Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Prentsa oharrak  —  Etiketak:   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2020 11:55
  • Ikastetxeetan matrikulatzeko eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea astelehenean, 2020ko urtarrilaren 27an, hasten da

Urtarrilaren 27an hasten da Euskal Autonomia Erkidegoan 2020-2021 ikasturterako Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasleak matrikulatzeko kanpaina, bai ikastetxe publikoetan bai itundutako ikastetxe pribatuetan.

Pasa den urtean, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak areagotu egin zuten lankidetza, bizikidetzari eta hezkuntza-ekitateari buruzko hitzarmen bat sinatuta. Lankidetza horren ondorioz, Udalak Hezkuntza Sailari lagunduko dio pasa den urtean bezala matrikulazio prozesuari buruzko informazio eginkizunetan, Herritarrei Laguntzeko Bulego sarearen bitartez.

Horretarako, Gasteizko herritarren eskura jartzen ditu gizarte-etxeetan dauden Herritarrei Laguntzeko 11 bulegoak, eta baita San Antonio kaleko 10 zenbakian den bulegoa ere. Familiek bertan jaso ahalko dute euren seme-alabak matrikulatzeko behar duten informazio guztia. Gizarte-etxeetako bulegoetan herritarren arretarako ordutegia astelehenetik ostiralera 9:30etatik 20:00etara da, eta San Antonio kaleko bulegoan, berriz, astelehenetik ostiralera 8:30etatik 19:30etara.

Informazioa ikastetxeetan eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikasgunea web-atarian ere eskura daiteke. Azken horretan, matrikulatze prozesuari buruzko ohiko galderen atal bat dago.

Eskabideak eta dokumentazioa ikaslearen amak, aitak edo tutoreak aurkeztuko ditu. Bi era daude eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko:

–         Aurrez aurre, familiek lehen tokian aukeratutako ikastetxeko idazkaritzan, urtarrilaren 27tik otsailaren 7ra bitartean.

–         Online bidez, Ikasgunea atarian (https://ikasgunea.euskadi.eus) sartuta, urtarrilaren 27tik otsailaren 6ko 24:00ak arte. Une horretatik aurrera aplikazio informatikoak utzi egingo dio aktibo egoteari.

Izena emateko eskabide bat baino ezin da aurkeztu. Eskabidean 12 ikastetxetarako matrikula eska daiteke, gehienez, eta familiek lehentasunezko hurrenkeran adieraziko dituzte.

Zonakatzearen mapa osoa kontsulta daiteke Herritarren Laguntzarako Bulego bakoitzean, San Antonio 10 kaleko bulegoan, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzan (San Prudentzio, 18) eta Zuzenean zerbitzuan (Ramiro Maeztu kalea, 10).

Behin-behineko zerrendak martxoaren 17an argitaratuko dira, eta erreklamazio-epe bat zabalduko da martxoaren 25era arte. Behin betiko zerrendak, berriz, martxoaren 31n argitaratuko dira. Bai behin-behineko zerrendak bai behin betikoak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Ikasgunea atarian kontsultatu ahal dira, eta baita ikastetxean ere, informazioa eskatzen duen pertsona ikastetxe horretan eskabidea aurkeztu duena bera dela aurretik egiaztatuta.

Share