Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jakinarazpenak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  4 abendua 2019 12:59

Udaltzaingoak hiru pertsonaren aurkako salaketak jarri ditu, legez kanpoko zabortegietan hondakinak uzteagatik. Herritarren laguntzari esker, obra-hondakinak, altzariak, harraskak eta beste tresna batzuk, baita zaborrak ere, horretarako prestatuta ez zeuden tokietara bota izan dituzten bost puntu topatu dituzte Ingurumen Unitateko agenteek, eta jakina, hondakin horiek kaltegarri dira garbitasunerako, baina baita animalia eta landareentzat ere.

Herritar batzuek eskainitako datuei esker eta poliziak egindako ikerketei esker, legez kanpoko isurketa horien arduradunak topatu zituzten agenteek. Hiru gizonezko dira, eta horietako batek hiru puntu desberdinetan bota izan ditu hondakinak, horiek guztiak herrigunetik kanpo, landako bide edo tokietan.

Ikerketak burutu eta egileak erabat identifikatu ondoren, Ingurumen Unitateak administrazio-espediente egokiak bidali zituen horren ardura daraman udal departamentura, egoki diren zehapenak izapidetu ditzan.

Kontuan hartu behar da oso lege-hauste larria dela, eta 3.000 euro arteko isuna dakarrela. Udaltzaingoak gogorarazten du horrelako hondakinak Gardelegi edo Otoko garbiguneetan utzi daitezkeela, bertan kudeatzen baitute horrelako hondakinen bilketa eta jarraipena.

Beste esku-hartze batzuk

Udaltzaingoak jakinarazi du azkeneko 24 orduetan hamar trafiko-istripu erregistratu direla, eta guztira, hiru pertsona zauritu direla. Gidatzen zihoan 40 urteko gizonezko bat ikertzen ari dira, alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Atzo, gauerdia baino minutu batzuk lehenago, Estibaliz herrixkan pilatutako hondakin begetaletan piztutako sua itzaltzera joan ziren suhiltzaileak. Halaber, SPEISeko langileak joan zitezela eskatu zuten, telefono mugikor baten bateriak su hartu zuelako bere kabuz, Zaramaga kaleko merkataritza-establezimendu batean.

Share