Prentsa Oharren banner

Eraginkorra dela erakutsi du hiriaren garbitasuna zaintzeko VGarbi ohartarazpen-zerbitzuak

 

Gizalegez kanpoko portaerak izan dira herritarrek mugikorraren bitartez nagusiki salatu dituztenak, hala nola kalean tamaina handiko trasteak uztea edo leku jakinetako zikinkeria

 

 

 

 

 

Telefono mugikorraren bitartez Udalari hiriaren garbitasunaren inguruko iradokizunak eta kexak helarazteko VGarbi ohartarazpen-zerbitzuaren erabilerak gorakada handia izan du, duela hiru urte sortu zenez geroztik. Gorka Urtaran alkateak gaur egin duen zerbitzu horren balantzearen arabera, herritarrek Udalari bidalitako ohartarazpenen kopurua % 33,3 igo da aurreko urtekoen aldean, eta hirukoiztu 2017az geroztik.

2019an, guztira, 7.172 abisu jaso ziren plataforma mugikor horren bitartez, eta horietatik % 91,4 benetan izan ziren garbitasunaren ingurukoak.

Gizalegez kanpoko portaerak izan dira herritarrek nagusiki salatu dituztenak, hala nola kalean tamaina handiko trasteak utzi izana (3.287 abisu) edo leku jakinetako zikinkeria (1.073 abisu), baita hondakinak edukiontzietatik kanpo utzi izana (619 abisu), paperontzien inguruko garbiketa-arazoak (301 abisu) edo bilketa pneumatikoaren ontzien ingurukoak (71 abisu).

Jasotako estatistiken arabera, 1.646 pertsonek erabili zuten VGarbi joan den urtean, eta erdia baino gehiago erabiltzaile berriak izan ziren. Nabarmentzekoa da badirela ohiko erabiltzaileak diren hainbat pertsona: horietako 14k 50 abisu baino gehiago bidali zituzten, baita batek 500 baino gehiago ere, nahiz eta pertsona eta urteko batez bestekoa hamar mezutik beherakoa izan.

Eskerrak eman dizkie alkateak herritarrei, Herritarren postontziaren eta 010 telefonoaren osagarri sortu zen zerbitzu horrekin izandako inplikazioagatik, zeinen helburua baita mugikorraren bidezko komunikazio-bide zuzen bat eskaintzea, ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko eta konpondu ahal izateko udalerriko kaleetan atzemandako egoera ezegokiak.

“Komunikazio-kanal bat jarri genuen martxan, guztion artean Gasteiz garbiago edukitzen lagundu ziezagun. Alde batetik, udalerriko auzotarrei entzuteko aukera ematen digu, eta arazo puntualak konpontzeko. Eta, gainera, hiriko lekurik gatazkatsuenak zein diren ikusteko aukera, hobetzen jarraitzeko”, azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak. Herritarren laguntza txalotu du, “hartara, gizalegez jokaturik, hiria garbi edukitzeko oso baliagarria den informazioa ematen baitute”, eta komunikazio-tresna hori oraindik erabili ez dutenei gonbita egin die, ezagutu eta erabil dezaten.

 Nola funtzionatzen du?

VGarbiren erabilera oso erraza da. Nahikoa da Whatsapp edo Telegram deskargatu eta, aplikazio hori baliatuz, 681 102 020 zenbakira mezu bat idaztea, zikinkeria antzeman den lekuaren argazkiarekin, eta lekua ahalik eta zehatzen azaltzea. Udalak, informazioa jasotzean, garbiketa-kontratari ematen dio horren berri, ahalik eta azkarren joan daitezen garbitzera. Telefono-zenbaki horretan ez da telefono-deirik hartzen.

 

Share