Prentsa Oharren banner

Herritarren Partaidetzaren Plan berria aurkeztu da

Herritarren Partaidetzaren, Gardentasunaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok Herritarren Partaidetzaren Plan berria aurkeztu du gaur goizean; udal talde guztiek adostu dute plana, eta ostiralean onetsiko du Gobernu Batzarrak. Agintaldi honetarako bide-orria da, eta Gizarte Kontseiluak aurreko agintaldiaren bukaeran proposatutako 17 hobekuntza-eskaerak jaso dira bertan.

“Parte hartzea herritarren eskubidea da, eta administrazioaren betebeharra, eta Gasteizek oso gogoan du hori, alor horretan erreferentea baita gure udalerria”, adierazi du Rodríguez Ramajok.

Udal talde politiko guztiek —EAJ, PSE, EH Bildu, PP eta Elkarrekin— adostu duten dokumentuan —”Herritarren Partaidetzaren Udal Plana, 2020-23 bide-orria”— adierazten da partaidetza funtsezkoa dela politika publikoen kalitatea hobetzeko, pertsonak eta haien premia eta interesak erdigunean jarriz.

Dokumentu honek agerian jartzen du erabateko adostasuna dagoela herritarren partaidetza udal jardunaren barruan lehentasunezko lekuan jarri beharra dagoela adierazteko orduan“, nabarmendu du zinegotziak.

Besteak beste, hobekuntza hauek proposatzen ditu agiriak: partaidetza-organoek udal politikan duten eraginaren adierazleak lantzea, eta udal plan guztietan partaidetza-prozesuak egiteko obligazioa bermatzea.

Nabarmentzekoa da, halaber, herritarren partaidetza-organoei udalbatzaren osoko bilkuretan mozioak aurkezteko aukera emango zaiela.

Orobat, aurrekontu parte-hartzailearen ‘Gasteiz Hobetuz’ programan hobekuntzak egitea proposatzen da, eta horretarako araudi bat lantzea.

Bestalde, Herritartasunerako Eskola Irekia da Herritarren Partaidetzaren Zerbitzuak kudeatzen dituen programa nagusietako bat. Horren ekintzak sustatu nahi dira, gainerako udal zerbitzu eta eskolekin sinergiak sortuz. “Herritarren partaidetzak zeharkakotasuna behar du. Guztion zeregina da Gasteizko arazoekin konprometitutako herritargoa sortzea”, azaldu du Rodríguez Ramajok.

Aipatzeko alderdien artean daude, halaber, partaidetza-kanalen funtzionamenduaren jarraipena eta ebaluazioa hobetzea, eta udalaren partaidetza-organoetako parte hartzearen diagnostikoa egitea genero-ikuspegitik.

Azkenik, partaidetza-kanal eta -organoetan ordezkaritzarik txikiena duten biztanleria-kolektibo eta -sektoreen partaidetza areagotu nahi da.

Herritarren parte-hartzerako Udal Plana_

 

 

 

 

Share