Prentsa Oharren banner

Gasteizek Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen buru izateko hautagaitza aurkeztuko du

Gasteizek hautagaitza aurkeztuko du 2020-2021 epealdian Hiri Hezitzaileen Estatuko Sarearen (RECE) buru izateko eta Hiri Hezitzaileen XV. Topaketa antolatzeko. Halaxe onetsi du gaur udal gobernuak, Hezkuntza eta Kultura Sailak proposaturik.

Espainiako 214 hirik osatzen dute sarea, eta Arabako hiriburuak leku garrantzitsua du horien artean, zortzi fundatzaileetako bat baita. Orobat, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko kide da.

“Gure lanak agerian uzten du Hiri Hezitzaile gisa bultzatzen ditugun ekimenak ezagutarazteko dugun borondatea eta, aldi berean, hezkuntza komunitate baten parte aktibo izateko borondatea erakusten du, zeinak proiektu bateratuak proposatzen baititu estatuan zein nazioartean, filosofia komun batean, Hiri Hezitzaileen Gutunean, oinarrituz”, azaldu du Hezkuntzako zinegotzi Felipe Garcíak.

Hiri hezitzaileek “aldaketarako palanka” izango den hezkuntzaren alde egiten dute, gaur eguneko erronkei (klima-aldaketa edo desparekotasun sozialak) aurre egiteko eta hiri ingurune iraunkorragoak, inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta arduratsuagoak sortzeko.

“Hezkuntzaren ikuspegi zabal batekin konprometituta gaude, hau da, bizitza osoa barne hartzen duen hezkuntzarekin, ikasgelen barruan zein kanpoan. Gure udal politiken hezkuntza eregina maximizatu nahi dugu, eta hiria birpentsatu hezkuntza ekosistema inklusibo eta dinamiko gisa, bertan bizi direnekiko etengabeko elkarrizketan”, esan du Hezkuntzako zinegotziak.

 

Azken erabakia

 

Sarearen Biltzar Orokorrean aldeztuko du hautagaitza Gasteizek, orduan izendatuko baita koordinatzaile berria. Sevillan —oraingo koordinatzailea— egingo da biltzarra, martxoaren 13an.

 

Share