Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Deialdiak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  28 urria 2019 17:00

Prentsaurrekoa. Beñat Etxepareko 2019-2020ko programazioa aurkeztea

Parte hartzaileak: Kultura, eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estibaliz Canto;  eta Teatro Paraíso Antzerkia taldeko zuzendari Pilar López

Eguna. Asteartea, urriak 29

Ordua. 11:00

Tokia. Udaletxeko prentsa aretoa

————————————-

Vitoria-Gasteizko euskalduntzeari buruzko mahai ingurua,  Gasteizko Herri-ekimeneko euskaltegiek (IKA, AEK, Udaberria y Hegoalde) bultzatuta

Parte hartzaileak. Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran, eta euskaltegietako ikasle ohiak

Eguna. Asteartea, urriak 29

Ordua. 18:00

Tokia. Aldabe gizarte etxea (aretoa nagusia)

Share
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:27

Udaltzaingoaren agenteek 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten larunbatean, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egilea delakoan.

Patruila bati Erdi Aroko Hiriguneko etxebizitza batera joateko agindu zioten, izan ere, emakume batek polizia bertaratu zedila eskatu baitzuen, senarrak jo egin zuelako.

Kalean, emakumeak udaltzainei kontatu zien minutu batzuk lehenago bikotekideak bera jo egin zuela eztabaida batean, eta hori ohikoa zela beren harremanean. Beste polizia batzuk senarrarekin elkarrizketatu ziren eta, bi bertsioak entzun ondoren eta jipoituaren aurpegian eta besoan erasoaren aztarnak ikusi ondoren, atxilotu egin zuten. Atzo epailearen esku geratu zen.

28 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo goizaldean, polizia-agenteen aurkako erresistentzia, desobedientzia eta eraso delituen ustezko egile gisa. Patruila batek Olagibel kalean ikusi zuen emakume batekin eztabaida latz batean sartuta, eta zenbait esku-zarta eta bultzada ematen zizkiola hari, beste gizonezko bat biak apartatzen saiatzen zen bitartean. Udaltzainak bitartekari gisa jokatzen ahalegindu ziren arren, gizonezkoak berriro emakumearen gainera oldartu nahi izan zuen, udaltzainetako bat jotzera ere iritsiz, eta horrexegatik atxilotu egin zuten azkenean.

Etxe-indarkeria

Udaltzaingoaren Agenteek 22 urteko emakume bat atxilotu zuten atzo, etxe-indarkeriaren delitu batzuen ustezko egile gisa, bere bikotekide ohia –hura ere 22 urtekoa– jotzeagatik, erresistentzia larriagatik eta agintaritza-agenteen aurkako atentatuagatik.

Patruila bati Praga hiribidera joan zedila agindu zioten, zenbait pertsonen artean eztabaida bat gertatzen ari zelako bertan. Hara iritsi zirenean, udaltzainek ikusi zuten taberna bateko terrazako aulkiak lurrean boteak zeudela; bikotekideak identifikatu zituzten eta, zer gertatu zen galdetu ondoren, gizonak eta emakumeak bertatik alde egin zuten. Hala eta guztiz ere, handik pixka batera, emakumea garrasi egiten eta gizonezkoa jotzen hasi zen, eta horrexegatik, udaltzainek berriro esku hartu behar izan zuten, eta une horretan haien aurka eraso egin zuen; beraz, azkenean atxilotu egin zuten.

Ordu batzuk geroago, Udaltzaingoaren agenteek atxilotu egin zuten jipoitutako mutil gaztea, agintaritza-agenteen aurkako atentatuagatik eta partikular bati eraso egiten ahalegintzeagatik. Mutil gazteak aurre egin zien Udaltzainei, beste gizonezko bat makila batez jotzen ahalegindu ondoren, hark lehenagotik gerriko batez jo zuelako.

Errekisitoria judizialak

Udaltzaingoaren Agenteek 21 urteko mutil gazte bat atxilotu zuten larunbatean, beraren gainean Gasteizko Epaitegi batek agindutako errekisitoria zuelako. Barrenkale kalean identifikatu zuten, arratsalde horretan bertan zenbait lapurretatan nahastutako beste hiru gizonezkorekin batera ibilgailu batean zegoela.

Beste errekisitoria judizial bat zuen 18 urteko beste mutil gazte bat ere atxilotu zuten atzo, ibilgailuei nahita eragindako kalte batzuetan nahastuta egoteagatik patruila batek hura identifikatzeari ekin zionean.

Istripuak

Sei txirrindulari eta bi moto-gidari zauritu ziren asteburuan trafiko-istripuetan.

Bizikletaz zihoan 14 urteko mutil bat zauritu zen ostiralean, Zaramaga kaleko bidegorritik zihoala ustekabean farola baten aurka talka egin eta lurrera erori ondoren. Anbulantzia bateko osasun-langileek artatu zuten eta, gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Gamarrako Atea kalean bi bizikletek elkarren aurka talka egiteagatik istripua izan ondoren, bi bizikleta-gidariak, 13 eta 27 urtekoak, Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zituzten.

Motoz zihoan 40 urteko gizonezko bat ere eraman zuten ospitale horretara, larunbatean Tanis Agirrebengoa eta Gaztelako Atea kaleen arteko biribilgunean zihoala bere motozikletaren kontrola galdu ondoren.

Larunbatean Eztarroan bizikleta bat tartean nahastuta zegoela gertatutako istripu baten xehetasunak ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikletan zihoan 47 urteko gizonezkoa Txagorritxu Ospitalera eraman zuen anbulantziak.

Bizikletaz zihoan 13 urteko beste mutil gazte bat zauritu zen larunbatean, Rosalia de Castro kaletik zihoala. Larrialdi-zerbitzuek artatu zuten, eta gero, Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Amadeo Garcia Salazar plazan atzo gertatutako beste istripu batean bizikletaz zihoan 43 urteko beste gizonezko bat zauritu zen eta hura ere Txagorritxu Ospitalera eraman zuten.

Motoz zihoan 33 urteko gizonezko batek zauri batzuk izan zituen atzo, Baiona eta Donostia kaleak elkartzen diren tokian auto batek berak zeraman ziklomotorraren aurka talka egin ondoren. Talka horren ondorioz, anbulantzia batek Santiago Ospitalera eraman behar izan zuen.

Asteburuan zehar, zauriturik gabeko beste 28 trafiko-istriputan esku hartu du udaltzaingoak, eta 8 gidari ikertzen ari da bide-segurtasunaren aurkako delituengatik. 7 alkoholaren eraginpean gidatzeagatik eta 1 nahitaezko alkoholemia-proba egiteari uko egiteagatik.

Ostiralean 092 zenbakira egindako dei batek ohartarazi zuen ibilgailu bateko gidaria mozkortuta joan zitekeela Lakuan. 63 urteko gizonezkoa Landaberde kalean geldiarazi zuten, baina zeinu nabarmenak eduki arren, uko egin zion alkoholemia-proba egiteari eta, horrenbestez, izapide egokiak abiarazi zizkioten Guardiako Epaitegian.

TUVISAko gidaria edanda

Ostiralean, 22:15ak aldera, 092 zenbakira egindako dei batzuek ohartarazi zuten TUVISAko gidari batek, 4 Linea gidatzen ari zela, edanda zihoalako zantzuak zituela. Udaltzaingoaren patruila bat Arriagako Atea kalera joan zen eta han autobusa geldiarazi zuen.

Gidariarekin hizketan hasi zirenean, edari alkoholdunen eraginpean zegoelako zantzu nabarmenak ikusi zizkioten, eta horren ondorioz, alkoholemia-proba eginarazi zioten eta 0.62-0.60 alkohol miligramoko emaitza eman zuen arnastutako aire-litroko. Gainera, toxikoen proba ere egin zioten, baina negatibo eman zuen.

Gertaera horiek ikusita, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegira bidera zezaten, eta gertakari isolatua izan arren, Udaltzaingoak txosten bat igorri du TUVISAra.

21 urteko mutil gazte bat ikertzen ari dira, bide-segurtasunaren aurkako delituengatik, edari alkoholdunen eraginpean eta gida-baimenik gabe gidatzen harrapatu zutelako, Gaztelako Atean talka egiteagatik izandako trafiko-istripuan nahastuta egon ondoren. Alkoholemia-proban tasa positiboak eman zituen, eta haren dokumentazioa aztertu zutenean, egiaztatu zuten ez zeukala gida-baimenik, inoiz ez baitu izan. Hori guztia ikusirik, izapideak abiarazi zituzten Guardiako Epaitegira bidera zezaten.

Asteburuan, alkoholemiaren prebentziorako 8 kontrol egin ditu hirian Udaltzaingoak, eta horietan, 150 gidari baino gehixeagok egin behar izan dituzte nahitaezko probak. Horietatik bederatzik emaitza positiboa eman dute: 8ri salaketa jarri diete administrazio-bidetik eta beste bat bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik ikertzen ari dira.

Udaltzainek 43 salaketa izapidetu zituzten eta polizia judizialaren 47 jarduera egin zituzten.

Sua bi paperontzitan

Bi paperontzitan piztutako sua itzaltzeko esku hartu behar izan zuten atzo suhiltzaileek; lehena, Iturritxu kalean izan zen, eta bigarrena, Guardiako Eskualdea kalean.

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   14:20

 

Udalak, Hiri Paisaiaren Atalaren bitartez, zuhaitz horien azterlan zehatz eta sakona egingo du, tomografien eta resistografo baten bitartez egindako proben laguntzaz.

Gasteizko Udalak hasi ditu Cervantes eta Frai Francisco Vitoria ibilbideetako zuhaiztien egoera eta arriskua ebaluatzeko lanak. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak kontratatutako enpresa batek, Doctor Arbolek, gaur hasi ditu lanak. 58 zuhaitz aztertuko dira (44 Frai Francisco ibilbidean eta 14 Cervantes ibilbidean) hiru hilabetean. Zuhaizti hauek zehatz-mehatz aztertu behar direla uste du Hiri Paisaiaren Atalak, duten adina eta nabari zaizkien zahartze-zantzuak direla eta. 55 zuhaitz indigaztainondoakaesculus hippocastanum- dira, eta 100 eta 300 zentimetro arteko perimetroko enborra dute. “Hiriko zuhaiztiak modu berri batez kudeatu nahi ditugu. Udalerriko zuhaiztiei eragingo dien edozein erabakik lan tekniko eta zientifikoa izan behar du atzetik. Horretaz gain, zabalkundea emango diogu, herritarrek egiten diren esku-hartzeak uler ditzaten” azaldu du gaur goizean Amaia Barredo zinegotziak. Azken datuen arabera, Gasteizek 2016an baino 2.432 zuhaitz gehiago ditu, guztira 115.000 dira hirian zehar banatuta.

Udalak 21.600 euroko inbertsioa egingo du lan horietarako, eta honako alderdiak landu eta bilduko beharko dira: aurrekariak, kokapena eta ingurunea, fisiologia eta biomekanika arloetako ondorioak, egindako analisiak, fitxak, arriskuen sailkapena eta proposatutako esku-hartzeak. Horretarako banaka aztertu behar dira zuhaitzak.

Enpresak lan hauek egingo ditu: ikusizko analisia eta ale bakoitzaren deskribapena (bizitasuna, adaburuaren dentsitatea, neurriak, akatsak, ikusten diren lesioak), azterketa instrumentala, zulaketa mekanikoko gailuak (resistografoa) eta tomografia sonikoak erabilita, eta laginak hartu eta trakzio-testa, lau aletan gutxienez. Informazio horrekin guztiarekin, balorazio orokorra egingo da, ebaluazio osoa jasotzen deun txostena egingo da (egoera fisiologikoa, sendotasuna, haustura- edo erorketa- arriskua), eta esku-hartze proposamena erantsiko da.

 

 

Share
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —   12:12

Xabi Aburruzagak, Garadicek eta Alos Quarter laukoteak disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdi solidarioan.

 

 

 

 

 

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren VII. edizioa hartuko du Gasteizek azaroan eta abenduan. 20 jarduera eta lantegitik gora izango dira, hiriko zazpi gunetan banatuta. Jarduera horietako asko doakoak eta jende ororentzat izango dira.

Kalakan eta Milladoiro dira jaialdiko talde nagusiak, eta Mendizorrotzeko kiroldegian emango dute kontzertua. Horietaz gain, badira nazioko zein nazioarteko folkaren  beste erreferente batzuk ere: CastellanAS, Eleanor Shanley, RIU, Xabi Aburruzaga, Natívitas, Boreas Camara eta Xabier Martínez de Otxagabia, besteak beste. Xabi Aburruzagak, Garadicek eta Alos Quarter-ek disko berriak aurkeztuko dituzte jaialdian.

Gaur aurkeztu dute ekitaldia Montehermoso kulturunean, eta Gasteizko Udaleko kultura zinegotzi Estibaliz Cantok, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Ana del Valek  eta  jaialdiko zuzendari Patxi Villenek hartu dute parte prentsaurrekoan. Azken hori Parradust taldeko kidea da, eta Euskadin ataxia telangiektasiak eragindako mutil baten aita (Jon semeak 16 urte ditu); horretaz gain, Aefat elkarteko lehendakaria da, zeinak Espainiako estatuan eragindako 30 familiak biltzen baititu. Orobat izan dira bertan Alos Quartet taldeko Xabier Zeberio biolin-jotzailea, Xabi Aburruzaga trikitilari ospetsua, Elziegoko gaita-jotzaile Juantxu Gomez, eta Kepa Ortiz de Urbina (musikaria eta jaialdiko babesleetako bat den Euskadiko Kutxaren ordezkaria).

Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok eskertu egin nahi izan du “Aitzina Lan Taldeko kideek kultura baliatuz gaixotasun arraro bat – Ataxia Telangiektasia–  ikusarazteko egiten duten ahalegin eta ilusio handia, eta zazpi edizio hauetan lan horretan erakutsi duten ilusio eta itxaropena”.

Sarreren salmentarekin eta zero ilararekin (Laboral kutxa 3035 0228 96 2280099996) lortzen diren irabaziak Aefak elkarteak –ataxia Telangiektasiak eragindako familien elkarteak–  Nafarroako Unibertsitate Klinikan finantzatzen duen  terapia genikoko ikerkuntzara bideratuko du Aitzina Folkek.

 

Informazio gehiago www.aitzinafolk.org

 

 

Share