Prentsa Oharren banner

Udal gobernua pozik agertu da aurrekontu akordioarekin, “etapa berria irekitzen baitu Gasteizentzat”

 

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran alkatea eta Maider Etxebarria lehen alkateordea pozik agertu dira Elkarrekin udal taldearekin lortu duten akordioarekin, horri esker Gasteizek aurrekontua izango baitu 2020an. “Indar batasun honek gehiengoa edukitzea ahalbidetzen digu, ezinbestekoa baita hiriak datorren urterako aurrekontua izan dezan. Etapa berria irekitzen da Gasteizentzat, Agenda gasteiztarrak barne hartzen dituen etorkizuneko proiektu handiei aurre egiteko behar den bermearekin. Garai berri baterako akordioa”, azpimarratu du alkateak.

EAJ-PNV eta PSE-EEk Elkarrekin taldearekin lotu duten aurrekontu itunak datorren urterako proiektu ekonomikoan ezarritako lehentasunetako bat berresten du: agintaldiko inbertsio handiak abian jartzea. Beste bi lehentasunak, kalitateko zerbitzu publikoen aldeko apustua eta Gasteiz ekonomia berdearen alorrean erreferentea bihurtzea, indartuta geratu dira Elkarrekin-ek 2020rako aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketak txertatuta.

“Bat etorri gara funtsezko bi printzipiotan: herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta hiri are jasangarriago baterantz aurrera egitea. Helburuetan bat etortzeak eta Elkarrekin-ek asmo positiboz egindako proposamenak txertatzeak erraztu dute tokiko politikan dinamika berria ekarriko duen akordio hau. Hiria alderdien interesen gainetik jartzeak hau bezalako albiste onak dakartza beti”, erantsi du Gorka Urtaranek.

“Akordio garrantzitsua da, agintaldiko lehen aurrekontua onestea ahalbidetuko duelako. Gasteizek ezin zuen jasan hirugarrenez jarraian aurrekontua luzatzea etorkizunari bermearekin begiratu nahi bazion. Agiri ekonomiko berriak ekonomia, gizarte eta ingurumen garapenean jartzen du indarra, baita berdintasunean ere. Eta, gainera, itunen kulturaren adierazlea da, hain beharrezkoa dena duela bi hamarkadatatik gobernuak gutxiengoan izatera abonatuta zegoen udal batean. Dena eman behar dugu batzeko, lankidetzan aritzeko, aliantzak lotzeko eta elkarrekin arraun egiteko”, adierazi du Etxebarriak.

2020rako aurrekontu-proiektuak 392,6 milioi euro barne hartzen ditu orotara (438,7 milioi udal sozietateen aurrekontuak gehituz gero). Asteazkenean hasiko da zuzenketen eztabaida eta bozketa batzordean, eta Udalbatzak abenduaren 20an onestea aurreikusi da.

Share