Prentsa Oharren banner

Astelehenetik aurrera, herritarrek Gasteizko etorkizunaren diseinua ezagutu ahalko dute, eta ekarpenak egin

 

Udalak erakusketak eta gaikako lantegiak antolatu ditu datozen bi hilabeteetarako, herritarrek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapena ezagutu eta ekarpenak egin ditzaten

 

Datorren astean abiaraziko da HAPOaren Aurrerapenarekin lotutako partaidetza eta komunikazio kanpaina, Zabalganean, “Mugi ezazu fitxa Gasteizko etorkizuna diseinatzen!” lemaren pean.

 

 

Otsailaren 3tik (astelehena) apirilaren hasierara arte, interesa duten herritar, elkarte eta erakundeek Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapenari aukerak eta iradokizunak aurkeztu ahalko dizkiote, partaidetza-prozesu baten bitartez.

Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, Udalak erakusketak eta gaikako lantegiak antolatu ditu datozen bi hilabeteetarako, herritarrek HAPOaren Aurrerapena ezagut dezaten, haien iradokizunak eta aukerak jaso ahal izateko. “Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerapena” agiria jendaurrean jartzea erabaki du gaur Tokiko Gobernu Batzarrak, horrek eragiten diola uste duen orok aztertzerik izan dezan. Aste honetan aurkeztu zaie parte hartzeko plana taldeei, Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilean, baita Plangintzarako Aholku Kontseiluari ere.

“Mugi ezazu fitxa Gasteizko etorkizuna diseinatzen!” lemaren pean, partaidetza eta komunikazio planak era didaktiko eta ulergarrian ezagutaraziko ditu udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzak: hiri trinkoa, nekazaritza ingurunea, ondarea, iraunkortasuna, ekonomia suspertzea eta herritarrak.

Herritarrentzako lehen hitzordua hasiera-ekitaldia izango da, otsailaren 3an (astelehena), San Martineko udal bulegoetako ekitaldi-aretoan, 18:00etan. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik azalduko ditu prozesuaren gako nagusiak.

Lankidetzazko diseinu-lantegiak, haurtzaroari, generoari eta lurperatzeak libre utzitako espazioei buruz

Otsaileko lehen astean, erakusketa bat irekiko da Zabalganean, eta ondoren Hegoalde, Aldabe, Salburua, Lakua, Judimendi, Iparralde eta Pilarreko gizarte etxeetan ikusi ahalko da; Elorriaga izango da azken lekua, apirilean.

Auzoetan erakusketak egin eta agiria Gizarte Kontseiluari eta beste antolakunde batzuei azaltzeaz gain, sorkuntzazko eta lankidetzazko diseinu-lantegiak egitea aurreikusten du zabalkunde planak, batetik, trenbidea lurperatzeak libre utziko dituen espazioei buruz (Tres Santos eta Borinbizkarra) eta bestetik, bi gai zehatzi buruz: haurtzaroa eta genero ikuspegia.

Alkateak azaldu duenez, plangintza berriak hiru “begirada” hartu nahi ditu aintzat: Alde batetik, genero-berdintasuna, hainbat faktore hartuko baitira kontuan, hala nola gizonek eta emakumeek baliabideak  —espazio publikoa, espazio urbanoak, ekipamendu publikoak, dirua— eskuratu eta kontrolatzeko dituzten aukerak, garraio- eta mugikortasun-bitartekoak, denboraren erabilerak, kontziliazio erantzunkidea, ordutegiak edo segurtasuna, mugikortasuna eta garraioa, etxebizitza eskuratzeko aukerak, espazio publikoen egokitasuna gizon eta emakumeen beharretarako, plangintza-erabakietan parte hartzea eta beste.

Bestetik, plangintza berriak ume eta nerabeen ikuspuntua integratuko du, berariazko lantegi baten bitartez.

Gainera, Gasteizek irizpide ekologikoak, baliabide-kontsumoaren eraginkortasuna eta bizi-kalitatea kontuan hartuz aztertuko du bere hirigintza-plangintza. Gorka Urtaran alkateak Hirigintza Ekosistemikoaren Gutuna sinatu zuelarik hartutako konpromiso nagusietako bat da hori.

Prozesuaren bidez, HAPOaren Aurrerapenaren agiria helaraziko zaie herritarrei, zeina aurreko partaidetza faseak, diagnostikoa eta proposamenak kontuan hartuz idatzi baita; alor ezberdinetako hainbat agente, profesional eta adituren ikuspegia ere kontuan hartu da, askotariko iritzi kualifikatuak biltzeko eta iraunkortasuna oinarritzat hartuta udalerriaren etorkizunari buruzko eztabaida aberasteko asmoz.

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berria amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak.

Udalaren https://www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita sare sozialetan ere (#berrasmatu).

 

Share