

17:30ak aldera, Triana kaleko espaloian, atzerantz irteten ari zen furgoneta batek oinez zihoan 82 urteko emakume bat harrapatu eta lurrera erori zen. Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

Eta 18:30ak aldera, berriz, Luis Olariaga kaletik gidatzen zihoan 22 urteko emakume batek talka egin zuen ibilgailu baten atearen aurka, auto horretako gidaria atea irekitzen ari zen une berean. Gidatzen zihoan emakumea zaurituta geratu zen eta larrialdi-zerbitzuek Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Udaltzaingoa 52 urteko gizonezko bat ikertzen ari da Zaramaga plazan edari alkoholdunen eraginpean gidatzeagatik. Arnastutako aire litro bakoitzeko 0.66-0.62 alkohol miligramoko tasak eman zituen, eta horrenbestez, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegian.

Atzo 14 salaketa aurkeztu ziren Polizia Judizialean.

 

 

 

 

 

 

 

Share
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   10:30

 

Stop Accidentes Euskadi elkarteak bide-segurtasunari buruzko hitzaldiak emango dizkie hiriko adinekoei azaroaren 4an eta 8an, eta “¿Personas mayores conductoras? Sí, pero seguras” izango da gaia.

Simone de Beauvoir Aretoan – Koroatzeko adinekoentzako zentroaren ondoan– eta San Kristobaleko AZSKn izango dira, eta hauxe dute xede: adinak berez dakartzan zentzumen-mugen eta gidatzean gerta daitezkeen deskuiduen inguruan kontzientziatzea eta hausnartzea.

Bide-hezkuntzako irakasle Miguel del Valle izango da hizlari, eta adinekoek pairatzen dituzten istripuen arrazoi nagusiak –gehiegizko konfiantza, deskuiduak, arauak ez ezagutzea…– gogoratu eta horiek ekiditeko moduak aztertuko ditu.

Hitzaldi bakoitzaren amaieran, bertaratuek alkohola edatearen, nekearen eta sendagaiak hartzearen ondorioak simulatzen dituzten betaurreko batzuk erabili ahalko dituzte. Ondorioak ikus ditzatela, eta gidatzean arrisku horiek bere gain ez hartzea du xede.

Hitzaldi bat azaroaren 4an izango da, 18:00etan, Simone de Beauvoir aretoan eta, bestea, azaroaren 8an, San Kristobaleko adinekoen zentroan, ordu berean.  40 leku daude gehienez, eta sarrera librea da; ez da izena eman beharrik.

Ekimena Stop Accidentes Euskadi elkarteak antolatu du eta laguntzaile ditu Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saila, Udaltzaingoa eta Ponle Freno ekimena.

 

 

Share