Prentsa Oharren banner
Kategoriak: Sailkatu gabea  —  Etiketak: ,   —  Komunikazio Zerbitzua / Servicio de Comunicación  —  24 urtarrila 2020 14:00

 

– Urtarrilaren 27tik otsailaren 1era bitartean egingo dira lanak

– Asfaltatzeaz gain, seinaleztapen horizontala margotuko da zati horietan

Datorren astelehenean, urtarrilak 27, Euskal Trenbide Sareak —Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenaren eta Azpiegituren Sailaren mendeko ente publikoa— asfaltatzeko eta seinaleztapen horizontala margotzeko lanei ekingo die Nieves Cano eta Castro Urdiales kaleetan; izan ere, Gasteizko tranbia kale horietatik igaroko da otsailetik aurrera.

Tranbia hegoalderantz luzatzeko lanak azken txanpan sartu dira, eta tranbiak dagoeneko probak egiten ari dira 1,4 kilometro dituen trazatu berrian. Hiru geltoki berri izango ditu: Florida kalean, Hegoalde gizarte etxearen ondoan, eta Domingo Martinez de Aragon kalean, unibertsitate-campusaren ondoan.

Asfaltatze lanak direla eta, Nieves Cano kalea osorik itxiko da Domingo Martinez de Aragon kaletik Izarduy Komandantearen kaleraino, urtarrilaren 27ko (astelehena) 08.00etatik hilaren 30eko (osteguna) 01.00etara arte. Hiru egun horietan, inguruko garajeetara baino ezingo da sartu.

Gainera, hilaren 27tik (astelehena) 31ra arte (ostirala), Nieves Cano eta Castro Urdiales kaleek Izarduy Komandantearen kalearekin eta Shommer, Zendaguren eta Heraclio Fournier kaleekin zein Dantzari plazarekin dituzten bidegurutzeak itxiko dira, 20.00etatik 01.00etara. Inguru horretan aparkalekuak dituztenei sartu eta irteten utziko zaie une oro. Trafiko etenak ez dira gauez egingo, asfaltua fresatu, hedatu eta trinkotzeko lanen eragin akustikoa kontuan izanik.

Asfaltatzeko, seinaleztapen horizontala margotzeko, kutxatilak goratzeko eta erretenak egiteko lanak izango dira, oro har. Lanak egitekoak diren kaleetatik 11.000 ibilgailu pasa ohi dira astegunetan, eta bertatik TUVISAren lau linea igarotzen dira. Hain zuzen ere, urtarrilaren 27tik (astelehena) otsailaren 1era (larunbata) ez da zerbitzurik izango geltoki hauetan:

  1. linea:
  • Nieves Cano / Izardui Komandantea (urtarrilaren 27tik 29ra, egun osoan).
  • Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, egunaren amaieran).

3/9 lineak

  • Izardui Komandantea 14 (urtarrilaren 27tik 29ra, egun osoan).
  • Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, egunaren amaieran).

10 linea:

  • Heraclio Fournier 2-24-42, Zumakadi 29 eta Castro Urdiales 2 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, 20.00etatik aurrera).
  • Adurtza auzora iristen laguntzeko, ordezko geltoki hauek egokituko dira: Zumakadi 76 eta Zumakadi 94 (urtarrilaren 27tik otsailaren 1era, 20.00etatik aurrera).

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen dituzte tranbiaren lanak, zeinen kastua 10 milioi eurotik gorakoa baita.

 

Share