Prentsa Oharren banner

Bukatu dira San Ignazio ikastetxeko terrazak eraberritzeko lanak

 Bukatu dira San Ignazio ikastetxe publikoko terrazak eraberritzeko lanak. Hezkuntza eta Kultura Sailak eta Adurtzako eskolak berak eskatu zuten lanak egiteko, eta Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Saila arduratu da gauzatzeaz.

Joan den uztailaren 5ean onetsi zituen lanak Gobernu Batzarrak, terrazak osorik eraberritu eta indarreko araudira egokitzeko, eguraldiaren eta denboraren poderioz oso hondatuta baitzeuden.

Borja Rodríguez Ramajo zinegotziak zuzendutako sailak 223.700 euro inbertitu ditu lanetan. Zehazki, terrazen zola aldatu da hegoaldeko fatxadan, baita iragazgaiztu ere, balkoietako aurrealdeak eta sabaiak berritu, eta luzetarako baranda aldatu fatxadako solairu guztietan. Hustubideak, gargolak eta saneamenduak ere aldatu dira.

Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotziak esan duenez, “udal eraikinen egoera hobetzea gobernu taldearen lehentasunetako bat da”; hori dela eta, “2020ko aurrekontuetan mantentzeko inbertsioak % 10 handitzea” proposatu da.

San Ignacio ikastetxean egindako obrari esker, indarreko araudira egokitu dira terrazak, bereziki babes-hesiei dagokienez, orain 1,10 metroko altuera baitute. Orobat, harlauza irristagaitzak jarri dira kanpoaldean, agindutakoari jarraituz. Terrazen estankotasuna bermatzen dute aldaketa horiek, arazorik gabe erabili ahal izateko.

Contratación y Ejecución de Obras SL enpresak egin ditu lanak, eta hiru hilabete baino gutxiago iraun dute.

 

 

 

 

 

 

Share