Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2019 11:32

Hilaren 14an (larunbata) iparraldeko jaiotzazaleen topaketa egingo da Arabako hiriburuan

 

 

 

 

 

 

Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak jarduera ugari antolatu ditu Eguberriak direla eta. Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Vital Fundazioaren zuzendari naguzi Axier Urrestik eta elkarteko kide Alfonso Ruiz de Arcautek aurkeztu dute programazioa. Karmengo elizan egin da prentsaurrekoa.

“Gure hiriak Gabonekin lotutako altxor bakana du, Florida jaiotza monumentala. Beste eskala batean, Gasteizko familiek belaunaldiz belaunaldi jarri izan dute jaiotza etxean, eta Arabako Jaiotzazaleen Elkartea tradizio polit hori mantentzen saiatzen da. Kultura Sailak elkartearen lana eskertzen du, zeinak hilabete honetan baitu bere erakustaldi gorena, askotariko jarduerak antolatuz”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok.

Aipatutako elizan jarriko da Arabako Jaiotzen XXXII. Erakusketa, abenduaren 6tik (ostirala) urtarrilaren 6ra arte. Abenduan zehar irekiko dira Jaiotzen Ibilbideko gainerako guneak.

Abenduaren 13an, berriz, Gabonetako pregoia egingo da, zortziak eta erdietan, Karmengo elizan. Enrike Ruiz de Gordoa arduratuko da pregoiaz, eta Samaniego eskolaniak abestuko du.

Bestetik, abenduaren 14an (larunbata), iparraldeko jaiotzazaleen elkarteen topaketa egingo da Arabako hiriburuan;  Euskadi, Asturias, Kantabria, Nafarroa, Aragoi, Errioxa eta Gaztela eta Leongo iparraldeko ordezkariak bilduko dira.

Abenduaren 18an (asteazkena), azkenik, “Jesus haurren bedeinkapena” haurrentzako lehiaketaren sariak banatuko dira. Arratsaldeko seietan izango da, Karmengo elizan.

Jaiotzen Gaua

Hurrengo larunbatean, abenduak 28, zenbait jarduera antolatu ditu elkarteak, Jaiotzen Gauaren barruan. Goizeko hamaiketan, meza pastorela egingo da Gasteizko Gurutze Santuaren komentuan, eta arratsaldeko zortzietatik aurrera, Florida parkeko jaiotzaren bisita gidatua egingo da, eskualdeetako abesbatzek “gabon kanten gudua” eskainiko dute, eta txokolate beroa banatuko da.

Arratsaldeko zortzietatik gaueko hamaikak arte, Andre Maria Zuriaren Kofradiak Farolen Museoan erakusgai jarritako jaiotzak ikusteko bisita antolatu du; orobat, argazki historikoak proiektatuko dira, ‘Gabonak gogoan’ izenburupean.

Gaueko hamarretan, Arabako Jaiotzazaleen Elkarteak otoitz egiteko bijilia egingo du bere egoitzan; ondoren, diorama bilduma bisitatzeko aukera izango da, eta ardo beroa hartu ahalko da La Dolce Vita, Angolo de Trastevere, El Rincón de Merlín eta Cacao Pal Mono establezimenduei esker.

2019ko agenda amaitzeko, abenduaren 29an (igandea) topaketa bat egingo da musulmanen komunitatearekin: jaiotzen artea aurkeztu eta gabon ospakizuna egingo da. Arratsaldeko seietan izango da, elkartearen egoitzan.

Beste jarduera batzuk ere barne hartzen ditu egitarauak: haurrentzako lantegiak, ‘Jaiotzaraba’ aldizkariaren aurkezpena, eta sei lehiaketa guztira (haurren jaiotzak, argazkigintza, Gabonetako olerkiak, Arabako jaiotza kolektiboak, banakako jaiotzak, familia jaiotzak eta saltokietako jaiotzak).

 

 

Share