Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  14 urtarrila 2020 17:10

Rober Gutierrez (Bai Euskarari), Araceli de la Horra (Ekonomia-Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zuzendari), Iñaki Gurtubai (Euskara zinegotzi) eta Edurne Parro (Aenkomer)

 

Gasteizko Udalak ‘Gasteizen bai’ kanpaina aurkeztu du gaur goizean, merkataritza eta euskararen alorretan euskararen erabilera sustatzeko. Ekimen hori maiatzera arte garatuko da, eta bi jarduera-ildotan oinarrituko da: komunikazio-kanpaina bera (kartelak, iragarkiak, flyerrak …) eta programazioa, sare sozialetako lehiaketa batetik hasi eta hiriko ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduei omenaldia egiteraino. Udalarekin batera, Arabako Foru Aldundiak eta Aenkomer, Gasteiz On eta Bai Euskarari elkarteek ere parte hartu dute kanpainan.

“Euskararen aldeko keinua egitera gonbidatzen ditugu herritarrak, merkataritza eta ostalaritza bezalako sektore hain garrantzitsuetan arreta jarriz. Negozio horietako profesionalak Gasteiz osora iristen dira beren jarduerarekin, eta berariazko pisu handia dute hizkuntza paisaian “, Iñaki Gurtubai euskara zinegotziak azaldu duenez. “Bi sektore estrategiko eta zeharkakoak dira, eta bultzada handia ekar dezakete gure udalerriaren euskararen erabilerak aurrera egin dezan”, nabarmendu du.

Euren sektorean euskararen alde urratsak egin eta egingo dituzten profesionalak ere aitortu nahi dituzte kanpainaren bidez. Diseinatutako karteldegian, hain zuzen ere, Dolomiti (jatetxea), Goretti (ile-apaindegia), Vinylora (musika denda) eta Txirrinduz (bizikleta denda) establezimenduak daude.

Leloa, mezu positiboa da: ‘Gasteizen Bai merkataritzari, ostalaritzari, Euskarari’. Udalak, zentzu horretan, programa oso bat diseinatu du, sare sozialetan lehiaketa bat, kaleko antzerkia, haurrentzako ikuskizunak, inplikatutako negozioei omenaldia, sari banaketa …

Herritarrei irekitako programaz gain, hainbat merkataritza eta ostalaritza gunerekin ere modu zuzenean egingo dute lan. Bide horretan, Udalak ‘in situ’ informatuko du hizkuntzarekin duten inplikazioa hobetzeko dituzten aukerei buruz. Hainbat material emango zaie, hala nola errotuluak, fakturen takoak, ordutegiak, itzulpenak … “.

2018ko azken datuen arabera, hiriko merkataritzan eta ostalaritzan lan egiten duten pertsonen %22 euskalduna da. %32k, berriz, euskara ulertzen du.

Share