Prentsa Oharren banner

Udalak eta El Corte Inglés-ek akordioa itxi dute Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (1)

 

Bien artean 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa eginda, auzokoen eskaera historiko bati erantzungo zaio eta, aldi berean, inguruko bide segurtasuna eta erosotasuna hobetuko dira 

Saltoki handiak Azoka plazako gainerako operadoreekin partekatuko du espazioa, eta bi sotoetan egokituko zaizkio lekuak bere eraikinera sartzeko 

Esku-hartzeari esker, urtean 1.000 kamioi baino gehiago Santa Barbara plazako azaleratik ibiltzea eragotziko da

 

Gaur goizean, Gasteizko Udalak eta El Corte Inglés-ek akordioa itxi dute Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatu ahal izateko. Alkate Gorka Urtaranek eta El Corte Inglés-en Euskadiko zuzendari Enrique Casadok ezagutarazi dituzte hitzarmenaren xehetasunak.

“Santa Barbara plazako zamalanen lurperatzea errealitatea da dagoeneko. Oso akordio ona lortu dugu Gasteizentzat, Santa Barbarako auzokoen eskaera historiko bati erantzuten baitio eta, aldi berean, inguruko bide segurtasuna eta erosotasuna hobetuko baitira“, azaldu du Gasteizko alkateak. Gorka Urtaranek El Corte Inglés-en “jarrera ona” azpimarratu du. “Haren ekarpen ekonomikoa ezinbestekoa da ikuspuntu tekniko, administratibo eta ekonomikotik bideragarria den irtenbideari ekiteko”.

Enrique Casadoren iritziz, berriz, “Udalarekin lotu dugun akordioa arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzaren beste arrakasta bat da, zalantzarik gabe, eta guztiontzat asebetegarria den proiektu bat mamitzea ahalbidetuko du”. Haren hitzetan, proiektua “estrategikoa da gure enpresarentzat, zamalanetarako instalazio eraginkorragoak izango ditugulako. Halaber, eta alderdi hori funtsezkoa da, auzokoen eskaerari erantzutea eta zaratak eta enbarazua eragoztea ahalbidetuko du”.

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (2)

Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Udalak eta El Corte Inglés-ek 1,8 milioi eurotik gorako inbertsioa egingo dute nasa berritzeko eta saltoki handiak salgaiak aparkalekutik sartu ahal izan ditzan eraikinera. Zamalanetarako nasa berria -1 solairuan eraikiko da, eta espazioa partekatzeko aukera emango die El Corte Inglés-i eta azokaren eraikineko gainerako operadoreei. El Corte Inglés-ek 40 urterako jabari-emakida izango du.

Udalak 640 metro koadroko azalera utziko du libre txikizkarien azokako lehen sotoan, 116 metro koadro bigarren sotoan, eta 125 metro koadro Santa Barbarako aparkalekuko -2 solairuan, El Corte Inglés-en logistika operazioak lurpean egin daitezen. Udalak egingo du aurreikusitako obra zibila kontratatzeko lehiaketa, 1,3 milioi euroko aurrekontuarekin gehienez. Obra zibileko lan garrantzitsuenak aparkalekuko -2 sotoa eta saltoki handietako -2 sotoa lotzeko izango dira.

El Corte Inglés-ek, aldiz, ibilgailu eta salgaien pasabidea egokituko du, eta instalazio berriak egingo nasa berria erabili ahal izateko: itxiturak, jasogailuak eta beste. Enpresak milioi erdi inguru inbertituko du horretan.

Laburki, honetan datza pentsatutako irtenbide teknikoa: nasa berria prest dagoenean, El Corte Inglés-ek Santa Barbarako nasako dartsena batzuetan egingo ditu zamalanak. Lurpeko tunel batek eta karga-jasogailu berriek ahalbidetuko dute leku hori eta merkataritza guneko nasak lotzea. Nasako mendebaldeko zatia erabiliko da zamalanetarako. Nasa horretatik eramango da karga jasogailuetaraino —orain biltegi batek hartzen duen lekuan eraikiko dira—, iparralderantz doan alboko korridore batetik. Karga-jasogailuek salgaiak aparkalekuko -2 sotoko espaziora jaitsiko dituzte, zeina El Corte Inglés-eko lurpearekin lotuko baita.

Santa Barbarako zamalanetarako nasa lurperatzeko proeiktua aurkeztu dute Gorka Urtaranek eta Enrique Casadok (3)

Plana garatzeko epeei dagokienez, Udalak datorren ekitaldian lizitatuko du obra zibila (dagoeneko jaso da aurrekontuan). Esleitu ondoren, lanak gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa izango dela kalkulatu da. Fase hori amaitutakoan, El Corte Inglés-ek ekingo dio proiektuan dagokion zatia egiteari, eta lanek hiru hilabete inguru irautea aurreikusi dute.

Lurpeko nasa erabiltzeaz gain, saltoki handiak eraikinera zero kotan sartzeko ordutegi-pasabidea izango du, logistika lanak egiteko. Salgaiak garraiatzeko ibilgailu arinek eta 3.500 kilora iristen ez diren furgonetek baino ezingo dute erabili.

 

 

 

 

Share